Ahapetik
47
Etorriko da noizbait itzultzeko garaia,
gertutik ikus ditzagun behialako kale antzaldatuak
pauso bakartien ezengonkortasunera mugaturik.
Mezu larrion hedadura zenbatekoa den ez dakigu
baina iritsiko da
hondamenaren jasanezintasuna mendekurik gabe
bizitzeko tenorea,
errazpideak bazter uzteko garaia,
nonbaitetik gerturatuko gara, goiz ala berant,
geure gogoak agintzen digun aldetik,
barrengoa herri-husturik
banaka, binaka edo trumilka,
orbandu gabeko gabeziak erauziz,
egutegi zaharkituen hutsaltasuna utzi ezinda,
denbora minberatuan odolbiltzeko arriskua hartuz,
atzera ezin eginez,
geure muin urtuetan basituz hatzezurrak,
itzultzeko garaia etorriko da,
iritsiko da noizbait, onespenarekin edo gabe
izan ginen lekura itzultzeko garaia.
Ahapetik |