www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

6. PURGATORIOKO ARIMEEN
GANEKO BIGARREN SERMOIA

 

(B, 181-185. or.)

 

Dum tempus habemus operemur bonum
ad omnes, maxime autem ad domesticos fidei.
Galat. c.6.v.10

 

        1. Bakotxak mundu onetan ereiten dabena artuko dau bestean, dirautse S. Paulo Apk. Galazia-tarrai, aragiaren guraari zitalak ereiten dituzanak aragiaren usteltasuna artuko dau: baia egikera edo obra onen azia ereiten dabenak betiko bizitzearen frutu gozoa batuko dau. Ez gaitezan alperrak izan bear on onetan, bada bere denporan artuko dogu saria. Ea bada, denporea, edo astia daukagun artean egin deiegun on guztia gizonai. Ergo dum tempus habemus operemur bonum ad omnes eta guztiz bere geugaz fede edo siniskera bat daukenai. Maxime autem ad domesticos fidei. Berba oneetan irakazten deusku Apostoluak, bizitza onek dirauan artean batu bear doguzala arimako ondasunak, eta irabazteko modurik onena dala guztiakaz karidadea eukitea, eta zeinbat eta neketsu, geixo eta pobreago dan bat, ainbat eta geiago merezietan dala onelangoai egiten yakan mesedeagaz. Irudi bategaz adierazo gura deusku. Gorputzeko alde guztiak, diño, daukee bata besteen ardura andi bat, eta oneetatik bat gexotuten bada, guztiak nekatuten dira, eta zeinbat eta min andiagoa daukan, ainbat eta neke geiago artuten dabe besteak. Auxe berau egin bear dogu bada guk bere. Kristiñau guztiok gara gorputz bat, buru bat daukagu bakarrik zein dan Jesukristo, guztiok gara bata besteen parte edo alde, eta orregaitik euki bear dogu batak besteen ardura. Zeinbat eta andiagoak direan euren min eta nekeak, ainbat eta erruki geiago euki bear deutseegu, eta alegin geiago egin bear dogu gatx onen erremedietako. Orain bada, En. Kk., ze gorputz onen alde edo partek dauko min, neke eta ala andiagorik Purgatorioko arimaak baño, eta orregaitik nok eurak baño erruki geiago emon bear deuskue? Eta ze modutan arimako ondasunak obeto irabazi ginaikez, euren onerako al daigun on guztia eginagaz baxen?

        2. Ez gaitezan bada gogorrak izan arima nekez aseriko areekaz, ezteiguzan zarratu geure belarriak euren deiai. Astia daukagun artean egin daigun al dogun on guztia geugaz fede bat daukeen arima oneekaz, aurkitu daigun gero eriotza ostean: bada orduan ezta merezietako denporea izango, ezpada ondo edo deungaro eginen saria artuteko, eta Apostoluak diñoana legez, ezin orduan erein leiteke, eta alan emetik ezpadaroagu, goseak ilik egongo gara. Ez daigun uste emen geraten direanak bialduko deuskuezala an bear doguna, geuk orain an dagozanak gaitik ezer egin gura ezpadogu, ze Abdiak Igarla edo Profeteak diñoandi, zeuk besteak trateetan dozuzan moduan, trataduko zaituez zeu bere. Gogorra bazara eurakaz, gogorrak izango dira zugaz zeure semeak, aideak, eta adiskideak. Alperrik itxiko dozuz ondasun andiak, alperrik aginduko dozu zure azkenengo orduan atera deizuezala mezaak eta beste Elexa santeak ifinirik daukazan oraziñoak. Alperrik erregutuko deutseezu seme, oñordeko eta adiskideai gomuta zaiezala, alegin guzti oneek ezteutsue arean balioko. Auxe da, Ne. Ea. Mk., zeuen begien aurrean imini gura neuskezuena gaurko gox onetan biztu zaitezan al daizuen guztia egitera arimeen onerako. Eta alan esango deutsuet lenengo bizi zareen artean obra onak egin bear dozuezala, itxi bagarik bestek egin dagizan zuek gaitik il ezkero. Esango deutsuet gero egikera edo obra onen artean geien balioko deutsuena dala Purgatorioko arimaak gaitik egitea.

        3. Fedeko artikulua da Purgatorioa dagoana: zein dan leku bat non dagozan arimak garbituten mundu onetatik eroan zituezan orban edo mantxaak eta pekatuen bitartez egin zituezan zorrak (kitututen), bada ezin sartu leiteke zeruan txito garbi eztagoan gauzarik, eta orregaitik mundu onetatik orbandurik, ta loiturik urteiten daben arimea, aintxe garbitu bear da, zeruan sartuko bada. Guztiz dira gogor eta ikaragarriak, an iragoten direan min eta tormentuak. Dira, barriz, modu bitakoak. Batari deritxo kaltezkoa. Besteari sensun edo sentiduzkoa. Kaltezkoa edo dañuzkoa da zeru, eta Jaungoikoaren arpegirik erbestetu edo desterradurik egonak emoten deutseen nekea. Dakie zeruko gozotasuna eta atseginak ain direala zoragarri eta andiak ze, eztala euren gerizea bere begik ikusi, belaarrik enzun, ez gogok gura al leikean guztiak, eta mundu onetan bizi zirean artean ardura puska bat geiago euki baleude poz areen artean aurkituko zireala, eta onexek neke mingotzez betetan dituz. Sensun edo sentiduzko pena eta nekea da ango su, iluntasun eta tormentuak emoten deutsena. Arima oneek ezpadagoz bere mundu onetan, Elexa santearen parte edo alde dira eta alan dauke gugaz Santuen komuniñoa. Orregaitik lagundu giñaioe ikaragarrizko su areetatik urteiteko orazino, meza, limosna, barau, nekegarri eta beste edozeinbere egikera edo obra onakaz. Onexek dira, Ne.Kk., Purgatorioko arimak gaitik egin bear doguzan gauzaak, eta ez arrokeria edo soberbia zoroak aurkitu dituzanak. Zer balio deutsa zure senar, emazte, seme edo gurasoen arimeari egun luzeetan negar ta uluetan egoteak adietan emoiteko auzo eta adiskideai sentimentu andi bat artu dozula? Eta benturaz benturaz au kanpotikoa baxen ezta izango, barruan poz andi bat daukazula bere ondasunen yaube itxi zaituzalako, edo nai dozuna egiteko eskuikunean geratu zarealako. Zer balioko deutso arimeari yan-edanak, eta ameneko ordituteak? Ondo da obia, edo sepulturearen ardura eukitea; ondo da senide eta adiskideai entierrurako dei egitea, baia au izan bear da ila gaitik Jaungoikoari erregututeko eta ez esan daien: a ze entierru ta illeta ederra euki daben, zeinbat yente etorri dan! Gauza guzti oneek bizien poza dira, ez ilen atsegina, diño S. Agustin-ek. Orregaitik ezta gastu oneetan ifini bear ilen onra ta atsegina, ezpabere leku atatik ainbat lasterren aterateko dituezanetan. Onexek egin bear doguz ainbat lasterren yoan deitezan Jaungoikoa arpegiz arpegi ikustera. Eskatu deiogun jaunari mesede auxe bitartekotzat ifinten dogula bere Ama Santea, dirautsagula Aingeruagaz batera: Abe Maria.

 

 

Lenengo zatia

 

        4. Gatx eta zorakeria andi bat ikusi dot mundu onetan ziñoan Salomon yakintsuak, eta sarri yazo oi da. Aurkituten dira gizon batzuk zeintzuei emon deutseezan Jaungoikoak hazienda zabalak, eta ondasun ugariak, eta orregaitik bere ezta eurakaz balio gura, eta daukaz gorderik, eta il deinean beste batek heredaduten dituz, eta nai daben moduan gastetan dituz. Au erakeria andia, eta miseria andia da. Berba oneetan adierazo gura deuskuz Salomon-ek, diño S. Jeronimo-k, arako gizon aberatz ondasun, eta diruz beteak, zeintzuk eukirik zegaz arimako ondasunak irabazi, eztabeen gura euren seme eta oñordekoak aberatz istearren, uste dabeela oneek esker oneko izango direala, eztituezala aztuko eta al dagien guztia egingo dabeela Purgatorioan badago ainbat lasterren andik aterateko. Baia guztiz dagoz engañadurik, eta bete betean uts egiten dabe, ze Salomonek diñoana legez, billosik etorri zana legez mundu onetara, billosik urtengo dau emetik. Sartuko dabe obia edo sepulturako ilunpean, eta egun gitxi barru eztau iñok gomuta izango. Arako bere Seme, arako bere oñordeko, nortzuk ondo itxitarren ez eban limosna bat emon gura izaiten, nortzuk aberaztuterren arrastaka bizi izan zan, egikera eta obra on asko itxiten zituzala lenen lenen aztuko dabee, eta ez bakarrik eztabe ezer egingo beragaitik, baia eztituez bete edo konplidu gurako bere testamentuan agindu dituzan meza, funziñoe, eta beste memoriak. Egia au ezagututeko, eztaukaguz begiak idigi baño. Egunean egunean dantzuguz esaten oñordeko edo herederuak ezteutsala ezer itxi, beste obligaziño gitxiago deutsanari geiago emon deutsala, geiago balio dabeela ifini deutsazan kargaak, toke yakon herenzia baño, eta guztiak pagetarakoan, ez bakarrik ez yakala ezer geratuko, baia kalte andiak etorriko yakazala, bada bere dirutik ifini bearko dabela herenziari falta yakona. Atxakia oneekaz eztira atera gura ilak euren testamentuetan eginiko agindu edo mandaak, eta aizturik itxiten dira anaie, guraso, eta adiskiderik andienen arimaak.

        5. Eta deritxazu oneek baxen esker obekoak izango direala zure seme, alaba, eta ganeko oñordekoak, edo obeto sarieztatuko deutsuezala eurak aberaztuteko emoiten dozuzan izerdi, iragoten dozuzan neke, eta artuten dozuzan arazuak? Uste dozu orain esan arren etzaituzala iños aztuko, beti beti Jaunari erregutuko deutsala zugaitik; gordeko deutsula berba au? Eztakit, Kk. Baia ara zer diñoan Espiritu Santuak. Askok ta askok gura dabena artu artean opetzi eta promesa andiakaz mun egiten deutse eskuan emongo dabenari, eta humiltasun guztizko bategaz esaten dabee guztiz sendo, esker oneko izango direala euren ongilleagaz; barriz, eldu deinean imini yakan egin-bearra edo obligaziñoa, pagetako epea al daien guztia luzatuteko. In tempore redditionis postulabit tempus. Estutu gura badabe pagadu dagian arimai zor deutsena, berba astunak eranzungo eta murmuraduko dau. Loquetur verba taedii, et murmurationum. Badauko zegaz atera testamentuan itxi zirean agindu edo mandaak, eranzungo dau eztaukala obligaziñorik, eta ifiniko dau auzi bat ez pagetearren. Si potuerit reddere adversabitur. Eta zerbait pagetan badau ozta izango da erdia, Solidi vix reddet dimidium. Pagadu ezin badau, orduan bai biraoak, maldiziñoak eta aserreak obligaziñoia ifini eutsenen kontra. Sin autem convitia et maledicta reddet illi. Izan bedi andi eta zabala itxi deutsan aziendea, eta txito txikia obligaziñoea, bada orregaitio esango dau andiagoa dala daukan kargea, eta alan egin deutsan mesedeen orde, sarri berba gogorrak egingo dituz bere ongillearen kontra. Pro beneficio reddet illi contumeliam.

        6. Baia Jaungoikoak berak esango ezpeleusku bere au, ez geunke geure begiakaz dakuskuna baño besterik bear, ezagututeko ze egia andia dan. Sarri eta sarri dakusgu herederuak aaztuten euren ongilleagaz. Al daiezan asmuen billa atzean dabiltz testamentuan imini eutseezan obligaziño egin bearrak ez pagetako, eta norbaitek estutu gura badituz bear dabeenera, leenago auzi gogor eta luze bateri yarraituko deutse zor au pagadu baño. Zeinbat onelango auzi ikusten dira mundu zabalean! gozetan dira errenta andiak, baia ezta lauziri emon gura ondasun oneek itxi zituezanak gaitik. Eta yakinik egunean egunean au yazoten dala, bizi gura zara nekepean, beti arrastaka atsegin bagarik Jaungoikoa ozta ozta gomuta dozula, zeure arimea aazturik, ondasunak seme eta oñordekoentzat oneek esker oneko izango direanen usteagaz? Etzaitez zoroa izan, artu egizu Jeremias-en itundute edo konseillua. Kontu bakotxak bere proximuagaz, diño, ez beiteke fiadu bere adiskiderik urkoenetan bere, ze seme eta adiskiderik andiena, oker eta tranpaz ibiliko da. Esan egizu Salomon-egaz, zetako ainbeste adikatuten nas mundu onetako ondasunak gaitik? Zetako engañetan dot neure arimea ondo ifinterren, eta aberatz itxiterren, neure seme eta oñekoak, yakin bagarik zelangoak urtengo daben, eroak ala yakintsuak, esker oneko edo deungakoak? Pensamentu onegaz itxi egizu seme eta aideai deutseezun amodio larregi eta zoro ori, zeiñek aiztu eragite deutsun ardurarik bearrena, zein dan arimako ondasunak batzaindutea. Ara zer dirauskun Espiritu Santuak: Bizitzeak dirauan artean egizu arimeagaitik al daizun guztia, ze beste munduko iluntasunean bearrik ezin egin leiteke, ezta aurkituten yakituriarik, ez yanaririk, ez egikera edo obra onik egiterik.

        7. Baia emon daigun, Ka, zure seme, alaba, senide eta oñordekoak, nortzuk aberatz isten dozuezan esker oneko izango direala, ezagutuko dituezala zugandik artu dituezan mesedeak, eta aterako dituezala mezaak zure arimeagaitik, irabaziko dituezala induljenzia edo parkamenak, errezaduko dituezala errosario eta estazinoak eta egingo dabeela al daiena zure onerako. Baia orain zeuk an dagozan arimaak gaitik ezer egin gura ezpadozu, deritxazu orduan balioko deutsuela? Ai, Ne. Ea Mk., bildur izan zinatekez zein arako Jaungoiko artezak zuei kendu eta emon deioen arako zuek baxen ardura andiago bat arimaak gaitik erregututeko euki dabeenai. Askogaz au yazo dala dirauskue Elexako Irakurlari edo Doktoreak. S. Agustin-ek (diño) zelan merezi mundu onetan, alantxe balioko deuskuela bestean gugaitik egingo direan oraziñoak. Gura dozu bada balio daizuen il ezkero zugaitik egingo direan eskaari, meza, oraziño, eta beste egikera edo obrak? Egizu bada orain an dagozanakgaitik al daizun guztia, bada zelan egin eurakgaitik, alantxe egingo da zugaitik, eta artuko dau Jaungoikoak. Berak diño zeuk zeure proximua neurtuten dozun neurriagaz, neurtua izango zara. Neurri ugariagaz neurtuten badozuz Purgatorioko arimaak ugari artuko dozuz an zagozanean meza, oraziño, eta parkamenak: baia urri sikua bazara euren alderako, urri eta siku izango dira zuretzako bere. Orra non daukazuen

 

 

Bigarren zatia

 

        8. J.K°. eta Apostoluak sarri eta estuago agindu dabeen onoide edo birtutea karidadea da, eta alan birtute guztiakaz apaindurik egon leitezan bere diszipuluak gura eukean S. Paulo Apk. Baia alanbere dirautse Kolosa-koai gauza guztien ganetik euki egizue alkarganako karidadea, ze bera da guztien koroe eta guena. Guztiakganako zabaldu zedin karidade au nai eukean, eta dirautse guztiakgaitik oraziño egin daiela: Errege, nagusi, agintari, juez eta beste edozeingaitik; baia orregaitik gura leuke ardura andiago bat euki santu eta onakaz, eta onexen premina eta bearrak lenen sokorridu daiguzan. Badirautse bere Galazia-koai, guztiai mesede egin deioela bertatik diño, baia geiago eurakaz fede bat daukenai. Erromatarrai badirautse areriogiñokoai limosnea egiteko, nai dau santuen premiñen ardura geiago euki daiela, eta alan zeinbat eta santuago dan premiña daukana, eta zeinbat gogorrago dan estukuntzea, ainbat gogo obeagaz begiratuten deutso Jaunak onelangoakaz egiten dan karidadea. Purgatorioko arimakgan daukaguz gauza bi oneek. Dira santaak eta Jaungoikoaren adiskideak, eta ain modutan ze ezin galdu leie santidade au, eztabe orbanduko graziaren soñeko ederra, eta beragaz sartuko dira egunen baten zeruko Jaunaren estegetan. Eztira iños bere Jaunaren arerio izango, eztira iños demoniñoaren agindupean yausiko; beti izango dira J.K°.ren esposa maite, bere bizileku, ta Jaungoikoaren seme eta zeruko herederu eta yaubegei. Mundu onetan dagoan santurik andiena eztago seguru; bada beti dago arerio gogorrez inguraturik, eta grazia galduteko pelleburuan; baia Purgatorioko arimaak eztauke alango pellebururik, eztagoz aragi argalez yanzirik, eztauko Demoniñoak eurak tentateko eskubiderik eta alan guztiz dagoz seguru. Zelango gogo eta borondateagaz artuko dituz bada Jaunak bere esposa, bere seme ain laztanai egiten yakezan on eta mesedeak?

        9. Begiratuten badogu zer igaroten dabeen, ikusiko dogu mundu onetan irago direan ta irago al leitekezan neke eta tormentu guztiak eztireala euren geriza bere. Dagoz ikaragarrizko suz beteriko leza ilun baten ondiaturik euren Aita zerukoaren etxetik erbestetu edo desterradurik. Euren guraari guztia da Aita betikoa arpegiz arpegi ikustea, baia eztira elduko zorion au eukitera arik eta euren ganean daukeen zor guztia kitutu artean. Ain dagoz pobre ze, eztauke zegaz (kitu) egin. Dagoz leku itsaltsu atan zarraturik, eta ezin idigi dituez ateak, dagoz grillu gogorrakaz loturik, baia eztauke indarrik soka eta katee oneek urratu, ez askatuteko. Jaungoikoaren justiziako azoteak zaurituten dituz eta ezin eskutadu dira esku gogor onegandik. Egia da txito laztan dituzana, baia garbi garbi egin artean arerio kruel balitz legez kastigetan dituz: egia da aita samur batek seme biotzeko bat baxen geiago maitetu edo ametan dituzala; baia arik eta zorra kitu egin artean gizonik gogorrenak baño gogortoago artzen dituz, eta Job santuan diñoana legez kruel ta aserre gogor biurtu da eurentzako, eta arerio eskerga batek legez ezarten dau euren ganera bere esku astuna. Mundu onetan Jaun arek biralduten dituzan gastiguak zer dauke zer ikusi Purgatorioan arimeen ganera biralduten dituzanakaz? Batu bediz gizon guztiak emen igaro al daiezanak: gexo, min, ala zauri, gatx eta nekeak. Martiri guztiak irago dituezan azote, presondegi edo karzela, su, berun urtu, laba gori-isio eta eriotza kruelak, gizonik kruel gogor eta asmularienak asmau ta aurkitu al daiezanak: bada eztira aoan artzeko bere an arima tristeak igaroiten dituezanen parean.

        10. Orain bada, Ne. Kk., zelango gogo, zelango borondateagaz, zelango gustuagaz artuko da Jaungoikoak bere adiskide ain andiai egiten yaken mesede guztizko au? Eta ze sari itxaron ez ginaike Jaun ain on auganik bere seme maiteai egiten deutsegun atsegin eta zorionagaitik? Berak diño poz andiagoagaz artuten dabela pobrea sokorrietea, ume zurtzari lagundutea, eta alarguna zaindutea, aari, idi eta beien sakrifizio guztiak baño, eta au egiten ebanaren ganean guztiz ugari botako zituzala bere miserikordiaren ondasunak. Bada zeinbat eta pozago artuko dau Purgatorioko arimai egiten yaken ona, izanik munduan direan alargun, ume-zurtza eta larritu guztiak baxen errukigarriago? Zeinbat eta bedeinkaziño ugariago artuko dituez onen ongilaak aenak baño? Bere izenean emoiten dan pitxar bete ur otzen saria galduko ezpada, ze sari artuko dau Purgatorioko arima bedeinkatuai zeruko atea idigi eta betiko atsegin eta gozotasun aetan sartuten dituzanak? S. Bernardino Senakok dirausku obra onen bat arima aek gaitik egiten dogunean, geiago merezietan dogula amar bider geiago egingo bagendu baño. Bizien bat gaitik lotu, zarratu, gexo, billos eta goseak ilik balego bere, ze mundu onetako gexo, eta karzelan sartu, eta burdiñaz yosirik dagoana nondik edo andik balia leiteke, barriz suzko leza atan dagoana eziñ iñondik bere balia leiteke. Biztu gaitezan bada, Kk., oraintxe denporea daukagun artean al daigun on guztia egitera, bada eriotzako gaua etorri ezkero ezin bearrik egin leiteke, dirausku Salbagilleak. Eztaigun iñoren ardurara itxi geuk egin al daigun gauzea, ze gu emetik yoan ezkero, aizturik eukiko gaituez emen geratuten direanak. Zeinbat eta ondasun geiago itxi, ainbat eta aiztuago eukiko zaitueze. Naiagoko dabe andikeria, guraari eta zorakerietan gastadu zuek itxiten deutsazueena, zuen onean, eta zuek zeruko atseginetan sartuten lagunduten baño. Egizue bada al daizuen guztia arima aek gaitik, bada mundu onetatik urten dagizuenean, aurkituko dozue ez bakarrik egiten dozuena bapere falta bagarik, baita eun biderrez geiagoturik. Euki egizue miserikordia, eta errukitu zaiteze su aetan dagozanakaz, eta Jaunak eukiko dau zuekaz, bere errukia. Berak diño: zori-onekoak errukiorrak, zegaitik ze eurak aurkituko dabe errukia. Suertetsuak izango zare pobre eta neketsu aei ondo egiten badeutsazue, bada egun gogor eta estuan Jaungoikoak ondo aterako zaituez, eta eroango zaituez kabubagako atsegin artera, beti beti bera alabadu dagizuen Aingeruakaz batera. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa