www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

3. BARIKUGUREN ARRATSALDEKO
ERESKERAKOA

 

(B, 169-176. or.)

 

Spiritus oris nostri Christus Dominus
captus est in peccatis nostris.
Thren. c.4.v.20.

 

        1. Jaungoikoak berak esan eta fedeak irakatziko ezpaleusku Jaungoiko benetakoa iltzala urkamendi baten eriotzarik gogorrenagaz, ez litzateke aurkituko misterio arrigarri au sinistu gurako leukeanik. Arako agindu eutsanean Jaunak Isaias-eri eskribietako bere seme maiteak igaroko eban pasiño gogor eta eriotza kruela uste izan eban Igarla edo Profeta onek, ez ebala iñok sinistu gurako, eta alan esan eutsan Jaunari: Jauna, nok sinistuko dau nire esana? Domine, quis credit auditui nostro? Eta orretan bere Ne. Kristk., ezpageunko federik zorakeria anditzat eukiko geunke sinistutea arako Jaungoiko neurribako, andi eta azken-bagea il dala? Nor eskandalizauko ez litzateke enzunik arako Jaungoikoaren seme benetakoa, beragaz izaite eta Jaungoikotasun bat daukana, Zeru eta Aingeruak edertasunez yanzi zituzana, eta izaitea daukan guztia ezerbere ezetatik egin ebana ez bakarrik il dala, imita bere igaro dauen eriotzea izan dala gizonik madarikatuenak, eta deungeenak irago al leikean lotsagarri, minbera, eta dexonragarriena? Alantxe uste ebeen Yudegu Yentilak, bada S. Paulo Apostoluak dirausku: Jesus kruzifikadua eskandalua da Yudegentzat, eta zorakeria Yentilentzat. Orregaitik diño S Juan Krisostomo-k, ain dala gatx gizonari adierazotea misterio au ze, sinistuko bazan Elexa Santaan, Espiritu Santua yatzi izan bear zala, bada bestelan ez ebala sinistu gurako. Artu dogun ezkero bada Jaungoikoaren Espiritu au Bautismo Santuan, sinistu bear dogu Elexa Santeak irakazten deuskuzan misterio andi oneek. Ikaragarriak dira, arrigariak dira: baia konfesau bear dogu kurutze orretan madarikatu eginik dakusgun ori dala Jaungoiko guztiz altsu edo poderoso benetakoa: urkamendi lotsaari orretan lapur bat legez yosirik dagoan ori dala zeru, luur eta izaitea daukeen gauza guztiak egin zituzana. Menpeko edo esklabo zital eta geisto bat legez azotadu eta odol-usturik dakusgun ori dala berez bereinkatua eta Aingeruak bedeinkatu eta zorioneko egin dituzana.

        2. Bai Jaungoiko andia, bai egille edo Kriadore altsua, badakuzgu bere kurutze orretan pekatari madarikatu bat legez kastigadu ta illik, konfesetan dogu dana Aita Eternoaren Seme maitea, nogan daukan bere atsegin guztia. Guztien burlagarri, eta oiñ-azpiko eginik badago bere, dakigu dana Errege guztien Errege eta Agintarien Agintari, dagoana yarririk Aita betikoaren eskomatatik, non adoretan daben ainbat milla Aingeruk ezagututen dabeela euren egille, ongille eta burutzat; bekatu antzeko aragiaren soñeko loiagaz yanzirik badakusgu bere dakigu zeruetako edertasuna dana, eta eguzki, irargi, izar eta Aingeruak argiz apaindu zituana. Arantzaz zulaturik, azotez aserik, burutik beatzetara zauri bat eginik, giztiori birrindurik, eta untze gogorrakaz esku-oñak yosirik badago bere siñistuten dogu dala arako Jaun andi zeru zabalak ezin artu dabena, [...] atzetik mundua dingilizka daukana, luurra esku barruan eskutauten dabena. Baia, nok edo zek ekarri dau zeru alturik mundu onetara? Zek borreru kruel gogor, eta erruki baga, asartu edo atrebidu Jaungoiko ain andi bat modu orretan humildu, azpiratu, zatitu, birrindu eta eriotza ain ikaragarriagaz iltera? Ai Ne. Kk., ementxe bai miraariz bete bear gareala; ementxe bai arritu, mututu eta gogor gogor izosturik geratu bear gareala. Gure pekatuak ekarri dabe zerutik lurrera, gure pekatuen katee eta sokak lotu eta estu dabe. Spiritus oris nostri, etc. Gure pekatuak zauritu, zatitu, eta birrindu dabe. Vulneratus est propter iniquitates nostras, et attritus est propter scelera nostra. Gure pekatuak ifini dabee kurutze orretan dakuzkun moduan zauri bat eginik, odolosturik, gizonen antzik bere bagarik eta ain ezain, ain itxusi, ze ezin ezagutu bere leike. O pekatuaren ikaragarrizko indarra! O gure zauri, gatx eta enfermedadeen usteltasun bildurgarria! Osatuko bada zeru-luurraren egillearen odolagaz egin bear da osasun-gei edo medizinea.

        3. Baia, nondik nora uste al leian gizonak Jauna galdu gurako ebala? Zelan asartu edo atrebidu zatekean luur uts puska batek itxaroten mundu guztiaren yaubea, ez bakarrik yatsiko zala zerutik beera bera bisitetara, baita bere beragan artuko zituzala eukazan gatx ikaragarriak, eta bera osatutarren iminiko zala kurutze orretan? Baia zeuk zeure kabubagako ontasunagaz irago dozuz bere itxaromen edo esperanza eta uste guztia. Baia, zer yoakon, Jauna, gizonaren zorionean ainbat ardura beragaitik artuteko? Etzan ain andi, ain altsu, ain yakitun, eta ain Jaungoiko izango mundu guztia galdu balitz, zein da bera barriztadu ezkero? Bai, Jauna, bai Jauna: baia ainbeste errukitu zinean gu ain nekegarri ikusiagaz ze, ezin zure biotz samurrak sufridu al izan eban gu erremedio bagarik itxitea, ainbeste kostako baiakon bere. Baia Jesus laztana, etzeunkan au baxen beste modurik gu pekatupeetik aterateko? Bai, Kk., beukazan beste modu asko gu demoniñoaren menpeetik aterateko, baia nai izan eban igaro eriotza itzaltsua ezagutu gengian pekatuaren anditasuna eta ezaukera onegaz bildur izan gintezan pekatupeera biurtuten. Baia itsuturik pekataria bere guraari zitelakaz, eztau ezautu gura ze prezio emon bear izan zan bera pekatuperik aterateko, eta orregaitik biurtuten da Jesukristo-k urratu eutsazan kateakaz estutera. Itsumendi ikaragarria benetan! Zorakeria eskergea! Ilten dau J.K°.k pekatua bere eriotzeagaz eta biztuten dau gizonak bere borondateagaz. Kenduten deutso J.K°.k gizonen Demoniñoari ganean eukan nagusitasuna, botaten dau mundutik eta itxiten dau loturik ta esturik, eta emoiten deutso gizonak Demoniñoari, J.K.°k kenduriko eskubidea, biurtuten dau leen eukan nagusitasunera, eta iminten dau azkaturik. Jaungoiko batek galduten dau bizitzea gizonari bizitzea emoitearren, eta gizonak galduten dau bizitzea, pekatuari bizitzea emoitearren. Jaungoiko batek egiten dau Demoniñoaren menpeeko zan gizona bere Seme, eta gizona egiten da Jaungoikoaren semetik Demoniñoaren menpeko. Anditasun ikaragarria pekatuarena, bada Jaungoiko bat il bear izan zan bera goitu edo benzietako, baia andiagoa da gizonen itsumendi eta gogortasuna; bada bere guraz biurtuten da Jaungoikoak eriotzeagaz benziduko pekatura. Aror neure Sermoe gei edo asuntua. J.K.°ren eriotzean ezagututen da pekatuaren anditasuna, lenengo puntua. J.K.°ren eriotzan ezagututen da pekatura biurtuten dan gizonaren zorakeria, bigarren puntua.

 

 

Lenengo zatia

 

        4. Guztiok Adan-egan il egin ginean, beragan pekatu egin gendualako, diño S. Paulo Apostoluak. Eztauke neurririk pekatu oneganik etorri yakuzan kalteak. Berak sarratu euskuzan zeruko ateak, aserratu eban Jaungoikoa gugaz, idigi eban guretzat Infernua, kondenadu ginduzan eriotzara, imini ginduzan Demoniñoaren menpean, eta ekarri euskuzan geugan daukaguzan negar, zispuru, eta aiariak. Ain erkin, ain kaden, ain argal gelditu zan gizona, ain izan zirean kruelak, ain gogorrak, pekatu onek egin zituzan zauriak ze, ez egoan eurak osatuteko osasun gei edo medizinarik. Eukan Demoniñoak bere azpian presondegi, edo karzela ilun atsitu, ta itsaltsu baten, baita ain sendo gorderik, eta ain irrime loturik ze, ez egoan gizon eta Aingeruen artean andik atera al leian indarrik. Etorri zan Moises Lebitea legeagaz, baia ezin atera al izan eban egokera edo estadu onetarik, bada legea ona, santua ta Jaungoikoak emona izan arren, ez eukan indarrik gizona libretako, diño S. Paulo Apk.: «Etorri zan Aaron Sazerdote nagusia sakrifizioakaz, baia onek bere ezin osatu al izan zituzan gizonaren gatx eta zauriak; ze Apk. berak diño: ezin leitekean gauzea dala, auntzen, eta zezenen odolagaz pekatuak parkatutea. Baia, zer diñot, abere edo animalien odola? Arpelik botako zan munduaren asikeratik eta azkenegiño izan ta izango direanen odola, etzan asko izango gizonaren gatxa osatuteko. Arpelik batuko zirean odol onegaz Aingeru guztien santidade eta merezimentuak, ze ain zan andia gizonak pekatuaren bitartez artu eban zorra, ze guzti guztiok etzirean elduko bera pagetara. Bake andi baten geunkazan Demoniñoak bere agindupean, ez egoalako zeru luurreko kriaturatan indarrik bere azpitik aterateko. A, gizon geixoa! Andia da itsasoa legez zure zori galdua! Nok osatuko zaituz? Eztago iñondi bere zure gatx onentzako erremediorik.

        5. Atera gura eukean Jaungoikoak Demoniñoaren eskupeetik eta egin bere seme, baia onetarako kitu egin bear zan (eutsan) gizonak Jaunaren justiziari (eutsan) zorra, eta ez eukan zegaz. Ebilen Jaungoikoa begira ea agiri bazan bere artean gizonagaz bitarteko izan al leitekeanik, baia ez egoan, eta orregaitik guztia egoan estutu eta larriturik. Ikusirik Jaungoiko andiak ez egoala iñondik modurik bere antzera eta irudira eginiko gizona bere zori gogorretik aterateko, abietan da asmetan ea zelan biurtu al leion gizonari galdu eban zoriona, ta alan diño: Zer egin nei ain laztan dodan gizona erremedietako? Legeak eztauko indarrik onetarako, Sakrifizioak eztira asko, oraingiño biraldu dodazan Patriarka, Profeta eta osterantzako nire serbitzalleak ezin urratu al izan dituez bere kateak, ezin goia-artu izan deutse Demoniñoari, ezin kendu al izan dabe pekatua. Zer egingo dot bada gizona galdu eztedin? Zer deritxazue egingo dabela Jaungoikoak? Ze asmu artuko dau pekatua munduti kenduteko? Nok sinistu leike? Nori buruak bere emon leio? Mittam filium meum dilectum, biralduko dot, diño bere artean, neure seme laztana, Jaungoiko andia. Zetarako bialdu gura dozu zeru altutik lurrera zeure Seme maitea zugaz izaite bat eta Jaungoikotasun bat daukana? Da, bada, kastigu ikaragarrizkoren bat egiteko gizonakaz, zugaz egin daudeen esker gaistoak gaitik? Edo uriolez lurra estalduteko Noe-ren egunetan legez? Edo zeruko suagaz erretako mundua zure kontra egin dituezan pekatuak-gaitik antxina Sodoma ta Gomorra legez? Ez, Kris.k, ez, eztau onetara biralduten Jaungoikoak bere Semea ezpada mundua salbetako.

        6. Eta, zelan bialduten dau ain maite daben Seme au? Ez Jaungoiko bateri datorkion anditasunagaz, ez zeruko Errege bateri datorkion gloriagaz, biralduten dau, diño S. Paulo Ap.k, pekatuzko aragiz yanzirik, gure pekatuak bere ganean dituzala eta eurak gaitik menpeko, edo esklabo eta madarikatu eginik yoten dau, azotetan dau, zaurituten dau, birrinduten dau, ilten dau kurutze orretan dakusuen moduan. Aror pekatari itsua, zer bear izan dan zure pekatua mundutik kenduteko; aror zelango osasungei, edo medizinea bear izan dan zure zauri eta gatxak osatuteko; aror zelango prezioa bear izan dan zure zorrak kitu ta pagetako. Erdue, erdue, Adanen Semeak, kurutze onen oñetara, baita ikusi egizue zer egin dozuen zeuen pekatuakaz. Gatxezko uriolez eztaldu zenduan mundua, eta uriola oneek kenduko bazirean, Jaungoiko bat ondatu bear izan da neke, pena eta tormentuzko uriola garratzetan, zeintzuk sartu yakozan arimagiño. Zuek arrotu eta puzturik Jaungoikoaren kontra, eta arrokeria au kenduko bazan, Jaungoikoa bera humildu bear izan da eriotzagiño, eta kurutzeko eriotzagiño. Egin zinduezan Jaungoikoak bere seme, eta zuek iges eginik Jaungoikoaganik, egin ziñeen Demoniñoaren agindupeko; urtengo bazenduen bada, ugazaba gogor onen azpitik, eta biurtuko baziñeen Jaungoiaren seme izaitera, Jaungoikoa egin bear izan da gizonaren seme, eta igon bear izan dau kurutze orretara, ortxe urratu, eta yosteko Demoniñoak zuen kontra eukan eskriturea. Begira kurutze orretara, ortxe ortxe ezagutuko dozue nogiño elduten dan pekatuaren anditasuna.

        7. Orretan bere, Ne.K.k., ezta ezetan bere obeto ezagututen pekatuaren ikaragarrizko gogortasuna Jaungoiko baten eriotzan baxen. Andiak dira pekatuak munduari ekarri deutsazan kalteak. Urioleak luur guztia estaldu badabe, eta zortzi gizonez besteak ito badira, yausi bada zerutik sua eta erre badituz uri osoak, gerreak erri, Probinzia eta Erreinu zabalak ermu ixil biurtu badituz neke lan, atsakabe, naibage, sotin, zizpuru, premiña, ta larritasunez inguraturik badagoz, pekatuak ekarri dituz gatx guzti oneek. Baia, au guzti au zer da Jaungoiko baten eriotzearen aldean? Ezta au pekaturik eukelako, ez pekataria zalako, ezpabere pekatu antzeko aragiz yanzirik egoalako. Auxe bakarrik asko izan zan bere Aitaren aserrakuntza guztia bere ganean yausteko, eta bere areriorik gogorrena bailitzana legez kurutze orretan dakutsuen moduan ifinteko. Begira, gizona, zelangoak direan pekatuak egin deutsuzan zauriak, ze osatu bazirean J.K°. zauritu bear izan da, diño S. Bernardo-k. Goia-artu eutsan J.K.°k pekatuari; baia pekatuak berak bere goia-artu eutsan zelan-alan J.K°.ri. Il eban J.K°.k pekatua; baia pekatuak berak bere il eban Jaungoikoa. Arerio eskergea Jaungoikoa pekatuarentzat, baia arerio eskergea pekatua bera Jaungoikoarentzat. Arerio bi onen artean yazo zan arkal ikusi ezin direan gizon biren artean yazo leitekeana. Urteiten daudee peleetan, eta biak geratuten dira ilik, batak besteari emon deutsan golpe ta zauriakaz. Goiartute karua benetan, bada irabazteko bota bear dau zanetako odol guztia, eta galdu bizitzea eriotzarik lotsagarrienagaz.

        8. Zer izango zan gugaz, J.s laztana zeu gure bitarteko zure Aitagaz izan ezik? Guztiok uts egin genduan ardi galdu, deslai dabiltzezanak legez, guztiok sartu ginean gure bide okerretatik. Galdu gintzan guztiok, eta ez egoan iñondik bere gu aurkitu giñaikezanik. Zuk, o Arzain arduratsua, urten zenduan Aitaganik gure billa, eta aurkitu ginduzuzan; baia zelangoak gengozan? Sarna atsitu bategaz usteldurik, zauri ikaragarrizkoz beterik, zorren pisu andiagaz zapaldurik eta infernuko otso amurrutuaren erpe ta agin artean. Guztiz errukiturik gu ain negargarri ikusiagaz, artu ginduzuzan zure lepoan, eta orra non erantzi geuntzuzan gere sarna, geure eskabi, eta geure gatx guztiak. Bai, Jauna, gu osatutarren zugan artu duzuz gure gatx, eta gure ala ta miñak. Ain modutan bete dogu gure sarna atsitu, eta eskabi ustelez ze, eztau agiri arpegia bere, eta alan ezin ezagutu leike. Baia, Js. laztana, zer dira zeure esku, oiñ bular eta gorputz guztian dakusdazan zauri orreek? Zer da zeure buruan dakusdan koroe burlazko ori? Etzara zeu, Jauna, Aita betikoaren Seme maite, zeinegan daukan iminirik atsegin guztia? Zelan bada yausi da bere aserre guztia zure ganean? Etzara zeu arako Jaun andi noen aurrean bildurren bildurrez ikara dagozan zeru-lurreko guztiak eta nor adoretan daben ainbat milla millinoe Aingeruk belauniko yarri eta auspaz lurregiño makurturik? Nondik nora bada dagoz madarikatu eginik urkamendi orretan eskegirik, narrugorrian billosik guztien burla ta barregarri? Etzara zeu arako Jaungoiko benetakoa, nogan bizi garean, gabiltzan, eta izaitea daukagun? Nondik nora bada zagoz arnasa bagarik, odol bagarik, gizonaren antzik bere bagarik, guztiori mallatu, puskatu, eta birrindurik? Madarikatua izan deila nire pekatua, ze bera da zure borregu kruela. Alantxe bear geunke gere miñ eta egikerakaz: baia gagoz emetik, bada yakin arren zer kosta zan gu pekatupetik ateratea, lotsabagatasun andienagaz biurtuten gara pekatupeera; auxe da nire

 

 

Bigarren zatia

 

        9. J.K°.k atera egin ginduzan bere odolagaz Demoniñoaren agindupeetik, baita igaro egin ginduzan bere Erreinura, diño S. Paulo Apk. Onetarako igon eban kurutze orretara, itxi eban yosirik kurutzean, eta kendurik geure arerioak euken guztia, irabazi eban eurak ganik goitute edo bitoria, eta triunfo miragarri bat, dino Ap.k berak. Kurutze orretan il egin eban eriotzea, erbestetu ta kanpora bota egin eban pekatua, zapaldu eban Infernua, idigi Zerua, eta leen Jaungoikoaren arerio gineanak, ez bakarrik egin ginduzan bere adiskide, baita bere seme, eta bere ondasun guztien yaubegei edo herederu. Orra ze mesede arrigarriak egin euskuzan J.K°.k bere eriotzeagaz. Baia, o gizonaren itsumendi negargarria! O pekatariaren astuntasun bildurgarria! Ez bakarrik ez deutsaz emon gura Jaunari eskerrak egin deutsazan on pare bako oneek gaitik, ez bakarrik ez dituz gomuta, ezpabere ilundu gura dau J.K°.ren goi-artute edo bitoria andia, barriro biztuten dituzala Js. maiteak il eta zapaldu egin zituzan arerioak.

        10. Bai pekatari sensun bagea, auxe da pekatu bakotzean egiten dozuna: J.K°.k galduten dau bizitzea pekatua iltarren, eta zuk biztuten dozu pekatua zure arimearen eriotzeagaz. J.K°.k kenduten deutso Demoniñoari zure ganean eukan nagusitasuna eta eskuikunea, eta egiten zara barriro bere aginduko ta bere eskupeko. J.K°.k kenduten deutso Demoniñoari zure kontra eukan eskriturea, borretan dau, urratuten dau; eta yosten dau kurutze orretan, eta zuk egiten dozu eskritura barria Demoniñoagaz, zeinen bitartez ezagututen dozu zeure ugazaba ta nagusitzat. J.K°.k botetan dau bere sanetako odol guztia, egiten dau osasungei, edo medizina zerukoa, garbituten dituz beragaz zure loikeria atsituak, osatuten dituz zure zauri guztiak; eta kenduten deutsuz gatx ta geixo guztiak, eta zuk kenduten dozu zuganik Jaungoikoaren odolezko osasungei au; ezarten dozu luurrera, eta zapalduten dozu, loituten dozu arimea; idigiten dozuz leengo zauriak baxen andiagoak, eta betetan zara leengo gatxa baxen andiagoagaz. J.K°.k madarikatu eginik kurutze orretan galduten dau bere bizitzea zu zorioneko egitarren, eta zuk naiago dozu madarikatu izan bedeinkatu baño. J.K°.k emoten dau daukan guztia, ezteutso parkatuten bere odol, eta bere bizitzeari zure arimea erostarren, eta zuk guraari zitel bategaitik ondasun apur bategaitik zabalduten deutsazu Demoniñoari Jaungoiko baten odola, eta eriotzea balio daben arima ori.

        11. Js. ona, zeuk esan zenduan kurutze orretara igon zengianean kanpora botako zenduala Demoniñoa; eta gauza guztiak eroango zenduzala zugana; baia pekatari itsu eta astunak guzurtadu gura zaituz, ez leuke gura bete edo egin dedin zure esana, bada bere biotzean emoten deutso bizilekua Demoniñoari eztagian euki zer urten kanpora. Eztau gura kurutze orretan zugana eroan daizuzan gauza guztiak, esan zenduana legez, bada ikusi ez dedin egia au, ezteutsu emon gura bere biotza, galazo gura dituz zure alegin guztiak; guraago deutso Demoniñoari emon zeuri baño; guraago dau bere arerioaren sar leku eginik euki, zure baño; geiagotan dauko guraari apur zitel bat zeuk zeure eriotzeagaz irabazi zeuntsan betiko gloria baño. Zuk esan zenduan Moises-ek ermuan sugea eregi ebana legez, alantxe konbeni zala zeu kurutze altu orretan egotea, zeu ikusten zinduzanik galdu ez dedin, eta bai guztiak euki egien betiko bizitzea; baia pekatari gogorrak ezteutsu zeuri begiratu bere egin gura, bere begiak zarratuten dituz zeu ez ikustarren. Naiago dau Infernuko suge madarikatuak pekatuaren beneno gogorragaz il dagian, kurutze orretara zeugana elduagaz betiko bizitzea euki baño. Zorakeria sinis-ezgarria benetan gizonarena! Astutasun bildurgarria!

        12. Kristiñaua, non da zure fedea? Non da zure arrazoia? Non da gitxienez zure sensuna? Jaungoiko bat daukazu begien aurrean kurutze orretan yosirik, azotadurik, zauriturik, odolozturik eta ilik; ta, orregaitik bere geiagotan eukiko dozu Demoniñoak iskintzen deutsun guraari apur bat, Jaun orrek irabazi deutsuzan zeruko ondasun ugariak baxen? Benetan diñot eztaukazu federik, ez errazoerik, ez sensunik. Ba'kizu zer deritxadan yazoten dala Jaun orregaz eta zugaz pekatu egiten dozun bakotxean? Ara obeto ezagutu dagizun zure pekatuaren anditasun ikaragarria. Deritxat, bada, zakusdazala Jaun orren eta Demoniñoaren artean. Biok egiten daudee alegina zu erosteko. Alde batetik Jaun orrek bere besoak zabalik dei egiten deutsu kurutze orretarik, eta beragana eroateko ifinten deutsu begien aurrean zer egin daben zugaitik. Begira kurutze onetara, dirautsu, eta ikusiko dozu nogiño eldu dan nire zuganako amodio eta ongureak. Ain modutan galdu zinean ze, ez egoan nok atera zengizan estadurik negargarrienetik neu zure erruki izan ezpanintz. Zu pekatupeerik aterateko eneban biraldu Aingeruren bat, ez serafinen bat, ez Kerubinen bat; neu izanik guztien Jaun, Jaungoiko eta Yaube yatsi nintzan zerutik luurrera, eta egin neban oraindio gurasorik maiteenak egin eztabena semegaitik. Zugaitik yaio nintzan abel-etsetxu pobre baten, zugaitik bizi izan naz ogeta amairu urtean neke pena, gose egarri, otz, bero, izerdi ta pobreza artean. Zugaitik artu ditudaz bost milla azote ta geiago; zugaitik zulatu deust neure burua arantzazko koroe ikaragarri batek; zugaitik geratu neure gorputza zauri andi bat eginik burutik beatzera, zugaitik igon neban kurutze gogor lotsaari ta iltsaltsu batera; zugaitik emon neban neure zanetako odol guztia, eta zugaitik galdu neban bizitzea eriotzarik ikaragarrienagaz. Nai badituzuz egia onen testiguak irakorri egizuz begiak kurutze onetara, eta ikusiko dituzuz. Testigu dira nire gorputz au estalduten dituezan zauriak. Testigu nire buruan dakutsun koroe au; testigu yosirik nauken untze oneek; testigu nire gorputz zatitu, banatu, odoloztu eta birrindu au; eta testigu kurutze au non nagoan esegi eta ilik, lapur gesto eta madarikatu bat legez. Zer geiago egin neunkean zugaitik eta eneban egin? Eta, au guzti au ezta asko zure biotz ori irabazteko? Ezta asko izango zu esker oneko egiteko? Zu nigana ekarteko? Bada ezpazara nigana etorri gura esker oneko, erdu gitxienez beti betiko zorioneko izatarren. Neure eriotzeagaz idigi deutsudaz zuk zure pekatuagaz zarratu zenduzan zeruko ateak, aintxe daukadaz zuretzat gorderik, ez begiak ikusi, ez belarriak enzun, ez gogotara eldu al leitekezan neurri bagako pozak, azken bagako atseginak, eta kabu bagako gloria. Erdu bada nigana Jaungoikoaren seme izaitera, zeruko Prinzipe, eta ondasunen yaube.

        13. Beste aldetik deiegiten deutsu Demoniñoak, egiten dituz aleginak beragana eroateko. Ezin esan leikezu mesederik egin deutsula, bada beti egin deutsu al dagian gatx guztia; baia eskintzen deutsuz beragana bazoaz guraari ziteltxu bat, ondasun bertatiko bat, diru apur bat, eta gerizea baxen eztirean gustu amesak; eriotza zori galduko bat, infernu ikaragarri bat, su bildurgarri beti betiko erretan egongo dan bat, tormentu, ala, neke kabubaga, azken baga iraungo daben batzuk, eta atsakabe, naibage, desesperazino eta gatx guztiz beteriko eternidade madarikatu bat. Orain bada, noren aleginak izango dira altsu edo poderosoagoak zure biotza irabazteko ainbeste mesede egin deutsuzan Jaungoiko orrenak, edo al daian gatx guztia egin deutsun Demoniñoarenak? Noen deiak enzun gurago dozuz zeure egille, zeure Jaungoiko, zeure ongille, eta zeure erredentzaile orrenak, ala zeure areriorik gogor eta kruelenak? Nor eukiko dozu geiagotan J.K.° ala Demoniñoa? Nogana yoango zara? Nok esango ez leuke Jaun onen lenengo deira etorriko zareala itxirik zeure arerioa, bere asmu guztiakaz. Baia o pekatari itsuaren zoramendia! Botetan dozu zeugandik Jaunaren legea; eranzuten deutsazu Jaunari: eztot zure serbitzaille izan gura. Lotsabagatasun ikaragarriagaz emoiten deutsazu atzea Jaun orreri, eta zoaz arin aringa zeure burua Demoniñoaren eskuetan ifintera, ezagututen dozu bera zure Ugazabatzat, eta egiten zara bere aginduko. Ukatu zinaike auxe egiten dozula pekatu bakotxean? Ori ezin ziñai, ze Jaungoikoak berak diño ze, pekatariak pekatu egiten dabenean, atsea emoten deutsala, beraganik iñes egiteko. J.K°.k berak diño ze, pekatu egiten dabena pekatu eta Demoniñoaren eskupeko egiten dala.

        14. Auxe da pekatari zoro, eta sensun bakoa Jaun oneri zor deutsazuna egin deutsuzan mesedeak gaitik, euki deutsun amodioagaitik, eta zugaz artu daben ardurea gaitik? Ezta zure Aita maite ezerbere ezetatik egin zenduzana, zaindu ta yagon zaituzana?. Gomuta egizuz arako antxinako egunak, eta ikusiko dozu zelan aurkitu zenduzan pekatuaren basamortu itsaltsu, eta bildurgarrian, eriotzara kondenadurik, euki bagarik nok atera zengizan, abere edo animalia uzuen atzamarretatik. Berak euki eban zure erruki, eta eginik zure arzain artu zenduzan lepoan, eta eroan zenduzan bere Aitaren etsera. Zuri mesede au egitarren artu dituz bere ganean zure gatx guztiak, eta eurak gaitik geratu da kurutze orretan dakutsun moduan eta alanbere ezta au guztiau asko izan zu esker oneko egiteko zeure ongilleaganako, bada itxi zenduan egin zinduzan Jaungoikoa. Aiztu egin zenduan zure Jaun egillea yausi egin zinean Demoniñoagan. Euki zinaike gitxiagotan Jaungoiko baten eriotzea; egin zinaio desprezio andiagorik zeure Jaungoiko eta ongilleari? Ai Ne.K.a, zure esker deunga onexek emoiten deutsa Jaun orreri nekerik andiena. Eztabe ainbeste nekatuten zauri orreek, ultze orreek, koroe orrek, eta kurutze orrek, zein da zure itsumendi, eta beraganako gogortasunak; onexek deadar erazoten deutso kurutze orretarik. Nos artean izango zara nire arerio? Nos artean ibiliko zara niganik igesi? Nos artean nai dozu itxaron daizudan?. Nox artean euki gura nozu kurutze onetan? Ezta nox edo nox denporea nigana biurtuteko, eta neure pasiño, odol eta eriotzeagaz erosi neban arima ori biurtuteko? Erdu, erdu zeure Aitagana seme galdua, biurtu egin zaitez Ama batek baxen laztanago zaituzan Jaungoikoagana, eta niganik geiago iñes egin ze dagizun, sartu nagizu zeure biotzean. Kristiñaua, etzaitez gor izan Jaun onen deietara, bada zure biotzean sartu gura badau, ezta zure bear dalako, ezpada zu zeruko ondasunez betetako; emon egiozu atsegin au zeure biotzean, eta egin zadiz Jaunaren gorputzaren yaube. Erdue bada, erdue pekatari guztiok, igon egizue Jaunaren mendira ikustera ze ikaragarria dan pekatuaren gogortasuna, eta zer bear izan dan bere gatxak mundutik kenduteko; baia eldu gaitezan arako kurutzearen oñean dagoan Jaungoikoaren Amaren bitartez.

        15. O Ama, neke, pena, atsakaba, eta naibagez betea, ba'kigu geuk zauritu doguna zure biotza, geuk geure pekatuakaz bizitzea kendurik zeure erraietako Semeari, eta eztoguna orregaitik merezi zeure seme izaitea; baia dakigu beste aldetik zeu emon deuskuna gure Amatzat; onexek emoten deusku zeugan konfianza andi bat, bada pekatari andiak izan bagara bere, daukagu zeure Semeari biotza emoteko guraari andi bat, baia leenago nai geunke ondo garbitu geure pekatuak, damu benetako bategaz, izan dedin obia edo sepultura barri bat non atsegin artu dagian zure Semearen gorputz orrek. Alantxe izango da gure bitarteko bazara. Betor gure barrura, bada, Jaungoiko eta gizon egiazko ori, berorregaz etorri dakigun on guztia. Jaunaren serbitzalleak igon egizue kurutzeko arbola orretara, eta eretzi egizue or dagoan frutu bedeinkatu ori, zeinek kendu dauen mundutik, Adan antxinakoak arbola bateko frutuagaz ekarri euskuzan gatxak.

 

Errotulua

        Kendu egizue kurutze orren goian dagoan ol ori non dagoan eskribidurik kurutze orretan ilik dagoan ori dala Judugen Errege. Eroan egiozue bere amari. Ezteutso asko eretxi zeure Semeari, kurutzetik esanari euki gagizuzala zure semetzat, ta guri artu zaiguzala geure amatzat, nai bere dau izan zaitezan munduko Erregina, zaindu gaizuzan gere arerio gogorrak ganik. Artu egizu, Anrea, Zeruetako Erregeak emoten deutsun ofizioa, ta ezagutu gagizuz zeure serbitzalletzat; bada izanik gure agintari eta gordetzalle, eztaukagu iñoen bildurrik.

 

Aranzazko Koroia

        16. Kendu egizue, gizon errukiorrak, Jaunaren burutik ikaragarrizko koroe ori, eta erakutsi egiguzue guztioi, ezagutu dagigun gure pekatuen anditasuna. Orra ze frutu emon daben, pekataria zure biotzeko mastuiak. Jaun orrek landaratu, atxurtu, garbitu, eta yagon eban ardura txitozko bategaz, eta uste ebanean santidade ta birtute mats gozoak emongo zituzala, etzenduan ekarri sasi eta aranzea baño, zeinekaz zulatu dozun Jgko orren burua. Eroan egiozu Erregiña penaz beteriko orreri, ezagutu dagian koroe orretan, ze andiak direan gure gatxak. Ar-or, geure Ama ona, ze esker moduak emon deutsagun zeure semeari, egin deuskuzan mesedeak gaitik; baia ezagututen dogu, geure Ama ona, geure itsumendia, eta atera gura doguz sustraitik pekatuaren arantza guztiak euren orde emon dagian gure biotzeko lurrak Santidadeko frutu gozoa.

 

Ulzeak

        Urten begi Jaun altsu edo poderoso orren eskoia yosirik euki dauen untze gogor ori, yatzirik guganuntz artu dagiguzan bertan dagozan bendiziño ugariak, merezidu daigun alde orretatik egotea ardi bedeinkatuak legez mundu juzgetara datorrenean, enzun daigun bere bendiziño gozoa. Urten begi ezkerretiko orrek bere, artu daiguzan esku orretan daukazan zeruko ondasun ugariak, eurakaz aberazturik, pagadu daiguzan pekatuagaz artu doguzan zorrak, kendurik geure ganetik euren pisua, eregi al daigun burua, bere azpitik ifinirik Jaun orrek ezkerra, emon daigun beti laztana. Atera egizue ainbeste pausu eder egin dituezan oñ orreek yosirik daukazan untze gogor ori. Untze gogor ta indartsua benetan, bada eldu da yosirik eukitera, arako mundu guztia aulkitzat daukezan oñak, arako Demoniño, eriotza ta infernua zapaldu dituezanak. Eroan egizuz bere amagana. Orra, Anrea, zelango burdinagaz yosi dauen gure pekatuak zure Semea. Guk egin doguz il-ultze orreek, geuk zulatu doguz eurokaz zure Semearen esku ta oñak, eta geuk eurakaz yosi dogu kurutze baten. Ondo ezaguturik daukagu egia au, eta alan gura geunke untze orreek yosi daiezan gure eskuak, gauza deungara zabaldu eztaiguzan geure oñak, bide okerretatik ibili ez gaitezan, eta geure aragiak, Jaunaren bildur santu bat euki daigun.

 

Gorputza erestea

        17. Betor kurutze orretarik gugana orrako Adan barri ori, kendu dagian guganik Adan zarraren irudia, ta barriztadu dagian paradisuan galdu zana. Betor betor gorputz birrindu ori, ze ain zatitu, ain ezainik badago bere; gizon antzik ezpadauko bere, ortxe dago Jgkotasuna bere ondasun guztiakaz gu aberaztuteko. Eroan egioezu bere amari. Fera pessima devoravit (filium). Ai ene penea! diño zispuru artean Erregiña triste onek; pekatuaren abere uzuak il dau nire semea, berak lotu dau soka eta katea sendoakaz; berak zatitu, zauritu, eta odol ustu dau. Baia, ene Semea! Ze gatx egin deutsezu gizonai modu orretan imini zengiezan? Ostu dozuz ondasunen batzuk, il dozuz gizonen batzuk, edo egin dozuz beste kalte andiren batzuk? Ez, ene Semea, ezin daitekean gauzea da, zuk onelango gauzarik egitea. Zegaiti zakusdaz, bada, gizonik gestoena baño gogorrago kastigadurik? Badakit, Seme laztana, gizonak ganako amodioak egin dauela au guztiau zugan, eta guztiau bear izan dala urtengo beeban pekatupeetik. Baia, ai zelango penazko itxaso mingotzean ondatu dozu zure ama au! Ai ene Semea!

 

Yenteari erakustea

        Kendu egiozue aurretik Birjina orreri bere Semearen gorputza eta erakutsi egiozue gizonari. Ara pekataria sensun bagea, zer egin dozun Jgko bategaz. Zu, zu izan zara modu orretan ifini dozun borregu kruela. Zuk zatitu deutsazuz bere aragiak; zuk zulatu deutsazuz esku eta oñak; zuk yosi dozu kurutzean; zuk bota eraso deutsazu bere zanetako odol guztia. Eta oraindino bere beste ainbeste egiteko gogoaz zagoz? Iratzartu zaitez nos edo nos pekatuaren lo zorrotik, eta ikusi egizu noraiño eldu dan zure gogortasuna, ta arritu ta bildurturik ezaukera onegaz esan egiozu zeure biotz guztitik. Ne.J.K°. Jauna.

 

aurrekoa hurrengoa