www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

8. PEKATURA BARRIRO BIORTUTEN
DIREANEN GANEKO SERMOEA

 

(B, 153-157. or.)

 

Avertere ab injustitia tua.
Eccle. c.17.v.23

 

        1. Zorionekoa izaiteko ezta asko Jaungoikoagana biurtutea, ze ostera beraganik inesi egiten badau beraganik, eta barriro yausten bada bere arerioaren agindupean galduko dau zerurako eukan eskubidea, bada J.K°.k ez diño Jaungoikoagana biurtuten dana salbauko dala, ezpabere azkenagiño Jaunagaz dagoana pekatuetara biurtu bagarik. Baia, zer diñot? Jaungoikoagana etorri ezkero, atzera biurtuten dana, eta ostera lengo estadu negargarrizkoan yausten dana, bildur izan daiteke eztala barriro Jaunaren graziara biurtuko, eta leen baño deungago geratuko dala. Gauza arrigarria benetan, eta zein zorigogor au yazo dakizun, ta bein pekaturik urten badozu, ostera biurtu zein zaitezan, adierazoko deutsut puntu bitan ze gatx dan bein Jaungoikoagana etorri ezkero, ostera iges egin dabenak, barriro Jaunagana etortea. Lenengo Jaungoikoaren aldetik, bigarrengo zeure aldetik. Jaungoikoaren adiskide izanik pekatuan yausten dana nekez yagiko da, Jaunak emongo ezteutsalako benturaz andik urteiteko sokorru edo laguntzarik, lelengo puntua. Jaunaren grazia galduten dabena nekez biurtuko da barriro artutera, gatxago izango yakolako Demoniñoaren eskupetik urteitea, bigarren puntua.

 

 

Lenengo zatia

 

        2. Neurri bakoa da Jaunaren ontasuna, eta ain andia bere biguntasuna ze, berak dirausku ze edozein bere ordutan beragana etorri dedin pekataririk itsutuena ta ezainena, berak artuko dabela, eta guztiz loirik badago bere berak garbitu, edertu, eta apainduko dabela. Baia ezin pekaturik beragana iñoz biurtu leiteke berak bere graziagaz lagundu bagarik, eta ainbeste aserratuten da bere adiskideak bere arerio biurtutea ze eztau ezek bere ainbeste sikatuten bere errukiako, ta miserikordiako iturria zein da esker deunga onek bada auxe da Jaun oneri egin zinaion injuriarik andiena, zegaitik ze da esatea bera baño obea dala Demoniñoa eta orregaitik naiago dozula ugazabatzat bera (Jaungoikoa) baxen. Gogor egiten yatzu au alan dala sinistutea? Ara bada. Pekatuan zengozanean zinean Demoniñoaren serbitzalle, eta bera zeunkan zeure ugazabatzat. Pekaturik urtenik, penitenziaren bitartekoz graziara zatozanean, itxiten dozu leen zeunkan ugazaba, artuten dozu Jaungoikoa ugazabatzat. Orain bada Demoniñoa eta Jaungoikoa biak euki dozuz ugazabatzat, biak dakizu zelangoak direan, eta nogaz obeto yoan yatsun. Bada itxiten badozu Jauna, eta bazoaz pekatuaren bitartekoz Demoniñoaren serbitzalle izaiten, da aituten emoitea ugazaba obatzat daukazula Demoniñoa Jaungoikoa baño eta orregaitik zatozala bera serbietan. Eta deritxazu Jaungoikoagana ostera biurtuten zarenean artu gurako zaituzala bere etxean eta adiskidetasunean? Eztakit, Kk. Kontu egizu daukazula otsein kriadutzat gizon bat zein egoan karzela baten urkamendi batera kondenadurik, egin zituzan gatx ikaragarriakgaitik, eta zor andiak gaitik. Pagadu ta kitu egin zenduzan bere zorrak, eta atera zenduan karzelatik kanpora, iminten zenduala bere ordez zeure seme bat, ekarri zenduan etsera, euki zenduan seme bat bailitzan legez, zeure maian yan zeuk yaten zenduan guztia, zeugaz bizi, zeugaz ibili; eta onegaz ez kontentadurik oneri asko ez eretxirik egin zenduan ondasun guztien yaubegei ta herederu, eta diru andien yaube. Aizturik gizon esker deungako onek zor eutsuzan mesedeak, ilten deutsuz zeure semeak, zatituten dituz zeure etseko tresna guztiak, erretan dituz zure etse guztiak, eta iges eginik zuganik, bat egiten da zure areriorik kruelenakaz, al daian gerrarik kruelena, eurakaz batera zuri egiteko; baia damutu yakolako, eta parka eskatu deutsulako, artuten dozu zeure adiskidetzat, dakarzu etxera, eta ifinten dozu leen egoana legez. Orain bada biurtuko balitz au gizon au leengo esker deungara, eta eginik leen baño bere gatx eta kalte andiagoak, iñes egingo baleu barriro leen legez zure arerioakgana, leen baxen gerra gogorrago bat egiteko, artuko zeunke lengo moduan zeure kriadutzat, eroango zeunke zeure etsera, eta iminiko zeunke lenagoko moduan damutu yakolako, eta parka eske yagotsulako? Eztakit, Kristiñauak, nekez sinistuko neuke, eneuke ain laster zure baiezkoaren fiadore urtengo.

        3. Ara bada, Ne.Ka., beste onenbeste eta geiago yazo da Jaungoikoagaz zure artean. Zengozan pekatuaren presondegi edo karzela ilun eta atsituan zorrez beterik eta eriotzara kondenaurik. Etzeunkan zegaz pagadu zor oneen, ez nok libradu eriotza gogorretik. Errukiturik (errukituta) zugaz Jaungoikoa atera zenduzan karzela gogor onetatik, pagadu zituzan zor guztiak, emoiten ebala zure ordez bere Seme maite bakarra eriotzara kondenadua izan zedin. Eroan zinduzan bere etsera, zein dan Elexa Santea, egin zinduzan bere ondasun andien yaube, yarri zinean beragaz mai baten, eta emon deutsu yanari bere gorputza, eta edaari bere odola, eta esan deutsu bere ondasunen eta zeruko Erreinuaren yaube-gei ta herederu zareala, eta ondo serbietan badozu, eta beraganik iges egiten ezpadozu, emongo deutsula, ez luurreko erreinuren bat, ez urre edo zirar zatiren bat, ezpada iños bere amaituko ez galduko ez dan erreinua. Baia, zer egin zenduan zuk? Aazturik neurri bagako mesede guzti oneek galdu zenduzan ondasun guztiak, il zenduan bere seme bakar maitea, iñesi egin zenduan beraganik, esan zenduan bere Seme izan gura etzenduala, egin zinean Demoniñoaren serbitzaille, eta beragaz bat eginik, ibili zara zeure Egilla andiaren kontra gerra andian edo bizian. Damutu yatzun ain esker deungako Jaun andi onegaz izaitea (izana), parka eskatu zeuntsan, eta biurtu zinean beragana; eta aizturik Aita bigun onek bere kontra egin zenduzan gatx eta gaistakeriaak, ezarri eutsuzan bere besoak, estutu zinduzan bere bularraren kontra, emon eutsuzan mosu eta laztan gozoak, yanzi zinduzan soñeko ederrakaz, eroan zinduzan bere etsera, egin eban Aingeruakaz batera fiesta andi bat, zu biurtu zinealako, atzera emon eutsuzan galdu zenduzan ondasunak, eta agindu eutsun bere Erreinu guztien herederu ta yaube egingo zinduzala ostera iges egiten ezpazenduan. Eta, eukiko dozu biotzik Jaun onek emon deutsuzan ondasunak botetako? Eukiko dozu biotzik bere Seme maite bakarra (bakar maitea) barrien barri il eiteko? Eukiko dozu biotzik beraganik beste bein iñesi egiteko? Eukiko dozu biotzik bere arerio ta Demoniñoaren agindupeko izaiteko? Eta beragaz bat eginik Aita ain maite, ain bigun, ain on, ain ongilleari gerra egiteko? Eta deritxazu gero zuk gura dozunean Jaun onegana biurtu izango al dozula eta gura badozu bere, artu gurako zaituzala Jaun onek?

        4. Eztakit, Ka., zer esango deutsudan (esan daizudan), esan deutsut leen bere eztaukala neurririk bere ondasunak, kabubakoa dala bere biguntasuna, eta azken bakoa bere errukia, alan bere ara zer dirauskun S. Paulo Apk. Ezin leitekean gauzea da diño Apostolu andi onek, ezin leitekean gauzea da bein argituak izan direanak, Jaunaren doeagaz ase izan direanak, eta Espiritu Santua artu dabeenak, ostera pekatura biurtuten badira, Jaungoikoaren Semea kruzifiketan daudeela, eta burla ta barre egiten deutseela, barriro biurtutea penitenzia egitera, zegaitik ze, diño, gure biotza luurra legez da. Luur onak artuten dau Jaunak biralduriko euri ta iñontza: bada emoiten badau egikera edo obra onen berarra, bedeinkatua izango da, baia emoiten ez badau, pekatuen sasi eta arantzak baxen, urrean dago madarikatua izaiteko. Beste ain beste diño S. Pedro Apk.: Jaungoikoagana bein etorri ezkero, ostera itxiko badozu, eta lengo bekatuetara biurtu egingo bazara, oba zeunkean zeure pekatuetan egon, oba zeunkean Demoniñoaren serbitzalle izan, oba zeunkean ez etorri Jaunagana; ze ainbeste aserratuten dau Jaungoikoa esker deunga onek ze diño: Ai ze zori galdukoak direan, erabilezan bide artezak itxirik, bide okerretara biurtuten direanak! Eztabe onelangoak amai edo azken onik eukiko (izango). Zegaitik gero? Ai Ne. Enzula maiteak, uleak laztutekoa da S. Paulo Ap.k. diñoana: Geure borondatez pekatu egiten badogu, diño, Jaunaren adiskide bein izan azkero, eztaukagu zek adiskide egin gagizan Jaungoikoagaz, eztaukagu zek bigundu dagian bere aserrea. Eztago onelangoentzat, ezpabere juizio ikaragarri bat, eta su bildurgarri bat, zeinek erre eta kiskilduko dituzan Jaunaren arerioak. Bildur izan zinatekez, lenengo egin dagizun pekatuan, etorriko dala zure ganera Jaunaren aserrakuntzea guztia, eta betiko galdurik geratuko zareala, pekatuak itxiteko, eta penitenzia egiteko aztirik euki bere bagarik. Bakizu, gero, zegaitik? Ara bada.

        5. Gauza guztiak egin dituz Jaunak; eta daukaz ifinirik bere pisu eta neurrian, eta ezin ezek neurri onetarik urten leike, eta alan guztiak yazoko dira, berak izentadurik ta iminirik daukan moduan Beste gauza guztietan legez dauko ifinirik bere, zeinbat pekatu bakotxari parkatuko deutsazan, batzuei ogei, beste batzuei berrogei, onei geiago, aei gitxiago, diño S. Agustin-ek. Orain bada, ezin yakin zinaike zeinbat pekatugiño itxarongo deutsun Jaunak; eztakizu ea bere yakituriak iminiriko neurria beterik badago azkenengo egin zenduanagaz; eta au alan bada urrengo egin daikezunak eztauko parkaziñorik, bera izango da zure kondenagarria. Alantxe yazo zala diño S. Paulo Apk. Noe-ren egunetan. Pazienzia ta epetasun andi bategaz itxaron eutsen gizonai onako Jaunak, berak bere neurribako yakituriagaz imini zituzan pekatuetara eldu arte guztian; barriz eldu zanean a, beingo beingoan etorri zirean uriolak eta zirean zireanak geratu zirean itorik. Pazienzia andi bategaz sufridu (ikusi) zituzan Sodoma eta Gomorra-tarren pekatuak euren neurria bete ginokoan, baia bete zanean, beingo beingo baten yatsi zan zerutik sua, eta erri ta erritar guztiak geratu zirean errerik, penitenzia egiteko aztirik emon bere bagarik. Alantxe yazo egin yaken beste askori. Jaunaren ezin ezagutu leitekean justizia onexek euki bear gaituz bildur santu bategaz ikara, beste bein pekatura biurtu ez eiteko, bada ezin inondik bere yakin ginaike atzerengo egin genduanagaz, bete bada gure pekatuen neurria. Orregaitik artu daigun S. Paulo Apk. emoiten deuskun, itunde (konseju) ta bide ona. Jaunaren adiskide bagara gagozan zorion onetan, eta ez gaitezan biurtu ostera Demoniñoaren aginduko ta eskupeko izaitera; ze beste bein yausi egiten bagara bere lakioetan, leen baxen gatxago izango yaku urteitea geure argaltasunagaitik, eta Demoniñoaren ardura andiagoa gaitik zein dan.

 

 

Bigarren zatia

 

        6. Jaungoikoak ukatuko ezpaleusku bere, pekatura biurtu esketiño, leen emon oi euskun grazia ta laguntasuna, orregaitik bere guztiz gatxago izango litzatekegu barriro bere adiskidetasunera biurtutea, bada leen yagi ginean graziagaz ezkara yagiko, ze ostera yausi ezkero indar gitxiagogaz aurkituko gara Demoninoaren kontra egiteko. Arimako gatxetan yazo oi da, gorputzekoetan yazo oi dana. Sarri ikusi izango dozue geixo andi bategaz dagoala norbait: bisitetan dau Medikuak, emoiten deutsaz osasungei edo medizinak, urteiten dau gatxetik edo enfermedadetik, eta ya dago osaturik; biurtuten bada gatxera, edo egiten badau errekaidarik, leen baxen deungago geratuten da eta sarri-askotan yazo oi da lelen goan osatu zana, bigarrenean iltea. Bardin yazo oi da beso, oñ, esku edo kaderaren bat urratuten danean, lelengoan osatuten erraz izan arren, biurtuten bada urratutera, guztiz da gatx osatutea. Auxe berau yazoten da arimeagaz; lelengo yausten danean eztau oraindiokoarren oiturarik edo ekandurik artu; baia ostera yausten bada ekandua artuten asten da indar gitxiago dauko Demoniñoaren tentazinoen kontra, eta zeinbat eta pekatu geiagotan yausten dan, ainbat eta indar geiago galtzen dau arimeak. Dagonen taiu edo idolotzarrean daukagu onen irudi bat. Arako Filisteoen Sazerdoteak imini ebeenean testamentuko kutxea taiu onen ondoan, aurkitu ebeen, Dagon biaramonean lurrean altaratik yausirik. Biurtu ebeen leengo lekura; biurtuten dira biaramonean, eta ez bakarrik aurkitu ebeen yausirik, baita bere eskuak urraturik, eta burua ebagirik. Onenbeste yazoko yatsue zuei bere. Pekatu egin zenduenean yausi egin zinean graziaren altaratik; non zengozan Jaungoikoagaz batera, artu zinduezan Sazerdoteak penitenziaren bitartekoz, eta imini zinduezan, leen zengozen lekuan. Bada orain barriro yausten bazare, ezta leen legez izango, ze galduko dozuez eskuak; au da, gitxituko yatsuez indarrak, Jaungoikoagana biurtuteko, eta obra onak egiteko. Ebagiko yatsue burua, ilunduten yatsuela zensuna, egin dozuen pekatuaren ezaintasuna ezagututeko, galduten dozuela miina. Jaunari parka eskatuteko, eta geratuten zareala Dagon legetxe zubil bat eginik mobimentu bagarik eta gogo bagarik Jaungoikoaganantza ibilteko.

        7. Sinistu gura ezpadozue au, enzuzue J.K°.k bere Ebanjelioan diñoana, eta gura ta gura ez konfesadu bearko dozue egia au. Adierazoteko Salbagilleak, Jaungoikoagana etorri ezkerokoan pekatura biurtuten danaren egokera, edo estadu negargarria, dirausku: Demoniñoa gizonaganik urten ezkero dabil leku bakar eta lurritatik [sic] bizi lekuen atzean (billa), baia ezin aurkitu dau, eta alan diño bere artean; biurtu nadin (banoa bada) lengo lekura. Aurkituten dau uts utsik garbirik, eta berak gura daben moduan apaindurik. Artuten dituz beragaz naste beste zazpi Demoniño bera baxen txarragoak, eta sarturik bertan, egiten dabee eureen bizi leku, eta aror non geratuten dan gizon zorigalduko ori, lelengo pekatuan egoanean baño bere deungago. Obeto ezagutu dagizuen pekatura barriro biurtuten danaren pelleburu andia, enzuzue irudi auxe. Enzun izango dozue, eta bear bada edonos ikusi bere bai, zelan justiziak sartzen daben gizon bat preso. Eztau lenengeran karzelazainak ain gogor artuten, eztau estu ifinten, itxiten deutso nosean bein gizonen bategaz, edo adiskideren bategaz berba egiten. Ezteutsaz ainbeste grillu iminten, eztau atearen bere ain ardura andi andirik eukiten. Iges egiten dau; bertatik aspertuten da Karzelazaina, biralduten dau emetik gizon bat, bestetik beste bat, eskribietan yake justiziai iñondik agiri bada oratu daioen, eta ezta itxiten aleginik egin bagakorik leen egoan lekura ekarteko. Artuten dabee gero bere, eta ifinten dabe lengo karzelan. Deritxazue, ne.Kk., leengo biguntasunagaz eukiko dabela karzelazainak? Ez beintzat, ne. Enz.k., ez, iminten dau leku seguruenean, leen grillu batzukaz beeukan, ifinten deutsaz bitzuk edo irutzuk, leen giltz bategaz zarratuten beeban, bigaz edo irugaz zarratuten dau orain, leen gordetzaile batek yagoten beeban bik edo iruk gordetan daude orain, zarratuten deutsaz orain bentana leio eta zulo guztiak, gau ta egun (egunez ta gaubez) ikusten dau ea ondo loturik dagoan, ezteutso adiskideakaz berba egiten itxi gura, eta guztia beingoan esatarren, ostera iges egiteko itxaromenik edo esperantzarik ezteutso itxiten.

        8. Onenbeste yazoten da pekatariagaz Demoniñoaren artean. Lelengo pekatu egiten dabenean gizonak, geratuten da Demoniñoaren presondegi edo karzelan. Orduan eztau ain astun artuten, geratuten yako deboziñoren bat edo beste, obra onen bat edo beste. Baia, zer yazoten da? iñesi egin zenduan presondegi edo karzelati? Bada bertatik artuten dituz Demoniñoak al daizan asmuak, barrien barrian zu bere agindupeera, ta eskupeera biurtuteko, biralduten dituz batetik tentaziñoak, bestetik okasiñoak, emetik guraariak, andik pelleburuak. Pensamentu deungaak, aserreak, ibileraak, bideunak, yolasak, erromeriak, berba-aldi loiak, kanta gangarrak, tabernea, soñu zoroak, eta pekatura garoazen gauza guztiak. Demoniñoak gu barriro artuteko bialdu dituzan kriaduak dira, eta bera bere euren artean dabil; zure zorigogorra bekatuaren presondegira edo karzelara barriro biurtuten bazaitu! leen baxen gatxago izango yatzu andik urteitea, geiagotuko dituz kateak eta grilluak, iminten deutsula pekatuak konfesetan etorteko nagitasuna, eurak esateko lotsea; kenduko (galerazoko) deutsu adiskideagaz berba egitea kenduten deutsula leen Santuak ganako zeunkan deboziñoa; zarratuko deutsuz ate, bentana leio, eta zilo guztiak. Ba'kizu, gero, zelan? Ara bada. Ba'ki gaiskinak nondik leen iges egin zeuntsan, eta alegin guztia egingo dau bide au zarratuteko. Leen Ama Birjinaren edo beste Santuren baten deboziñoa izan bazan atera zinduzana, epeldu edo otzituko deutsu debozino au, geiagotuten (askotuten) dituzala zure zereginak, gomuta bere izan ze dakizun. Leen urten bazenduan eriotzaren edo infernuaren bildurragaitik, aaztu erazoko deutsuz gure azken ikaragarri bi oneek. Sermoiren batek atera bazinduzan leenago bere presondegi edo karzelatik, beteko zaituz eurak enzuteko nagitasunez. Limosnearen bitartekoz urten bazenduan sinistu erazoko deutsu zeure gauzaren bat Jaungoikoagaitik emoten badozu pobreza andian yausiko zareela. Geiagotuko dituz zeure zereginak, etxe ta familiaren arduraak, zein konfesadu zaitezan, sinistu eragiten deutsula leenago dala seme alaben ardurea, eta beste eginbearrak, konfesetea baño, eta batagaz ta besteagaz ezin kunplidu leitekeala, bada gura ta gura ez aserratu bear dala eurakaz, ezin leitekean gauzea dala maldizino eta birao egiteko ekandua galdutea, eta Seme-alabaak dagozan artean ezin euki leitekeala ondo konfesetako bear dan bakea. Berba baten leenago Demoniño batek bakarrik (bakar batek) zainduten bazinduzan, zortzik gero yagongo zaituez, diño J.K°.k, eta gero eukiko dozun egokera edo estadua, leenago zeunkana baxen txarragoa izango da.

        9. Zer egingo dozu orduan? Zelan urtengo dozu presondegi edo karzela ilun, atsitu eta gogor orretatik? Orduan esan daikezu antxina Jeremias-ek Jerusalen-en izenean esaten ebana. Orma lodiz edo muralla ezin urratu al neinkezanez inguratu nau. Ain modutan estutu nau ze ezin urten neike nagoan lekutik. Grillu ta katea astun eta sendoak ezarri deustaz ganera. Arri landuakaz zarratu dituz urteiteko (urten) bideak, eta iruli dituz iges egiteko moduak. Eta zer yazoko yatzu negargarriko estadu onetan? Atzeratu eta atzeratu penitenzia, eta pekatu batak bestea dakarrena legez ezarri pekatuak pekatuaren ganean. Auxe diño Isaias Igarla edo Profeteak. Ai ze zori-gogorrekoak, direan, diño Jaungoikoaren izenean, niganik iges egiten daudeen Semeak! bada eurak ezarten dituez pekatuak pekatuaren ganean. Bada S. Gregorio Andiak diñoandi penitenziako urakaz laster garbituten ezpadira pekatuak, bere pisuagaz dakar gizona beste pekatu batera, eta oneek biotz pisu andiagoa daukena legez errazago dakarde bestera, eta modu onetan yausten da gizon itsutua pekatuaren ondo edo ondarregino, eta orduan ozta ozta dauko erremediorik; ze diño Espiritu Santuak: Pekatariak,pekatuen ondora edo ondarrera elduten danean, guztia dauko gitxitan. Ez deutsee ardurarik emoiten ez infernuko penaak, ez zerua galduteak (galdu bearrak), ez Jaungoikoa aserraturik eukiteak, ez beste mundu onetan, ez bestean yazo al leikion gatxek ez nekek, bere pekatuak aurrera daroaz bada gogorturik bere ekandu ziteletan, guraago dau infernuko sugar bizietan yausi, bere ekandu zitelak itxi baño, naiago dau zerua, eta Jaungoikoa arpegiz arpegi ikustea galdu, bere gurariak baño. Zek aterako dau pekatari zori gogorreko au pekatuaren presondegi edo karzela onetatik? Bildur izan leiteke yausi ze dedin Infernuko karzelan beti betiko. Orregaitik bada, Kk., urten badozue pekatutik zagoze zorioneko egokera edo estadu orretan, dirautsue S. Paulo Apk., eta etzaiteze biurtu beste bein Demoniñoren agindupeera. Errazago izango yatsue Jaungoikoaren adiskidetasunean egotea, ostera bertara biurtutea baño. Eta zuen argaltasunagaitik, edo Demoniñoaren tentaziñoagaitik yausten bazare, ainbat lasterren biurtu egin zaiteze Jaungoikoagana penitenziaren bitartekoz, ze itxiten badozue egunen batzuetan itxiko dozue aste osoetan, eta andik luzatuko dozue iletan, eta iletarik elduko zare urtera konfesetako, eta biziko zare Demoniñoaren serbitzaille.

        10. Ez, Kk., ez, etzaiteze ain zoroak izan. Zein da ugazaba obea Demoniñoa, ala zeruetako Errege au? Deritxat diraustazula obe dala Jaun onen etsean otseinik txikien izan, Demoniñoaren etseko yaun baño. Bada ara zer dirautsun Jaun onek. Neure semea, pekatu egin badozu, ez egizu luzatu nigana biurtutea, eta biurtu ezkero ez egizu niganik iges egin, zeuk urteiten ezpadozu etzaitudaz nik botako. Eztot nik oraindio iñor nire etxerik bota, eta nosbait urteiten badozu bere biurtu zaitez ainbat lasterren ekandu ziteletan sartu baxen leen. Biurtu zaitez ainbat lasterren zeure Aitagana. Enzun daiguzan Ne. Enza. maiteak, geure aita laztanaren dei oneek, biurtu gaitezan beragana, eta etxunik bere oñetan esan deiogun: Neure J.K°. Jauna.

 

aurrekoa hurrengoa