www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

2. ARIMEAREN BALIO ANDIAREN
GANEKO SERMOIA

 

(B, 203-208. or.)

 

Cognosce justitias, et judicia Dei.
Eccli. cap. 17. v.24

 

        1. Izan zaitez zure arimearen erruki Jaungoikoari gustu emonagaz, dirausku Espiritu Santuak. Au egingo dogu bere lege eta agindu santuetatik ibiliagaz: orregaitik esan ezkero Eskritura Santeak biurtu gaitezala Jaungoikoarengana, itxi daiguzala pekatuak, iñes egin daigula euren bide ta pelleburuetatik, dirausku bertatik ibili gaitezala Jaungoikoaren lege eta aginduetatik. Auxe da bada geure arimearen erruki izaitea, eta Jaungoikoari gustu emoitea. Obeto ta obeto erruki au eukiteko, eztaukagu begiratu baxen ze laztan izan daben geure arimea, eta ze erruki andia euki deutsan, zer egin daben beragaitik, eta noragiño eregi daben, eta auxe izango da asko ez bakarrik al daigun guztia arimeagaitik egiteko, baita ezagututeko bere ze gitxi egiten dogun guk beronegaitik. Auxe da gaurko egun onetan esan gura neuskezuena puntu bitan. Lenengoan zer egiten daben Jaungoikoak geure arimeagaitik. Eta onerik ezagutuko dozue bigarrenean ze gitxi egiten dogun guk beragaitik. Jaungoikoaren arimeaganako karidadearen anditasuna, eta gure ardura gitxia beraganako, izango da sermoe guztiko geia.

 

 

Lenengo zatia

 

        2. Beti betiko amodioagaz maite izan zaitudaz, dirausku Jaungoikoak Jeremias-en aotik. Ez egoan oraindikoarren luurrik, ez egoan zerurik, ez egoan beste gauzarik Jaun andi au guganako amodioan errerik egoanean. Oneek egin zituzanean guretzat egin zituzan. Aingeruak izaitea artu be eben gure gordetzalla ta yagola izaiteko artu ebeen. Zeruak zabaldu bazituzan, gure bizilekutzat zabaldu zituzan. Luurrik ifini beeban, guri yanari emoiteko ifini eban: txori, animalia, arrain edo beste gauzarik badakusku, guztia da guretzat. Eta alan gizona bere eskuetatik bere antz edo irudira atera ebanean guztien agintari egin eban, eta direanak imini zituzan bere agindura. Ezagutu eta eskerrak emon bearrean lenengo gizon onek neurribako mesede oneek gaitik, yagi zan bere egille andiaren kontra, eta artu zituzan asmuak bera beste izateko, eta ara non galdu eban eukan nagusitasuna, eta gelditu zan Demoniñoaren menpeko edo esklabo eginik. Ze kastigu merezidu ez eban Adanek pekatu onegaitik? Baia, o Jaungoikoaren gizonaganako amudio paregabea! Atera eban pekatutik eta biurtu eban bere adiskidetasunera. Esker deungakoa izan bazan bere ongilleaganako, etzirean obagoak izan bere Semeak. Ez kastiguagaz, ez palaguagaz, ez mesedeakaz ekarri al izan zituzan Jaunak bere amodiora. Ain modutan egoan lur guztia pekatuz beterik ze, etzan Noe baño beste onik aurkituten mundu guztian. Kastigetan dituz uriolakaz, eta eztira gizonak obago: emoiten deutso munduari bere legea, erakusten deutse zelan bizi bear dabeen, eta eurak eztabee gorde gura bere agindurik. Egiten dituz miraari arrigarriak euren Jaungoikotzat euki dagien, eta eurak adoretan dituez urregorri, zirar (edo urre), arri eta zurezko idoloak edo talluak. Ikusirik Jaun andiak ze bide galduetatik ibiltzazan gizonak, biralduten deutsez bere serbitzalle, Igarla edo Profetak esan daioen biurtu deitezala daroen bidetik betiko galduak izan ezteizan: datozala atsera benetako Jaungoikoagana; emon daioela zor deutsezan egikera edo obra onen frutu gozoak. Baia eurak ez bakarrik etzituezan enzun gura izan Patriarka, eta Profeta oneen deiak, ezpabere batzuk azotadu zituezan, beste batzuei arrika egin eutseen, eta beste batzuk modu askotara il zituezan. Etzan orregaitik bere akabadu, ez amaitu Jaungoikoaren errukia: bialduten dituz beste bere kriadu batzuk ea ondu al daitezan gizon galduak, esaten deutse oneek emon daioela Jaunari zor deutsen adoraziñoa, ezautu daiela euren yaube eta ongillatzat, auxe eginagaz beste bagarik zorionekoak izango direala, euren pekatuak andiak badira bere, eztaiela bildurrik artu, ze itxiten badituez darabiltzezan bide okerrak eta badatoz beragaz, berak parkatuko deutsezala, egin dabeen gatx guztiak; eguzkia baño bere garbiago egingo dituzala, bere beso artean estuturik mozu ta laztan gozoak emongo deutsezala eta bere Seme maite egingo dituzala. Baia gogorturik gizonak eztituez enzun gura Jaungoikoaren bigarren bialdu oneek, botaten dituez, ilten dituez, (banatuten, ta) birrinduten dituez. Biralduten dituz Jaunak bere otsein edo serbitzalleak irugarrenez, laugarrenez, bostgarrenez, eta bardin egiten dabee eurakaz.

        3. Ikusirik Jaungoikoak gizonen itsumendi au, ifinten da pensetan legez (esate baten) ea ze modu artuko ete daben gizonaren biotza bigunduteko; eta alan diño: zer egin nei gizona galdu eztedin? Ze modu artu neike gizona neure adiskide egiteko? bere borondatea irabazteko, neugana ekarteko, zorioneko eta neure Seme egiteko? Emon deutset nire legea, eta eurak eztabe artu gura izan: dei egin deutset, eta ezteuste yaramonik egin: bialdu deutsedaz neure serbitzalleak mandatari, baita eurak il dituez. Ze modu artuko dot, bada, ain laztan dodan gizona galdu ze dagidan? Ara or ze ardura andia daukan Jaungoikoak gure arimeagaz, ze atsakabe andia emoiten deutsan gu galdu bearrak. Baia zer deritxazue egiten dabela, edo ze modu artuten dabela gu beretzat irabazteko? Arritu ta ikaratu zaiteze lur, zeru eta Aingeruak. Neure Seme maitea biraldutera noa, diño bere artean. Zetara edo zetako biraldu gura dozu, Jauna, zugaz izaite bat, Jaungoikotasun bat, zugaz gauza bat dan Seme bakarra? Da benturaz kastigetako gizonaren zuganako lotsabakotasun neurribagea? Bialduko dozu beragaz naste Aingeruzko exerzitu ikaragarriren bat zatitu daiezan zure serbitzailleak il dituezalako? Ez, Kk., ez, eztau bialdu gura Jaungoiko andiak bere Semea munduak euki deutsan esker deungea bengetara, larregi bere lar gura deutso gizonari onelango gauzarik egiteko; bialdu gura dau aurkitu dagian galdu zan arimea, osatu daiozan bere zauriak eta gatxak, aberaztu dagian miraarizko ondasunakaz, eta arturik bere lepoan, eroan dagian bere etxera, an betiko zorion eta gozotasun artean bizi dedin. O Jaungoiko baten gure arimeaganako amudio parebagea! O karidade neurribakoa! Nekez sinistu leiteke fedeak erakutsiko ezpaleu ain ardura andia emon deutsanik zeru-lurren egilleak geure arimeari.

        4. Yatziten da bada zerutik lurrera Jaungoiko baten Seme bakar maitea. Baia zelan deritxazue? Ez zeruluurren egilleari datorkion anditasunagaz, ez mundu guztiaren yaubeari datorkion majestadeagaz (itzalagaz), ezpada gure aragizko yazteko zar, urratu eta zantarragaz yanzirik, gure anaie eginik, gure pekatuak lepoan dituzala. Yaioten da ez yauregi, edo etse zabal ederretan, ezpabere abel-etxe pobre, zar, eta zatar baten; otzak ilik, kikildurik, neke eta premiña artean; bere lenengo kumea aska bat dau, bere oea lasto puska bat, eta bere gela eta salea zimaurrez edo tela-arañaz (aramauaz) beteriko animalien korta bat. Orra zelangoa dan geure billa lelengo emoten daben pausua, Zer egin ez eban ogeta amairu urtean gure onerako? Zelango ibillerak, zelango izerdiak, zelango nekeak, zelango otzak, eta beroak, zelango gose eta egarriak, zelango barauak eta gogortasunak (gogortadeak), zelango gaubela eta oraziñoak! Izanik mundu guztiaren yaube ez eban bere etse bat non bizi, bere yaztekoa zan pobrea, guztiz ortosik, eta mundu guztia bere kontura ebala. Batzuetan erbestetuten dabe, beste batzuetan bizitzea kendu gura deutse: orain dirautse Demoniñoa daukela, gero gizon ordiakaz batzainduten dala. Oneek deituten (dei egiten) deutse Moises-en arerioa, aek guzurti eta engañadorea; eta Yudegu eta Yentilak bat eginik, artuten dituez al daiezan asmuak, eriotzarik gogor eta lotsagarriena emoiteko. Auxe zan, Ne.Kk., Jaungoikoaren seme benetakoaren guraririk andiena, ekialako bere eriotzeagaz aterako ebala geure arimea Demoniñoaren agindupe eta poderiotik, egingo zituzala Jaungoikoaren eta gure artean bakeak; egingo ebala bere odolagaz gure arimaak garbituteko bañu bat, idikiko zireala zeruko ateak, egingo ginduzala Jaungoikoaren seme, eta zeruko yaubegei, ta herederu Yakinik pasiño gogorra, eta eriotza kruela geure arimearen onerako zana, poz andi bategaz, eta borondate oso osoagaz irago eban, eutsen amudioaren anditasunagaitik; poz pozik artu zituzan bost milla azote eta geiago. Poz pozik euki eban burua arantzazko koroe gogor bategaz zulaturik. Poz pozik euki eban bere gorputz guztia burutik beatzera zauri bat eginik. Poz pozik emon eban bere zanetako odol guztia. Poz pozik igon eban kurutzera, eta poz pozik galdu eban bere bizitzea untze gogorrakaz yosirik. Auxe zan bere guraari guztia, eta alan sarri askotan esan oi eban, bere biotzeko guraari guztia gugaitik bere bizitzea emoitea zala.

        5. Ar-or, Kk., zeinbatean euki eban Jaungoiko batek gure arimea. Egin dau eguño gurasok semeagaitik, edo semek bere gurasoagaitik, mundu guztiko Jaunak gure arimea gaitik egin daben beste? Eztakit aurkitu al daikezuen. Baita asko eretxi eutsan gure Egilla andiak oneri? Ez, Ne.Ea. Mk., ez: aurrera daroa bere gure a?imearen ganean daukan ardurea. Igoten dau zeruetara gure bitarteko Aita betikoagaz izaiteko. Antxe gugaitik erregututen deutso, gure erruki euki dagiala. Orretarako erakusten deutsaz gugaitik artu zituzan zauriak; eta seguridade andi bat euki daigun dirausku ze, ezteuskula ukatuko bere ta gure Aitak bere uzenean eskatuten deutsagun gauzarik. Izanik ain ona guretzako bera lango bitarteko bat zeruan eukitea, orregaitik bere nekatu ez gengizan bere yoateak, itxi euskun Elexa bat zein garbitu eban bere odolagaz, guztiz garbi, eder, eta orban ta loitasun bagea izan zedin, artu eban bere esposa maitetzat, aberaztu eban bere bizitza, pasiño, eta eriotzako merezimentuakaz. Ifini zituzan bere ondasun guztiak nai genduzan guztian artu gengizan. Onetarako idigi dituz bertan zazpi Sakramentuak, zazpi iturri ugari legez, zeintzuei darioezan zeruko doe, ondasun, eta graziak gura dogun guztian eurakaz aberaztuteko gure arimaak. Ezteusku iñok galaazoten euretara elduten, eta darioen Jaungoikozko ur gozo eta zerukoagaz naiko bestean aseten; ez yaku onetarako dirurik eskatuten, doa doarik emoten yaku zeinbat gura. Gizonik aberatzenak, Erregerik andienak, eta mundu guztiak ezin emon leikegu Jaunaren iturri oneetan emoiten yakun beste ondasun. Eurak irabazteko eztogu mundu onetako ondasunak batuteko igaroiten dan lainbeste neke igaro bear: eztaukagu zer emon izardirik, eztaukagu zer nekatu, ez adikatu. Bein irabazi ezkero, geuk gura ezpadogu, ezin kendu leikegez, ez lapurrak, ez Demoniñoak, ez infernuak, ez eriotzeak. Zer geiago egin leikean Jaunak gure arimeagaitik? Ze ardura andiagorik euki leikean? Ze amudio erreagorik erakutsi leikion? Bada orregaitarren bere gitxi eretxi deutso oneri guzti oneri, eta bere neurri bagako yakituriagaz asmau dau gizon eta Aingeruri buruak emon bere ezin al leikion modu bat geiago ta geiago adierazoteko deuskun amudioa, eta zeinbatean daukan gure arimea.

        6. Ain zan andia ongura au ze beti gura eukean gugaz egon, eta alan gatx egiten yakan gu bakarrik itxita zerura yoatea. Baia ekusan ze, guztiz konbenidu yakula bera yoatea Aitaren aurrean gure bitarteko izaiteko, eta guretzat lekua prest iminteko: gura euskun mesede neurribako au guri egin zerura yoanagaz, baia gogor egiten yakon gu bagarik egotea puntutxu bakar baten bere. Eta, zer deritxazue egiten dabela zerura yoateko eta gugaz egoteko? Nok asmadu eukean onelango gauzarik, Jaungoikoak berak bere kabubako yakituriagaz ez izanik? Egiten dau Altarako Sakramentu Santua gugaz betiko egoteko, berak esan ebana legez. «Aror zelan nagoan zuekaz munduaren azkeneragiño». Yoan zan zerura gure arimearen ardurea eukiten ta lotu zan gugaz gu bera bagarik egon ez gaitezan, urrago euki daigun etzan leku baten bakarrik geratu mundu onetan egon zanean legez; errian errian aurkituten da. Orra non daukazuen, ortxe ortxe, Altara orretantxe daukazue. Gura dozuen guztian eztaukazue beragana etorri baxen, beragaz egon, berari berba egin, eta beragaz poztutera eldu. Onetarako dago Altara orretan, gure lagun eginik, eta au guzti au gitxi bailitzan legetxe, ain da andia gure arimeari deutsan amudioa, ze gura dau zeuk zeure barruan euki dagizun, eta zeu bat izatera eldu zaitezan. Naien daben gauzea da Altara orretako maira eldu zaitezala, artu dagizula zure aoan bere gorputz eta odola, iraga dagizula zure zamatik bularrera, zeugaz estutu dagizula, eta beragaz gauza bat izatera eldu zaitezala.

        7. O Jauna, o Jauna! zer esan ginaike ainbeste ardura zugan gure arimeaganako ikusirik? Ez zeuntsan asko eretxi mundu guztia guretzako egiteari, gure agindura guztia ifinteari, eta gure ardurea eukiagaz ez zeuntsan asko eretxi gure pekatuak zure ganean arturik eurakgaitik, eurak gaitik zure odol eta bizitzea, eurak guganik kendutearren emoteari, ezteutsazu asko eretxi zure Aita eta gure artean bakeak egiteari, zeruko ateak idigiteari, eta betiko erreinu bat guretzako irabazteari. Ementxe, ementxe geratu yaku geure ogi, geure ardao, geure yanari, eta edaari eginik, guk artu daiguzan, eta zeu izaitera igaro gaitezan. Asko edo balio dau gure arimeak, bada au guztiau egin dozu bera zuretzat erostearren. Bada zuk ainbestean euki badozu gure arimea, eta ainbeste egin badozu beragaitik, zer egin bear eztogu guk? Eta alan da guzti, ain gagoz itsuturik ze, onegaz guzti onegaz bere nagi gagoz beragaitik ezer egiteko. Zorakeria andia benetan; baia larregi bere lar yazoten dana. Auxe da neure Sermoearen

 

 

Bigarren zatia

 

        8. Itanduko baneu pulpitu onetarik ea gorputzaren ala arimearen ardura geiago euki bear dogun, deritxat guztiok ao bategaz eranzungo zeuskedala: Jauna, bada, ori nok eztaki? Leenago da arimea gorputza baxen, ze arimea galduten bada, guztia galdu zan, eta eztabe arean bere balio mundu onetan aberatz ta Errege bera izaitea arimea infernuan yausten bada. Auxe diño mundu guztiak, guztiak dauke egia au sinisturik. Baia orregaitio ezer gaitik bere ezta gitxiago egiten arimeagaitik baño. Baderitxazue au ponderaziño andiren bat dala, begiratu egizue zer egiten dan gorputzagaitik, eta onexegaz bakarrik esan bearko dozue egia diñodala. Nok egiten dau arimeagaitik, diruak irabaztearren egiten dan lainbeste? Gizon bat aberaztu gura bada, ze lanak igaroten dituzan! Gau ta egun (egun ta gau) dago pensetan ze modu artuko, geien irabazteko; ze saldu-erosik ondo urtengo deutsan, zelan urten leian tratu onetan, edo bestean, eta bein onetarik batera gogoz itzuli ezkero ezta atseginik artuten, batzuetan galdu, beste batzuetan erosi; orain yoan batera, gero etorri bestera. Irapazi on baten itxaromen edo esperanzarik badauko, itxiten da etxea, itxiten da familia, itxiten da atsegina, iragoten dira otzak, beroak, euriak, edurrak, ekatxak eta afrontu guztiak; botaten da burua itxasoaren erdira onzi baten pensura; fietan yako bizitzea ol zati bateri, Ze gaubelak! ze nekeak! ze gose ta egarriak! Ibilten da erririk erri, uririk uri, eta probinziarik probinzia, eta au guztiau ontzat eroaten da diru zati bat irabaztearren bada; eta ostera ostera okasiñorik bada, beste onenbeste batuteko, poz pozik igaroko dituz beste ain beste. Barriz arimako ondasunak irabazteko, ze atserakuntzea! Aste osoak igaroiten dira beragaitik ezerbere egin bagarik, ez gomutau bere bagarik. Esango balitz parkamen edo induljenzia andi bat dagoala urlia Elexea bisitadu ta ikusiagaz, eranzungo litzateke leenago dala bearra egitea. Elduten da yaieguna, enzuten da meza bat arrastaka, al deitean arinena, eta orra arimeagaitik egiten dan guztia.

        9. Gexotuten bada gorputza, betor bertatik medikua edo barberua gexoak indarra artu baño leenago, laster artuten da osasunagaitik botikekoa, aginduten bada edatekorik garratzena bere, topetan da zegaz pagadu, eta gatxa igaroten bada, ondo osatu artean itxiten da tabernea, itxiten da yolasa, itxiten dira zaleago direan gauzaak. Austen bada azurren bat, urteiten badau oiñ, kadera, esku edo besoak, billatuten da nok imini, eta min andiak bear badira, direanak ontzat artuten dira, azurra, oña, besoa, edo eskua konpondutarren. Yausten da arimea gexorik pekatuan, eta eukirik osagillea ta osasun-geia, edo medikua ta medizinea ezta ezer egin gura: egunerik egunera, asterik astera, ilerik ilera eta urterik urtera isten da gatxagaz egoten. Elduten da konfesoreagana, zein dan arimako mediku osagillea, astun eta garratz egiten dira aginduten dituzan osasungei edo medizinak. Agindu badagi itxi deila tabernea, ezteila yoan yolasera, biurtu dagiola yaubeari ostu edo kendu yakona, parkatu daiola gatx egin deutsenari, edo deungaro esan dabenari: «ezin osasungei edo medizina au artu leiteke, laarregi estututen dau konfesore onek, ez nas beragana geiago biurtuko». Dirautso Konfesoreak osatu arren arimea, itxiten ezpadituz arako leen gexotu ebeen gauzaak, arako berba aldiak, arako adiskidetasunak, arako ibillerak, barrien barri geixotuko dala, pekatuan beste bein yausiko dala, ezta yaramonik egiten; ezta artu gura arimearen onerako osasungei edo medizina oneek. Zer esango dot, bada, gorputzari yanaria, yaztekoak, eta beste bear dituzan gauzaak emoiteko artuten direan neke eta arduraak gaitik? Zelango izardiak! zelango nekeak! zelango euriak! zelango beroak! Zer egiten ezta? Goxerik arratsera zagoze atxurra, laiea, yorrea, edo beste onelango instrumenturen bat eskuan dozuela, eguzki begian, erre eta kiskilduten; gitxitan daukazuez euriak, gitxitan izotzak, gitxitan edurrak, eta gitxitan zeuen nekatu eta adikatuteak, ze artuten badozue laborea, area, bedarra, edo matsa, ontzat eta pozik daroazuez egin dozuezan bearrak, eta emon dozuezan izerdiak. Nok egiten dau beste onenbeste arimeagaitik? Zer esango zeunkee aginduko beleutsue bear guzti au egin daizuela, neke guzti oneek igaro daizuezala, izerdi guzti oneek emon daizuezala arimeagaitik?

        10. Eztirautsut, Ka., eztaizula bearrik egin gorputzagaitik; errazoe andia da bear egitea, ze auxe da Jaungoikoak Adan-eri, eta Adan-egan guri guztioi agindu euskuna, esan euskunean: «zeure arpegiko izerdiagaz yango dozu ogia». Eta S. Paulo Apk. diño ze, bearrik egiten eztabenak eztagiala yan bere. Gura neunkeana da, ezteila bearra gorputzarentzat izan, aazturik daukezuela arimea. Gauak, egunak, asteak eta urteak daroaguz gorputzak; beretzat bearra, beretzat etsea, beretzat oea, beretzat yatekoa, beretzat nekea, beretzat bearra, beretzat guztia; arimea, barriz, aizturik: eguño bere gomuta eztogula, gorputzari egunean egunean emoiten yako yaten goxean, eguerdian eta arratsean, eta arimeari sei ilabete, eta ameneko urtebeterik urtebetera Sakramentu ori, zein bakarrik dan bere yanari ta edaria, eta orduan bere ez arimearen ardurea daukalako, ezpada txantelen bildurrez, eta Abade Maisua Jaunak kastigadu ze dagian. Au da, Kk., arimea leenago izaitea gorputza baño? Au da arimearen ardura geiago eukitea gorputzarena baño? Eztakit azartu edo atrebiduko zareen baietz esaten. Baia, ai Kk.! Ze zorakeria andia, ze itsumendi negargarria! Konfesetan dogu, sinistuten dogu arimea Jaungoikoaren alabea dana, gorputza, barriz, lur zati bat, simaur, eta satz puzka bat baxen eztana eta alan bere gorputzak daroaguz ardura guztiak eta arimea daukagu azturik. Esan egidazue, ezpabere, sartuko bazine Jauregi edo Palazio baten, ikusiko bazendue otsein menpeko, edo kriada baltz ezain bat, seda, urregorri, zirrar edo urrezurizko soñekoakaz apaindurik sala edo estradu baten yarririk etseko guztiak aora begira zer aginduten daben bertatik egiteko, eta beste aldetik etxeko andrea, Yauregiaren yaubea berez guztiz ona, ta ederra erropa zar etendu batzukaz, bazter baten sarturik, iñok yaramoiten ezteutsala, goseak ilik, zer esango zeunke? Etzeunkee esango au egiten dabenak eztaukala sensunik, zoro dala eta eroa? Bada beste onenbeste egiten dozue zuek Arimea da Jaungoikoaren Alabea, zeruko yaubegei ta herederua, eta gauza guztien yaubea, da guztiz ederra berez Jaungoikoaren antz edo irudira egina dalako. Gorputza da arima onen otsein eta agindukoa, baita onetarako egin eban, egin, Jaungoikoak; ezaina da, bada ezta luur zati bat, simaur eta korta, itz puzka bat, eta usteltasuna baño; eta alan da guzti gorputz au apainduten dozue al daizuen guztia, zeuen sensunak dagoz begira zer aginduten daben berpertatik egiteko; beretzat dozuez, beretzat atseginak, beretzat yan edanak, eta beretzat al dozuen guztia, eta arimea daukazue bazter ta okelu baten sarturik kausiñorik egin bere bagarik eta goseak ilik.

        11. Baia, zer diñot, gorputza? Zeuen abere edo animalien ardura geiago daukazue arimena baño. Egunean egunean emoiten deutsazue yaten: gexotuten badira, austen baiake oiñ edo besoren bat, bertatik alegiña egiten dozue; galduten baiatzue idi, bei, zaldi, aari edo aume bat, edo auntzen bat, zabiltz mendirik mendi bere atsean. Ze naibagea, ze nekea, ze tristezea bera galdu dalako! Galdu da arimea, eta eztago sentimenturik, eztago atsakaberik, edo penarik; eztago ardurarik billatuteko. Zorakeria neurribakoa bene benetan, diño S. Agustin-ek: galduten da asto bat, bertati doaz bere billa; yausten da trokaren baten, guztiak doaz bera ateratera. Jausten da arimea pekatuaren trokan, ezta yaramonik egiten. Lotsaz beterik euki bear gendukez, asto bat arimea baño geiagotan eukiteak, dirausku S. Juan Krisostomo-k. Ezpabere ikusi daigun Jaun onegan ze andia dan gure arimearen balioa. Aurkitu al zinaikee zeruan ez lurrean Jaun onen beste balio daben gauzarik? Sinistuten dozue gizon sensun bakoa Jaungoiko benetakoa dana kurutze onetan dakusun au? Bada yakin egizu eztabela auxe baño gitxiago balio zure arima orrek, bada onexegaz erosia izan da; Jaun onek erosi zinduzan ez zirarragaz, ez urreagaz, ez arri baliotsuagaz, ez eguzki, irargi edo izarrak gaz; ez Aingeruren bategaz, ezpabere beronen odolagaz, Eta atan bere ain gitxitan eukiko dozu zeure arima ori? Nor engañetan ete da, ala Jaun au ain bestean erosi dabenean, ala zeu ain gitxitan daukazunean? Kk., ez gaitezan ain zoroak izan; ezagutu daigun gure arimearen balioa, eta arturik damu andi bat, ain itsuturik egon garealako, esan daiogun Jaun oneri: Neure J.K° Jauna.

 

aurrekoa hurrengoa