www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

1. ERIOTZEAREN GANEKO SERMOIA

 

(B, 127-131. or.)

 

O mors, quam amara est memoria tua!
Eccli. c.41.v.1.

 

        1. Guztiz da garratza eriotzearen gomutea dirausku Yaungoikoak berberak. Baia bildurgarria bada bere, eztago bera baxen gauza obagorik bakotxari pekaturik iñesi eragiteko, biotza garbi gordetako (gorderazoteko), eta pekatuen penitenzia benetakoa eragiteko; egikune edo obra (gauz) onak egiten bizi izaiteko, eta zerua alkanzetako. Orregaitik bada begien aurrean iminiko deutsuet eriotzaren gomuta au, erakusten deutsuedala lenengo zelan aurkituko zareen ilaginean zagozenean; eta bigarrenengo zelan egongo zareen il ezkero. Eta auxe izango da arratsalde onetako nire zeregina.

 

 

Lenengo zatia

 

        2. Ez yakiteak non, nos, eta zelan ilgo garean bildur andi bat emoiten dau, eta berau gaitik bakarrik ez geunke ordu lauren baten bere pekatuan egon bear. Alantxe dirausku Yesus onak: «egon zaiteze bizkor ta prest gau ta egun, bada eztakizue nos elduko dan zuen ordua» Gitxien uste dozuenean ta ardura gitxien daukazuenean, orduantxe etorriko nas (natxatxue ni) ixil-isilik lapurra legetxe». Ez, eztakizue gaur, biar ala etsi izango dan zuen atserengo ordua, ezta sermoi guzti au enzun baño leen izango bada bere. Eta auxe gaitik zuen bizitzako memento guztietan egon bear dozue, eriotzako orduan aurkitu (egon) gurako zeunkena legetxe (zeunken moduan). Nok esango eutsan aberats esku-eutsi diruzale-zoroari, bere dirutsa andia, ondasun galantak, eta azienda zabalak kontetan ziñarduanean, gau atan berean zireanak itxi bearko zituzala? Baita, zelangoa geratuko zan enzun bear izan ebanean zerutik deadar bat: A gizon itsu eta a gizon zoroa! gaur gaubean kenduko deutsue arimea, baita, noenak izango dira (dituk) orreek ondasunok? Nok esango eutsan Herodes-eri urregorriz burutik beatzetara yanzirik egoanean, eta bere biotza arro arro eginda eretxiz ta putzez beterik eukanean, yente guztiak esaten eutsalako etzala bera gizona ta bai Yaungoikoa, ordu atan berean, ta leku atantxe bertan ikusiko ebala bere gorputza arrez beterik, eta atsiturik eta bere arimea infernuko gar beroen artean berpertatik ikusiko zala? Nok esango eutsan Holofernes-eri oera yoat'orduan, baita ez asmu ononakaz, gau atantxe infernuetara yausiko zala beti betiko? Eta, nok esango deutsue zuei, pekatu mortalean zagozenoi, gau gabean oera etxunda, biar goxean yagiko zareela?

        3. Alanbere, Kristiñaua, daigun, gura bozu, oe baten gexo luze baten ostean ilgo zareala. Baia, a! zelangoa egongo zara orduan? Burutik beatzetara min alaz beterik, lorik egin ezinik, arterik artu ezinik, kalenturaz errerik, egarriz ito bearrez, berbarik egin ezinik, eta burua non daukazun bere ozta-ozta dakizula. Zelango atsakabea, zelango pesadunbrea artuko dozun esan daizuenean Medikuak eta Barberuak, guztiz txaarra zagozala, eta alan disponidu (prestadu) bear zareala Sakramentu santuak artuteko (Elexakoak egiteko)! Asiko zara konzienzia examinetan, eta pekatuen billakuntzea egiten, baia, zelan egingo dozu ainbat neke, ainbat larri, ta minen artean? Orain buruko mintxu bat daukazun orduko etzagoz abe-maritxu bat bere (errezetako) esateko, zer egingo dozu bada minarren arterik artu ezinda zagozanean? A! Orduan zelanbere artuko zeunke bazeunko onduteko orain daukazun eta ain erraz galtzen dozun astiunea ta era-aldia (estimetan eztozun denporea, ta ezetan bere eztaukazun astiunea). Gurako dozu egunen bat edo beste luzatu ea alak zerbaist gitxituten badira; baia eztau gatxak eperik emoiten, eta ainbat lasterren konfesadu bear zara. Barriz, zelangoa izango ete da konfesiño au? Eriotzearen bildurrak alde batetik, eta minen anditasunak bestetik, eztabee itxiten pekatuak burura ekarten; eztabee itxiten biotza Yaungoikoagana biurtuten; eztabee itxiten bear dan damuaririk artuten; eurak daroe atenziño ta buru guztia. Orregaitik da ain pellebruz betea ordu atako konfesiñoa. Baia, zer egingo da (yako) ezpadago geiagorako (denporarik ez) astirik? Gero bere konfesetan da zelan alan, baita artu bere (Sakramentu santua) gure Yauna. Sakramentu oneek gexoari atsegin emon bear leuskioe, bada eurak dira benetan gure pozgarria; baia yakin ezin leikeana legez ondo ala deungaro konfesau ete danez, beste aldetik barriz orduko konfesiño geienak arrastaka eginak izan oi direana legez, onexek beronek estutuko dau gexo tristea.

        Eta onetara ezkero, nok, edo zek poztuko dau gaxo tristea? Egunerik egunera, ta ordurik ordura txartuten da, deungagora doa gatxa, ta ibili ta ibili eltzean yako eriotzako ordua. Otzituten yakaz oñak, yagiten yako bularra: aunztuten yakaz begiak; galduten yakaz indarrak; yausten yakaz pulsuak, eta dago oean baterik bestera aldatuteko (gorputzari eragiteko, itzuliteko) bere balio (aginte, adore) bagarik. Esaten deutse eztaukala erremediorik, eta alan artu bear dabela oleaziño santua. Barriz au artu ezkerokoan, nora biurtuko dituz begiak? Iminten badituz igaroko urteetan, antxe dakus erabatera legez, errazoera eldu zanik eta ordugiñoko pekatu guztiak. Ikusiko dituz esan dituzan arako berba loiak (arinak), arako bere adiskide nasaiakaz euki dituzan pensamentu zikin, eskutasun loi eta egikera deungaak: lapurretak, ordikeriak, tranpak, engañuak, aserrakuntzak, ta gorrotoak: egin dituzan konfesiño txarrak, pekatu mortalean artu dituzan komuniñoak: antxe zeatz zeatz ikusiko dituz egin dituzan pekaturik txikerren giñokoak; baita direanak erabatera esango deutse: Ea; guztiok gara zure semeak, zeuk egin gozuz, eta zeugaz naste yoan bear dogu Yaungoikoaren aurrera, eta geuk salatu edo akusaduko zaituguz bere aurrean. Onen pekatu guztioen ezaintasunak bildurtuko (lotsatuko) dau gexo tristea, euren anditasunak larrituko dau, euren pisuak igongo deutso buru ganera, eta makurtuko dabee lurragiño, Dabid erregeak ziñoana legez.

        4. Ifinten badituz bere begiak aurretik daukazan gauzeetan, eztabee gitxiago bildurtuko, ta larrituko. Aurkituko da, diño S. Juan Krisostomo-k, Demoniño ezain eta bildurgarriz beterik (inguraturik). Ikusiko dituz zelango ardureagaz (zur ta bizkor) dabiltzezan bera galtzeako (galtzearren). Botako deutseez batzuetan desesperaziñoko tentaziñoak, esaten deutsela, ya dagoala emonik bere kondenaziñoko sentenzia, eta eztaukala zer uste izan Yaungoikoaren miserikordia (ontasun) ta errukitasunean: beste batzuetan eztaukala bildurrik zetan artu; (bada) neurribakoa dala Yaunaren ontasuna, baita, bere aldetik ezer egin ez arren, parkatuko deutsazala pekatuak. Bein esango deutsee oraindokoarren osatuko dala, beste bein (gero) ondasunen ta munduko gustuen gurariz beteko deutsee burua. Baita, zelango larritasuna, ta bildurra berea, ainbat arerioen artean bere burua ikust-orduan? Biotzeko egalak yausiko yakaz, eta geratuko da deskonortaurik legetxe, zer yazoten yakan (non dagoan bere) eztakiela. Begiratuten badau gerora (geroko gauzetara) ikusiko dau ordu gitxi barru il bear debela, baita agertu J.K°.ren aurrean bere bizi guztiko kontu emoiten; barriz ez yakin (bagarik) zelan urtengo daben, eta zelangoa izango dan, emongo yakan, sentenzia, ala betiko zorionekoa, ala sekulako zorigogorrekoa. O ze larritasunak, Kristiñauak! Ze izerdi otzak! Ze tristeza, ta nekea! Orduan ezagutuko dau ze deungaro egin daben, osasuna eukan artean penitenzia egiazko bat ez egina: orduan esango dau: zetan emon dot nik neure bizitzea? O Santu andi bat izan banintz, neure eskuan egoana legez! Egin banituz, Santuak ermuetan egin zituezan penitenziak; iñoz pekaturik egin ezpanendu; neure guraari ta ekandu zitelai yarraitu ezpaneuntse: ezerbere ostu ezpaneu; bestegaz (iñogaz) aserrarik egon (aserratu) ezpaninz, eta ordikerietan eguño bere ibili ezpaninz! Ai! orain baneunko galdu dodazan egun galantetatik bat, Yaungoikoari parka eskatuteko! Baia, o ene penea! Ya eztago niretzako alango egunik; eztau gatxak eperik emoiten, baita eriotzeak ya dauko besoa gora, nire bizitzea ebagiteko. Ene larria! Ene tristea!

        5. Nok edo zek poztuko zaituz ordu atan, pekataria? Senarrak, emazteak, edo seme-alabak? Eurak ikusiak berak burura ekarriko deutsuz eurakaitik egin dozuzan pekatuak. Zeinbat bider Yaungoikoa ofendidu zenduen Senar-emazteok ezkondu aurrean: zeinbat bider aserratu eragin (pekaturako bidea emon) deutsazun, seme-alabai aziera txarra emonagaz, eta euren aurrean gauza okerren bat eginagaz; eurak burura ekarri erazoko deutsue zeinbat lapurreria, tranpa, eta engañu egin dozuezan eurentzako ondasunak batutearren (batu ezinik). Poztu zeinkez andra Birjina Maria-ren ontasun ta biotz bigunak? Lotsaren lotsaz egongo zara bear bada, ikusirik eztozula zeure bizi guztian ezerbere egin beragaitik (aren alderako). Azkenean, barriz, Yaungoikoaren errukiak eta errai samurrak poztu egingo zaituez? O zure tristea! O zure galdua! Eztozu arpegirik bere eukiko (izango) berari erregututeko, yakinik zure bizi guztian eztozula besterik egin, bera ofendidu baxen. Sarri askotan dei egin deutsu, eta zeuk ezteutsazu yaramon bere; berba egin deutsu, baita zeuk enzun bere egin ez: bere egapean artu gura izan zaituz, zuk barriz eztozu yoan bere gura izan. Baita, zelan asartu ta atrebiduko zara orain beragana elduten, bere errukiaren atetan yoiten, ainbat bider kurutze baten yosi badozu zeure pekatuakaz? Eta dei eginda bere, deritxazu eranzungo deutzula? Bildur izan zinatekez ez enzun egingo deutsula ta yaramonik (kausiñorik) bere egingo ezteutsula. Ba'kit nik ondobakoa dala bere errukitasuna, ta neurririk eztaukena bere ontasunak; baia ba'ntzut Jaungoikoak berak diñoala: gitxitan euki dozuz orain artean nire konsellu ta agirakak, yaramonik bere egin ezteustazu dei egin deutsudanean; bada nik bere irri ta barre egingo deutsut zuri eriotzako orduan, eta burlazar egongo natxatzu, bildur zarean aldia eldu dakizunean.

        6. Larritasun eta tristeza onen artean gurako leuke pekatariak luzatuko balitxakio puskatxu bat bizitzea, pekatuak gaitik negar egiteko; baia bete dira epeak, eztago onezkero denporarik. Ya dago pultsu bagarik, begiak irulirik, kolorea galdurik, gorputz guztia otz otz eginik (otz otzik), ta arimea urten aginean daukala. Gero ta gero emoten dau azkeneko arnasea, urteiten dau arimeak gorputz atatik, eta agur egin dau obezeak. Au da, neure enzula maiteak, mundu onetako gizon ta andra guztiak eukiko (izango) dabeen akaberea; guztiok igaro bear dogu pausu (ordu) larri ta itzal au. Bai pekatariak, bai: eun urte garrengo luzeen luzeenez, (urtegarren dala luzeen luzeenez, urtegarrengo luzeen luzeen izanez) bere Elexa Santa onetan gagozan guzti guztiok igaroko dogu, eta ikusi egingo gara yoat'aldi latz ta ikaragarri onetan. Zer balioko deuskue orduan mundu onetako zorion, ondasun, ta eskuarteko andiak? Non dira zuen guraari okerrak, ta mundu onetako yolas, pozaldi ta atseginak? Non ainbeste nekegaz, ainbeste izerdi ta pellebrugaz irabazi dozuezan diru ta ondasunak? Non dira zuen adiskide maiteak, senideak, gurasoak, senar edo emazte eta seme-alabak? Egioezue dei bat etorri dakizuezan: esan egioezue poz-alditxu bat emon deizuela daroazuen bide orretan. Baia, o negar egiteko gauzea! Bakar, pobre, ta billos billosik etorri zineen mundu onetara, baita bakarrik, eta utsik urten bearko dozue; bizi izan zareen artean egin dozuezan obra on edo txarrak lagunduko deutsee zuen arimai, bestek ez. Baia itxi daiogun bein oneri, ikusteko bigarren zatian, leen esan deutsuedana legez, zer yazoten yakan zuek il ezkero zuen gorputzari.

 

 

Bigarren zatia

 

        7. Eztau ezek bere ainbeste lurrera egiten (lurreratuten) gure arrokeria, gangarra, ta eretxitasuna (andiustea), zein da gogora ekarteak il ezkero zelan geratuko garean. Auxe ondo ondo gogoan eukitea da asko ezetanbere ez eukiteko mundu onetako zorion, doe, ondasun ta gauza guztiak. Gogoeta onek, berak bakarrik gitxituko deuskuz aragiaren gurari zitelak: bizkortuko gaituz penitenzia egiteko, baita emongo deusku indarra gitxitan euki ta pazienziaz igaroiteko mundu onetako neke, lan, eta gatxak. Berau bakarrik izan zan asko, Salomon-eri erasoteko mundu onetan egoan guztia axe puska bat (irudi utsa) baño etzala. Eguño zorionekorik mundu onetan izan bada, Salomon onek izan bear eban. Eukazan mundu onetako olgura ta ondasun euki al guztiak. Bera Errege zala beegoan Jerusalen-en, kaleetan arriak lainbeste, urre ta urregorri. Zelango etseak bereak, ain andiak ta alazoko galantak! Zeinbat otsein eder! Zeinbat musika ta kantalari belarriai gustu emoiteko! Zelango mai modu guztiko yanariz ta ardao gozoz beteak, naroro ta opaaro yan ta edateko! Zelango etse-barruko edergarri, ta urregorrizko tresnaak! Zelango maztui, sagazti, arestui; zelango ortu ederrak! Zeinbat milla buru ganadu ze, ta gorrizkoak! Baia, zetako da burua austea onango gauzaak izentetan (izentau ezinik), Salomon-ek berberak badiño eguño bere buruari ukatu ez eutsala ez ikustea berak gura eban guztia (gauzarik), ez artutea asmau al leitekezan gustu da dibersiñogarriak (dibersiñogarririk)? Alanbere nos edo nos imini zituzan begiak (imini zan adi) bere atserengo orduan (orduari), eta ikusi ebanean zetan yoko ebeen anditasun ta ondasun guztiok, esan bear izan eban sekula aiztu (burutik joan) bear elitxakegun berba au: guztia da utsa ta putza, guztia axe tanga bat guztia ezerbere eza. Eukazan nai zituzan olgura guztiak, batu zituzan ondasun andiak, egin zituzan etxe zoragarriak, eukazan gura zituzan otsein guztiak, bizi zan gura zituzan gustu ta kontentu artean, eta ez eutsazan ukatu bere begi ta biotzari nai ebeen gauzarik: baia imini zituzan begiak bere azkenean eta ikusi ebanean zetan geratuko zan anditasun guzti au bertatik esan eban: Guztia da utsa, etc.

        8. Bai zelanbere, neure Kristiñauak, ezteusku ezek bere obato begiak idigi eragingo, mundu onetako ezerbere eztasuna ikusteko, mundu onetarik urten ezkero zelan geratuko garean gogora ekarteak baño. Ikusi egizu zelan geratuko dan zure gorputz ori arimeak urten ezkero. Ain geratuko (lotuko) da ezain eta bildurgarri ze, eztabe biotzik eukiko beragaz denpora luzean egoteko ez emazteak, ez senarrak, ez semeak, ez adiskideak, ez iñok: guztiak dagoz mututurik. Enzunik il-kanpaiak itanduten dabee batzuk: nor il da? Urlia. Yaungoikoaren glorian gerta deilla; eranzuten dabee; ta onexegaz bakarrik pagetan deutsuz munduak bera serbietarren artu dozuzan ardurak, emon dozuzan izerdi eta pausuak. Ainbat lasterren kendu gura zaituez begietatik, iminten zaituez anda batzuetan, baita botetan zaituez sepultura baten, ganean lurra emoiten deutsue. Ezarriko deutsue lur zati bat (ganetik) zeure ganean, baita agur mundua zuretzako, eta zu munduentzako. Alper alperrik eukiko (izango) dozuz ondasun andiak, alperrik hazienda zabalen yaube izango zara, alperrik izango zara etsagun maiorazgu, markes, konde, duke, prinzipe, errege, edo enperadore, bada orduan bardin bardin izango zara pobrerik pobreenagaz. Lur gogorra izango da zure oea (diño Isaias-ek) beste gizonen baten buru-azurra izango da zure aburtiko, burruko ta almoadea, eta zure estalgia izango da azur atsituak ta lur kiratsa, (ta ameneko guztien ganetik arri andi bat iminiko deutsue); barriz zure ondasunak ta lagunak izango dira zitza, zedena ta arrak.

        9. Bai, neure enzula maitea, bai; urte gitxi barru orrako gorputz ori, berak gura dituzan mizkeria ta gustu guztiak emoten deutsazuzan gorputza, egongo da iñok ikusi bere ezingo daben modukoa. Orrako buru ori, zeinetan daukazuzan (darabilzuzan) ainbeste gogoeta ero ta pensamentu eretxi, atsiturik, ezaindurik, aragi bagarik, garaun bagarik, eta buru-azur motz motz bat eginda (eginik) aurkituko da. Orrako sabel ori zein asetearren zabiltzan nekaturik ta arduraz beterik, ar pillo bat biurtuko da. Orrako esku orreek zeintzuekaz iñoena ostuten dozun, ta besteai gatx eginda, J.K°. bera barrien barri kurutzean yosten dozun, egongo direz baltziturik, etxurabakoturik, eta azurrak bata besteen ganean agiri direala. Orrako oñok zeintzukaz zabiltzazan pekatu-bide galgarrietatik azur utsak baño eztira izango, ta bear bada egongo dira okelu ilunen baten ausirik, urraturik eta zatiturik. Eta beingo baten esateko: ori gorputz ori, zein daukazun zure Yaungoikotzat, atsitu, usteldu, ezaindu, eta arren bizi leku izango da. Non egongo da, bada, orduan arako zure edertasuna? Non arako ulle zoragarria, zeinetan zeunkazan iminirik zure arduraak (ardura guztiak)? Non arako erakutsi gurarik erabilten zenduan (ebilten zinean) arpegi ederra? Non da arako gorputz eregi, mardo ta galanta zeineri uste zenduan etxakala bein bere gatxik elduko? Non dira arako zure indar guztizkoak, zeintzuekaz uste zenduan edozeineri goia-artuko zeuntsala, baita banaan-banaan benziduko zenduzala errian egozan (zirean) gizon guztiak? Zer egin zan arako diruakaz zeintzuk irabaztearren ibili oi zinean gau ta egun nekepean amurruturik (arrastaka) eta bear bada arimako galtzaigarrietatik, ta pekatu-bideetatik? Guzti guztiak kendu deutsuz eriotzeak, eta agertu zara mundu onetako gauza bagarik, billosik, ezaindurik, eta azur uts eginik. Sepultura itzaleko iluntasun artean geratu dira zure erokeria ta fanfareriak; zure eretxitasun eta andiguraak; zure uste andi ta gustu zitelen guraariak.

        10. O neure Kristiñauak, baneunko nik orain Ezekiel Profeta igarlari andiaren santidadea ta espiritua (eskubidea), sepultura orreetan dagozan azurrai yaigiten aginduteko! Ikusiko zeunkez zuen gurasoak, zuen osabaak, zuen senar ta emazteak; zuen seme-alabak, eta zuen adiskiderik andienak (kutunenak) azur utsetan, eta nortzuk direan bere igarri ezin lekikiela; ez zein dan (izan zan) aberatsa, zein pobrea: zein ugazaba, zein otseina, zein errege eta zein nekazalea. Baia bein ainbesterako eskurik ezin dodan ezkerokoan, eldu gaitezan geu eurakana; idigi daigun pensamentuaz biar-etsian eukiko (izango) dogun bizi lekua, baita ikusi daiguzan gugaz naste egongo direan, lagunak. Itandu daioegun ea zer balio izan deutseen aberatsak mundu onetan izanak; zer balio izan deutseen erriko gizon andi (nagusi), eta urietako agintari izanak: zer azienda ta baster zabalak eukiak; euren seme-alabai diru galantak itxiak, euren bizi guztia asmau al besteko pozgarrietan, guraarietan, mizkeria ta erokerietan emonak, eta eranzungo deutsue: ezerbere ez: eztira gauza izan areane'ko, gure galtzaigarrirako ez izanik. Arren bada, orrei zorakeria guztioi itxita, euretan galdu genduan denporea, negarretan, zizpuruetan ta penitenziagiñan, emon bagendu! Uxela orain beste ezagutu bagendu zorakeria andi bat zireana, axe puska bat, eta ames bat zireana! O eta ze beste modutan ikusiko geintekezan gure buruak gaurko egunean! Enzun daigun, Kristiñauak, zelan dirauskuen artuteko emoiten deuskuen (euren) konsellua, bada eurak dakusguzana legetxe, gure burubak bere denpora gitxi barru ikusiko doguzala. Begiratu egin gaitezan ispillu triste onetan, eta eztaiguzan, yaramonik egin bere bagarik, itxi euren esanak. Berba ixil ta mutuakaz, baia ondo zoli ta bildurgarriakaz dirauskue eurek gomuta daigula zelan dakusguzan, bada (ze) gure aldia bere eurena langoa izango dala (elduko yakula) Guri atso yazo yakuna, diñoe, zuei biar yazo egingo yatzue. Guri atso lurra emon euskuena legez, zuei bere biar emongo deutsue. Gu orain lurpean ondo ondo zakaturik, ilun itzal artean, atsitutasunez ta kiretzez beterik gagozana legeztxe, zuek bere biar-etsian egon bearko dozue.

        11. Orain bada, neure Kristiñauak, ain zoroak eta itsuak izango zare emetik aurrera, zein da ardura geiago eukiko dozuen gorputzagaz, arimeagaz baño? Non da zuen sensuna? Non da zuen errazoia (burua)? Esan egidazue ze zorakeria garbiagorik izan leiteke zein da izanik arimea J.K°.ren odolagaz garbitua, zeruko yaubetzat, Espiritu Santuaren bizi-lekutzat eta J.K°.ren anaietzat autua, bera aiztuta, arrak yango dabeen gorputzaren ardurearen ardureagaz amurruturik ibiltea? A, kristiñauak, (ondo ederto diño onen ganean S. Juan Krisostomo-k:) guztia igaroiten da, guztia galtzean da, guztia akabetan da: Igaroten dira diruak, zorion ta ondasunak, baita edertasuna bere; igaroten dira ilabeteak, egunak eta urteak: gauza bakar bat dakusgu beti irauten dabena, betikoa izango dana, eta eguño bere ilgo eztana; eta auxe da gure arimea. Eta orregaitearren bere pekatari itsuak guraago dituez mundu onetako, axeak daroazan gauza uts ta zoroak beti iraungo dabeen atseginak baño; gurago dituez beti betiko negar, zispuru ta tormentuak igaro, arrak jango dabeen gorputza penitenziaren azpian erabili baño. Guraago dituz beti betiko negar, zispuru ta tormentuak igaro, arrak yango dabeen gorputza penitenziaren azpian erabili baño. Guraago dituz gorputz ta arimea galdu betiko, neke puska bat gorputzari emon baño. Iratzartu zaitez bada, pekataria, nos-edo-nos (bein edo bein) pekatuaren lo zorrotik, yaigi zaitez ilen arterik, baita ikusi egizu zer kosta yakan Yaun oneri zu Demoninoaren atzamarretatik ateretea. Ara emen: begira ondo ondo ze mantso dagoan. Baia yakin bear dozu eze, pekatuan sarturik egon gura badozu orain zure Aita biguna dana, gero Juez zorrotz ta gogorra izango dozula. Ara bada ordu atan lotsaturik ikusi zezaitezan, osasuna daukazun artean irabazi egizuz arimearentzat zeruko ondasunak. Baia, ai ene Yesus laztana! Zer egingo dot nik zure laguntasuna euki ezik? Ba'kit, Yauna, merezidu eztodana mesede au, neure biotzeko gogortasunagaitik.

        12. Baia andiak badira bere nire pekatuak, andiagoa da zure ontasuna ta errukia. Euren ezaintasunak ikaratuten (bildurtuten) nau, ta ainbeste izaiteak ikara dardar narabil; baia nogana elduko nas erremedio eske zugana ez izanik? Ea bada, nire Aita biotzekoa, ez nagizu bota zure begien aurretik. Enzun egizuz nire deiak, nire negarrak, nire zotinak, ta izan zaitez nire erruki. Osatu nagizu arren, bada nire azurrak direanak ikara gogorrak artu dituz. O neure Jesus ona! O neure Jesus laztana! Eriotzako ordu itzal au gogora yatortan bakotxean, bildurraren bildurrak arimea konorte bagarik legetxe itxi daroat. Zer egingo dot triste onek ordu atan? Nogana yoango nas zugana izan ezik? Imini nagizu ordu estu atan zure alboan, esanik nire arimeari lapur onari kurutze orretatik esan zeuntsana: gaur egongo zara nigaz naste zeruko glorian. Bai, Kristiñauak, prest dago Yesus maitea zori-oneko dei au egiteko, zuek pekatua itxita beragana biurtuten bazare. Ea, bada, Kristiñauak, eldu zaiteze kurutze onen oñetara, eta damurik andienagaz, bera ainbat pekatugaz ofendidu dozuelako esan egioezue biotz guztiz: Neure Yesu-Kristo Yauna.

 

aurrekoa hurrengoa