www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

7. PURGATORIOKO ARIMEEN
IRUGARREN SERMOEA

 

(B, 186-191. or.)

 

Memor esto judicii mei, sic enim erit
et tuum; mihi heri, et tibi hodie.
Eccli. 38. v.23.

 

        1. Exeturik Elexa Ama Santea bere Semeen zorionen guraarian beti emon deutse bera alkanzetako bear dituezan gauza guztiak, eta idigiten deutsez zorion onetara elduteko bideak. Yaiota bertatik egiten dituz J.K°.ren seme bateoaren bitartez; armadu eta sendotuten (indartu ta gogortuten) dituz arerioen tentaziñoen kontra Konfirmaziñoko sakramentuagaz, ase eta mantenietan dituz altarako sakramentuagaz: gexotuten badira pekatuaren gatxagaz, Penitenziako sakramentuan imini deutse, eurak bear dabeen, osasungei edo medizinea. Idigiten dituz J.K°.k itxi eutsazan ondasun guztiak, eurak aberaztu deitezan (aberazteko); eta guztia beingoan esateko ezteutse ukatuten betiko atseginetara elduteko bear dabeen gauzarik. Eztira amaituten edo akabetan (azkenduten) ardura oneek bere semeen eriotzeagaz; il ezkero bere egiten dituz alegin guztiak ainbat lasterren urten daien Purgatorioko ala, pena eta sutegitik, eta eldu daitezan Jaungoikoaren arpegia ikustera. Onetarako beti beti dago Jaungoikoari erregututen (erreguka) arren bada atera dagizala leza atatik, eta eroan dagizala zeruko gozamentura. Onetarako opa deutsaz sakrifizioak edo meza santuak, bigunduteko eurakaz Jaunaren justizia (gogortasuna); eta onetaraxe biztu gura dituz mundu onetan bizi direan Semeak, eurak gaitik Jaungoikoari opa ta iskindutera euren meza, oraziño, barau, limosna, eta beste (osterantxako) obra on guztiak. Eta gogo obeagaz egin daigun Elexearen esana, dirausku ze, on guztiz andiak etorriko yakuzala miserikordiaz beteriko obra oneetatik, eta ez dugula galduko gere saria, bada guztiz dala osasuntsua ilak gaitik erregututea. Salubris est cogitatio pro deffunctis exorare: bada gure onerako izango dala Purgatorioko arimaak gaitik egiten dogun guztia.

        2. Ez, Kk., eztaigun uste izan galduko dogula Purgatorioko arimak gaitik egiten doguna, ez; guzti guztia aurkituko dogu beste munduan azirik eta geiagoturik, diño Jaungk. berak. Onetaraxe eroan gura gaituz Espiritu Santuak, eta alan dirausku arimen izenean: gomuta egizu nigaz yazo dana (zer yazo dan), memor esto judicii mei, ze bardin bardin yazoko da zugaz bere, sic enim erit et tuum. Ni su onen erdian nagoana legez, aurkituko zara zu benturaz denpora gitxi barru, eta orain nigaitik egiten dozun guztiak orduan balioko deutsu, eta zure onerako izango da; zuk orain nigaz egiten dozun moduan, egingo dabe zugaz orduan. Sicut fecisti sic fiet. Zuk orain nigaitik erregututen badozu, ez yatzu orduan bitartekorik Jaunaren aurrean faltako; barriz aizturik banaukazu, aizturik egongo zara orduan zeu bere. Auxe da, Ne.Ea.Mk., adietan emongo deutsuedana gox onetan zati bitan. Lelengo esango deutsuet zeinbat irabazten dozuen arimai al dozuen on guztia eginagaz: bigarrengo, zeinbat gatx dakarzuen zuen ganera eurak aizturik eukiagaz. Lenengoan ikusiko dozue zelan ainbat lasterren aterako zaituezan Jaungoikoak Purgatoriotik, orain an dagozanak aterateko aleginak egiten badozuez; bigarrenean ikusiko dozue zelan Jaungoikoak denpora luzean su atan eukiko zaituezan orain an dagozanen yaramonik egiten ezpadozue. Eta yakin daizuen zelan lagundu al deiezuen andik urteiten, enzuzue urrengo

 

 

Doktrinea

 

        3. Elexa Ama Santeak irakasten deusku, eta alan sinistu bere egin bear dogu, dagoala Purgatorioa, zein dan leku bat non dagozan grazian il zirean arimaak garbituten, pagetan dituezala mundu onetan bear dan moduan pagadu etzituezan pekatuen zorrak. Eztago miñik aituten emon leikeanik zelangoak direan zor onen pagu igaroiten dituezan pena, neke eta tormentuak. Pena eta tormentu oneek modu bitakoak dira: bata da sua, iluntasuna, eta beste onelango penak; bestea da zerutik erbestetadurik edo desterradurik egonak eta Jaungoikoaren arpegia ez ikusiak emoiten deutsena. Arima oneek beste munduan egon arren Elexa bat bakarrik egiten dabe gugaz naste, edo dira Elexearen parte, eta lagundu ginaioe leku atarik urteiten eta zerura elduten, bada dauke gugaz naste Santuen Komuniñoa, au da, dauke parte gure obra onetan. Arimaak gaitik Jaungoikoari opa giñaiozan obrak dira oraziñoa, limosnea, mezaak atera, edo enzutea, barauak, nekeak, (lanak edo) zeregiñak, eta guztien artean induljenziak. Da, bada, induljenzia edo parkamena, pekatuak gaitik merezidu dan penea parkatutea J.K°. Birjina Andra Maria, eta beste santu-santeen merezimentuak gaitik. Au obeto aditu dagizuen yakin bear dozue ze, J.K°.k itxi ebala Elexa santan bere merezimentuen ondasun andi bat, edo daukazala Elexa santeak ondasun andi batzuk, zeintzuk direan J.K°.k, Ama Birjineak, eta ganeko Santu-santak irabazi zituezan merezimentuak. Ondasun onen giltzak daukaz Aita Santu Erromakoak. Guk pekatu egiten dogunean artuten dogu zor bat geure ganean, zein parkatu arren, pekatua ezta beti pagetan. Orregaitik esatea induljenzia edo parkamena dagoala, ezta beste gauzarik ezpada adietan emoitea Aita Santuak idigi dabezala ondasun oneek, eta eginik berak aginduten da bena, euretatik pagetan dogula, pekatuak gaitik egin genduan zorra. Gura dozue yakin au zelan dan? Ara bada. Zor baleutsazuz norbaiteri, daigun kontu, eun dobloa, eta ez eukirik zegaz pagadu, eroango bazenduz gizon aberatz batek bere etxera, eta idigirik diruz beteriko utxabalda edo kaxa bat, esango baleutsu, artu dagizula zorra kituteko bear dozun guztia, errez pagadu zinaike zeure zorra diru onegaz iñoena izan arren. Bardin da parkamena.

        4. Eta ez bakarrik guretzako, baita bere Arimentzako irabazi ginaikez parkamenak, baia ez guztiak, ezpabere arako Aita Santuak autortu edo konzedietan dituezanak arimeentzako apliketako gura badogu, zelangoak direan Garizuman, eta beste denpora askotan altarak bisitaduagaz irabazten direanak, eta alan guztiz da gauza ona egunean egunean, edo elexara datorren guztian altarak bisitetea, Arimeentzako parkamena irabazteko gogoagaz, egunean egunean Arimeena yoten dabeenean Aitagurea bat eta Abemaria bat belauniko esatea, ze onegaz irabazten dira induljenziak Purgatorioko Arimeentzako. Norbaist ilten danean Aitagurea bat, eta Abemaria beragaitik errezaduagaz, irabazten dira induljenziak Defuntu arentzako. Onaintxe lagundu bear yakoe arimai, ez beste banidade eta zorakeriakaz, ez egun eta aste osoak negarretan emonagaz, negar guzurrezkoakaz, sarri yazo oi dana legez, zer-esango dabenagaitik, eta euren barruan poz andi bat daukela benturaz, il dalako. Ondo da bere norbaist ilten danean aideak eta adiskideak konbidetea eta deiegitea entierrurako: barriz izan bear da guztiak bat eginik, Jaungoikoari erregutu deioen, bada Jaunak borondate onagaz enzuten dau askoren oraziñoa; eta ez, esan dagien zeinbat yente egon dan entierru, hondra edo illetan, bada au banidade utsa da eta ezteutso ezer balio arimeari, beragaitik erregututen ezpadabe. Kk., biztu gaitezan al daigun guztia Arimakgaitik egitera, ze sari andi bat dauko oparik Jaungoikoak obra on au gaitik, eta beste munduan aurkituko dogu geuretzat arimak gaitik egiten dogun guztia, eta emen bere mesede andiak artuko doguz Jungoikoaganik, sermoe onetan enzungo dozuena legez, zein ondo esateko, bear dot Jaungoikoaren laguntasuna eta grazia: eskatu deiogun, bitartekotzat iminirik bere Ama. Abe Maria.

 

 

Lelengo zatia

 

        5. Eztau Jaungoikoak sari bagarik itxiten guk egiten dogun obra onik. Ezin sinistu ginaike, dirausku S. Paulo Apostoluak, aiztuko dabela Jaunak gure ondo egina; dan txikien txikiena gomutauko dau, beragaitik guk merezi dogun bere saria emoteko. Berak dirausku ondo sarieztau ta pagaduko deuskula bere izenean emoten badogu pitxar bete ur, eta ez bakarrik dirausku pagaduko (emongo) deuskula obra onen gure saria, baita eun bider geiago bere. Eta ainbeste ardura badauko Jaunak egiten (egin) dogun obra edo egikune txikiena pagetako, ze sari emongo deusku Purgatorioko Arimak gaitik egiten (arimen alderako) dogun karidadeagaitik, izanik au ain bere gustukoa (gogokoa)? Gura dozue yakin zeinbat gustetan yakan Jaungoikoari Purgatorioko Arimakaz egiten dan obra ona? Ara bada: obra on onegaz betetan doguz J.K°. geure Jaunak erredenzinoko misterioak egitean euki dituzan guraariak, eta daroaguz zelanbait kabura bere arrigarrizko egikerak. Etorri bazan zerutik lurrera Jaungoikoaren Semea, bizi izan bazan ogeta amairu urtean mundu onetan, artu (ikusi) bazituzan ainbeste neke, pena, ala, zauri eta azote bere negargarrizko pasiñoan, bota beeban bere zanetako odol guztia, eta emon beeban bere bizitzea kurutze gogor baten lotsaririk andienean lapur bien erdian, au guzti au egin eban gu zerura eroatearren. Eztabe Purgatorioan dagozan arimaak artuko J.K°.k. irabaziriko gloria au, arik eta mundu onetan pekatuakaz egin zituezan zorrak pagadu (kitutu) artean. Ezin eurak pagadu leiez, bada eriotzea ezkero ezin merezidu leie; dagoz arako Jerusalen-en egoan gizon kaden pobrea legez, bere (euren) burua osasuneko iturrira botateko indar bage; dagoz arako gau ilunean, zeinetan ezin iñok obra onik egin leike; iñok pagadu ta kitutu bear dituz euren zorrak, bestek izan bear dau bitarteko; berba baten, dagoz gizon bat presondegi edo karzela baten zorrak gaitik legez, lauziri bagarik bere zorrak pagetako. Orregaitik, bada, geuk geure oraziñoakaz Purgatoriotik ateraten doguzanean bertan dagozan arimaak, egiten gara Jaungoikoagaz euren artean bitarteko; ateraten doguz pekatupeetik; idigiten deutseguz zeruko ateak; eta egiten doguz bakeak Jaungoikoaren eta euren artean moduren baten J.K.°.k. bere eriotzeagaz egin ebana legez. Ara zelan.

        6. Jaungoikoaren justiziak emon eban eriotzako sentenzia gizonaren kontra; barriz, bere miserikordiak parkatu gura eutsan gizonari; justiziak eskatuten eutsan gizonari kitu egin ta pagadu egiola pekatuagaz egin eban zorra, eta au egin artean ez eutsan parkatu gura, miserikordiak gura ebana legez; baia ez eukan gizonak zegaz pagadu zor au. Zer egin eban bada J.K.°.k? Artu zituzan bere ganean gizonaren zorrak; pagadu eutsan Aitaren justiziari, eskatu eban guztia, eta idigi eutsazan miserikordiari bideak bere ontasuna gizonari erakusteko. Auxe berau egiten dogu, bada, guk pere Jaungoikoagaz Purgatorioko arimeen artean. Jaungoikoaren miserikordiak atera gura leukez su atatik, eta eroan betiko atseginetara, ze guztiz dituz laztan arima oneek, eta eurak guztiz dabe maite Jauna: dira bere esposa maite, dagoz bere graziagaz ederturik: baia bere justiziak eztau isten, ifinirik ta ebatsirik daukalako eztala bere etsean gauza loirik sartuko, eta alan daukaz, euki bere, zerutik erbestaurik, arik eta zor guztia, dan dana, kitu egin artean. Eta, zer egiten dogu guk eurak gaitik erregututen dogunean, parkamenak irabazten doguzanean, eta beste obra onen bat egiten dogunean? Kendu Jaungoiko eta arimeen artean dagoan (arteko) orma lodia, S. Paulo Apk. diñoana legez, zeinek galarazoten eutsen alkargana batutea, eta zeinek eukazan katigu arimaak, Jaungoikoagana elduteko. Eta, ze mesede, ze bedeinkaziño, ze ondasun artuko dogu Jaungoikoaganik obra onen sari, izanik ain bere gogokoa, zeinegaz poztuten dogun zerua, geiagotuten doguz zeruko Prinzipeak, eta arturik geure lepoan, esate baten, daroaguz Aita betikoaren etxera, zeruko artzainak legez arako deslai ebilen ardi tristea? Orretan ze, Ne.Kk., andiak izan bearko dau artuko dogun sariak. Eun bider geiago emongo deuskula diño Jaungoikoak berak, Arimakaz egiten dogun karidadea gaitik. Zorionekoa dala diño Dabid Erregeak Purgatorioko Arima tristeai al daiana egiten deutsena, bada Jaungoikoak libraduko dau egun deunga eta gogorrean, zein dan juizioko eguna.

        7. Beste aldetik, ze sari andiagorik, zeruan Prinzipe andi bat geure bitarteko eginik eukitea baxen, eta zeinek zor deuskun bere libertadea? Zelango pozez bete bear gaituz gogora ekarteak, Jaungoikoaren aurrean daukagula arima bat geuk geure oraziñoakaz Purgatoriotik aterarik ara eroan doguna, non dagoan gugaitik erregututen? Eta, zer itxaron bear eztogu adiskide oneganik, izanik arimea Jaungoikoaren esposa maite, eta zeruko Prinzesa? Zegaitik ze eztau iños bere aiztuko guganik (gure eskutik) artu daben mesedea, beti gomutauko dabe Arimaak euren ongillak izan gareana; bada izanik ain andia zeruan dagozanen karidadea, ezteutse itxiten egin yaken mesedea aztuten, eta alan ezin izan leitekez esker deungako, eta beti beti dagoz erregututen euren ongillak gaitik Jaunari. A! Zelango amodioagaz, zelango karidadeagaz eskatuko deutse Jaunari ezarri dagizala, arren, bere bedeinkazinoak eurak Purgatoriotik atera dituezanen ganera! Aintxe eskatuten deutse, diño S. Anbrosio-k; sarieztau egioezue, Jauna, irabazi andiakaz, preso geunkezan lakioak urraturik, leza ilunetik atera gaituezanai. Zeuk esan zenduan, zorionekoak direala errukiorrak, zeuganik errukia alkanzaduko dabeelako: bada ezagutu begie agindu onen egia gure errukia euki dabeenak (erruki izan direanak), arturik zure eskuetatik errukitasunez beteriko saria. Baita, uste dozue, Kk., eztituzala enzun gurako geure Jaun eta Jaungoikoak, Arimaak zeruan egiten deutseezan erregu (eskari) oneek? Ez, Kk., ez alangorik. Deadar egingo dabe santuak, diño Dabid Erregeak, eta Jaunak enzungo dituz deadar oneek, zegaitik eze bere belarriak beti dagoz zur eta prest euren deiak enzuteko.

        8. Antxina enzun zituzan Moises-enak, eta eurak gaitik parkatu eutsan bere puebluari, eta amatadu eban bere aserrea, zeinegaz galdu gura zituzan Israel-tarrak. Enzun zituzan Josue-nak, eta eurak zireala medio, geldirik egon zan eguzkia sartutera yoianean. Enzun zituzan Elias-enak, eta eurak gaitik ez eban euririk egin iru urtean eta sei ilabetean, eta barriro euria egin eban berak oraziño eginagaz. Enzun zituzan Eliseo-enak eta eurak gaitik orio puska bategaz bete zituzan (zirean) andra alargun pobretxu batentzako etxean eukazan (zituzan) onzi eta pitxer guztiak. Eta ain indar andikoak izan bazirean onen eta beste askoren oraziñoak, eta ain borondate osoagaz enzuten bazituzan Jaungoikoak, zelan enzungo eztituz zeruan dagozan arimeenak? Areek pekatuaren aragiz yanzirik egozan oraindiñokoarren, Arimaak, barriz, eztauke pekatuaren astuntasunik; areek oraindiñokoarren erbestean egozan, barriz oneek ya dagoz Aita betikoaren etxean, zein dakusen arpegiz arpegi zeruko Erreinuko Prinzipe andi eginik. Orregaitik, bada, ziertu egon bear gara, Arimaak aztuko eztabeela egin deutseen mesedea, eta beti egongo direala gugaitik erregututen; eta Jaungoikoak ukatuko ezteutsela gugaitik eskatuten dabeen gauzarik, eta alan neurribako ondasun andiak artuko doguzala Arimaak gaitik erregututen badogu. Barriz, zer yazoko yaku aizturik badaukaguz? Enzun egizue

 

 

Bigarren zatian

 

        9. Geure proximuagaz errukiorrak izateak Jaunaren errukiak gure ganera dakazana legez, alantxe eurakaz errukirik ez eukiteak (izateak) dakar gure ganera Jaunaren aserrea. Judizioko egunean enzungo dabee onak J.K°.ren aotik bendiziño zorionekoa obra miserikordiazkoak egin zituezalako. Deungaak, barriz, betiko galduak enzungo dabee sentenzia bildurgarria egin etzituezalako. Orregaitik diño Santiago Apk. errukibako juizioa egingo yakala errukirik eztaukanari. Eta alan zelangoak zareen zuek Purgatorioko Arimakaz, alaintxe izango dira zuekaz zeuen ostekoak. Orain yaramonik egiten ezpadeutsazue, gortuten bazaree euren deietara, azturik badaukazuez, ezpadozue ezer egin gura Purgatorioko su, pena eta tormentuetatik aterateko, aztuko dira zuekaz bere, eta ezteutsue yaramonik egingo an zagozenean, ez senarrak, ez emazteak, ez seme alabaak, ez aideak, ez adiskideak, eta ameneko ameneko oneek zuek gaitik erregututen badabe bere, eztituz zuen onerako artu gurako Juez artezak, eta zuentzako ateraten direan mezaak, errezetan direan oraziñoak, irabazten direan parkamenak, eta egiten direan beste obra on guztiak bear bada artuko dituz zuek baxen deboziño andiago bat arimaak ganako euki dabeenentzat. Sarri eta sarri au yazo dala dirauskue Yakintsuak eta Elexako Historiak. Bai gizon gogorr-arrizkoak, bai Kristiñau biotz gogorrekoak, eta errukirik arean bakoak; egun gitxi barru aurkituko zare benturaz Purgatorioko su garren artean, orain arima tristeak dagozan legetxe, eta orduan, zuek aek neurtuten dozuezan neurriagaz, neurtuko zaitueze zuek bere: eta zuen kontra biurtuko da orain arima bedeinkatuakaz daukazuen gogortasun ori.

        10. Ondaturik leza ilun eta suzko atan, alde guztietatik gar biziz inguraturik, minen minez negarretan urturik, eztozue eukiko nok poztu, eztozue aurkituko nok enzun daizuen. Orduan ezagutuko dozue ze deungaro egin zenduen, ez yaramonik egitea arimai, munduan bizi zineen artean. A, zelango larri, estutasun eta naibageakaz esango (esan bearko) dozuen Jose-en anaiak Ejipto-n legez: Merito haec patimur quia peccavimus in fratrem nostrum, dum deprecaretur nos et non audivimus. Errazoe andiagaz nago ni su ikaragarrizko onen erdian, guztiak aazturik, itxirik eta inok kausiñorik egin bagarik, ze neuk bere ez nituzan enzun gura izaiten neure anaien erreguak, leku onetatixek dei egiten eusteenean. Orregaiti etorri da nire ganera pena eta neke ikaragarri au. Idcirco venit super nos ista tribulatio. Ai ene penea! Esango dozue Job santuagaz: deadar egiten dot, baia eztago enzun dagidanik, dei egingo dot, eta ezteust iñok yaramonik egingo. Neure Semeak eurak, zeintzuk ondo ifintearren ainbat izerdi bota dodan, eta ain neke andietan bizi izan nasan, azturik bere baño aztuagorik nauke. Barriz, ze miraari gizonak ez yaramoitea, Jaungoikoak berak ezpadau nigana begiratu gura? Neure arerio eginik dago arako Jaungoiko bigun eta errukiorra, eta bere beso ta esku astunagaz nauko pena eta su eskergagarri onen erdian. Bai, ondo ezaguturik daukat ondo ta ondo merezidu dodala bakartasun au, eta iñok ez yaramonik egitea, ze nik bere munduan bizi nintzan artean, ez neuntsen yaramonik egin, emen egozan arimai, ez nituzan enzun gura izaiten Predikadoreen bitartez egiten eusteezan deiak. Orrexegaitik etorri da nire ganera pena au. Idcirco venit super nos ista tribulatio.

        11. Deritxazue, Kk., etzareela egunen baten zispuru eta zotinen artean ikusiko, edo etzareela iños Purgatorioan egongo? Ain garbirik mundu onetarik urtengo dozuela uste dozue? Altaretan (altare ganean) gaurko egunean dakusguzan santu batzuk gaitik dirauskue euren bizitzak, euren arimaak Purgatorioan egozala euren gorputzak miraari andiak egiten egozan denporan. Zer izango da, bada, ain santu eztireanakaz? Alan, bada, egin daigun alegin guztia, Arimaak ainbat lasterren leku ilun eta suzko atatik aterateko, geuk bere, an yausi gaitezanean, euki daigun nok atera. Irabazi daiguzan adiskideak zeruan gugaitik erregutu dagien zeruko Erregearen aurrean. Auxe egitera biztuten zaitueze Arimaak eurak. Mututurik dagoz, eztarabildez euren miñak; baia Elexara sartuten zareen bakotxean, euren sepultura ganean emoiten dozuezan pausu bakotxean yagotzuez esaten berba ixil bategaz, baia guztiz sendoagaz, ta indar zolizkoagaz: seme gogorra, emazte kruela, anaie esker deungakoa, adiskide erruki bagea, atera nagizu leku itsaltzu onetarik; bigundu egizu Jaunaren aserrea, eta lagundu egidazu zerura elduten. Meza bat ateratea, limosna bat emoitea, edo beste obra onen bat egitea kostu gitxikoa da zuretzat, eta probetxu andikoa niretzat; eta au ezin badozu, gitxienez Elexara zatozanean irabazi egizu niretzako parkamenen bat, errezadu eikezu estaziñoren bat, enzun meza bat. Ze gauza errezagorik au baxen? Eta orregaitik bere, eztozu egingo? A seme gogorra! A emazte esker deungakoa! A senide kruela! Ori da niri zor deustazuna, euki neutsun amodioagaitik, eta egin neutsuzan mesedeak gaitik? Gomuta egizu, ene Semea, zeinbat bear egin dodan, zeinbat izerdi bota dodazan eta ze lanak igaro dodazan zu aziteko, zuretzako yanaria irabazteko, eta zuri bear dozun guztia emoiteko; zeinbat gau eder galdu dodazan, eta zeinbat bider itxi dodan loa, zu ondo ikustarren. Ezteutsut eskatuten beste ainbeste egin daizula zuk nigaitik, gitxiagogaz kontentetan nas. Ezteutsut eskatuten kendu daizula aotik kopaua niri emotearren, nik sarri egin nebana legez. Meza bat enzunagaz, edo atereagaz, parkamen bat irabaziagaz, limosna bat emonagaz kontentetan nas, eta, ukatuko deustazu, ene Semea, eskaari au, izanik ni zure gurasoa? eta ain gogorra izango zara, izatea zuri nik emon ezkero?

        12. Bada gitxitan badaukazu niganako dozun zor andi au, begiratu egizu zure onerako izango dala, nigaitik egiten dozun guztia; eta zure gatxerako ni aizturik eukitea. Ni nakutsun moduan ikusiko zara zeu bear bada denpora gitxi barru. Ni juzgadu naben estutasunagaz, juzgaduko zaituz zeu Jaungoikoak. Memor esto judicii mei, sic enim erit et tuum. Nigaz atzo yazo zana, yazoko da gaur zugaz. Mihi heri, tibi hodie. Atzo sepultura onetan botaten ikusi ninduzuna legez, botako zaituez gaur zu, eta ni orain azturik naukazuna legez, egongo zara zu, Mihi heri, tibi hodie. A seme kruela! Yakin egizu ze, nik itxiriko ondasunakaz zu olgura artean zabiltzazan artean, ementxe nagoana ni su ikaragarrizko onen erdian, zuri euki neutsun amodio larregia pagetan. Zu ondo ikusteko guraariak nauko emen, eta, zu zagoz nigaz aazturik? Ara bada, yakin egizu, ni neurtuten nozun neurriagaz neurtua izango zareala zeu bere. Etorriko da zure atserengo ordua, kenduko deutsuez ain maite dozuzan ondasun orreek, yatziko zara leku onetaraxe, eta etxatzu faltako semerik (seme bat) edo beste oñordekoren bat zeiñek eukiko zaituzan aizturik, zuk ni orain naukazuna legetxe. Kk., ez gaitezan ain gogorrak izan Purgatorioko arimakaz, ze eurakaz gogorrak izaitea geure buruakaz gogorrak izaitea da. Yatsi gaitezan su eta tormentu aetara geure pentsamentuagaz, eta ikusi daigun zelan dagozan erre eta kiskilduten gure adiskide, aide, ezaun, anaie eta gurasoak benturaz. Erregutu deiogun Jaunari eurak gaitik, eta esan deiogun Elexa Santeagaz batera: Emon egioezu, Jauna, betiko atsegina, eta eroan egizuz zeruko argitara. Eroan egizuz zeure etsera, aintxe ikusi daitezan zure Santuakaz naste, beti beti bedeinkatuten zaituezala. Requiescant in pace. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa