www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

5. PEKATUAREN GANEKO SERMOEA

 

(B, 122-126. or.)

 

Per unum hominem peccatum intravit
in mundum et per peccatum mors.
Paul. ad Rom. c.5.v.12.

 

        1. Neurribakoak dira pekatuak munduari ekarri deutsazan kalteak. Gure lenengo gurasoen pekatu bakar batek ekarri euskuzan, geugan dakusguzan gatx, neke, lan eta zori gogorreko gauza guztiak. Berak imini ginduzan Demoniñoaren agindupeean; berak kondenau ginduzan eriotzara, zarratu euskuzan zeruko ateak, eta egin ginduzan Jaungoikoaren arerio. Ain izan zan andia pekatu onegaitik egin genduan zorra ze, ez egoan gizon eta Aingeru guztien artean zegaz kitutu edo zegaz pagadu; eta alan beartzan Jaungoikoa bera gizon eginda, modu onetan, gure pekatuak arturik, bere odola emoitea. Baia, o gizon itsuaren itsumendia! Azturik, bada, kalte oneek, eta gomuta izan bagarik zer kosta yakan Aita Eternoaren Semeari, gu pekatuetatik ateretea, bera bere guraz biurtuten da, pekatu astunaren kateakaz estututera. Baita asko ezpailitzana legez bat edo beste egitea, ur otza legetxe parra-parra edaten dituz pekatuak. A bada: ondo balekie zer egiten dabeen Jaungoikoagaz, eta zelango kalteak dakarrezan euren buruentzat alperrik, eze gogo gitxiago eukiko leuke zelanbere pekatu egiteko. Orregaitik bada esango deutsuet arrastegi onetan, lenengo zer egiten dozuen Jgkoagaz pekatu egiten dozuen bakotxean; eta bigarrengo, zelango kalteak dakarzuezan pekatuak.

 

 

Lenengo zatia

 

        2. Gauza oker bi egin dituz nire eskergaistoko yente onek, zirautsen israel-tarrai Jaungoikoak Jeremias-en aotik. Izanik ni euren Jauna, ni euren yaube ta ongillea, neu itxita pekatuen atsean dabiltz. Auxe berau errazoe andiagoagaz esan leigu geuri Jaun onek, bada izanik askozaz andiagoak geuri eginiko mesedeak, andiagoa da eta gogorragoa gure esker-deungea. Egin ginduzan ezer-ezetik, emon euskun bere antzeko arima bat, baita imini zituzan gure agindura bere eskuetatik urteniko gauza guztiak. Barriz ezagutu gura bagarik gizonak txitozko mesede andi oneek, biurtu zan Jaungoikoaren kontra pekatu guztiz eskergeakaz, gerra bizia egiten. Baia, o Jaungoikoaren ezin-esanezko ontasuna! nos eta geiago bere Majestadearen kontra yaigiten zirean gizonak, orduantxe erakusten deutse bere biotza euren amodioan errerik. Orduantxe bialdu euskun bere Seme bakarra gu Demoniñoaren agindutik aterateko, eta bere seme egiteko. Egin eban Jesus onak Aitaren esana; baia, zer kosta etxakan? Abeletxetxu baten lasto artean yaio bear izan eban: bere prezio andia baño andiagoko odola yaiota zortzigarren egunerako emon bear izan eban. Barriz ogeta amairu urtean, zelango neke, lan, izardi, gose, egarri eta arduraak ikusi bear izan etzituzan? Eta nok esan, bere pasiño gogorrean igaro zituzanak? Ainbeste larritasun, ainbeste zauri, bost milla ta geiago azote, arantzazko koroe gogorra, esku-oñetako untze lodiak, eta nok daki zer? Bai, Kristiñauak, Jaungoikoaren seme J.K°.k, bere aitagaz Jaungoiko dan seme onek emon eban gugaitik bere bizitzea kurutze baten yosirik neke, min-alen, eta dexonragarrizko lotsarien artean.

        3. Nok usteko ez eban odolezko itxaso onetan itorik geratuko zireala sekulako mundu onetako pekatu guztiak? Nok esango ez eban etzala izango gizonik, ainbeste amodio Jaungoikoagan ikusita, pekatura biurtuko zanik? Nok sinistuko eban oraindokoarren bere gogorturik geratuko zala gizonaren biotza? Bai, ai ene, neure Kristiñauak! lar bere lar dakusgu atxinakoak baxen deungagoak ezpagara, beintzat obeak ez kareala. J.K°. gure Jaunaren odolagaz erosiak izanik, barrien barri zapalduten dogu balio andiko odol au. Bai, pekataria, auxe yazoten dala, pekatu egiten dozun bakotxean dirautsu S. Paulo Apostoluak (Hebr. 10. cv. 20). Aizturik, Jaun onek egin deutsuzan mesedeak, ostikopean darabiltzu bere odola, eta zeure pekatuaz barriro loituten dozu bere gorputza, eta ezetan bere eztaukazuz zugaitik egin dituzan miraari guztiak, eta zugaitik igaro dituzan neke, lan, pasiño ta eriotzea. Zer dago au baño gauza ikaragarriagorik? A Kristiñaua, bazenki ondo zer balio daben Jesus onaren pasiño, ta eriotza ta odolak, auxe asko izango litzateke nonbaist santu andi bat izaiteko, diño S. Juan Krisostomo-k. Batu egizuz santu guztiak egin dituezan penitenzia, gaubela, gogortasun, barau, negar eta zizpuruak: Martiri guztiak ikusi dituezan presondegi, ezpata, su, katea, ta ganeko ikaragarrizko nekeak: eta zeruko Aingeru guztien merezimentuak. Direanak, bada, bat eginda bere, eztira eltzean Jesus onaren odol tanta baten baliora: bada guzti guztiok Ama Birjinearen merezimentuakaz naste bat eginda bere elitzatekez asko izango parketako pekatu bakar bat bere; barriz Jesus maitearen odol tistilla bat asko da guztien parkaziñorako. Eta orregaitik bere ain da andia gizonaren zorakeria ze, mundu onetako guraari zitel txikienagaitik salduten dau zeru-lurrak dauken ondasunik andiena, gura leukeala bere aldetik, Jaungoikorik ezpalego, eta bere eskuak ezarten deutsazala bere borondate deungeagaz.

        4. Ameneko usteko dozu au lar esatea dala. Enzun bada S. Bernardo-k dirautsuna. Gauza ikaragarrizkoa da, baia lar (geiegi) bere egia da, gizonaren borondate deungeak Jaungoikoa ilten dabela. Bada pekatu egiten daben bakotxak gurako leuke Jaungoikorik ezpalego, edo bai gitxienez bera kastigetako eskunerik ezpaleuko, baita au ezta beste gauzarik Jaungoikoa Jaungoiko izan eztedila gura izaitea baño. Beste-ain-beste diño Job santuak: pekatariak pekatua egiten daben orduan (egit-orduan), bere besoa gora egiten dau Jaungoikoa yo-iteko legetxe. Ain gauza lotsabakoa bada, eta ainbeste kastigu merezidu badau gurasoa yo-itera egiten dabenak, zer izango ete da auxe berau bere Jaungoikoaren, bere egillearen, bere salbatzailearen, ta bere Jaun ta yaubearen kontra egiten dabenak? Baita ezta emen geratuten pekatari itsuaren gogortasuna, bada bene-benetan ilten dau aleginez Jaungoikoa berbera, diño S. Juan Krisostomo-k. Bada onelangoa Jaungoikoaren arerioakaz batzaindu egiten da, al daian gatx guztia egiteko, baita al balegi, zerura igon, ta bertantxe ilgo leuke Jaungoikoa bera, kastigadu zedaian. Onetara dator S. Paulo Apostoluak diñoana: pekatariak, pekatu eginagaz, barriro yosten dau kurutzean Jaungoikoaren semea, barriro burlazar ta irri-barreka yagoko. Ai neure maiteak, nok euki leikean Apostolu andi onen indar eta espiritu guztia, zuei adietan emoiteko zer dan Jesus maitea pekatuakaz iltea! Yakin egizue bada dala bere negargarrizko neke, larri, eta tormentu guztiak barrieztetea, bost milla ta geiago azote emotea, arantza gogorrezko koroia buruan sartutea, kurutzearen pisua baxen andiago bat bere lepo ganean imintea, eta kurutze baten untze lodiakaz yosita eriotza lotsagarrizko bat emoiteko.

        5. Bein baño geiagotan aserratu egin izango zare, baita tint, Judasen eta Yudegen kontra Jaungoikoaren Semeagaz egin zituezan gogortasunak enzut-orduan, diño S. Juan Krisostomo-k, bada ara, yakin bear dozue eze, andiagoa dala zuen itsumendia aena baño, gogorragoa zuen oker-gaistoa, eta eskergeagoa zuen pekatua. Zegaitik-ze aek ez ebeen ezagutu J.K° Jaungoikoaren semetzat; uste ebeen gizon galdu, guzurti oker bat zala, eta alan ain eriotza gogorra emoten eutsenean euren eretxian Jaungoikoaren borondatea egiten ebeen, eta bengetan ebeen euren legea ta Moises-en honrea. Egia da ez eukela euren errakuntzan atxakiarik, bada J.K°. geure Jaunak, egin zituzan miraariak asko ta asko zirean edozeineri sinistu eragiteko Jaungoikoa zala; baia beindanik bein ez ebeen ezagutu, ze ganekoan ez eutsen eriotzea emongo, diño S. Paulo Apostoluak (1 Cor. c. 2. v. 8.). Orregaitik kurutzean egoala esan eutsan bere Aita Eternoari J.K°k.: Aita parkatu egioezu, ze eztakie zer egiten dabeen. Baia zuek ezaguturik nor dan Jesus amodioz betea, yakinik Jaungoiko egiazkoa dana, Aita Eternoaren seme bakarra dana, zeru lurraren egillea dana, eta aintzakotzat sinistu eta konfesadurik, orregaiti bere zatituten deutsazuez zuen pekatuakaz , bere aragiak, urratuten deutsazue bere burua, zulatuten deutsazuez bere esku-oñak, eta azkenean emoiten deutsazue eriotza guztiz nekatu bat. Au da, Kristiñauak, Jaun oneri emoten deutsazuen mesedeen ordea? Onexek, euki deutsuen amodioaren, eta erakutsi deutsuen ontasunaren eskerrak? Ezta bera zuen Aita, zuen egillea, zuen salbatzaillea, zuen Erredentorea? Bada, zelan daukazue bera ilteko biotzik? Zelan bera ilteko gogorik? Zelan bera yosteko borondaterik eta kurutze baten eskegirik ikusteko begirik?

        6. Auxe da, Jesus ona, pekatariak emoiten deutsuen ondo eginen pagua, auxe, eurai eginiko mesedeen saria. Eurakganako amodioz beterik, emon deutsezu daukazun guztia: asko ez eretxirik eurak zeure antzera, ta irudira eginari, zeure odolgiñokoa emon dozu, eurak pekatuen menpetik ateratearren. Baia, o gizonaren ezin-esanezko gogortasuna! Ezagutu gura bagarik zeu euren ongilletzat, ostera yosten zaituez kurutze baten, Yudeguak baxen untze gogorragoakaz. Baia, Jauna, andia bada bere gizonaren gogortasuna, andiagoa da zuk edozein bere gauzatarako daukazun eskua. Ea bada, Jesus maitea, bigundu egizuz gure biotzak ezagutu daigun gure pekatuaren eskergetasuna, baita asko ezpada onen ezaupidea berari gorroto artuteko, izan bedi edolanbere yakitea zelango kalteak dakarguzan gure arimearen arerio aserre onek, eta auxe da esan deutsuedan.

 

 

Bigarren zatia

 

        7. Ain da andia gizonaren biotzeko astuntasuna ze, ezta ezetara bere biurtuko, ez izanik bere onen, edo gatxen bildurragaitik. Andia da zelanbere Jaungoikoari zor deutsagun amodioa, eta ezin-esanezkoak dira berak egin deuskuzan mesedeak, eta orregaitik ez geunke auxe baño besterik bear, Jaungoikoaren adiskidetasuna galduten bildur izaiteko. Alanbere au ezta asko izaiten gizon esker gaistoko zoroa pekatuen gorrotoan sartza-iteko: baita orretarako indar geiago euki daroa beragaz bere buruari egiten deutsazan kalteen ezaupideak, Jaungoikoari emoiten deutsazan atsakabeen anditasunak baño. Enzuzuez bada pekatuaren kalteak.

        8. Eskritura Santea irakurtea baño bear eztogu ezagututeko ze negargarrizkoak direan pekatuak munduari ekarri deutsazan gatxak (1 Pet. 3. v. 20). Pekatuakaitik geratu zan lurra uriolakaz estaldurik, eta zortzi gizonez ganeko guztiak itorik: pekatuakaitik yatsi zan zerutik sua Sodoma, Gomorra eta beste iru Uriren ganera, eta zireanak erre zirean. Dabid Erregearen pekatuagaitik irurogeta amar milla gizon il zirean. Ermuan egin ebeen pekatuagaitik ogeta amairu milla Israel-tarrai emon eutsen eriotzea. Jangoikoaren puebluari pekatuakaitik etorri oi yakozan neke, lan, gatx, eta gauza gogor guztiak. Zegaitik iminten zituzan Jaungoikoak euren arerioen menpean? Euren pekatuakaitik. Zegaitik eroan zituezan katea astunakaz esturik Ejipto, Asiria, Babilonia ta Damasko-ko Erregeak? Euren pekatuakaitik. Zegaitik deritxazue dagozala gaurko egunean errege bagarik, lege bagarik, elexa ta altara bagarik? Euren pekatuakaitik. Baia, zer daukagu, zer yoan Israel-ekoakgana? Geuk geure egunetan dakusguz pekatuaren kalte txitozko eskergaak. (Denpora) Aldi onetan dakusguzan auzi, supituko (beingoango) eriotza, su, gose, pobreza, labore falta ta beste neke ta gatx guztiak pekatuetatik datoz. Alantxe esaten eutsen Moises-en bitartekoz Jaungoikoak berak Yudeguai (Deut. 28). Emon deutsuedan lege santua gordetan ezpadozue, zori-gogorrekoak izango zaree zuen gauza guztietan: zorigogorrekoak urian, ta zorigogorrekoak kanpoan; zorigogorrekoak etxean, ta zorigogorrekoak soloan. Ereingo dozue garia ta artoa, eta eztozue ezerbere artuko: euria bear dozuenean, eztau egingo; eta eguzkia bear dozuenean, ezta ikusiko (agertuko). Bronzezkoa izango yatzue zerua, eta burrunezkoa lurra. Biralduko deutsuet gosetea, gatxa, eta zori gaistoa; ilgo deutsuedaz ardiak, aariak, idiak, beiak, zaldiak. Suak, eta eguraldi txarrak erre ta galduko deutsuez etxeak, mastuiak, sagastiak, ortuak eta (mendiak) basoak. Kenduko deutsuedaz eriotza gogorragaz semeak, alabak eta gurasoak. Emongo deutsuet gatxa gatxaren ganean, nekea nekearen ganean, eta zauria zauriaren ganean. Azkenean barriz, kenduko zaituedaz lurraren ganetik, eta ilgo zare biotzeko bildur itzal artean.

        9. Gatx oneek guztiok, baita askozaz bere geiago yazoko yakazala dirautso Jaungoikoak bere puebluari, berak emoniko legea gorde ezik. Bada Moises-en bitartekoz emoniko lege gogorra ez gordeteak ainbeste gatx merezietan beeban, zeinbat eta zelangoak deritxazue mereziduko dituzala, J.K°.k emoniko lege bigun, santu ta amodioz betea ez gordeteak? Zeinbat andiagoak izango dira lege onen kontrako pekatuak dakarguzan kalteak? Ain dira andiak ze, mundu onetan dakusguzan guztiak bat eginda bere eztira asko beragaitik artuten dogun zorra pagetako, Jaunaren ontasun ta errukitasunak parkatu ezik. Eta, arren bada, mundu onetan ikusiko bagenduz gatx eta neke andiak, eta onetan geratuko balitz pekatuen kalte guztia! Baia bildur nas, Kristiñauak, bildur nas, zein beste mundura eldu daitezan emen pagadu gura eztoguna, an pagadu arazo zedaiguen. Baita andiak badira pekatuak gorputzari ekarten deutsazan kalteak, andiagoak dira zelanbere arimeari egiten deutsazanak. Da arimea pekatu egin baño leen, Espiritu Santuaren bizi leku, Jaungoikoaren egoitza, Aita Eternoaren seme, J.K°.ren anaie, S. Pedro-k diñoandi, Jaungoikotasunaren partilla, eta laguna. Baia, zer uste dozue, egiten deutsala pekatuak? Lapur batzuk bideazko bateri egin leikioena. Sarri-askotan yazo oi da gizonen bat bere bidean yoatea diru zati andi bategaz. Urteiten deutse lapurrak, eta ez bakarrik kenduten deutse daroian diru guztia, baita bere ilten dabee ta bertantxe itxiten dabe lurrean luze luze, zauriz beterik, billosik, odolusturik eta ezain ezain eginik. Beste onenbeste egiten deutso pekatuak arimeari. Kenduten deutsoz graziaren ondasunak, bat-bere itxi bagarik, zauriz ta llagaz betetan dau: ilten dau, baita itxiten dau mundu onetan dagoan gauzarik ezainena baño ezainago; eta ain billosik ze, ezteutso isten zegaz estaldu Jaungoikoaren aurrean bere ezaintasuna. Orregaitik diño Ezekiel Profeta igarlariak: Pekatuak uxalduten dau gizon santua (c. 3.), eukan santidaderik, albora (iges) eragiten deutso bere ontasunetik, eta ezteutse balioko arean ordura arteko obra on guztiak.

        10. Bai, Kristiñaua, bai: bazeunkaz, santu guztiak euki dituezan merezimentuak bere, pekatu bakar bat asko litzateke guzti guztiak beingoan galduteko. Ekarri bazenduz Jaungoikoaren ezauerara Apostoluak baño yente are geiago; (igaro) ikusi bazenduz martire guztiak baxen presondegi neke, su, orio irakin, metal urtu, azote ta tormentu gogorragoak; egin bazenduz konfesore eta birjina guztiak baño penitenzia, barau, gogortada, ta gaubela andiagoak; direanak beingoan galduko zeunkez pekatu bategaitik. Bazeunkoz zeruko santu eta Aingeru guztien graziak bere, pekatu egin orduko bapere bagarik geratuko zinatekez. Gur'uzu enzun geiago? Bada ara, ta ikaratu zaitez enzut-orduan. Bazeunko Andra Birjina Maria-Santisimeak eta J.K°.k berberak daukeen grazia bere pekatu bat bakarrik eginik (egin orduko) dan-dana galduko zeunke. Ai, ta zelan esan ginaian pekatuan dagoan arimea gaitik Jeremias-ek beñolan negarretan urturik ziñoana: Sartu da arerioa, arimako urian, eta eukazan gauzarik onenak artu dituz: itxi dau guztiz pobrerik, banaturik eta ilik! Baia, o gizonaren miragarrizko gogortasuna! Ain da andia euren itsukeria ze, ur otza legetxe parra-parra edaten dituez pekatuak: geiago yoakela uste dabee mundu onetako gauzarik txikien txikiena (edozein ezerezkeria) galtzean. Jaungoikoaren grazia eta adiskidetasuna bagarik geratuten direanean baño (geratutean). Galduten badozu mundu onetako ondasunen bat; erretan baiatzu etxeren bat, galduten baiatzu idi, bei, aari edo beste ganaduren bat; zelango penea, zelango nekea! Mundu guztia arakatuten dozu bera topetako, gau ta egun zabilz mendirik mendi, etxerik-etxe, laarrarik laarra ta bazterrik bazter bere atsean. Ilten baiatzu maite dozun seme-alabaren bat, edo senar, emazte edo gurasoren bat, zelango negarrak, zelango zizpuruak! Kenduten badeutsue diru puskaren bat, zelango atsakabea, zelango tristezea! Eztago nok poztu zagizan; guztia da gomuta izaitea, galdu dozun gauzea, ezin kendurik zeure burutik: barriz ezteutsu ardurarik zeruan ta munduan daukazun gauzarik onenagaitik; eztozu yaramaiten zeure arimea ilik euki arren.

        11. Idigi egizuz, arren, zeure fedeko begiak zeure arimea pekatuan dagoanean ikusteko: begiratu egiozu zelan dagoan ilik, Demoniño bat dirudiala, ikatza baño baltzago, gorputz atsitu bat baño bere atsituago. Ikusi egizu zelan dagozan bere yaube eginik Demoniñoak, eta zelan daukeen katea lodi ta astunakaz estuta. Eta arritu ta ikaratu zaitez ikusirik arpilloa gorputz ustelean legetxe, dabiltzezala Diabruak zeure arimaan batekorik bestekora. Baita galtzaiera oneei asko ezpaderitxazu, yakin eizu oraindo pekatu egiten dozunean uxatuten dozula Jaungoiko guztiz maitea zure arimarik, eta bein-betiko agurra egiten deutsazula J.K°. geure Jaunari, Andra Birjina Maria guztiz gozoari, ta Zeruko Aingeru ta Santu-Santai: galtzean dozuz Jaungoikoaren semeak, bere ikaragarrizko eriotzeagaz irabazi euskuzan, txitozko ondasun ta merezimentuak; eta eziñ ziñoakez zerura. Agur, diñozu alango orduan, agur, agur, zeru ederrak, etzaituedaz nik gura neure bizi-lekutzat; guraago dot neure pekatu, guraari eta gustu zitaletan ero erorik ibili, zuen atsegin, pozgarri eta kontentu artean beti-betiko bizi baño. Agur zeruko santu eta Aingeru guztiak, ez egizue nigaitik erregutu, eztot gura zuekaz batera bizi zeruko glorian, eztot gura zuen lagun izan; naiago dot Demoniñoakaz naste erretan sekula betiko infernuan egon. Agur Ama Birjina Maria, eztot zure arpegirik ikusi bere gura, ez egiozu nigaitik erregutu zure seme Jesus-eri, ze gurago dot neure pekatuetan sarturik egon: naiago dot neure arerio gogorrakaz naste bizi infernuko su, neke, ta zorigogorrean, zure laguntzan bizi baño. Agur zeu bere, neure salbatzaille, Erredentore ta Egilla, gorroto deutsut, etzaitudaz ikusi gura: bota nagizu zure aurretik Infernuetara: bada gurago dot zure gorrotoan eta ezin-ikusian bizi, pekatua itxi baño. Ba'kit infernuetara betiko noiala, baia ezta ardura: ezteust arean, mundu onetan nagoan artean neure gustua egiten badot.

        12. Zer dirautsazu, Jesus Maitea, pekatari galdu oneri? Zer esango deutsat? Neure semea, neure maitea, nire Kristiñau laztana, ze gatx egin deutsut nik, edo zetan izan natxatzu astuna ta gogaitgarria? Ze pekatu ikusi dozu nigan, modu lotsagarrizko onetan ni itxiteko? Edo, zetako zure ta nire arerioai, niri baño amodio geiago euki deutsezu? Egin deutsue orreek nik baño mesede geiago? Egin zaituz ezerbere ezetik Demoniñoak? Emon deutsu bizitzea munduak? Edo al dira andiagoak, aragiak emon daikezuzan atsegin, poz-aldi ta kontentuak, nik zuretzat zeruan daukadazanak baño? Eta oneri gitxi baderitxazu, ez munduak, ez Demoniñoak, ez aragiak, ezpabere, neuk, neuxek erredimidu ta erosi zaitudaz, ez urre-zuri ta gorriagaz, ez zerubakaz, ez eguzki, irargi ta izarrakaz, ezpabere neure balio andiko odolagaz. Testigu dira artu nituzan bost milla ta geiago azote; testigu buruan daukadan koroe gogor au; testigu esku-oñak baterik bestera zulatu deusten untze gogor oneek: testigu dira dakusuzan zauri edo llaga oneek: eta testigu kurutze au, zeinetan yosirik nakutsun. Baia orregaitik bere min andiagoa emoten deust zu galdu bearrak. Auxe da nire biotza erdibituten daben ezpatea. Ea bada nire seme laztana etzaitez galdu, erdu nigana. Bildur bazara ainbeste pekatugaz nigana etorten, yakin egizu etzaitudazala botako. Enituzan bota S. Paulo, S. Mateo, Sta. Maria Magdalenea eta beste pekatari asko ta andiak. Ea bada, neure Kristiñau maitea, bizkortu zaitez, erdu laster; eta bazagoz ikatza baño bere baltzago, eta Demoniñoak baño bere ezainago, edurra baño zuriago, eta eguzkia baxen ederrago egingo zaitudaz. Poztu zaitez, pekataria, opa deutsun parkaziñoagaz, eldu zaitez Jesus maite onen oñetara, eta esan egiozu negarretan urturik: Neure Jesu-Kristo Jauna.

 

aurrekoa hurrengoa