www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa  

9. ZERUKO GLORIA

 

(A, 1-10. or.)

 

Satiabor cum apparuerit gloria tua.
Psalmo. 16.v.15

 

        Mundu zabaleko gizon guztiak onduteko asko dan egia miragarri bat erakutsi gura deutsuet gaur: eta da eriotzea ezkero, betiko zeru eder bat egongo dala oneentzat. Onek beti betiko kontu onek, onduko leukez gizon guzti guztiak, gogoan sarri balerabille. Berau da asko, ez bakarrik sinistu eragiteko, egin errazak direala Jaungoikoaren lege santua, eta bere agindu guztiak; baita bere arinak nekerik andienak, eta penitenziarik bildurgarrienak. Eztago itandu baño Dabid Errege Santuari, ea zer yazoten yakan, beti iraungo daben gloria au gogora etorzean? Berak erantzungo deusku, zelan gauak artega, loak ezin arturik, igaroten zituzan: Zelan bere begi bietatik negar-anpullu beroak zara zara erioan, eta Jaunari esaten eutsala: «Ezta asetuko, ez beteko neure biotz au, ene Jaungoikoa, zeu glorian ikusiartean». Modu onetan berba egiten eban Dabid Errege Santuak. Ikusten zan mundu onetan euki al eikezan zorionen artean, etxakazan falta ez ondasunik, ez ondrarik, ez beste gauzarik. Zan Errege andi bat, bere menpekoak maite ebena: alan bere ekusan bere biotzean utsuna andi bat Jaungoikoagaz beragaz baño beteko etzana; eta gogoratutean bizi zala mundu pelleburuz, eta arrilabanez beteriko baten, eta laprast egin, yausi, eta galdu leikeala ainbeste gura ebana, ezin bakerik euki eban bere biotzak, arik eta zerura yoan artean.

        Gura neunke, neure entzula maitiak, arratsalde onetan zuen biotzetan onelango gurari bizi bat erantsi. Onetarako gura neuke erakutsi, zelangoak dirian ango gozamenak, ango edertasuna, ango aberastasuna, ango pozkaria, eta betiko iraute onegaz onak obetu daitezan, eta deungak, ezaguturik euren alboan ezer eztiriala mundu onetako gauzak, oneek itxita, zerukoen ardura andi bat artu dagien. Bakit au bear dan moduan ezin neikeana, bada Sn. Pablok dirausku ze, iñok eztabela eguño ez entzun, ez ikusi, ez yakin zer izan leitekean zerukoen gloria. Baita bein baten Sn. Jeronimok Sn. Agustini, zeruko gloriaren ganean eskribietako usteak eukazala, zerutik agertuta esan beutsan: Ze uste darabiltzu, Agustin? Deritxazu adierazo zinaikeala ez zer dan gloria, ezpada santurik txikienak daukan pozik puskeena bere? Yakin egizu errezago izango yatzula itxasoko ur guztia zulotxu baten sartutea, gogo orregaz urtetea baño. Bada orain nik santu onen yakituriaren gerizarik bere eztaukadala, eta beste aldetik pekatu askogaz neure adimentua ilundurik, zelan adierazoko deutsuet zer dan zeruko gloria? Dana dala zerbait esango al deutsuet, eta alan nire sermoigei guztia izango da, erakustea 1° Jaungoikoak ze gloria andia daukan gorderik bere legea gordetan dabenentzat. 2n. Zer egin bear dozuen gloria au irabazteko. Entzun bada gogo gogotik.

        Zerbaist adituteko, zer izan leitekean zeruko gloria, ondo izango da gogora ekartea Saba Erregiñari Salomonegaz yazo yakana. Erregina onek Salomonen anditasunaren ganean txito gauza andiak entzun zituzan bere errian; eta ezin sinisturik ainbeste izan leitekeala, yoan zan Jerusalenera bere begiakaz ikusteko egiak bazirian entzun zituzanak. Baña Salomonen aurrera eldu zaneko, konorte, eta sentidu bagarik legez geratu zan. Ikusi zituzan ango etse ederrak, eta yardin politak, ainbeste kriadu guztizko yazteko ederrakaz, eta ango ezin esaneko ondasunak; entzuten zituzan ango musika pozgarriak; bere surretara etorkazan ango usain gozoak; yaten zituezan ango maiko guztizko yanariak; eta erdi kokoturik ainbeste ikusiaz esan eban: «Bedeinkatua modu onetan imini zaituzan Jaungoikoa, eta bedeinkatuak zure aurrean dabiltzezanak, eta zure yakituria entzuten daben kriaduak, eta otseñak. Asko entzun dot neure errian; baña ezta izan ikusten dodanaren erdia bere, eta ez neuke sinistuko ikusiko ezpaneu». Auxe baño asko geiago yazoko yake onai zerura doazanean. Entzun izan dabe zeruan alango edo olango gozamena eta pozak dagozala! baña glorian sartu orduan esan bearko dabe, ez Saba Erregina legez, eztala izan erdia; ezpada eztala ezer izan, entzun dabena, an ikusi dabenerako.

        Zeruan ikusiko da, diño S. Juan Ebanjelistiak, lau aldeko uri txito zabal, eta eder bat, guztia urregorrizkoa, ain garbia, eta ain argia zein da kristalik garbiena; bere inguruko ormak dira diamante, eta beste arri baliosokoak, ate bakotxa da prezio baako margarita bat; eztauko uri onek eguzki bearrik, bada Jaungoikoak berak argituten dau, eta arako orban baako bildotza da bere argia; eztago uri onetan gaurik, ezpada beti eguna; eztago goserik, ez egarririk, ez otsik, ez berorik, ez nekerik, ez zizpururik, ez eriotzarik, ez bildurrik; guztia izango da betiko poza, atsegina, alegria, barrea, eta olgurea. Uri onetan bizi direanak guztiak dira Erregeak, Yakintzuak, aberatzak eta milla eguzki baño ederragoak, eta alan agertu balekigu zeruko santu bat, an daukan edertasun guztiagaz, kokoturik berari begira egongo ginaitekez, ainbestean ze, ez geunke beste gauzarik gomuta izango, eta usteko geunke ya zeruan gagozala. Zer izango da bada ainbeste milla millinoe ikustia? Bateti Patriarka eta Profetak, bestetik Apostoluak eta Martirak, emetik konfesoreak, andik Birjinak, guztiak gure adiskide maite eta laztan eginik?

        Eta, zer izango da ikustea Aingeru, eta Santu guztien Erregina, Jaungoikoaren Ama Maria Ssma? Oraindiño geiago, zer izango da ikustea Jesukristo berbera, Jaungoiko eta gizon egiazkoa? Zerura doianak, bada, oneek guztiok ikusiko dituz gloriaz, eta edergarriz jantzirik. Zelangoa izango da, bada, orduan bere poza? Orduan bai esan bearko dabela, gauza andiak esan yakuzan zeruagaitik; baina ezer eztira izan ikusten doguzanerako. Bardin yazoko da beste gorputzeko sentzun guztiakaz: euren belarriak, alako murmuraziñorako, berba loi, eta labanetarako sarraturik egon zireanak, eta guztiz zabalik entzuteko pobreen eskariak, konfesoren eta predikadoreen esanak, eta Jaungoikoaren berbak, an beti beti entzungo dituez Angeru eta Santuen kanta eta soñu miragarriak. Arako eskuak ainbeste limosna egin, geisoai lagundu, eta beste karidadeko (obrak) gauzak egin zituenak, an eukiko dabe zetro bana, eta artuko dabe zeruko erreinuaren posesiñoa. Arako buruak mundu onetan ainbeste pensamentu, eta gogo santu, eta ainbeste ardura obligaziñoakaz kunplietako izan ebeenak, an eukiko dabe koroe eder bana. Baña, nos amaituko neuke esan bear banituz Eskritura Santuetan esaten yakuzan zerukoen gustu, olgantza, atsegin, eta pozkariak? Ikusten direanean modu onetan, esango dabe, S. Pedro Alkantarakoak legez: O zorioneko penitenzia! O zorioneko neke, eta penak, onenbeste gloria ekarri deustenak! Etzirian ezer onenbeste atseginerako.

        Zer diñozue onetara, neure entzulak; izango dira zuentzat atsegin guzti oneek? Yakin gura badozue, entzun, ez niri, ezpada Jaungoikoari berari: neu serbietan nabenak yango dabe zeruan Mana, eztia baño gozoago dan yateko bat; baña pekatariak igaro bearko dabe gose arrabiadu bat. Onak edango dabe gustuz beteriko edari bat; baña pekatariak eukiko dabe egarri amurrutu bat; onak alabaduko nabe santuen laguntzan; baña pekatariak deadarrez, txilioka, eta garraxika doloreen dolorez infernuan egon bearko dabe. Etzaiteze engañau, esango deutsuet Sn. Pablogaz: bakotxak bizitza onetan eraiten dabena, orixe artuko dau eriotzan: aragian eraiten badau, aragitik artuko dau usteltasuna. Yakin egizue bada, eztiriala zeruan sartuko, munduko zorakeriatatik iges eginda, Jaungoikoaren gauzeetan ibili gura eztabeenak; yakin egizue ze, arako begiak, orain ain zabalik dagozanak gauza loietarako, eta pekatuen okasiñoetarako, eztituezala ikusiko, ez zeruko yauregi (ederrak) urregorrizkoak, ez bertan bizi direan santu santaak; arako belarriak orain murmuraziñorako ain zabalik dagozanak, geratuko dira zeruko kanta miragarriak entzun bagarik; arako eskuak orain gauza loietarako baño eztireanak, eztauke zetan usterik izan, zeru-ederraren posesiñoa artuko dabeela; bakar bakarrik izango dira oneek gauzok, edo errubakoentzat, edo pekatu egin badabe, penitenziaren bidez garbitu direanentzat. Alan bada, pekatariak, edo zeuen bizitza aldatu eta ondu, edo errazki agur egingo deutsazue zeruari: agur santu-santai, agur Maria SS.meari, eta agur Jesu-Kristori, ze eztira pekatarientzat zeruan gorputzerako dagozan gozamenak, ezta orain esaten noatzuezan arimakoak bere.

        Ona eta yustoa, diño Eskritura Santuak, uste eban baño leenago ilten bada, bere arimea bakean eta deskantsuan geratuko da. Ozta urten izango dau bizitza onetarik, eta orra non Jaungoikoak eroango daben bere gloriara eta betiko deskantsura. Bere arimeak mundu onetan gorputzean egoanean lokarri asko eukazan Jaungoikoa ezagututeko eta maitetuteko; baña bein zeruan sartu ezkero, gloriako argiagaz sendaturik, ondo erraz ezagutu, eta maite izango dau Jaungoikoa, beti gogoratuko da, esker onak emoteko, berein mesede on bere eskurik artu zituzala. Onegaz bere memoriak, adimentuak, eta borondateak, ezin esaneko zorion, eta gozamenak eukiko dituz zeruan. Memoriak gogora ekarriko dau gauza onetan igaro zituzala Jaungoikoak emon eutsazan indar eta graziak. Ze poza arimearena gogoratuten danean bere ondasunak emon zituzala pobre askoren sokorruan! Ze poza gogora dakarrenean sakramentu santuak sarri artuta, bere obligaziñoak ondo bete zituzala! Ze poza guraso batena gomutetan danean bere exenplo eder eta azi-bide onagaz zerurako azi zituzala seme-alabak! Ze poza seme batentzat gogoratuagaz arduraz egin zituzala gurasoen esan eta agindu errazoezkoak! Ze atsegina eta gloria zeruko yustoentzat, yakinagaz etzituezala alperrik artu euren arimak, Jaungoikoaren argitasun eta laguntasunak eurakaz egin zituezala obra on asko, pazienziagaz eroan nekeak, benzidu tentaziñoak! Orduan bai alabauko dabela Jaungoikoa, eta bedeinkatuko dabela bere izen santua!

        Adimentuak, barriz, ikusiko dau Jaungoikoa aurrez aur, arpegiz arpegi, eta bera dana legez. Ezagutuko dau zelan berba bakar bategaz egin zituzan ezer ezetik gauza guztiak, eta zelan berak iraunerazo eta gobernetan dituzan. Ezagutuko dau argiro zelan izan leitekean Jaungoiko bakar bat baño ez izanik, iru persona izatea; zelan dan enkarnaziñoko misterioa, eta beste emen sinistu zituzan, eta Eskritura santetan sartuta dagozan misterio santu, eta egiak. Yakingo dituz filosofia, Teologia, istoria, eta beste zienzia guztiak. Mundu onetan bizi garean artean, burua ausi eta nekatu ezkero bere, ozta dakigu egia zierturen bat, Jaungoikoak esan deuskuzanen ganeti. Batzuk diñoe bat, beste batzuk beste bat, eta onango ezda-baidetan bizi gara iluntasun eskerga batzuen artean; baña an ezta alan izango, zegaitik eze bein Jaungoikoa ikusi ezkero beragan ikusiko dituez ispillu argi, eta garbi baten legez, beste gauza guztiak. Andiak dira izan bere gure adimentuak, eta memoriak zeruan artuko dituezan poz atsegin, eta gloria; baña eztira txikiagoak, eta alde batera andiagoak dira gure borondateak eukiko dituzanak.

        Eztago asetuteko gauza gatxagorik gure borondatea baño: au da egunean egunean ikusten dogun egia bat: zegaitik eze eztituez betetan bere utsunak, ez ondasunak, ez yakituriak, ez olgantzak, ez ezek; beti geiago gura, beti gose. Baña santuak zeruan sartu deitezanarako, eta Jaungoikoa ikusi daienerako, beteko dira (bere) euren utsuna guztiak, asetuko dira, eta eztira geiagoren billa ibilliko. Jauna, ziñoian Sn. Agustinek, Jauna zuganako egin ginduzuzan, eta ezin bakerik euki lei gure biotz onek, zeugan egon artean. Orduan Jaungoikoa argiro ikusi ezkero, geure borondatea isioko da amodiozko su erexegi baten, eta ezauera, eta amodio andi onegaz, pozez eta atseginez beteko da arimea ganez egin artean. Jaungoikoa izango yake zerukoai gura daben guztia, diño Sn. Pablok. Eta au zegaitik? Itanduten dau Sn. Agustinek, eta berak erantzuten dau, Jaungoikoa izango dalako arimientzat mundu onetan billatuten eben guztia, izango dalako mundu onetan anditzat euken guztia. Gura zituezan ondasunak? bada beragan aurkituko dituez mundu onetako aberatz guztiak eukezan baño ondasun geiago. Berba baten, emen on eretxen guztia, Jaungoikoa maite izanagaz eukiko dabe; onegaz eukiko dituez gozamen, pozkari, atsegin, eta zorion guztiak, eta eztabe iños yakingo zer dan nekea, premiña, gexoa, ez atsakabea.

        Andiak badira bere atsegin, eta gloria guzti oneek, ez litzateke eurakaz kontentu egongo gure borondatea, beti betiko izango direala ezpaleki, bada galduteko bildurrak mingoztu, eta garraztuko leukez bere poz, eta atsegin guztiak, mundu onetan yazoten dan legez. Euki begiz gizonak nai dituzan gurari guztiak, mundu onetan yazoten dan legez. Euki begiz gizonak nai dituzan gurari guztiak, ondasunak, diruak, yanariak, musikak, osasuna, eta asmau al leikezan olgurak; eldu bedi mundu onetako nagosiena izatera, ez begi euki gatxik, nekerik, lanik, ardurarik, areriorik, ez penarik emon al leion gauzarik; bada eztiriala betiko izango gogoratutea da asko, bere biotza tristetuteko. Baña zeruko zorionak, eztauke onelango bildurrik: an dagoanak ondo daki, eztiriala iños amaituko, eztiriala iños galduko, eztiriala iños gitxituko; beti beti Jaungoikoa dan artean, atsegin, eta pozen erdian egongo dala. Orain bada, zer deretxazue egin leitekeala zerura yoatearren? zer igaro leitekeala, ango gorputzeko eta arimako gozamenak eukitearren? Etzagoze egun guztian bear da bear diru apur bat irabaztearren? Etzagoze negu ta uda eguzkira ta eurira, izerdituten eta nekatuten, frutu batzuk, zeuen lengo pobrezan isten zaituezan batzuk artuteko? Eta zeruko ondasun ugari, balioso, eta guztiz aberatz egingo zaituezanak gaitik ain gitxi egingo dozue? ain gitxi? Bai ain gitxi, eta alan erakutsi gura deutsuet esatera noian bigarren zatian, zer egin bear dozuen zerua irabazteko.

 

 

Bigarren puntua

 

        Etorri yakon Jesukristori bein baten gizon gazte bat, eta itandu eutsan: «Maisu ona, eta, zer egin bearko dot zerua irabazteko?». Eta erantzun eutsan Jaunak: «Zerua gura badozu, gorde egizuz mandamentuak». Orra berba gitxitan Jesukristo berberaren aotik, zer egin bear dozuen zerua irabazteko:mandamentuak gorde: Jaungoikoaren legeko amarrak, Elexaren bostak, euretan sartuten dirianak, eta bakotxaren bizi moduak eskatuten dituzanak. Orreek yagonik, eztozue pekaturik egingo: orreek gorderik egingo dozuez obra onak, eta izango dozue Dabid Errege Santuak beartzala ziñoana; Jaunaren etsera igoteko, eta bere leku santuan egoteko, mandamentuak gorde.

        Baña esango deustazue: Ai Aita! ori esaten erraz da, egiten da gatx eze. Bai, alantxe da, eta bakust nik egiten gatx dala. Baña ainbeste balio daben gauza bat irabazteko, ez al dira gauza gatxak egin bear? Munduan bere balio andiko gauzak irabazteko, eztira aldatzak, eta mendiak leundu bear izaten? Oean luze luze egonik irabazten da bizitzea? Alpertzar eginik bizi izanda, berotuten da etsea? Eskuari igortzea da asko auziak irabazteko? Ai! ez. Olangoak irabazteko neke andiagoak artu bear oi dira askotan, zerua irabazteko eskatuten yatzuezanak baño; eta alan-bere orreek artuten dira; eta zerua irabazteko dirianak eztira egin gura, gatx direalata. Ai bada! Zerua irabazteko bazenbiltze osterantzeko gogotik gura dozuezan gauzetarako baxen zindo, ez neuskezue nik esango, ez, eztozuela alegina egiten.

        Gatxak direala diñozue. Eta nik geiago dirautsuet: Jaungoikoaren laguntasunak bagarik, bear dan legez egin-ezinak direala; baña Jaungoikoak lagundurik errazak. Sartu bekizue biotzean Jaungoiko orren bildurtasuna; egizuez zeuek-gan dagozanak; eska zakioze Jaunari eskua eta laguntasuna eskariakaz, orazinoakaz, sakramentu santuak sarri-artuagaz, limosnak eginagaz, eta alangoakaz, eta alperrik eze, alango ain gatx eresten deutsazuen gauzai gatxtasunik geiena yoango yake. Eztira aztutekoak Sn. Agustinen berba eder oneek: «Amanti suave; non amanti, durum est. Amanti suave est, Dominus dedit suavitatem». Jesukristoren bustarria Jauna maite dabenentzat biguna eta gozoa da; maite eztabenentzat gogorra. Maite dabenentzat biguna eta gozoa: Jaunak berak emongo dau gozotasuna.

        Gauzarik arrigarrienak, eta gogorrrenak, gozoak eta eroan errazak egiten dituz iñori asko gureak. Gurasoak zeinbat neke galant ikusi bear eztituz umeak aziteko? Eta alan da guzti, umeai deutsen laztantasunak gogoz arrerazoten deutsaz ain gogorrak eta luzeak izanda bere. Merkatariak, itxasoan dabilenak, nekazaleak berein izerdi galant, berein buruko min eder ikusi bear izaten dituez irabazia izateko; baña gauzea gureak, eta etseari begiratu bearrak, umeak leku onetan imini naiak, gogoz eroan eragiten deutsez guztiak, gogorrak izan arren. Sortuta biztu beiteke bada zuen biotzean Jaungoikoaganako amodiotasuna, eta gauza gatxak bere errazak eta gozoak egingo yatzuez.

        Baita bakizue zein dan amodiotasun ori sortuteko, biztuteko, eta irakazteko bidea? Geure eskuan dagozanak, eta Jaungoikoari ondo eretxiko yakozala dakiguzanak albait geien, eta albait ondoen egitea; edo beste berba batzukaz: zerua irabazteko aleginak egitea. Munduan gagozan artean Jesukristok diñoanez, soloan bear egiten dabeen atxurlariak legez gara. Geure arloa, eta sailla dogu zerua irabaztea, eta salbetea. Eta zelan atxurlariak laborea artuteko bear dituzan bere izerdia, eta zeruko azaro onak, alantxe guk bere zerua irabazteko bear dogu geure alegina, eta Jaungoikoaren grazia, eta laguntasuna. Baña Jaungoikoaren aldeti danak eztau bein bere utsik izaten, geuk geure aldetik danean utsik egiten ezpadogu; eta zeinbat eta geuk alegin geiago, ainbat eta Jaungoikoak bere laguntasun obeak, eta grazia ugariagoak. Egin daiguzan bada salbaziñoko saillean lan andiak. Egizuez laietaak, baita zaindu, zeuen bizitzea pekatuakaz luur otz gorri eginik dagoana, konfesiño jeneralen bitartez goikoaz bera, eta barrukoaz kanpora egiten dozuela. Goldatu (exatu), areatu, eta atxurtu egizuez, osteian sarri egiten dozuezan konfesiño-komuniñoakaz, saztu eta zimaurtu errezuakaz, limosnakaz, eta ganeko obra onakaz, eta ikusiko dozue Jaungoikoaren azaro onakaz zelango indarrak, eta gurentasunak artuko dituzan zeuen biotzetan beraganako laztantasunak, eta ze erraz, ze bigun, eta ze gozo egiten yatzuezan leen aitatuak guztiak. Amanti suave est. Dominus dedit suavitatem. Baña alperrak bagara, zer besterik izango dogu, ezpada Jaungoikoak alperren soloagaitik diñoana, gure solo guztiak irea, asuna eta sasia izatea? Izango dira bai, baita ugari, pekatu txikiak, pekatu mortalak, eta arima alde guztietatik Diabruentzat zabalak. Berba baten, zerura gura dabenak, berotu bear dau bere biotza sarritako konfesiño-komuniñoakaz, egunean askotako, edo pitean beingo oraziñoakaz, aleginezko limosnakaz, eta osterantzeko gauza on eginakaz.

        Baña zeatzago, eta argiroago erakutsi gura deutsuet zerua irabazteko bidea. Ara onen ganean zer dirauskun Jesu-kristo geure Jaunak: Quaerite primum regnum Dei. Billatu egizue gauza guztien ganeti zeruko erreiñua. Ez buruko min andirik artu, zer yan, eta edango dozuen, edo zegaz yantziko zareen: zeruan dozuen Aitak ondo daki zuek orreek bear dozuezala, eta berak artuko dau orreen ardurea, eta berak emongo deutsue bear dozuena. Ezteusku berba onetan galarazoten Jaunak, dirausku Sn. Agustinek, zeruaz osterantzeko ardurea; baña gura dau geure zeruko ardurea beste ganetiko ardura guztiak baño andiagoa izan dedin, eta guztien ganetikoa, eta beste ardurak onetara ekarri daiguzan: «Bakotxak begiratu eta egin leikeez, diño oraindo santuak, etseak, edo lagunak aginduten deutsezanak; baña eztau uste bear ze, gauza bi direala zerua irabaztea, eta orreek egitea. Ez beintzat: eztira bi, bat baño. Zerua irabazi bear da orreek egiten direala; eta orreek egin bear dira, eurakaz Jaungoikoa serbidu, eta zerua irabazten dala». Dotrina ederra beintzat, eta bein bere gogotik, eta begien aurretik yoan bear etxakuna; eta ori egiten eztogulako, asko baño geiago galdu daroagu.

        Ez bada, kristiñauak, zerua irabazteko eztozue etseak, ondasunak, umeak, eta guztia itxita mendi bakarretara, edo konbentuetara bearrik: ez alangorik. Etxatzue bere galerazoten beste gauzeen ardurea; eragozten yatzuena da ardura larregia: eragozten yatzuena da pekatuzko ardurea, edo pekaturako bidea eta olla emon leikezuena. Esaten yatzue ze, zeuen dan legezko arduretan Jaungoikoa eta zerua billatu bear dozuela, eginik guztia. Jaungoikoak alan gura dabelako, zeuen obligaziñoiai eta egin bearrai erantzutearren, eta deungaro dan gauzarik egin bagarik; edo S. Pabloren berbakaz esateko: «Yaten badozue, edaten badozue, edo beste edozein gauza egiten badozue, guztia egizue Jesu-kristo gure Jaunaren izenean».

        Egin bear dozue bideazkoak egin daroena. Bidean dabilen batek yan, edan, lo, berba, eta osterantzeko bear dituzanak egiten dituz. Baña guztiak egiten dituz bidean ibilteko bear dituzalako, edo bai ori galarazoten ezteutsela. Baaki ezer yan, eta edan bagarik, ez leukeala indarrik, ez aginterik izango; geldi aldirik, eta lorik egin bagarik ez leuskiola gorputzak lagunduko. Baita eztituz orreek artuten bere zeregin bakarra edo nagusiena legez; ezpada ze orreek igaropidez, edo bide batez bear bestean egin ezkero, bere bideari barriro ekiten deutso. Zer? Etzirian ezkonduak eta gurasoak izan Sn. Isidro, eta bere emazte Santa Maria Buruko? Etzirian ezkonduak, eta gurasoak eta ganeti Erregeak izan Sn. Fernando Españako, eta Sn. Luis Franziako? Eztakusguz altara ganetan modu guztiko santuak, gurasoak, umeak; ugezabak, otseñak, soldaduak, tratulariak, nekazaleak, bearginak, eta bestelangoak? Eta, orreek guztiok ez eben zerua irabazi, eta irabazi bere, gurasoen, tratularien, nekazaleen, eta besterikoen eginakaz?

        Zelan bada egin bearko dogu, esango deustazue, zeru eder ori irabazteko? Ai bada, entzungo baneutsue biotzerik esaten, Sn. Juan Bautisteari atxina askok esate'eutsen berba ori! Baña batzuk bai, besteak ez, entzun gurako dozue zelan bear dan ori, eta esan bear deutsuet. Ezkondu batek bada egiten dau zerurako bidea, egiten dituzanean Jaungoikoagaitik, Jaungoikoak iminirik daukan moduan, lagunagazko bake ona, umeen azierea, otseñen ardurea, eta etseko ingurua, pekatu direan gauzak galarazota. Tratulari batek egiten dituz zerurako lanak, saldu-erosietan Jaungoikoak erakutsirik daukan baxen garbi dabilenean: iñor neurrian, pisuan, gauzeetan, prezioan engañadu bagarik, lege eztan traturik egin bagarik. Atxurlariak, nekazaleak, beargiñak irabazten dabe zerua, euren lanakaz, izardiakaz, eta yoan-etorriakaz, orreek egiten badituez Jaungoikoagaitik eta Jaungoikoa begien aurrean darabildela. Gazte batek egiten dituz zerurako irabaziak, gurasoen, edo ugaza ugazaba-andren esanak, pekatu eztirianak, Jaungoikoagaitik, eta Jaungoikoarenak balira legez egiten dituzanean.

        Aberatza zara, edo esku-artean ondo zagoz? Bada, zer daukazu limosnak egin baño? pobre nekatuai al dozuna emon; premiñan dagozanak emendatu, orregaz irabazteko Jesu-kristoren aotik entzutea arako alangoak egiten dituezanai esango deutsen berba gozoa, bere zeruan sartuteko? Nekatu argala zara? Bada onean, eta pazienziatan eroan eikezuz zeure meetasunak eta ezunaak, iñoren kontra emon bagarik, zeure arteko bakea galdu bagarik, yakinik Jaungoikoak alantxe gura dabela, eta orregaz irabaziko dozu Jaunak gogoz pobre dirianai agindurik deutsen zoriontasun doatsua. Nekepean bizi zara: bizitzarik emoten ezteutsu lagunak; umeak asko erakusten deutsu; barregarri zabiltz iñok deutsun gorrotoaz kalte andiak egiten deutsuzala; osasun txatxarra dozu, edo bear bada oe baten zaukaz Jaunak, oñen ganean egoteko adore bagarik? Bada orra non eskuetara etorri yatzun zerua, eta zeru andia irabazteko bide ederra: eroan egizuz orreek nekeok Jaungoikoagaiti, eta zeure pekatuen zorren alderako, eta orregaz Jaungoikoak daki zelango zerua erosiko dozun. Onelan bada Jaungoikoak imini zaituezan bizi moduan, eta lekuan, irabazi ziñaike zerua, mendietara ez beste leku bakarretara bagarik. Eta berba gitxiagotan yakin gura badozue zelan zerua irabazi, ara bada: lelengo lelengo, eta guztien aurreti pekatuak kendu, eta arimea garbi garbi erabili: gero egizuez kristinau onak egin daroezan gauzatxu onak, eta albait ondoen; eskini eta opa eikiozuez Jaungoikoari zuen pekatuen zorren alderako, eta orra berba bitan zerua irabazteko bear dozun guztia.

        Itanduko baneu pulpitu onetatik gorputzaren ala arimearen onaren ardura geiago euki bear dogun, deritxat ze guztiok aobatez erantzungo zeuskedala, Aita, Ori nok eztaki? Lenago da arimearen ona gorputzarena baño; bada arimea galduten bada guztia galdu zan, eta eztau ezer balio mundu onetan aberatz, andi eta Errege bera bere izateak, arimea infernuan jausten bada. Auxe diño mundu guztiak. Guztiak dauke egia au ezaguturik, baña, orregatik bere, ezta ezergaitik gitxiago egiten, arimearen ona gatikbaño; eta baldin baderetxazue ponderaziño larregia dala au, begiratu egizue zer egiten dan gorputzaren onagaitik, eta onegaz bakarrik konfesauko dozue egia diñodala.

        Gizon batek geriz puzka bat erakutsi gura badau, eztau ezergaitik bear geiago egiten, leku ereigira igotea gaitik baño; eztau beste gauza gaitik augaiti beste lan igaroko; augaiti artuten dira nekeak, augaiti igaroten dira peligruak, augaiti galduten dira diru ta ondasunak; augaitik gitxitan dago bizitzea bera. Zeinbat bizitza dakusguz galdurik gizon batzuen Errege izateko guraria gaitik? Zeinbat odolez luurra bustirik, zeinbat etse erre, ta uri irulirik? Zelango gerrak, zelango ibillerak, zelango eriotzak, zelango gastuak? Mundu guztia errebolbidurik ibiliko dira, batak besteak baño andiago izateko guraria gaitik. Eta zer atera dabe gizonak euren neke, lan, izardi, eta ibillera onekaz? Zer irabazi dabe ainbeste gerra, ainbeste eriotza, eta ainbeste odolegaz? Ezerbere ez. Il zirian jaio ezpalira legez, isilik geratu zan euren izena, eta sepultura baten lurpetu zan beti iraungo ebala uste izan ebeen anditasun, honrra, eta gloria guztia.

        Nok egiten dau zerua gaitik, diruak irabazteko beste? Gizon batek aberaztu gura badau, ze lanak igaroten dituz! Egunez eta gauez dago gogotan, ze modu artuko daben geien irabazteko; ze saldu erosik ondoen urtengo deutsan; zelan urten leikian tratu onetan edo bestean, eta bein tratu oneetatik batera gogoa ezarri ezkero, ezta atseginik artuten; batzuetan saldu, beste batzuetan erosi, orain joan batera, gero bestera, eta irabazteko esperantzarik badauko, itxiten dau etsea, itxiten da familia, itxiten da atsegina, yaigiko da gauerdian bearbada, igaroko dira pozik otzak, beroak, euriak, eta erurrak. Baña zeruko ondasunak irabazteko, ze atzerakuntzea! ze nagitasuna! ze astuntasuna! eta zeinbat atxakia! Aste osoak beragaitik ezer egin bagarik, gomutarik, geien bere erdi lotan eta arin arinka esanik errosario bat. Esaten bada induljenziak dagozala ain egunetan konfesau ta komulgauagaz, Elexea bisitauagaz, erantzuten da bein da bear egitea; elduten da yai-eguna, eta, zer egiten da orduan bere zeruagaitik? orduan bere bear egin, eta eragin semealabai, otseñai, ganaduak yan bear dabela; batzuk euren zorroakaz errotara eta ostera, beste batzuk andik eta emetik euren tratu eta saldu erosietara. Etorri gura badau euren seme-alaba edo otseñen batek yai-egunetan konfesetan, induljenziak irabazten? askotan etxake itxiten: au edo bestea egin bear dabela. Zer da, bada, yaiegunetan bere zeruagaitik egiten dana, eta mendean dagozanai egiten itxiten yakena? Ozta ozta entzuten da meza bat, eta ori bere aginduta dagoalako, eta Elespean berbetan, sazerdotea altara urten artean, egonik; eta mezea amaituten daneko arin arinetan Elexatik urtenik, igarorik beste aldi guztia, edo bearrean, edo dantzan, edo tabernan, edo yokoan, edo benturaz gauza deungagoetan.

        Zeinbat geiago egiten ezta gorputzaren onagaitik, zeruagaitik baño? Geixotuten bada gorputza, bertatik medikua, ofizialea, gatxak indarra artu baño lenago; aginduten badira edatekorik garratzenak bere, bertatik artuten dira osasuna gaitik, eta nondik edo andik billatuten da zegaz ekarri ezpalitz bere; eta esaten badeutso mediku edo ofizialiak eztagiala urten etsetik, itxiko da tabernea, itxiko da fiestea, eta itxiko dira guren guren diran gauzak, osatutearren. Yausten da barriz arima gaixoa pekatuen gatxagaz, zeinek eragozten deutsan zerua, eta eukirik doarik medikua eta erremedioa, ezta ezer egin gura. Egunerik egunera, asterik astera, ilerik ilera, eta askotan urterik urtera izten da pekatuaren gatx gogorrakaz urte osoetan. Elduten da nos edo bein konfesorengana, zein dan arimako medikua, eta egiten yakaz astun eta gogor aginduten deutsazan medesinak; agindu badagio ezteiteala yoan tabernara, an edango dabena bere etsean bere fameliagaz edan dagiala taberneari itxirik; agindu badakio eztitela ibili fiestatara an dagozan okasiñoen axiak arimea gaixotu ezteion: esan bekio biurtu dagiola bakotxari deungaro eroana eta galarazoa: agindu bekio parkatu dagiola gatx egin, edo deungaro esan deutsanari, berari bere Jaungoikoak parkatu dagion: adiskidatu deiteala arerioagaz: agindu bekio egunean egunean egiteko esaminea bere eten eta argaltasunak obeto ezagututeko: esaten baiako sarritxu konfesetako, ordu laurentxu baten konsideretako Jesukristoren pasiñoa, edo gizonaren azkenak, eta dagizala sarritan, obligaziñoa daukan legez, fedeko, esperanza, eta karidadeko aktoak, alan Jaungoikoaren amodioan geiago biztuteko edo beste onelango gauzaren bat aginduten badeutso ere arimearen salbaziñorako: «ezin medezina au artu da», eta diño bere artean: «Larregi estututen nau konfesore onek, eta enaz beronegana geiago biurtuko». Dirautso konfesoreak osatutearren arimea pekatuaren gatxetik, ostera gaixotu eztakion, itxi biar dituzala arako leen gaixotu ebeen gauzak, arako berbeta nasai, izen zikinak, arako lagun-gaisto eta adiskidetasunak, arako ainbeste zikinkeria eta zantarkeria yazoten diran fiesta, yolasak, batzarrak, gaubegirak, errondak, dantza nastuak eta besteak, arako yoko eta tabernak non ainbeste bidar yausi zan pekatuan; baña ezta yaramonik egiten, eta eztira artu gura zerua irabazteko diran gauza oneek. Gosetuten da gorputza, emoten yako janaria goxian, eguerdian eta arratsian, eta arimeari sei illabetetik sei illabetera; eta benturaz, baña, zer diñot benturaz? zeinbat eztagoz Elexa onetan, eta ameneko guraso izanik, urterik urtera baño konfesau eta komulgetan eztirianak, etsean eskandalua emonik? Zeinbatek dauko euren arimea goseak ilik, eta Sakramentu Santu altarakoen janari eta edaririk emon bagarik urte guztian? Eta orduan bere, zegaitik? Ez zeruaren ardurea daukelako, ezpada txartelen bildurrez eta abade Maisuak kastigadu ze dagizan. Sermoetara joatea neke ta gogor egiten da. Berba baten, gorputzak daroaz egunak, gaubak, asteak eta urteak; beretzat bearra, beretzat etsea, beretzat oia, beretzat jaztekoa, beretzat janaria; eta guztia beretzat, eta arimia azturik, eta iños zerurik gomuta bagarik.

        Begiratuten badogu zelango ardurak artuten direan diruak eta ondasunak ondo gordetako, eta iñok ostu eztagioezan, ikusiko doguz gauaz atiak ondo zarraturik, kutxa eta eskaparotak giltzez itxirik, eta lapurrak dabiltzazala entzuten bada, egiten da gau-bela, geituten direala ardurak, eta artuten direala inon direan neurri guztiak, ezer ostu ze dagioen; baña, egiten da onelako gauzarik zeruagaitik? Esan egidazue zuek guraso zorigaldukoak, itxiten dozuez ondo eta arduraz zeuen etseko ateak zuen umeak gauaz goruen atxakian, arta zuritan, eta beste neska mutilen batzarretara urten ze dagien? artuten dozue bear dan ardurea zuen umeak plazetan, jolasetan, ola ta karobietan, dantzetan ibili ezteitezan, an batuten dirian personaren batzuk galarazo eztagion zerurako bidea? Ai zerua, zerua! ze aizturik zagozan, eta ze gitxi ezagututen dan zure balioa! Bada jakinik infernuko lapurrez beterik dagoala mundu guztia, guri zerua eragozteko: jakin arren demonino lapur bildurgarriak daukazala lakio ta sareak alde guztietatik ifinirik guri pekatuan jausi eraginik zerua eragozteko, ezta ardurarik ezetan artu gura, ezta alderatu gura okasiñoetatik, eta eztira bere itxigura ao, begi eta belarrietako ateak demoniñoak andi sartuteko okasiñoa iminten dabenean guri zerua galarazoteko.

        Ai ze andia dan gizonaren zorotasuna! bada bide leun, bigun, eta errazagoetatik zerura joan leitekezanak, doaz euren borondatez infernuko sutegietara, bide askoz oker, gogor eta garratzagoetati. Ezpabere esan egidazue egia, zeuen gustu eta guraria jadiestetiagaitik pekatu mortalean jausi zareenok: euki dozue bakian eta atseginez zeuen biotza, pekatu mortal ori egin zenduenetik ona? Etxatzue sarritan etorri gogora egin zenduen pekatuen gorrototasuna, nai dala etsean, nai dala oean, nai dala soloan, nai Elexan? Baña, nora noa? Pekatari tristea, oraintxe bertan etzaitue ikaratu eta bildurtuten egin zenduen pekatuak? Instante onetan bertan ezteutsuez emoten kizketada gogorrak zeuen biotzean? Egia esan gura badozue, ezin ukatu zineikee konfesau baga, beste Dabid batek legez, beti dagoala zeuen kontra egin zenduen pekatua. Pecatum meum contra me est semper.

        Begira, nere entzula maiteak, zeinbat neke ta lan, zeinbat atsakabe eta mingotstasun igaroten dirian munduagaiti eta gorputzaren onagaiti eta azkenean infernura joatearren, eta ze onelako gitxi egiten dan zeruagaitik. Baña zer diñot? Zeruko gauzetarako guztia egiten da astun eta gogor. Pobreari limosna emoteko, ostua atsera biurtuteko, zorrak pagetako esaten da «eztaukat zegaz, nekez elduten yat neure burua mantenduteko», baña egin bear bada konbit bat, bago; okasinoren bat edo gurari zitalen bat alkanzadu gura bada, ezta begiratuten gastura; Erromeriaren bat badago, itxiko yako etseko zereginari, goxetik urtengo da etsetik, eta igaroko dira mendirik eta aldatzik gogorrenak eguzki beroagaz izan arren bere, baña sermoera edo elexako gauzetara joan bear bada, esaten da etsean daukat zer egin, aldatza dago, eta bero andia egiten dau agiño yoateko. Elexan puskatxu bat egotia luze egiten da. Meza Santua astirotxu esaten bada, sermoan minutu batzuk luzeseago badago, esaten da, ezin entzun lei urliaren meza, ezin yoan leiteke urleziaren sermoara, eta egongo dira alperrerietan ordu osoetan, jokoetan, murmurazinoetan; berba baten, igaroko dira ordu osoak pekatu gauzetan, pozik otzak, beroak, nekeak, lanak, izardiak munduagaitik, eta ezta ezer egin gura zeruagaitik. Agindu begi konfesoreak edo Predikadoreak kendu dagiezala moda ta banaiak, itxi dagiezala fiestak, batzarrak, dantzak, jolasak, jokoak, tabernak, eta ezta jaramonik egiten. Esan begi sarritxutan konfesau ta komulgau deitezala, Jaungoikoaren bildur santuan bizi, eta arimea zuri zuri erabilteko, eta ezta jaramoten.

        Neure kristinaubak, nondi dator itxumendi au? Nondi dator ain bear gitxi egitea zerua gaitik? Nondi dator ain gitxitan eukitea zeruko gloria? Da benturaz larregi eskatuten deuskulako bera gaitik Jaungoikoak? Ikusi egizue bada zer egin eban beronek, eta geratuko zare lotsaturik. Begiratu egiozue zelangoa dagoan, eztauko bere gorputzian alde osorik, bere burua dauko arantzazko koroe ikaragarri bategaz zulaturik, bere arpegia mallaturik, bere lepoa azotez zatiturik, eta sorbaldak kruzien pisuaz zulaturik, bere aoa biaztun eta binagrez mingotzturik, bere esku eta oñak untze gogorrez josirik, eta alboa lantza bategaz idigirik, eta guztia bururik biratzera zauri andi andi bat eginik. Eta, zegaitik ori? A! gu zerura eroatearren; guk zerua artu daigun. Bada, neure kristiñauak, Jesus maite onek igaro dituz ainbeste neke, lan, ainbeste azote, zauri, eta antzeko eriotza gogorra zeruko ateak guri idigiteko, eta egingo yaku astun ara elduteko aginduten yakun puskea? Egingo yaku gogor krutzeko Jesus maite onen legea? Nos artean egongo zare pekatari tristeak itxumendi orretan? Nos artean egongo zare egia onek ez ezagutu gurarik? Nos artean euki gurako dozue pekatuen pisu andia? Erdue ona pekatari errukarriok: erdue, erdue Jesus maite onen oñetara, bada beronek argituko zaitue, beronek kenduko deutsue pekatuen pisu ikaragarri ori; erdue guztiok ona, bada berau da graziaren iturria, zeruetako Errege andia, triste nekatuak poztuten dituzana, pobreak aberaztuten dituzana, eta zeruan santuak atsegin eta gioriaz betetan dituzana. Zugana gatoz, Jesus ona, pekatari guztiok, ezaguturik orain arteko ibillera txar eta egikera gaistoak eskatuten miserikordia: Ez egizuz bada bota gure eskari laburrak; Zuk itxiten bagozuz eztaukagu nogana biurtu, geure biotzeko damu andi bategaz eskatuten deutsugu, geiago negar eta zuzpiroz berbakaz baño esanik: Neure Jesu Kristo Jauna etc.

 

aurrekoa