www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

8. ZERUKO GLORIAREN
GANEKO SERMOEA

 

(B, 139-144. or.)

 

Oculus non vidit, nec auris audivit, nec in cor hominis ascendit quae
praeparavit Deus his qui diligunt ilium. 1 Corinth. c.2.v.9

 

        1. Ain da andi eta miragarria Yaungoikoak bere maitelarientzat gorderik daukan gloria ze, diño S. Paulo Apk., ez begiak ikusi dabela, ez belarriak enzun dabela, ez gizonen biotzera eldu dala ze gloria, eta ondasun dauken gorderik bera maite dabenentzat. Asi zan bein gloriaren ganean eskribietan S. Agustin, eta agertu yakan S. Jeronimo, eta esan eutsan: ze uste darabiltsu, Agustin? Deritxazu emon zinaiela adietan zer dan gloria? Bada etzara (kapaz) espliketako lainbeste santurik txikienak daukan pozik puskeena. Yakin egizu errezago egingo yatsula mundu guztia esku barruan artutea, edo itxasoko ur guztia zulotxu baten sartutea, zuk pensetan dozunagaz urteitea baño. Izanik S. Paulo Apa. ain yakintsua eta Espiritu Santuz betea, esaten oi eban ezin esan leikeala zer enzun eban irugarren zerura igon ebanean; bada Santu andi oneek mututurik geratuten badira berba egiten dabeenean gloriaren ganean, zelan azartuko nas ni berba egiten? Baia orregaitik bere, al daidan moduan, zerbaist esango deutsuet ezagutu daizuen ze gitxi egiten dogun ara elduteko, eta biztu zaitezan mundu onetako nekeak pazienzia andi bategaz eroatera. Lenengo, bada, berba egungo dot zeruko gloriaren ganean; bigarrenean, barriz, ze gitxitan daukagun ain asko balio daben gauzea.

 

 

Lelengo zatia

 

        2. Emoiteko S. Juan Ebanjelisteak zeruaren irudi bat, dirausku erakutsi eutsala Angeru batek Jerusalen-go uri santua: guztia zan urregorrizkoa, ain garbi, ain eder ta ain argi, zein da kristalik ta bidiriorik garbiena; bere orma lodi edo murallak arri diamante, esmeralda, eta arri baliozkoak zirean: ate bakotxa zan prezio bako margarita bat, eztau uri onek eguzki bearrik, bada Jaungoikoak berak argi egiten deutso eta arako orban bagako bildotza da bere argia, eztago an gaurik, ezpada beti eguna; eztago uri atan ez goserik, ez egarririk, ez otzik, ez berorik, ez nekerik, ez negarrik, ez zizpururik, ez gatxik, ez eriotzarik, ez bildurrik: guztia izango da betiko poza, atsegina, barrea eta olgurea. An enzuten dira musika zoragarriak, kanta gozoak, soñu barriak, Jaungoikoaren alabanzak; uri atan bizi direan guztiak dira Erregeak, yakintsuak, aberatsak, eta milla eguzki baño ederragoak. Eta alan, agertuko balitz zeruetako Santu bat mundu onetan an daukan argitasun eta edertasunagaz, asko izango litzateke eguzkia ilunduteko, eta ain egongo ginatekez kokoturik berari begira ze, ez geunke komuta izango ez yatekorik, ez edatekorik, ez lorik, gure gurari guztia berari begira egotea izango litzateke, eta usteko geunke ya gagozala zeruan. Zer izango da, barriz, ainbat milla millinoe ikustea, bakotxa eguzkia baxen argiago? Batetik Patriarka eta Profetak, bestetik Apostoluak eta Martirak, emetik Konfesoreak, andik Birjinak, guztiak gure adiskide maite eta laztan eginik. Ain da andia alkarreganako daukeen amodioa ze, eztago amarik bere semea ain maite dabenik, zein Santu aek arkal maite direan. Eztago an aserrerik ez gorrotorik, ez ezin alkar ikusirik, ez eta otztasunik bere; guztia da amodio bizia, guztia karidadea, ongurea; geure gorputz eta arimaak egongo dira kontentu, atsegin, poz eta olguraz aserik, iños bere galdu baga.

        3. Gere begiakaz ikusiko dogu Jaungoikoaren Ama: baia zelango edertasunagaz? Mundu onetan bizi zan artean ain zan beneragarria ze, S. Dionisio-k ikusi ebanean, arriturik eta mututurik geratu zan, eta esan oi eban ze, fedeak erakutzi ezik, ez egoala Jaungoiko bat baño, usteko ebala Jaungoikoren bat zala. Zelangoa izango da bada orain daukan edertasuna, eta ze poza artuko dogu bera ikusiagaz? Ama guztiz Santa au biziko balitz mundu onetan, zer egingo ez geunke bera ikustearren, beragaz berba egitearren, eta beragaz etse baten bizi izaitearren? Bada mundu onetan bera ikusiagaz euki zinaikean zori-ona ezta ezer, zeruan eukiko dozunen aldean; ez bakarrik ikusiko dozu, ez bakarrik biziko zara beragaz etxe baten, baita bere izango zara beragaz adiskide, maitetu, edo amaduko dozu bera, bere seme bazina baño bere geiago. Baia guztien ganetik, zer izango da Jaungoikoa bera arpegiz arpegi ikustea, bere yakituria, eskubide, arteztasun, santidade, ontasun, eta beste perfeziño guztiakaz? Antxe ezagutuko dozu zelan dan Trinidadeko misterioa, Aitea, Semea eta Espiritu Santua, iru persona eta Jaungoiko egiazko bat: zelan yazo zan Enkarnaziñoko misterioa, zelan dagozan orain J.K°.gan izaite edo naturaleza bi eta Persona bakar bat, eta beste misterio orain ezautu al doguzanok. Beragan ikusiko dogu ispillu argi baten legez mundu guztia, lurra, itxasoa, zeruak, izarrak, eta beste dagoan guztia: ezagutuko doguz izan direan, ta izango direan gizon guztiak, eta beingo baten esatarren, ezta aurkituko guk yakingo eztogun gauzarik. Ain izango da andia gure yakituria, ze bere parean munduan izan direan eta izango direan Filosofo, Teologu eta beste gizon guztien yakituria ezta kea baxen. Eta, ze argitasun eukiko ez dogu, edo etorriko ez yaku Jaungoikoa arpegiz arpegi ikusirik? Moises egunen batzuetan Aingeru bategaz egon zalako, ainbeste argi eta arraioz beterik yatsi zan menditik, ze ezin begiratu eutsen Israeltarrak arpegira, ezin sufridu ebeen euren begiak ainbeste argitasun, eta orregaitik eurekaz berba egingo beeban, pañulu, edo zapi bategaz estaldu bear izaten eban arpegia. Bada ainbeste argitu bazan Moises-en gorputz astun ta ilkorra, zelangoa izango da geure gorputz eta arima ilkortasun ta astuntasun bagaak eukiko dabena Yaungoikoa berbera ikusiagaz? Argitasun au moduren baten adierazoteko S. Paulo Apk. dirausku elduko gareala Jaungoikoaren argitasunaren irudi izaitera, bada bere argiagaz beragaz argituko gara, burdina bat sutegi baten sartuten danean legez, zeinek eztirudian burdiña, ezpada sua bera. Alantxe bada gorputzak eztau irudiko gorputz ilkor astun eta iluna, ezpabere Jaungoikoa bera. Eta alan diño S. Juan Ebanjelisteak agertu dakigunean Jauna bera leezkoak izango gareala, ikusiko dogulako bera dan moduan.

        4. Andia bada bere gloria au, ez litzatekez orregaitik beragaz kontentu egongo borondatea, beti betiko izango dana ezpaleki, ze galduteko bildurrak mingoztu eta garraztuko leukez bere poz eta atsegin guztiak, mundu onetan yazo oi dana legez. Euki begiz gizonak gura dituzan gurari guztiak, ondasunak, diruak, yanariak, musikak, osasuna, indarrak eta asmau al leikezan olgurak, eldu bedi Errege, edo Aita Santu izaitera, ez begi euki gatxik, tristezarik, nekerik, lanik, ardurarik, areriorik, otzik, berorik ez pena emon al leion gauzarik; bada ez direala betiko izango yakitea da asko tristetuteko; bere bizi guztiko izango direala, eta eun urte biziko dala bere, ezta asko miñ eta neke au gozatuteko. Baia zeruko ondasunak eztauke onelango bildurrik. Daki an dagoanak eztireala iños gitxituko, eztireala iños akabaduko, eta eztireala iños galduko; beti beti Jaungoikoa dan arte guztian egongo dala poz eta atsegin artean gozo eta olguraz (beterik) aserik; bere sentiduak artuko dabeen gozotasuna, ezin miñek azaldu ta esplikau lei; begiak J.K°.ren gorputza, bere Ama guztiz gozoa eta ainbeste milla millinoe Santu zoragarriak ikusiagaz. Belarriak soñu gozo musika eder eta Jaungoikoaren alabanza miraarigarriak enzunagaz. Surrak Santuak emongo dabeen usain gozoagaz, eta beste gorputzeko alde guztiak esan, enzun, eta pensadu bere ezin al eikezan atsegin eta kontentuakaz. Bere entendimentua edo adina zeruan eta munduan gizon, eta Angeru artean yazo dan guztia ezagutuagaz. Borondatea Jangoikoa, Santu eta Angeru guztiak maite izanagaz, eta memoria beragaz yazo dan gomuteagaz. Mundu onetan egin dituzan pekatuak eurak pozez beteko dabe, bada ikusiko dau Jaungoikoak beragaz euki daben errukitasuna, bada eztau gura izan galdu dedin bere pekatuak merezidu ebeena legez. Infernuko pena ikaragarriak geiagotuko dabe bere gloria, ezaguturik zelango su, ala, neke, eta tormentuetarik atara daben; ze asko ta asko yausi egin dira an berak baño pekatu gitxiagogaz. Berba baten, eukiko dau on guztia nekeren apurrik baga, osasuna gatx baga, poza neke baga, aberaztasuna pobreza baga, asetasuna palagu baga, edertasuna ezaintasun baga eta gloria osoa azken baga.

        5. O Kristinauak, ze zabala den Jangoikoaren etxea, eta ze luzea bere aziendea! O geure Jaunaren bizilekua! O Errege andiaren Yauregi ta Palazioa! Gauza andiak esan dira zugaitik. Eskritura Santeak, Elexako Aita Santuak eta Yakintsuak alegin guztizko andiak egin dituez adierazoteko zure edertasuna, zure anditasuna, eta zugan dagozan ondasun txitozko ugariak; baia guztiz geratu dira labur, eta euren esan al guztiak ezta zure gerizea bere. A ze maitegarriak direan, Jauna, zure etse bizitzak! Nire arimearen guraari ta gogo guztiak dira ortxe bizi izaitea; nire aragi eta biotza pozez betetan da ortxe biziko dalako usteagaz. Bedeinkatuak, Jauna, eta zorionekoak milla bider zure etxean bizi direanak, beti beti egongo dira zeu alabetan. Gauza bat, neure Jaungoikoa, eskatuten deutsut, eta auxe bakarrik billatuko dot, eta da zure etsean bizi izaitea, ikusteko zure maitelarientzat gorderik daukazuzan atsegin,poz eta gozoak. Kristiñauak, ez gara biztuko bear egiten Jaungoikoagana eltzeako, beragaz batera bizi izaiteko? Geiagotan eukiko doguz bertatik igaroiten direan munduko guraarien apur puska oneek, arako zeruko poz ta alguraak baxen? Ai ze zoroak garean! Mundu onetan dakuzkuna da gaur alegre bagagoz, biar triste gagozala; orain osasuna badaukagu, gero gexo gareala, gaur aberats bagara, biar pobre gagozala; eztago ordu segururik, barrea eta negarra, gozoroa, ta zizpurua nastaurik dabiltzaz, eta orregaitarren bere, guraari guzurti oneek gaitik nekatuten gara, eta arako beti betiko gozo ta argitasunak gaitik, eztogu arean egin gura, pausutxu bat emoitea astun egiten yaku. Zorakeria auxe adietan emoitea izango da

 

 

Bigarren zatia

 

        6. Ikusi dozue igaroko Domekeetan ze larria dan eriotzako ordua, ze estua Juizioan emon bearko dozuen kontu zeatza, ze ikaragarriak infernuko min eta alak, eta ze miragarriak zeruko poz eta atseginak. Zer falta da bada? Zeurok eskojidu dagizuela zer gura: ala betiko zori onekoak izaitea zeruan, ala adu gogorrekoak infernuan. Zuen eskuan imini deutsue Yaungoikoak ura eta sua, diño Espiritu Santuak; nora gura ezarri eskua, eta alan kontentu bazare ez iñoen erru imini; zuen guraz, eta zuek autu ta eskojiduta kondenaduko zare. Zer nai dozue, bada, orain? Zer eskojietan dozue? Deritxat Elexa onetan zagozan guztiok diñozuela zerua eskojietan dozuela, salbadu gura zareela. Auxe diñoe Elexa Santearen seme guztiak, eta auxe esan oi ebeen orain infernuan dagozan Kristiñauak bere mundu onetan bizi zirean artean, eta sinisturik egozan elduko zireala nox edo nox Jaungoikoa arpegiz arpegi ikustera. Baia ezteutsue guraari, edo gura-iski oneek balioko aei euren itxaromena ta uste osoak balio ez eutsena legez. Ai ze zoroak garean, Ne.Ea.Mk., izanik ain erraz zerura eldutea, geuk gura dogulako ango gloria galzea, eta geure borondatez infernura yoatea, izanik ain bigunak, ain leunak zeruko bideak, eta ain gogorrak, ain garratzak, eta ain okerrak infernurakoak! Au alan eztala baderitxazue, eta astunak egiten baiatzuez Jaungoikoagana garoazenak, begiratu baño eztaukezue ze nekeak igaroten dituezan kondenaziñoko bidetik dabiltzazanak, ze atsegin, eta pozez beterik zerukotik doazanak, eta ezin ukatu izango dozue dirautsuedan egia. Ze ardurak darabiltz iñoena kendu gura daben lapurrak ezagutu eztaien, edo artu eztaien! Galduten dau loa, galduten dau gaua, gaurik ilunena, edo euritsuena benturaz, eskojietan, ta aututen dau onetarako igaroten dituz euriak, edurrak, izotzak eta indriskak, eta orregaitio bere bildurrez beterik dago; beti dago begira iñor agiri ete dan, zaratatxu bat bada, betetan da bildurrez eta eztago seguru gauzea ezkutadu ta ostendu artean. Baita, deritxazue gura daben gustuagaz eta bakeagaz euki edo gozaduko dabela osturiko gauzea? Ai, En. Ek., beti dago bildurrez yakingo ete dan ala ez nor izan zan lapurra, ezagutu ete daben yaubeak falta yakana; justiziak ete dakian, eta lapurtzat artuko ete daben. Ain izango da andia eukiko daben bildurra, ze bertatik gurako dau ostu ezpaleu. Guzurren bat erantetan bada, falso testimoniorik eregiten bada, edo guzurragaz yuramentu egiten bada, eztago atseginik, sarri loa galtzen da, (egunez eta gauaz) gau ta egun dago pensetan zabalduko, eta igarriko ete deutsee, artuko nabe guzurrean. Ardao zalea bada, ze alegin, eta asmuak zegaz edan topetako; ze gauak, ze estropezuak, ze lupatzak, ze buruko minak, eta ze nekeak. Lar bere yakinak dira pekatu loietan dabiltzanen nekeak, galduten dira gau osoak, eguraldi gogorrak eta denpora kruelak gurari zitai bat eukitearren. Ze ardurak zein iñok ikusi daizan, eta gero gustuak alkanzadu ezkero, ze bildurrak yakingo ete dan ala ez; seindun bada ala ez; eta agertuten bada, nekeak, auziak, ezin ikusiak, onrea galdurik, eta beste milla naibage. Gatx lotsarizkoz betetan bada, zelango minak, eta alak urte osoetan kuretan eta beste burutik beatzetarako neke guztiz yakina, eta bear litzatekean baño ezagunagoak. Zabaldu egizuez beste kondenaziñoko bide guztietatik begiak, eta eztozue bat bakarrik aurkituko garratz eta astun eztanik.

        7. Baia daigun kontu onelango bildur baga eukiko dozuzala gura dozuzan guraariak, eztitu iñok yakingo, eztozula iñoen ardurarik eukiko, eztozula eurok alkanzetako ardura edo nekerik eukiko, eta bete betean eurakaz aseko zareala. Bada ara, eztozu orregaitik bere bake osoan eukiko, edo gozaduko: antxe aurkituko dozu zeure zelataririk eta salatzailerik (andiena ta) gogorrena, zein dan zure konzienzia; eztago bera baxen borregu edo berdigu kruelagorik, diño S. Juan Krisostomo-k, beti beti dago aginka, beti usigiten, beti yaten pekatariaren biotza, ezteutsa bakean isten etsean ez kanpoan, kalean ez elexan, oian ez maian, gauez ez egunez, ez beste leku ez ordutan. Batu egizuz al daizuzan dibersiñoak, eta yolasak, komediak, zezenak, dantza eta sonuak, yanak eta edanak, yokoak eta berba-aldiak: bada eztozuz ixilduko zeure konzienziako arraren deadarrak. Nox pozago zagozan naien dozun gauzeetan, asmaduko dozu bere aginkada kruela eta garraztuko dituz zeure gusto guztiak. Alantxe yazo yakan Babilonia-ko Errege Baltasar-eri: ain zirean gogor eta sendoak bere konzienziako deadarrak ze, ezin iñondik bere ixildu zituzan. Eukazan ondasun ugariak, musika genero guztikoak, Yauregi edo palazio arrigarriak; zan Errege andia, egoan maian erregalu artean, yanari eta edaari gozoz inguraturik ta emakumez beterik, eta etxakon falta gizon batek mundu onetan gura al leikean gauzarik. Alan-da guzti, pozgarri guzti onek etzirean asko izan kentzeako bere biotzeko neke, arantza ta usikadak. Eukazan ainbat milla gizon bere agindura. Soldadu sendoak gordetan ebeen, eta orregaitik bere egoan bildurrez beterik, eukan arpegia kolore baga, bere pensamentu tristeak zatituten eutsen biotza, eta ikara dar dar ebiltzan bere belaun ta kaderak, diño Eskritura Sagraduak. Baita, zerk bildurtuten eban onela? bere pekatuak. Ain zan ikaragarria Antioko Erregeari Jerusalen-en egin zituzan pekatuen gomuteak emoiten eutsan tristezea, ze ezin iñondik bere poztu zan, ez eukazan ondasunak, ez inguraten ebeen soldaduak, ez irabazi zituzan bitoriak, ez Errege izaiteak emon eutsan atseginak egosikaturik, ezin lorik eginik, ezin oean bere egon zala, eta berak konfesetan ta autortuten eban gatx ta neke oneek emoiten eutzazala bere konzienziako arrak. Zetara eldu zan Judas madarikatua? Ezin eroanik bere konzienziako arraren deadar eta aginkadak, astun egiten yakan bizia, eta arinago ta erongarriago egiten yakan eriotza itsala, deadar oneek enzutea baxen, eta alan eldu zan bere burua urkatutera.

        8. Ez gaitezan, Kk., ain urrin yoan egia au ezagututeko, zeurok zaree testigurik asko. Esan egidazue egia, zelan aurkitu zaree pekaturen bat egin dozuenean? Ze tristeza sentidu dozue! Ze iluntasuna,ze pisua, ze astuntasuna! Dibersiño, yolas, eta olgurarik andienen erdian etzengozen gogo bagarik? Etzenduezan asmetan zeuen barru barruan konzienziako ots eskerga batzuk, zeintzuk garraztuten eutsuezan zeuen gusturik andienak? Eta pekatuan zagozela ikusi bazare iños gerran edo eriotzako pelleburuan, ze ikarak biotzak! Zer emongo zenduen pisu eta astuntasun au bagarik egotarren? Zer egingo etzenduen, zelango tormentuak iragoko etzenduezan, zuekganik kendutarren astuntasun au? Aurkitu leiteke au baxen neke andiagorik? Euki dozue iñox bildur andiagorik? Orregaitik diño Jaungoikoak berak: Pekatariak iñok yarraitu bagarik, dabil iñesi. Bai, Ka., gura ta gur'ez autortuko dozu Dabid Erregeagaz, zure pekatua beti beti dagoala zure kontra. Baia konzienzia garbi dagoanean, ze poza, ze atsegina! Mundu onetako yolas, ondasun, erreinu eta zorion guztiak eztira ainbeste onelango atsegin eta alegriarik emoiteko.

        9. Ezpabere, esan egidazu arako nosbaist pekatuan egon ezketiño, al daizun ondoen konfesadu zareanean eta zure arimatik pekatuen karga pisutsua bota dozunean, zelango poz, zelango atsegin, zelango olgurea sentidu dozu? Emon deutsu eguño onelango argitasun eta alegriarik beste gauzak, ez ondasunak, ez konbitak, ez fiestak ez gurarik. Gura ta gura ez konfesadu bear dozu egi au. Izan bere grazian dagoanak Jaungoikoa dauko beragan, eta Jaungoikoa daukanak dauko beragan zorion guztia; eta orregaitik nekerik andienak, premiñarik estuenak, eta gatxik gogorrenak pozgarri biortuten yakaz. Alan ziñoan S. Paulo Apk.: Jaungoikoa gure aldetik euki azkero, nor yagiko da gure kontra? Nok edo zek gatx egin leikegu? Ez agintariak, ez Erregeak, ez bizitzeak, ez eriotzeak, ez ezpateak, ez suak, ez Demoniñoak, ezta infernu guztiak bere. Enzun egizue oraindo zer ziñoan Apostolu andi onek beronek. Ain izan dira andiak eta gogorrak Asia-n igaro bear izan dodazan gatxak ze, ozta ozta eroan izan dodaz, eta ainbestean estutu nabe ze eneukan bizi izaiteko bere gogorik. Alan-da guzti bere poz andi bategaz igaroiten nituzan neure barruan, konzienzia garbirik neukalako; ze nire gloria guztia konzienziaren esana da. Ikusi egizue auxe berau Patriarka, Profeta, Apostolu, Martiri... Zer diñot? Emakume, eta donzella gazte eta argaletan egin zituezan Errege arro, eta agintari kruelak egin alak bildurtuteko euren biotzak; baia etzan asko izan euren eskubide guztia; ezpata, berun edo plomo siotsu urtua, laba exetu, eta beste milla asmu kruelak etzirean euren poza geiagotuteko baño: geiagotuten badira tormentuak, aziten da euren atsegina; zeinbat eta su geiago artuten dabeen borreru, eta Demoniñoaren arrabiak, ainbat eta arpegi argiagoagaz dagoz min eta ala ikaragarrien erdian: parrilla gorietan dagoz, oerik bigunenean balegozan legetxe. Sugar bizien erdian aurkituten dira larrosa artean balegozan legetxe, eta mairik ugarienean ez litzatekez ain pozik egongo, zein dagozan euren aragiak zatitu eta urratuten deutseezanean. Eta, zetatik datorkioe sendotasun, eta poz au? Euren konzienziako garbitasunetik.

        10. Orain bada, Ne.Ek., ikusi dozue ze erreza dan zeruko bidea, ze pozik dabiltzazan bide onetatik doazanak, ze gogor,latz eta garratza infernukoa; eta orregaitio bere gura dogu aldats pika eta gatxetatik yoan infernuko su ikaragarrietara, bide leun eta bardinetatik zeruko atseginetara baxen? Non dago au baño zorakeria andiagorik? Non au baño itsumendi ilunagorik? Idigi daiguzan nos edo nos geure arimako begiak, eta baderitxagu oraindio bere bear gitxiago egiten dala infernurako bidean, zerurakoan baño, begiratu daigun zer aginduten deuskun zerua alkanzetako eta zer egiten dogun mundu onetako galduko direan gauzak gaitik, eta ikusiko dogu ezteuskula eskatuten biar itxiko doguzan ondasunak gaitik egiten dogun laurenik bere. Jangoikoak eskatuten ez deusku bere mandamentua gordetea baxen, eta onetarako eztaukaguz zer artu geure ganean munduan iragoten direan lanak: Diru piska bat irabazi gura dabenak, ze lanak igaroiten dituz! Gau ta egun dago pensetan nondik nora geien irabazi daian. Igaroiten dituz otzak, beroak, leiak, edurrak, indiskak, ekatxak; artuten dituz ibilera luzeak eta neketsuak, eta (fiadurik) iminirik bizitzea olen batzuren pensuan, botetan dau burua itxasoaren erdira. Arakatuten dau mundurik erdia eta alanbere irapazi on bat ateraten badau, pozik iragoten dituz izerdi eta neke andi guzti oneek. Baia irabaziko bada induljenzia, edo parkamen bat, edo egingo bada beste obra onen bat, guztia da nagitasuna, guztia atserabidea; ezin konfesetan yoan leiteke, otz egiten dau, eta bat goxetik ezpadoa, egun guztia galdu bear da.

        11. Auzi bat badago, zelango ibilerak, zelango enpeñuak! Ondo urteiteko berba egin bear bada aserre danen bateri, nondik edo nondik beragaz bakeak egiteko aurkituko dau modua. Baia aginduten bada gaiskinen bateri, edo bere proximuari Jaungoikoagaiti parkatu dagiola, eranzuten dau ezin parkatu leiola. «Onrea galdu deust, zer esango dabee nigaitik berbaz beragaz ikusten banaude? Galduko neuke estimaziño guztia». Konbit bat egin bear bada edo beste okasiñoren bat badago, egingo da gastu andi bat, topauko da nondik edo andik, gero beste gauzaren baten gitxiago gastauko bada bere. Baia limosna bat egin bear bada, zorrak kitutu ta pagadu bear badira, eztago zegaz, «nekez elduten yat eguneko gasturako, eta nire moduko persona batek ezin gastadu leike! (gitxiago) yanzi, mai ta etsean». Erromeriaren bat badago, urtengo dau etxetik eguerdiko eguzki beroagaz, igaroko dira aldatsik gogorrenak. Baia sermoe edo beste Elexa edo deboziñoren batera yoan bear bada, «Nok urtengo dau etsetik bero onegaz? Gatxen batek emon leio». Zezenak dagoz? Ea bada aoan kopadua dala, leku bat artzera, arratsalde guztian eguzki begira erretan egongo bada bere. Baia sermoian egongo bada bere yarririk gerizetan, eta atsegin onean bere, «Ze luzea dan! ezin enzun leike». Berba baten, guztia egiten da mundua gaitik, eta ezer egin gura ezta zeruagaitik. Kristiñauak, ain gitxi balio dabela zeruak uste dozue, edo larregi eskatuten deutsuela Jaungoikoak? Ikusi egizue zer egin eban berak, eta lotsaturik geratuko zare. Begiratu egiozue burutik beatzetara. Ara zelan dagoan zauri andi bat eginik. Eta, zegaitik dago modu onetan? Guk zerua artu daigun. Egin dozu zuk beste onenbeste? Ezin esan zinaike; eta orregaitik bere, astun egingo yatzu, aginduten deutsun puskea egitea? O gizonaren biotzaren astuna! Nos artean egongo zare gogorturik zeuen ekandu gaistoetan? Nos artean euki gura dozue zuen ganean pekatuaren pisu eskergea? Erdue, Jaun onegana eta beronek kenduko deutsue zeuen karga ikaragarri ori; baia erdue zeuen biotzeko damu andi bategaz, eta negarretan urturik esan egiozue bene benetan: Neure Jesukristo Jauna.

 

aurrekoa hurrengoa