www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

7. PEKATU-BIDEEN GANEKO SERMOEA

[ARRISKU ETA OKASIOAK]

 

(B, 145-152. or.)

 

Convertere ad Dominum, et relinque peccata,
deprecare ante faciem Domini, et minue offendicula...
et gloriaberis in miserationibus illius.
Eccli. cap. 17.v.21,22 et 27.

 

        1. Mundu onetan gagozan artean, ardura andi bategaz bizi bear gara, bada guztiz dira andiak inguraturik gaukezan pelleburuak. Orregaitik dirausku Jaungoikoak berak: Begira zelan zabiltzan bada zure bide guztiak lakioz eta sarez beterik dagoz. Berba onexek beti beti euki bear geunkez geure begien aurrean, diño San Juan Krisostomo-k ze auxe asko izango da pekatuan yausi ez eiteko. Auxe ondo begiratuagaz ezagutuko dogu zelan iges egin bear dogun pekatuen pelleburuetatik; bada yakingo dogu alperrik urtengo dogula pekatutik kenduten ezpadoguz bere okasiño ta bideak, eta ezin esan giñaikeala pekatuak itxiteko gogo edo propositu sendorik daukagula, pelleburuetan geratu gura bagara. Ain da gatx pekatuaren pelleburuan egonik ez pekatuan yaustea ze, S. Bernardo-k diño, miraari andiagoa dala, ilak biztutea baxen. Eta alan, neure enzula maiteak, ez deutsue ezerbere balioko pekaturik urteiteak, pekatuaren pelleburu ta bideak kendu ezik. Orregaitik bada arratsalde onetan esango deutsuet lelengo puntuan zelan pekatuaren pelleburuak kentzean ezpadozuez gura ta guraezik yausiko zareen pekatuan. Bigarrenean zelan guztiz kendu bear dozuezan pekatuaren bide ta okasiño guztiak bat bere itxi bagarik.

 

 

Lenengo zatia

 

        2. Eztau Demoniñoak beingoan pekatuetara tentetan. Daki ze beingo beingoan tentauko baleu benturaz ez gendukela gurako. Pekatua berez guztiz da ezaina, eta bildur andiegia emoiten dau beingoan gura izaiteko: orregaitik puskaka puskaka pekaturako bildurra galdu-erazoten dau. Lenengo ifinten dau okasiñoa, gero guraari otz bat, gero izioten dau guraari au, eta guenian yausi erazoten dau pekatuan. Auxe da Jaungoikoak diñoana: pekatuaren pelleburuan egon gura dabena pekatuan yausi egingo dala, eta gauza txikien yaramonik egiten eztabena, andietan geldika geldika yausi egingo dala. Modu onetantxe yausi dira pekatu guztietan gizonik geienak. Lelengo munduan egin zan pekatuan au guztiz klaru ikusiko dogu. Gu guztion ama Ebak ez eban beingoan yan, Demoniñoak yateko esan eutsan, sagarra. Lelengo begiratu eutsan, eta ikusi eban guztiz ederra zana. Gero artu eban eskuetan, gero azkenean sartu zan yateko gurarian, eta yan eban. Beste ainbeste yazo zan Kain madarikatuagaz. Ez eban beingoan Demoniñoak tentau bere anaie Abel iltera, zein pekatuaren anditasunak bildurtu egian, ezpabere lenengo opetzi eta agindu erazo eutsan Jaungoikoari gauzarik txarreena, gero bete eban enbidiaz ta ikusi-ezinez; azkanean barriz tentau eban bere anaiea il egian. Zer egin eban Esau-gaz, eta zelan galdu eban bere aitaren bendiziñoa? Lenengo euki eban yateko guraaria, beragaitik saldu egin eban lelengotasuna, edo maiorazgia, eta guenian eldu zan bere anaie Jakob il gura izaitera.

        3. Nondik asi zan Judas-en galtzaia ta kondenaziñoa? Nok esan leike! Lelengo ezin-ikusitik; gero sartu zan diruen zaletasun ta guraaria; andik asi zan oñoten ta deungaro esaten; otzitu zan bere maisuaren amodioan, eta eldu zan guenian bere Jaungoikoa saldutera, eta desesperadurik bere burua urkatutera. Ez neunke, neure Kristiñauak, amairik emongo beste onelango exenpluak ekarri gura banituz, bada Eskritura santea guztiz dago beterik. Faraon, Sanson, Saul, Salomon, Akab, Athalia, Josan, Nabukodonosor, Antioko, beste asko onantxe yausi zirean pekatu guztiz ikaragarrizkoetan. Gorputzeko gatxetan, Kristiñauak, yazoten dana, yazo oi doa arimakoetan bere. Geixoa geienetan ez oi da beingoan eldu: lelengo sentietan dau buruko min puska bat, gorputzeko astuntasuna, alboko min txiki bat, edo alango gauza txikiren bat. Orduan itanduten badeutsue zer dozun, bertatik eranzuten dozu: ezta ezer, laster igaroko yat: baia, zer yazoten da? Gero baño gero azi egiten (aziten) da mina, oean etxun bear, barberuari, edo medikuari dei egin bear yako, Sakramentuak artu bear dira, guztiz txaarrik dagoalako eta aror gauza gitxitzat egoana, non gatx andi bat egiten dan. Baia, zetako nabil, Ne. Enzuk., irudi oneek ekarten? Eztot zuek baxen beste testigurik bear, egia esan gura badeustazue. Aste guztian egongo zaree ardaoaren gomute edo akordu bagarik: elduten da yaieguna, eta orra non zoazen tabernara. Itanduko baneutsue, ea nora zoazen eranzungo zeuzkede: Aita, aste guztian egon nas bada bearrean, eta orain banoa puskatxu bat dibertietan, kuartillutxu bat edango dot, eta gero iluntzean etxera. Sartuten zare tabernan; topetan dozuez adiskide bi edo iru; asten zare edaten; ardaoa doa, ardaoa dator, ya igaro zare esan zenduen neurritik, asten zare yokoan: yokatuten dozue edan dozuen ardaoa, berotuten zare, eta yakin bagarik ze ordu dan elduten da gauerdia. Urteiten dozue etxerako, biderik zabalenak estu ta bedar dozuezala, eta orra non dagoan infernua, emazteak berbatxu bat esan badagi deadarra batetik, demoniñoa bestetik biraoa ta añena eta aserrea, eta ameneko golpeak. Biaramonean barriz bearrik egiteko gogo bagarik. Nondik datoz gatx guzti oneek? Okasiñoetik. Tabernan sartu ezpaziña, etzan onango gauzarik izango, denporaz yoango zinean etxera, eta igaroko zenduan bake andi baten gaua.

        4. Zer yazo oi da geienetan? Aserratuten zare alkarregaz, esaten dozuez berba astunak, edo bear bada ezarten dozuez eskuak, eta lauziri balio eztaben gauzea gaitik zabiltze alkar ezin ikusirik, ateretan dozue kerella bat, asten zaree auzitan, daukazuen guztia eskribauak, eta letraduak daroatzue eta geratuten zaree zer yan eztaukazuela, ez zegaz semeak mantenidu. Zer esango dot aragiaren pekatuak gaitik? Batzainduten dira yolas eta erromerietan yente gazteak eta deritxazue beingoan yausten direala pekatu andietan? Ez, Kristk., lenengoan ezta begiraune bat baño, andik igaroten da berba gangarretara, gero guraari txaarretara, eta azkenean yausi ezkero pekatu obrazkoan, eta lotsea galdu ezkero eztago egiten eztan pekaturik. Eztot zeuek baxen beste testigurik bear. Zeuek dakizue ondo zer yazo yatsuen orrelango pekatuakaz, ze eztot nik loitu gura euren ezaintasunagaz leku santu au. Baia geienak eranzuten dabe: Aita, beti beti dagoz orren ganean prediketan; baia nik neure bizian bere eztot ezer sentidu, eztot pensamentu deungarik bere euki. Ai! neure enzulaak, engañadurik zagozela deritxat, zegaitik ze dakusdana da Santu guztiak okasiñoen igesi dabiltzana, eta orregaitik bere beti beti dagoz bildurrez euren aragiak egiten deutsen gerreagaitik. S. Paulo Apostoluan dakusgu au ondo klaru. Ainbeste miraari egin ezkero, ainbeste penitenzia egin ezkero, ainbeste barau, ainbeste gose, ainbeste gaubela irago ezkero, bere gorputzari urte luzeetan atseginik emon bagarik bizi ezkero, etzan aragiaren tentaziñoetatik libre aurkitu; eta alan esaten oi eban: nire aragia beti dabil arimearen kontra. Baita zuek ainbeste santidade euki bagarik, deritxazue, modu orretan alkarregaz nastaurik ibilirik, garbi garbirik geratuten zareela. Eztakit; bildur izan zinaitekeze zeuen buruak engañetan dozuezala. Konzienzia bear dan moduan arakatu ta esaminauko bazendue, eta arimako argiagaz ondo begiratuko bazendue, deritxat ez zeunkeela ori esango.

        5. Eztakit, Kristiñauak, nondik nora euki zinaikeen au seguridade au. Santurik andienak dakusguz munduti iñesi. San Jeronimo sartuten da ermu ikaragarrizko baten, eta aintxe dago negar, zizpuru, eta oraziño artean eta orregaitarren bere eztagoala seguru deretxo. Itanduten badeutsazue, Bijilanzio-k esaten eutsana legez, zetako kondenetan dan ain bizi-modu ikaragarrizkora? bertatik esango deutsue: argala nas, aragiz yanzirik nago, eta orregaitik nabil okasiñoetatik iñes. San Antonio Abad, S. Paulo, S. Hilarion eta beste santu guztiz andiak mundutik igesi dabiltz eta sarturik Tebaida-ko mendietan eztauke beste zer-eginik euren ganean ardura andi bateko gaubelak egitea baño, eta orregaitik eztagozala seguru uste dabee. Eta deritxazue benturaz ez ebeela ainbeste bildur euki bear? Ai neure enzula maiteak, zeinbat eta zeinbat yausi dira santidade guztiz anditik ikaragarrizko pekatuetan! Exenplu guztiz asko ekarri neikezuez; bat esango deutsuet. Yakobo eritxon padar edo ermitañu bat bizi izan zan berrogeta amar urtean. Ezin esan noragiño eldu zan denpora onetan bere santidadea; guztiz izan zirean andiak penitenziak, denpora guzti au igaro eban negar zizpuru eta oraziño artean, eta ain santu andi izaitera eldu zan, ze, bere miraari guztizkoak arriturik eukeezan andik egozan erri guztiak. Osatuten zituzan geixoak, biztuten zituzan ilak, eta botaten zituzan gorputzetatik Demoniñoak. Ekarri eutsen besteen artean neskatilla gazte bat osatuteko, edo atara egian beraganik Diabru gaiskiña. Atara eban bada, baia zer deritxazue yazo zala? Geratu zan egunen batzuetan neskatilla au lezatik kanpora, eta ar-or non pekatu egin eban beragaz. Baita etzan emen geratu bere pekatua: ze lotsaturik, eta yakingo zalako bildurragaz artu eban kañibeta edo kutxillo bat, eta il ezkero bota eban neskatilla ibai batera. Eta Jaungoikoak biraldu ezik Aingeru bat Infernuko penak erakutsi egiozan, ya yoian mundura bere aragiaren gustu zitelak kunplietan.

        6. Orain bada, Santu andi au ainbeste penitenzia egin ezketiño, ainbeste Santidade alkanzau ezketiño, ainbeste miraari egin ezketiño, bere aragia errazoaren azpian imini ezketiño, anra bategaz bakarrik aurkitu zalako, pekatuan yauzi bazan, eta pekatuak pekatuaren ganean ifini bazituzan, zelan uste zinaikee etzareela pekatuan yausiko ainbeste pelleburutan zuen buruak sartu arren? Au ezin izan leiteke, Kristiñauak, eta kendu ezik pelleburu ta pekatubide orreek gox edo berandu yausiko zaree. Okasiño orreek peste gogorra dira, diño S. Bernardo-k, eta gatxa sentidu bagarik gorputzean sartuten dana legez, alantxe igaroten da okasiñoa biotzeragiño. Peste eta gatx onegaz il dira santu andi asko diño S. Agustinek. Sinistu egidazue, diño Santu andi onek, sinistu egidazue, Jaungoikoaren aurrean nago, eta berak daki guzurrik ez diñodala; ikusi dodaz gizon santu eta andiak zeintzuk eneban sinistuko iñondik bere yausi egingo zireanik pekatuan; baia okasiñoa eldu danean, pekatuak goia-artu eutsen, eta benzidurik geratu zirean. Eztakusgu Dabid Erregea yausirik? Baita, zegaitik? Begirakune bategaitik. Eztakusgu Saul Errege kondenadurik? Eta, zegaitik? Ezin-ikusi bategaitik. Eztakusgu Salomon galdurik? Eztakusgu beste asko okasiñoak gaitik pekatuetan sarturik eta au gu baño sendoago, irrimeago eta santuago izanik? Bada, Kristiñauak, eztaigun ainbeste konfianza geugan euki, bildur izan gaitezan, eta iges egin daigun pekatubideetatik, eta modu onetan ibiliko gara zerurako, orain ikusiko dozuena legez.

 

 

Bigarren zatia

 

        7. Aserraturik dagoala mundu guztien kontra dirautso Jaungoikoak Ezekiel Igarla edo Profeteari, eta orregaitik laster etorriko dala gizon guztien ganean bere aserrakuntzea. Ezta geratuko iñor bere, diño Jaun onek, guztien amaia, ta azkena dator bertatik, eta nire justiziaren ezpateagaz il egingo dodaz direanak; guztia izango da nekea, guztia gosea, gatxa, atsakabea, naibagea, pestilenzia; ilgo dira soloan dagozanak; eriotzea etorriko da urietan bizi direak gana, eta ezteutsat iñori bere, iñori bere parkatuko. Eta, zegaitik gatx guzti oneek? pekatuz beterik dagoalako mundu guztia. Baña, Jauna, ezta iñor bere zure justiziaganik salbaduko? Eztau iñok zure aserretik iñes egingo? Bai. Eta, Zeintzuk izango dira? Pekatuen bildur izan direanak, eta orregaitik euretatik iges egin dabeenak. Auxe berau dirautsuet nik bere, Kristiñauak; gura dozue zerura eldu? Bada onetarako pekatuak guztiz itxi bear dozuez, eta pekatuak guztiz itxiteko itxi bear dozuez euren okasiño edo pelleburuak bere. Eta au bakizue zelan? Ara bada S. Juan Krisostomo-k dirautsu. Begiratu egizu ondo zelango pekatuetan yausi zarean oraingiño, eta zek yausi erazo deutsun, eta sustraitik atera egizu okasiño au. Oraingiño ordi izan bazara, ez eldu tabernara bere, oraingiño pekatu loietan yausi egin bazara, iges egin arako pekatu egin dozun lagunaganik. Oraingiño berba loiak esan badozuz itxi txantxako berbaak bere. Oraingiño bestegaz aserratu bazara, ez aderdeko berbarik bere euki beragaz. Berba baten, Kristiñauak, itxi bear deutsazuez pekatuari ate guztiak.

        8. Baia bertatik dantzut zer eranzungo deustazun. Ai, Aita, esango dozu, gauza gogorregia da ori. Nor egongo da tabernara yoan bagarik? Eztogu berbarik egingo andrakaz, edo gizonakaz? Ez gara yolas edo erromerietara yoango? Ezkara txantxa alegrauko? Bada orretarako itxi daiguzan etxeak, eta erriak, eta goazan mendietara penitenzia egiten. Eztiñot nik ori modu orretan: ezpabere oraingiño gauza orreek pekatuan yausi eiteko bidean imini bazaituez. Eta esango baneu bere, ze larregi eskatuko neuskezu? Esan egidazu Kristiñaua, esango baleutsue tabernako etxea yausi aginean dagoala, yoango zinatekez? Bazenki ardaoak beneoa daukala, edango zeunke? Esango baleutsue arako pekatu egin dozun anreagaz berba egiten badozu, edo aserratu zarean gizonagaz aderde burlezarreko berbarik badaukazu, daukazun guztia kenduko deutsuela, eta urkamendi baten iminiko zaituela, berba egingo zeunke, edo bakarrik egongo zinatekez? Ezetz eranzungo deustazu. Bada, non da gure sensuna? non da gure errazoia? Obipe edo sepultura baten atsiturik eta usteldurik geratuko dan gorputz bat gordetako egiten doguz aleginak, etxiten doguz naien doguzan gauzaak, eta beti betiko iraungo daben arimeagaitik, zein daukan Jaungoikoak bere alaba, eta zeruko yaubegeitzat auturik? eztugu gustutxu bat bere itxi gura? Arimearen medikuak esaten badeutsu argalik zagozala oraindio, eta itxi dagizuzala au edo beste gauzea; ezin egin leiteke: baia gorputzekoak geiago aginduten badau bere, pozik egiten da osasuna alkanzetearren. Ara bada, neure enzulaak, guztiz itxiten ezpadozuez peleburu orreek laster barriro yausi egingo zaree pekatu andietan, ze Espiritu Santuak diño ze, pekaturako bidea gura dabena bertan yausiko dala. Ezpadozuez itxiten pelleburu orreek, gura ta gura ez yausi egingo zaree, eta gero negarretan urturik ezagutuko dozue nik errazoia neukana, askok orain artean negar egin dabeena legez.

        9. Guztiz dira gitxi pelleburuan imini ezkero pekatuan yausi eztireanak; eta oneek pelleburuetatik iñesi egin balebe etzirean yausiko diño S. Juan Krisostomo-k. Gu guztioen lelengo Amak begiratu egin ezpaleutso Jaungoikoak yan ez eiteko agindu eutsan sagarrari, etzan yausiko yaateko tentaziñoan, eta ez euskuzan ekarriko geugan dakusguzan neke, lan eta gatxak. Jose-ren anaieak goitu baleudek lenengeran eukeen ikusi-ezintxu piskea etzirean elduko eriotzea emon gura izaitera, ez eudeen erbestera salduko, eta ez eutsen euren aitari ainbeste atsakaba emongo. Zegaitik eldu zan Judas madarikatua bere maisua saldutera? Beste Apostoluai eutsen ezin-ikusia lenengeran kendu ez ebalako; au kendu baleu, etzan ikusiko, gerora eldu zan negargarrizko estaduan. Erreka bategaz yazoten dana yazo oi da pekatuagaz bere. Errekak asieran iturritxu bat baxen eztira, eurak igaroiteko eztoa bear zubirik, dakarren ur guztia eskuakaz, arri bategaz edo luur puska bategaz geratu leiteke, ur gitxi oneri batzanduten yako beste ur zatitxu bat ya da puska bat geiago; emetik iturri bat, bestetik beste bat egiten da errekatxu txiki bat, ta zeinbat eta beerago ainbat eta ur geiago, eta azkenean ya da ibai andi bat, elduten da gero uriola bat, eztago beretzat zubirik, eztago presarik, eztago errotarik: guztia banatuten dau, eta daroa beragaz. Ara emen pekatuaren irudia: lenengeran okasiño txiker bat izan doa, gero pekatutxu bat, gero andiago bat, eta azkenez egin ezkero ekandu edo usadio txarra, eta eldu danean tentaziñoaren uriolea, eztago zek geratu dagian, gitxitan dagoz lotsaaria, Jaungoikoaren legea, grazia galdutea, arimea iltea eta beste aurkitu al leian gauza guztiak. Ikusi gura dozue Eskritura sagraduan egia au? Enzuzue bada.

        10. Eldu zan Jakob Patriarkea Palestinara, eta imini eban bere bizi-lekua Siken-go uriaren albo baten. An egoan artean egin zan fiesta edo erromeria bat Siken-en. Eskaturik lizenzia, urte eban Dina bere alabeak ango andrak zelangoak zirean ikusten. Ikusi eban Dina erri atako Erregearen Semeak, izio zan bere amodio ta guraari bizian, eta agindu eutsen bere kriaduai ekarteko etsera neskatilla axe: egin ebeen oneek bere agindua; artu ebeen eta ekarri eutsen bere Yauregi edo Palaziora, non kendu eutsan zaldun onek bere osotasun, donzellatasun edo birjinidadea. Pekatu onegaz sartu zan geiago Dinaganako amodioan gizon gazte a, eta esan eutsan aitari artu eiola emaztetzat anra axe. Joan zan Siken-go Errege Jakobgana, eta esan eutsan zelan bere semeak ezkondu gura eban bere alabeagaz, eta alan emon leiola. Enzunik Jakob-en semeak zer yazo zan euren arrebeagaz, eta aserraturik lotsaari agaz artu zituezan bengetako gogoak. Baña eskututearren euren asmuak ez ebeen sentimenturik erakutsi; eta alan eranzun eutseen Erregeri au ezin egin leitekeala lelengo Siken-go gizon guztiak zirkunzidau ezik, edo ebagiten ezpeeben aragi zatitxu bat gorputzeko alde minbera baten. Etorri zan pozik onetara bere semearen guraaria egiterren. Baia, zer yazo zala uste dozue? Sartuten dira Jakob-en Semeak Siken-go urian irugarren egunean, zeinetan egozan gizon guztiak ala edo minez beterik. Ilten dituez Erregea eta bere semea, ilten dituez gizonak, ezteutse parkatuten agura, anra, ez ume txikerrai bere, iruliten dituez etseak, su emoiten deutse erriari, eta geratuten da galdurik eta dan dana ondatu ta akabaurik Sikengo uria. Eta, zelan geratu zan Jakob? Negarretan urturik bere semeak, eta alabeak egin ebeena gaitik, eta iñesi urten bearrik erri atatiak bere kontra etorri ez zeitezan.

        11. Nok sinistu eragingo eutsan Dinari bere erromeriara bearrak ainbeste gatx ekarriko zituzala? Nok usteko euan ainbeste kalte etorriko zireala bere buruera atatik? Bada beste ainbeste yazoko yatsue zuei, Kristiñauak, pekatuen bideak ta pelleburuak itxi ezik. Zoaze, zoaze tabernara, ze ikusiko dozue zelan larregi edango dozuen; zelan yokoan yarriko zareen, zelan aserratuko zareen, zelan berandu etsera etorriko zareen, zelan infernua irudingo dauen zuen etseak, eta zelan azkenez guztiz pobrerik geratuko zareen, zer yan ez zer yanzi eztaukazuela. Zegaitik ze, nori datorkioz aserrea, gatxa, nekea; nori itsutasuna, nori gauza deunga guztiak? Diño Jaungoikoak. Eta berak eranzuten dau: ardaozale direanai. Orregaitik diño: Ez egiozu begiratu ardaoari kolore gorria daukanean, eta basuan guztia ederrik dagoanean. Bakizu, gero, zegaitik? Bere guraaritan sartu ze zaitezan; ze sarri esaten oi dozu: ai ze kolorea daukan, ezin itxi leikio. Guztiz gozo eta bigun igaroten da eztaarritik bera; baia zer egiten dau barruan Espiritu Santuak berak dirautsu: Guenian sugeak legetxe usigiko deutso eta benenoz beteko dau. Zoaze, zoaze yolas eta erromerietara, batzaindu zaiteze zuek baxen zoro eta gangarrago batzuekaz; zabiltze sensun bagarik, eta esan egizue orregaitio bere eztagoala pellebururik; azkenak esango dau. Deretxat Dinari yazo egin yakana, yazo egingo yatsuela: geratuko zare galdurik, onra bagarik; orduantxe negarretan urturik ya erremediorik eztaukanean esango dozue egia esan nebala, eta geratuko zare arako esate zoroan: nok esango eban, nok sinistuko eban. Itxi egiezue gurasoak seme alabai nai dituezan lagunakaz ibilten, gura daben artean, ez egizue ardurarik artu goxetik etxera etorri deitezan, emon egioezu gura daben eskubide edo lizenzia: etorriko da egunen bat zeinetan aurkituko zareen Jakob baño bere atsakabe, naibage eta pesadunbre geiagogaz. Eztozue orduan erremediauko esanagaz: yakin izan baneu zelan ebagiko neutsazan laguntasun oneek. Lenengotik kendu bear dozuez okasiñoak, pelleburuak burua ateraten asi egin daitezanean, bertatik ito bear dozuez diño San Juan Krisostomo-k, bada bestelan indarra artuten itxi badeioezu, eurak ilgo zaitueze erremedio bagarik. Etxe baten sua exetuten danean, laster elduten badira eta gitxi dan artean pitxar bete uragaz amatetan da, baia indarra artuten badau, erreka bateko ur guztia bere ezta asko amatetako. Bada orrenbeste yazoko yatzue lenengeratik kenduten ezpadozuez okasiñoak Wolfango eritxon gizon bateri yazo yakana legez.

        12. Eukan zu lango Jaun eta Baroe Wolfango-k bere izeneko seme bat zein azi eban ardura andi bategaz Jaungoikoaren bildur santuan, eta Ama Birjinearen deboziñoan. Eldu zanean amalau urtera bialdu eban Ungriako erregeren Yauregi edo Palazioara obeto azi zedin. Urte bete eta geiagoan iraun eban gurasoak irakatsi eutsan deboziñoan. Baia baturik beste Erregeren paje bizitza galduko bategaz asi zan bere laguntasunagaz bere deboziñoan otzituten guztia itxi artean. (Kontu lagun deungakaz!) Ikusi ebanean Demoniñoak modu onetan asi yakan tentetan Palazioan egoan Dama eder baten bitartekoz. Eskribidu eutsan onek amodioz beteriko karta bat zeinetan erakusten eutsazan bere guraari loiak. Engañadurik onegaz yausi zan Dama onegaz pekatu guztiz ezainetan, eta ainbeste itsutu zirean alkarregaz ze, galdurik Jaungoikoaren bildurra, eldu zirean uri guztiko eskandalu izaitera. Enzun ebanean Erregek oneek biok euken bizi-modu galdua artu zituzan alkarganik apartetako moduak, eta onetarako sartu gura izan eban konbentu baten Lukrezia (auxe zan Dama madarikatu onen uzena). Baia yakinik biok Erregeren gogoa artu ebeen al egien diru guztia eta baturik eukeezan joia guztiak iges egin ebeen Alemania-ra, non bizi zirean ezkondurik balegozan legez ikaragarrizko pekatuetan sarturik eta itsuturik alkarreganako amodioan. Baia, o Jaungoiko andiaren neurribako errukitasunak! zein amatau ezin izan eudeen Wolfangoren pekatu guztiak! Bialduten eutsazan biotzera argi-aldi santuak; dei egiten eutsan beragana biurtu zedin: baia ain egoan gogor bere pekatuan ze, ez eban yaramonik egiten. Orregaitarren bere ez eban itxi Jaunaren ontasunak gizon galdu au. Agertu yakon J.K°. gure Jauna bere ama guztiz santeagaz batera, eta esan eutsan: Zer da au Wolfango? Nos artean izango zara niganako esker deungakoa? Zein da ederragoa Lukrezia, ala ni? Andra bategaiti itxi gura dozu Jaungoikoa? Eta Lukreziagaitik nire ama eta zeruko erregiña? Ea bada neure Seme Wolfango etzaitez galdu: erdu nigana, izan gaitezan adiskide, ze gura badozu zure pekatu guztiak parkatuko deutsudaz, eta zorioneko egingo zaitudaz. Arri bat deritxat bigunduko eudeela berba oneek, baia arria baxen gogorrago egoan Wolfangoren biotza, eta alan ez eban yaramonik egin. Geratu zan bere pekatuetan, eta aurrera eroazan bere pekatuak. Baia orra non bete zan bere pekatuen neurria, eta kastigadu eban Jaungoikoak laster ikusiko dozuena legez. Konbidadu eban egun baterako adiskide batek eta erregutu eutsan yoateko Lukreziagaz naste uritik kanpora eukan etse batera non igaroko ebeen eguna alegranzia andian; eldu zanean gaua ondo afaldu ezkero euki eudeen komedia eta sarao andi bat, eta amaiturik etxun zirean guztiak lotara: baia aror non gauerdian agertu zirean Demoniñoak, Lukrezia burdiña gorizko anda batzuetan ekarrela, eta bere alboan ifinirik Wolfango eroan zituezan biak infernuetara. Orain bada, Kristiñauak, nondik etorri yakan gizon galdu oneri galzaimen edo perdiziño au? Okasiñoa ez itxiagaitik: iñes egin baleu arako paje galduaganik, etxakazan gatx oneek etorriko. Iges egizue bada okasiño guztietatik, eldu zaiteze Jaun onegana, eta esan egizue Neure Jesukristo Yauna.

 

aurrekoa hurrengoa