www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

2. ERIOTZA OSTEKO,
EDO BAKOTXAREN
JUDIZIOAREN GANEKO SERMOIA

 

(B, 197-202. or.)

 

Omnes nos manifestari oportet ante tribunal Christi
ut reddat unus quisque propria corporis
qui gessit sive bonum, sive malum.
2.Corin. c.5.v.10

 

        1. Salomon-ek munduan ikusi zituzan zorakerietarik andienen artean, etzan gitxien arritu ebana izan ain ardura bagarik gizonak pekatu egitea. Begiratu eban nondik yaioten ete yaken seguridade au, eta ikusi eban, eta ezagutu eban ze yatorkela ikustetik Jaungoikoak etzituzala bertatik kastigetan euren gaistokeriak, eta Jaungoikoaren pazienzia andi au gaitik bildur bagarik pekatu egiten ebeela. Baia pazienzia onexek beronek biztu bear gaitu ainbat lasterren pekatuak itxi eta penitenzia egitera dirausku S. Paulo Apk. Zeinbat eta geiago luzatuten dan kastigua, ainbat eta gogorrago izango da gero. Etorriko da Jaunaren eguna ixil ixilik lapur bat legetxe eta aterako dituz argitara gure biotzeko basterrik ezkutuenak. Orduan ikusiko dira gure pensamenturik txikienak; artuko dabela diño bere justiziako ezpatea, eta gogor kastigaduko dituzala bere kontra eginiko pekatuak. Gauza bi onexek egiten dabee ain itzaltsu Jaungoikoak egingo daben judizioa: bere yakituriak eta bere justiziak. Bere yakituriak aterako dituz argitara zure pekaturik ezkutuenak ta bapere itxi bagarik, lenengo puntua. Jaungoikoaren justizia, edo arteztasunak juzgaduko dituz zure pekatuak erruki bagarik, bigarren puntua. Lelengoan beteko zare bildurrez zuen biotzean bada pekaturik. Bigarrenean ikusiko dozue zelango euki bear dozuen, ez aserratuteko Juez ain gogor bat.

 

 

Lenengo zatia

 

        2. Arimeak gorputzetik urten ezkero lenengo emongo daben pausua J.K°.ren aurrera izango da, bere bizi guztiko kontu emoitera. Ain izango da zeatza, ain estua kontu au ze, ezta geratuko argitara urtengo eztaben pekaturik. Egikera edo obrarik aaztuenak, berbarik ixilenak, eta pensamenturik ezkutuenak ifiniko dira agirian. Baia ze ikaragarria, ze itsaltsua, ze bildurgarria deritxazue izango dala judizio au? Eztago gizon ez Aingeruen artean adietan emon leikean miñik. Alan bere zerbaist ulertu dagizuen ara zer dirauskun S. Juan Krisostomo-k. Yarriko da Jaungoikoaren Semea, Daniel Igarlari edo Profeteak ikusi ebana legez, suzko yarleku, edo tronu baten, bere aotik urtengo dau sugar biziak, bere berbaak izango dira ezpata zorrotz bat langoak, milla millinoe Aingeruk eukiko dabe euren erdian, edo inguratuko dabee, alde batetik egongo dira Demoniñoak zu salatu edo akusetako, bestetik Aingeru guardako yagolea zugaitik berba egiteko, eskoatatik dago gloriako koroia ondo urteiten badozu, ezkerretatik barriz infernua kondenaziñoko sentenzia emoiten baiatzu. Aingeru eta Demoniño guzti onen erdi erdian egongo zara zu lotzaz beterik, bildurrez ikara gogorrean. Idikiko da zure konzienziako liburua eta iminiko dau Jaungoikoak bere neurribako yakituriarena. Aintxe urtengo dabe Aingeru eta Demoniñoen begietara zure pekatu guztiak euren ezaintasun eta anditasun ikaragarriagaz. Aintxe agertuko dira arako zeuk bakarrik baño bestek iñok eztakizuzan pekatu-eskergeak, arako zure biotzeko gorrotoak, arako zeuk bakarrik baño bestek iñok eztakizuzan pekatu eskergeak, arako zure biotzeko gorrotoak, arako zeuk zeure aragiagaz egin dozuzan loikeriak, arako gau utsez, eta iñok etzenkusala egin dozuzan lapurkeriak, arako beste pekatu zeinen gomuteak betetan zaituzan orain lotsaz. Ze larria izango da zurea, ze bildurra, ze lotsaaria ikusi dagizuzanean arako pekatu itzuzi, eta ezainak zeintzuk etzeunkean gura luurrak berak bere yakin deizuzan, eta zeintzuk bear bada emoiten eutsuen lotseagaitik etzarean azartu edo atrebidu konfesetan!

        3. Esan egidazu konfesaduko bazina nigaz, eta esango bazeustaz zeure bizi guztian egin dozuzan pekatuak, eta aizturik nik ixilik egoteko daukadan obligaziño estua, asiko banintz pulpitu onetatik direanak zabalduten zure senar, emazte, guraso, anaie, adiskide eta ezaunak dantzuela zelan geratuko zinateke? Esango baneu gizon bategaz pekatu loi eta barregarrietan ibilirik, zeure ondrea ez galdutearren seña galdu egin dozula; galdurik zeure gizonari zor deutsazun amodioa beste bategaz ibili zareala; zeure aragiagaz egin dozuzala pekatu guztiz ezainak: zu izan zareala urlia Elexako lapurtea egin dabena: Ainbat auzitan guzurragaz juramentu egin dozula; eta modu onetan zeatz zeatz esango banituz direan direanak etzinatekez erdi ilik geratuko? Bada emen euki zinaikean lotsaari guztia ezta orduan eukiko dozunaren gerizea bere, zegaitik ze gatx guzti oneek esan arren ameneko ez leukede guztiak sinistuko, eta artu zinaike moduren bat ni guzurteetako, edo ukatu ziñaikez; baia juizio atan ezin pekaturik txikienik bere ukatu leike, ze guzti guztien aurrean agertuko dira, eta zure konzienzia eukiko dozu testigurik gogorren ta okerrena: berak deadar egingo dau zure kontra, eta mundu guztiaren aurrean salatuko zaituz. Berak esango dau sarri ta sarri agiraka egiten eutsula pekatu egiten ziñoazanean, etzituzala iños itxi kastigu bagarik zure pekatuak aginkada, usigi edo erremordimientuakaz, eta pekatu eginez gero beti egoala deadar ta deadar ea iratzartu zendizan. Beste aldetik Demoniñoak izango dira salataririk eta akusatzaillerik kruelenak, eurak aterako dituez zure pekaturik ezkutuenak. Eurak esango dabee naiago izan zenduzala enzun euren guzurrezko berbaak, Jaunaren dei gozoak baxen; naiago izan zenduala euren agindupeeko izan Jaungoikoaren seme baxen; eta eurak ikusi zituezala zure pekatu guztiak, eta eskatuko deutse Juezari ifini zagizala euren eskuetan infernuetara eroateko, zure pekatuak merezi dabeena legez.

        4. Baia zure konzienzia eta Demoniñoak ixilik egongo balira bere, munduan direan gauza guztiak yagiko dira zure kontra, diño Eskritura Santeak, guztiak berba egingo dabee eta izango dira zure gestakerien testigu; zeure etxeko ormeetako arriak deadar egingo, diño Habakuk Igarlari edo Profeteak; eta etseko zurak deadarrez egongo dira. Zeure oeko izarak esango dabee aintxe bakarrik ta ilunean zengozala uste zenduanean, egin zenduzala loikeria eskergagarriak; zeure gelako olak, eta adrilluak esango dabee antxe bakar bakarrik zengozanean, artuten zenduzala asmu eta gogo okerrak lagun proximuaren kontra. Etxeak, arbolaak, ortuak, soloak, bedarrak, mendiak, atxak, eta ganeko gauza guztiak izango dira zure kontra; ukatu ezin zinaikezan testiguak dira. Au yakiteak ikara bildurrez eukan S. Jeronimo, berak dinoandi. Beti beti nago, diño Santu andi onek, larri, eta atsakabez beterik, ozta ozta azartu edo atrebietan nas arnasa bere artuten, dakidalako neure gelako ate, bentana, adrillu, ol eta ormaak izango direala neuk, bakarrik nagoala, egiten dodan gauzarik txikienen testigu, ta direanak deadar egingo dabeela nire kontra. Baia, zetan nago, neure Kk.? Eztau gure Jaun eta Jaungoikoak testigurik bear gure pekatu guztiak argitan iminteko euren ezaintasun guztiagaz, ezin aurkitu leiteke bere neurribagako yakituriaganik ezkutadu ez ostendu al leikean gauzarik, gizonaren malizia ta okerkeria guztiak ezin beraganik estaldurik euki leike, pensamenturik ez gogoaldirik txikiena bere. Eta, deritxazu eztituzala argitara atera gurako Aingeru eta Demoniñoen begietara zure gaistokeriak? Ai Ne.Ka., enzuzu zer dirautsun bere Igarla edo Profeteen aotik.

        5. Azkenengo egunean ezteutsut ezer parkatuko, diño Ezekielen bitartekoz: agiri agirian iminiko dot zure ezaintasun guztia, zure lapurkeria, pekatu loi eta ordikeriak. Ikusiko dira, diño Isaias-ek, zure lotsagarri guztiak; eztago au eragotzi leikedanik. Botako deutsudaz arpegira zure okerkeria guztiak, arakatuko ditudaz zeure bizi guztian emon dozuzan pausuak, bapere itxi baga. Oraingiño yakin izan dozu zelan eskutadu zeure bizimodu geistoa. Sinistu eragin izan deutseezu gizonai ona zareala ixilean, eta eurak ezin yakin leien moduan egin dozuzalako egikune edo obra deungeenak. Baia ezteutsue oraingoan nigaz balioko asmu orreek. Ementxe ikusiko dozue emen dagozan Aingeru, eta Demoniñoak, ze gaiskiñak izan zirean, ze deungaak, ze lotsagarrizkoak. Ezin ukatu zinaiket emen argitara aterako deutsudan pekaturik; ze neuk ikusi zindudazan egiten. Arako ilunean eta bakarrik zengozala zeure aragiagaz pekatu loiak egiten zenduzanean antxe nengoan ni adi, eta ikusi zindudazan. Arako gauez inoen solo, ortu, eta etsera ziñoazanean, eta ostuten zenduanean bildur bagarik iñok yakingo ez eutsulakoan, antxe negoan ni begira eta ikusi zindudazan. Arako iñoen senar edo emazteagaz pekatu egiten zengozanean lekurik ezkutuenean eta okelurik ostenduenean, lotsabagarik bakarrik zengozalakoan, bertantxe nengoan neu zuri adi, eta ikusi zindudazan. Arako zeure buruan asmu txarrak artuten zenduzanean zeure arerioagandik bengetako, neuk ikusi nituzan zure pensamentu eta gogoeta guztiak. Arako guzurragaz juramentu egiten zenduanean, eta besteri dirua emoten zeuntsanean egiteko, antxe nengoan ni eta ikusi zindudazan. Neure aurrean, neure begien aurrean egin zenduzan pekatu ikaragarrizko oneek. Orduan ixilik egon nintzan, neure begiakaz ikusi arren zure bizi galdua. Gura neban pazienzia onegaz irabazi zure biotza itxirik zure pekatuak nigana etorri zintezan, baia itsuturik zu pazienzia onegaz, uste izan zenduan zu legezkoa nintzana eta enekusala zure bizimodua. Baia oraintxe bertan atera gura ditudaz zure pekatu guztiak; zeure begien aurrean iminiko deutsut zure bizi guztia. Ikusi egizue zeruak, ikusi egizu luurra, ikusi egizue Aingeruak, ikusi egizue Demoniñoak gizon esker gaistoko onen lotsabakotasun eskergea.

        6. Zer eranzungo deutsazu, pekatari tristea, Jaungoiko oneri? Ze atxakia emon zinaio? Ai, Kk., milla itaunde egiten baditu, ezin bateri bere erantzun leio, diño Job Santuak. Eztozu aurkituko zer eranzun. Alperrik ukatu gurako dozuz, alperrik artuko dozuz al daizuzan asmuak eskutatuteko. Alperrik esango dozu gurasoak, emazteak, senarrak edo umeak euren jenio deungeagaz galdu erazo eutsuela pazienzia; ze artu al daizuzan atxakia guztiak ezteutsue arean balioko zeure ezaintasun (andia) atsitua estalduteko. Artu egizuz orain, baderitxazu, arako denpora baten aztu oi zenduzan okerkeriak, egia ezkutetako. Billatu egizuz testiguren batzuk zure fabore juramentu egin daien; eskatu egiezu adiskide batzuei erregutu deioela Juezari zugaitik; topadu egizuz enpeñuren batzuk Juezentzako; ukatu egizuz zeure erruak, eta sinistu dagien egia diñozula, ezarri egiozuz zure buruari maldiziño ikaragarriak; emon egiozu Juezari diru zati andiren bat; eroan egiozuz erregaluren batzuk sentenzia ondo emon deizun. Baia, ai! eztau judizio atan onelango asmuak balioko. Alperrik izango zara mundu onetan gizon altsu, eta esku edo poderio andikoa; alperrik eukiko dozuz adiskide andiak; alperrik yakingo dozuz auzirik okerrenak arteztuten; alperrik izango zara ondasuntsu bat, eta diru ugarien yaube, etzaituez libraduko egun ikaragarri eta aserre atan. Orduan bai idigiko dozuzala begiak ezagututeko ze gitxi balio daben Jaunaren aurrean tranpa eta engañuak egiten yakiteak: auzi deungea dagoanean testigu guzurtiak eroatea; Juezen begiak diru eta erregaluakaz itsututea; eta beste mundu onetako auzietan egiten oi direan asmuak. Mututu, arritu eta lotsaturik geratuko zara, lapur bat ostu daben gauzea eskuetan dabela artuten dabeenean geratu oi dana legez, diño Jeremias-ek; edo andra ezkonduak bere senarrak bestegaz pekatu egiten topetan dabenean legez. Kk., idigi daiguzan nos edo nos geure arimako begiak eta ezagutu daigun ze gitxi balio daben mundu onetan andi edo miragarritzat daukagun guztiak; eta ezau-era onegaz egin daigun alegina benetako arimako ondasunak batuteko, bada eurakgaz eranzungo deutsegu Jaungoikoaren justiziak egingo deuskuzan kargu ikaragarrizkoai. Euren itzaltasuna da Sermoiaren bigarren zatia.

 

 

Bigarren zatia

 

        7. Ezteusku ezek bere obeto adierazoten Jaungoikoaren guganako ontasun, biguntasun eta amodioa, egin deuskuzan mesede neurribakoak baño, diño S. Juan Krisostomo-k. Euretan dakusku Aita maitetsu, arduratsu, eta samur bat, zeinegaitik esan geinkean eztabela beste zereginik euki gu ondo ifintea baxen. Euren gomuteak egiten gaituz esker oneko Jaun ain on bat ganako. Berak maitarazoten deusku ain laztan izan gaituzana, ezagutu eragiten deusku zeinbat zor deutsagun, eta garoaz zor au al dogun guztia pagetara. Pekatu egiten badogu, gomuta onek emoiten deusku itxaromen edo esperanzea, eta gaukaz desesperaziñoan yausi ez gaitezan; bada irakazten deusku andiak badira bere gure pekatuak, guztiz dala andiagoa bere errukitasuna, eta parka eskatuten badeutsagu, beti dagoala prest, eta besoak zabalik, ez bakarrik parkatuteko, baita bere bularraren kontra estutu eta laztan gozoak emoiteko, graziaren soñeko ederragaz apainduteko, eta bere seme maitetzat bere etsean eukiteko. Baia mesede andi oneek mundu onetan bizi garean artean gure pozgarri badira, gure kondenagarri izango dira juizio atan, eta euren ganean egingo yakuz kargu gogorrak. Eurak ezagututen emongo dabee zeinbat egin daben Jaungoikoak gu salbetako, eta ze gitxi egin dogun guk, eta kondenetan ez gareala Jaunaren erruz, ezpabere geurez.

        8. Yarririk bada yar leku, edo tronu bildurgarrian, eta iminirik zu bere aurrean, asiko yatzu kontu zeatz eta estua artuten. Emon egidazu zeure biziko kontu, esango deutsu arpegi aserre eta itzaltsu bategaz. Ze irabazi atera dozu zeure ardurara ifini nituzan talentu edo diruakaz. Zer egin dozu emon neutsuzan ondasunakaz. Ea Aingeruak, Jerusalen santako auzoak, juzgadu egizue nire eta gizon onen artean. Ikusi egizue nire berauganako ardura, amodio eta ontasuna, eta beronen niganako astuntasuna ze neurribakoak izan direan egin deutsadazan mesedeak, eta ze arrigarria ta eskergea biurtu deustan esker deungea. Nik egin zindudazan ezerbere ezetatik, gizon esker gaistokoa, eta emon neutsun arima bat neure antz edo irudira; egin zindudazan mundu guztiko agintari, eta ifini nituzan gauza guztiak zure eskupean. Zerurik imini baneban; luurra egin baneban, itxasoak izaiterik artu beeban, abere, arbola edo zuaitz, mendi, arri, ur, su, eta beste gauzarik badakutsu; guztia egin neban zure onerako. Neu izan nas zeure aita bigun, maitetsu eta arduraz bete bat; neure eskuetatik euki dozu bear izan dozun guztia: osasuna, bizitzea, yanaria, yaztekoa, eguzkia, euria, eta beste gauza guztiak. Aberats izan bazara, euki badozu ondasunik, diruen yaube izan bazara, neuk emon deutsut. Eztozu euki, eta ezin euki bere egin zinaian nik emon bagako gauza onik. Eta baderitxazu au gitxi dala, begira zer izango zan zugaz egin ezpaneutsu gogoak emon al leikean mesederik andiena? Zengozan pekatupean Demoniñoaren agindu gogorraren azpian presondegi edo karzela ilun, itzaltsu eta atsituan, zauriturik, gexorik eta negargarrizko eriotzara kondenadurik. Etzeunkan nok atera zengizan, neuk zure erruki izan ezpaneu. Enintzan kontentadu, eta ez neutsan asko eretxi nekezko estadu onetarik zu aterateari, erantadu ta eregi gura izan zindudazan neure seme maite izatera, zeruko ondasun guztien yaubegei edo herederu, eta zeruko erreinuko Prinzipe nagusi. Zuri neurri bagako mesede au egiteko eneban biraldu Patriarka eta Igarla edo Profetaren bat, ez santu edo beste gizon andiren bat, ez Aingeru, Kerubin edo Serafinen bat. Neu neu, neu yatzi nintzan zerutik lurrera, artu neban zure izaitea, eta egin nintzan gizon. Zugaitik yaio nintzan abeletxetxu baten; lenengo euki neban oea askatxu bat izan zan, lastoak baño beste erropa ta soñeko bagarik. Zugaitik bizi izan nintzan gose, egarri, neke, lan, eta pobreza artean. Zugaitik irago neban negargarrizko pasiño kruela, zugaitik artu nituzan bostmilla azote ta geiago, euki neban neure buruan aranzazko koroi gogor bategaz, eta geratu nintzan zauri andi bat eginik burutik beatzera. Zugaitik galdu neban neure bizitzea lotsaariz beteriko kurutze baten, ultze gogorrakaz yosirik.

        9. Andiak izan badira bere mesede guzti oneek, eneuntsan orregaitik asko eretxi, baita ekarri zindudazan Elexa Santara, non ifini neutsuzan Sakramentu Santuak zeure argaltasuna gaitik, nosbaist yausten bazinean bere, aintxe zeunkan penitenziako Sakramentua graziara biurtuteko. Aintxe egon nas zure lagun eginik, eta nai zenduan guztian yarririk neugaz mai baten yan zengian neure gorputza. Ezin ukatu zinaikez mesede guzti oneek, ze mundu guztiak dakiz, testigu dira Aingeruak, testigu zerua, testigu luurra, testigu nire esku, oiñ eta bularrean dakusuzan zauri oneek; eta testigu kurutze au, non emon neban azkenengo arnasea. Orain bada esaizue zer geiago egin bear neban gizon onegaz, eta eneban egin. Baia a Seme gogorra, O maztui madarikatua, uste nebanean birtute eta santidadearen fruta eta maats gozoak emongo zenduzala, eztozu ekarri sasi, eta arantza gogorrak baño, ni barriro zulatu, zatitu, eta zaurituteko. Nos dei andiagoak egiten neutsuzan, orduantxe niganik urrinago iges egiten zenduan; nos berba gozoago egiten neutsun, orduan lotsabakotasunik andienagaz botaten zenduan nire legea, eta esaten zeustan: Eztot gura zure zerbitzalle izan. Nire Aingeruak, izan zaiteze Juez nire eta gizon onen artean, eta esaizue zer egin bear dodan beronegaz. Ne.Ka., zer eranzungo deutsazu orduan Jaun oneri? Ze deskargu emongo deutsazu? Eztozu aurkituko zer esan. Ze larritasuna zurea! Ze estutasuna! Ze bildurra, ikusirik zeure burua infernuko demoniñoen eskuetan yausi aginean! Zer egingo zeunke ordu atan santurik andienen merezimentu guztiak eukitarren? Ai, eta zelan gurako dozun zeure bizi guztia igaro bazendu penitenzia, nekegarri, barau, gaubela eta oraziño artean! Zelan gurako dozun santu andi bat baziña; iños ikusi ezpazenduz orain ainbeste gura dozuzan atsegin, olgura, yolas, dantza, ondasun, yoko, edaari eta beste gustuak.

        10. Orduan esango dozu: ai orain baneunko arako arpelik galdu neban denporea, arako zetan irago enenkizan ordu eta egun osoak, neure pekatuen penitenzia egiteko, eta arimako ondasunak irabazteko. Eta ze poz, ze atsegin artuko zeunke esango baleutsu Jaungoikoak biurtu zatezala mundu onetara urte bete edo biko! Eta esan egidazu igaroko zeunke denporea, orain igaroten dozun moduan? Biurtuko zinatekez orduan oraingo pekatuetara, ordikeria, murmuraziño, loikeria, dantza, yolas, eta beste gustu zitaletara? Etzeunkez begiratuko zorakeriatzat mundu onetako ondasun, anditasun, onra, eta arrokeriak? Etzeunke bene benetan artuko penitenziako bidea? Baia, ai Ne.Ea.Ma, ezyatzu emongo orain emoten yatzun denporea. Alperrik dei egingo dozu arako donzella zoroak legez: Jauna, Jauna, emon egidazu obra onak egiteko aztia. Ze eranzungo deutsu Jaunak aei erantzun eutsena legez: zarratu zan atea. Aztia zeunkanean, etzenduan gura izan: bada orain gura dozunean, etxatzu aztirik emongo. Sarri ta sarri denporea zan artean opa izan neutsun neure laguntasuna, idigirik euki nituzan neure miserikordiako ateak, eta etzenduan euretatik sartu izan gura: ya zarratu dira, eta ez dira geiago idigiko. Nogana biortuko zara ordu atan, pekatari tristea? Nori erregutuko deutsazu? Ama Birjina Santisimeari? Ai berak erantzungo deutsu bizitzea iraun eutsun arte guztian egon zala prest zure erreguak enzuteko, sarri ta sarri gura izan ebala bere bitartekotasuna billatu zengian; baia etzenduan nai izan, eta edonos ezer eskatu bazenduan bakarrik izan zala deboziño bagarik eta oztasun andi bategaz, irago dala denporea, eztala ya ama bigun samur eta errukiz betea leen legez, ezpabere zure biotzeko gogortasunaren testigu eta salatari. Dei egingo deutsazu zure Aingeru gordetzalleari. Ai! eranzungo deutsu, amaren sabelean sortu zineanetik, eta orduragiño euki dabela zure ardurea, etzaituzala eguño bere bakarrik itxi, beti beti egin dabela alegina Jaungoikoaren bideetatik eroateko; sarri eta sarri atera gura izan zinduzala pekatutik penitenzia egiteko argialdiak biralduagaz, baia etzenduzala artu gura izan. Amaitu ta azkendu zala bere denporea, eta eztaukala zugaz zer eginik.

        11. Zer egingo dozu orduan, pekatari nekatua? Jueza aserraturik, bere ama gorrik, Aingeru yagoleak yaramonik ez egin, eta zeru luur ta ganeko (Jgk. eginiko) gauza guztiak zure kontra. Guztiori larritu, eta estuturik, gurako dozu yaio ezpazina, eta ikusirik au ezin dan gauzea dala, asiko zara negarretan urturik esaten mendiai: yausi zaiteze nire ganean, eta azpian artu nagizue; eta atxai eztaldu nagizu ikusi eztagidan arako yar-leku ikaragarrizko atan yesarririk dagoan Juez aserratua, baia etxatzu au autortuko ez emongo. Ebiliko zara eriotzearen atsean, eta eztozu aurkituko: gurako dozu eta eriotzeak iges egingo dau zuganik. Aintxe egon bearko dozu Demoniñoz inguraturik Juez aserratu baten aurrean, zein doian zeure sentenzia emoitera. Ze larritasuna! Ze atsakabea! Ze bildurra! Ze esturea! Sentenziaren begira egon bearra, yakin bagarik zer enzungo daben Jaunaren aotik: ala berba gozo ta amudioz beteak, ala berba astun, gogor, eta odoi edo trumoe bat baxen itzaltsuagoak. Alde batetik Aingeruak, sentenzia ona emoten baiatzu, euren erdian artuta zerura eroateko betiko atsegin eta zorioneko azken bagako pozaldietara, eta, beste aldetik, Demoniño kruelak amurraturik sentenzia deungea emoten baiatzu, zure ganean ezarririk katee sendoakaz loturik beti betiko suetara eroateko.

        12. Kristiñauak, ba'ukagu federik, baukagu errazoerik? Sinistuten dogu gura ta gur'ez ikusiko gareala ikaragarrizko estukuntza onetan? Baietz, eranzungo deustazue. Bada non da gure fedea, non da gure sinistea? Non da gure errazoea? Sinisturik denpora gitxi barru aurkituko gareala modu itzaltsu onetan, eztogu ardura geiago ifinten sentenzia on bat merezietako lauzuri edo laumarai balioko ezpaleuena legez. Andia da zelanbere gure itsumendia; eta gogorra baño bere gogorragoa gure biotza, bada yakinik, sinisturik, eta konfesadurik gox edo berandu nai ta nai ez aurkituko gareala egotaldi garratz, eta tranze eskerga onetan; egon gura izaitea sentenzia gogor bat eukiteko peleburuan, eta enzuteko Jaungoiko baten aotik: Zoaz madarikatu ori betiko suetara. Gura dozu bota deizun Jesus onak sentenzia bildurgarri au? Enzuteak bakarrik laztuten dituz ulleak. Nai dozu esan daizun: erdu bedeinkatu ori. Aita betikoak zuretzako gorderik daukan erreinua artuten? Nok enzun gurako eztau ain berba gozo ori? Bada zeure eskuan daukazu. Au alkanzetako bear dozun guztia emoten deutsu Jaunak. Baia zer egiten dozu onetarako? Ze ardura ifinten dozu? Bapere ez, Kk.,bapere ez, eta orregaitik esan leiteke ezteutsula ardurarik sentenzia onak edo txarrak urten, edo obeto esatearren kondenaziñoko sentenziaren billa zabiltzazala, bada alegin guztiagaz zabiltz zeure egikera edo obra kondenagarrietan. Yagi zaitez nosbait pekatuaren lo zorro orretarik, eta asi zaitez sentenzia on bat merezi izaiteko moduak artuten. Ara emen sentenzia au emongo daben Jauna. Ara ze otzan, edo manso, ze bigun, ze errukior dagoan besoak zabalik prest zure erreguak enzun eta zure pekatuak parkatuteko. Oraintxe eldu bear zara errukizko denporea dan artean, eta atea itxi baño leenago, ze bein zarratuten bada zarratu, eztozu aurkituko nok eranzun deizun. Ez egizu luzatu, bada eztakizu nos zarratuko dan denpora au, eldu zaitez beragana. Aita bigun, samur eta maitetsu dan artean, bakeak egizuz beronegaz, izan ez dakizun gero Juez gogor, eta erruki bagea. Eskatu egiozu garbitu zagizala orain bere odolagaz, aberaztu zagizala bere ondasunakaz, gero entzun dagizun bere aotik betiko iraungo daben bedeinkaziñoa; esan egiozu onetarako Neure J.K°. Jauna.

 

aurrekoa hurrengoa