www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

5. JESUKRISTO-K GU EROSTEA

 

(J, 129-141. or.)

 

Sic Deus dilexit mundum,
ut Filium suum unigenitum daret, ut omnis,
qui credit in ipsum, non pereat,
sed habeat vitam aeternam.

 

        1. Yesukristo geure Yaunak esan eutsazan Nikodemus-eri oneek berbook: «onenbestean maite izan eban Ygkoak mundua eze, emon eutsan bere seme bakarra, beragan sinistuten ebeenak galdu etzitezentzat, eta bai euki dagientzat betiko bizitzea». Eta zan esan izan baleu legez: beti ta beti izan deutse Ygkoak gizonai oneretxi (amodio) andi bat, eta agertu izan deutse berak egin izan deutsezan ainbeste mesedeetan. Berak egin zituzan eurak ezer-ezerik, emon eutsen arima eder bat gorputz galant bategaz batera: berak euren bizitzeari iraun eragiten deutso: berak emoten deutse yan-edana, oña ta soña, eta ganeko ondasunak. Eurentzat egin zituzan munduko baster guztietan direan gauza ederrak; eta direanak imini zituzan euren agindu-pean. Berak egunean egunean onentzat eta gaistoentzat agertu eragiten deutso eguzkiari, eta bitzuoentzat biraldu daroaz bear direan euri gozoak. Baia etzan onetan lotu (gelditu) Ygkoaren gizonak ganako asko-gurea. Bere seme bakarra, beragaz bat eban seme laztan au giñokoa, emon eutsen, beragan sinistu gura ebeen guztiak galdu etzitezentzat infernuan euren buruak ondatuta, ezpabere gauz'onak eginagaz betiko zerua irabazi legientzat. Orretarako biraldu ninduan ni, mundu onetara, eta ordena estua emon eustan neure bizitzea gizonak gaitik emoteko (emon bearko nebala). Eta alantxe izan bearko dau izan bere; preso artuko nabe, azotaduko nabe, eta kurutze baten eskegirik ni ilgo naz gizonak pekatuetarik ateretearren.

        Ze berba gozoak oneek, geure biotzak Ygkoaganako amodioan sutu, exetu, eta erre eginbear leukeenak! Ygko bat berak eginiko gizon esker-gaistokoak-gaiti gizon egin... Ygko bat berak eginiko gizon esker-gaistokoak-gaiti neke andiak ikusi, eta bere bizitzea galdu... Ai bada au beti begien aurrean bageunko, Ygko ain laztana maite izateko, eta aren esana gauza guztietan beti egiteko! Bai alperrik eze (nonbaiste bere, aurkitx.) ori gogoan ondo ondo artuta ez geunke ainbeste bider aren kontra egingo, ez aren lege santua ainbeste bider ausiko. Auxe bada entzun bear deustazue arratsalde onetan, ea berotu al balediz zeuen biotz otz edo epel orreek Yesus maitearen amodioan. Ikusi bear dozue zeinbat egin eban Jaun onek geure onerako, geu pekatuetarik aterata zeruan sartuteko. Onexen ganean bada izango da gaurko sermoia. Erdue bada kristiñau onak, Jaunak erakutsi dituzan bideetatik zabiltzenok, ikusi egizue zer egin eban zeuek gaiti Ygkoak, eta orregaz ezagutuko dozue zeuek egiten dozuen guztia eztala ezer ari zor deutsazuenen parerako. Erdue zeuek bere pekatari gaixoak. Yaunaren kontra gorroto gogorrean zabiltzenok edo itsu-itsurik ebili zareenok, eta ikusi egizue zeuen esker gaisto eskergea: baita ezagutu egizue zelan Ygkoak errai erraietarik gura izan daben zeuen ona, eta zelan orain . bere besoak zabalik dagoan zuek artuteko beragana biurtu gura badozue.

        Eta gauza oneri sustraia artuteko, gogora ekarri bear dozue zelan Ygkoak osterantzeko gauza guztiak egin ezkero, egin eban gizona guztien buru, nagusi, eta agintari izateko. Emon eutsan buru iratzarri-argia, biotz zabala, prestua eta noblea, gurari ederrak eta zitelkeria bagakoak. Edertu eutsan arimea grazia santuagaz, eta ain egin eban bere adiskide eze, bete betean esan leitekean eze, Ygkoak gizonagaz eukala bere gozo guztia. Gizon au betiko zorioneko egin gurarik, prestau eutsan gloria eder bat, non, munduko egot-aldia egin ezkero, egon bearko eban bere aurrean, bera ikusten, eta bera gozetan betiko eta betiko, munduan bizi zan artean Yaunaren esana egiten beeban. Erraz eukan orduan Adan-ek Ygko orren agindua egiten. Ez eukan geuk legez arerio gogor indar andikorik: aragiak ez eutsan gerrarik egiten, biotzak ez eutsan zitelkeriarik ez okerreriarik emoten, diabruak ez eukan bere kontrako indarrik, etzan iñon lagun txarrik; eta berba baten, zan bere buruaren yaube oso osoa, eta eukan bere alde Ygkoa gauza guztietan lagunduteko. Eta, ai, alan egin izan baleu! Ez bera ez eze, baita beraganik gentozan, guztiak bere bera legezko (lango) zorionekoak izango ginean geuk geure erruz geure burua galdu ezik.

        Baia eta, zer yazo zan? ai! ta, nok gogora ekarriko dau negarrik egin bagarik Adanek egin ebana? Esker-gaistoko gizon onek ez eban egin gura izan Ygkoaren esana. Yaunak esan eutsan (zaigetz) sagar-ondo bateko frutaeitarik ez yateko (yan ez eiteko), baia berak Yaunaren esanari ez yaramon eginda yan egin eban, eta gauza ain erraza ez egin gurea gaiti galdu eban Ygkoaren grazia eta adiskidetasuna, egintzan beragaz arerio, guztizko indar andiak artu zituzan diabruak bere kontra, gorputza bere mukerka abiadu yakon arimeari esanik egin gura ezik, galdu eban zerurako eukan eskubidea (eskuikunea), eta ekarri eutsan bere buruari betiko infernuan erreten egon bearra. Eta ez eban bere burua bakarrik galdu, geu guztiok bere galdu egin ginduzan, eta gareanok (danok) geure lenengo izaterik aldean izan genduan beraganik dakargun (yatorkun) pekatu orijinala, eta pekatu onetarik yatorkuzan negargarrizko kalteak.

        Zer egin bear eutsan Ygkoak ain esker-gaistoko agertu yakan gizon oneri? zer egin bear eutsan ainbeste mesede bere eskuetarik artu ezkero, alango ezer-ezkeria bat egin gura izan ez eban gizonari? Parkatu bear eutsan, ala infernuko ondarretan ondatu eta galdu bear eban? Eztakit nik zer esango leukeen gauzarik txikiena parketan eztakienak, eta iñogaz ezer izan orduko, N.ra ta ostera dabiltzanak kerellaak mundu guztiari ekarten. Baia geure Ygkoak geiegi gura eutsan gizonari ez errukirik artuteko, eta ez eutsan biotzak itxi alan galdurik ikusten, Zer egin eban, bada? Erabagi (ebatsi) eban bere Seme bakar laztana, Trinidade santuko bigarren personea, Aiteagaz eta Espiritu-santuagaz Ygko bat dana, gizon egin zidila, gizon pekatuan yausia pekaturik aterateko. Erabagi eban oraindo geiago; erabagi eban Ygko gizon eginiko onek neke, irauna, eta ala gogorrak ikusi, eta kurutze itzal baten untzeakaz yosita bizitzea galdu legiala, gizonari galdu eban arimako bizitzea atzera emoteko.

        Zer? Ygkoa gizona pekaturik ateretearren gizon egin? Zeru-lurraren egillea berak egin eban gizonari mesede egitearren gizon egin? Ygko andia iñoren bearrik eztaukana bere kontra yagi yakon gizona bere adiskide egiteko gizon egin? Eta gizon egin bere gizon eskergaistoko orregaitik nekeak ikusteko, iraunak eroateko, eriotza ikaragarria igaroteko? Zer geiago egin eukean Ygkoak bera gizon izan eta gizona Ygko? Eta, zer eutsan Ygkoari gizona galduagaitik? Ezer ez (Bapere ez, arean ez). Ain andia zan Ygkoa, ain gloria andikoa, ain atsegintasunez betea gizon guztiak galdu ezkero, zein da gizonak irabazirik. Milla asko urteetan, edo obeto esateko, betiko guztian egontzan Yauna bapere gizonik bear bagarik, berak beragan gaur alaiña (edu, lainbeste) gloria eta atsegintasun ebala. Gizonarentzat zan mesede eta on guztia, bada Ygkoak pekatuetarik askatu ezpaleu, egon bearko eban gizon orrek Ygkoa Ygko dan arte guztian infernuko ondarretan erreten eta kiskalduten.

        Baita bein gizona pekaturik atera gura izatekoan, ez eukan Ygkoak orretarako bera gizon egitea baxen beste biderik? Baia eta, nok ukatu lei, diño san Bernardo-k, gura daben guztia egin leikeanak bere eskuan beeukazala ori egiteko beste milla ta milla bide? Aingeruai emon euskioen ori egiteko ordena: egin eukean pekatu bagako gizon barri bat, eta ak kitadu leiala beste gizon errudunen zorra: parkatu euskion doan (doarik) gizonari bere bekatua. Baia ez, diño Ygkoak. nire kontra ibili dan gizonari, nire arerio egin izan dan gizonari egin bear deutsat egin al neikion mesederik andiena: egin bidi gizon neure seme maitea, il bidi lapur bat legez kurutze baten eskegirik, eta orregaz egingo dira gizonagaz nire arteko bakeak. Egin euskigun Ygkoak beste onango mesederik? Erakutsi euskegun on-eritxi, eta ondo-gura andiagorik? Ygkoak berak emoten deutso amodio larregiaren izena. Eta Zakarias santuak esan eban izantzala Ygkoari errai erraietarik urten eutsan errukia. Baia obeto ezagutu eta adituko dozue amodio onen anditasuna ikusirik zer egin eban Ygkoaren seme onek geu pekatuetarik askatuteko.

        Eta onen ganean berba egiten asi baño leenago, guztien sustraigarritzat esan bear deutsuet zelan Ygkoaren seme gizon eginak egin leikean gauzarik txikien txikiena askoko zala geure guztioen pekatuen parkaziñorako. Eta alan aren negar anpulu (malko) bat, izerdi tanta bat, odol tistilla bat, oraziño labur bat, eta beste edozein bere gauza asko zan gizona pekaturik ateretako eta (ori bere bai baia) arik gora egin eban guztia geuri euskun amodioak erazota egin eban. Dakusgun bada orain Ygkoak lagunduten deuskula, Yaun onek egin zituzanen arteko batzuk. Eldu zanean Ygkoak izentadurik eukan aldia (denporea) Ygkoaren seme-gizon egintzan, eta yaio zan andra Maria Birjineaganik Yesukristo geure Yauna. Baia eta, zelan yaio bere? Ai! zerulurraren egillea, Yaun guztien Yauna, Errege guztien Errege; Ygkoa bera yaio zan ama pobre bateganik, ez etse barruan, ez oerik egoan lekuan; ezpabere abel-etse baten, edo esan daigun korta zantar baten: askea (estramiñea) izantzan Yaun andi onek lenengo izan eban kumea, lastoak bere oea (ogea). Yaiota zortzigarren egunean asi zan bere balio andiko odola emoten.

        Eta, Zeinbat neke, burukomin eta izerdi ikusi etzituzan gugaitik Ygkoaren semeak? Gugaiti egontzan Ygkoa andra baten eta gizon baten mendean, bere amaren eta san Josepe-ren esanak ixiltxurik, semerik esanekoenak legez, egiten zituzala. Gugaitik bizi izantzan ogeita amar urtegiño bere izerdiagaz ogia irabazten ebala. Gugaitik ibili bear izan eban erririk erri baster guztietan Jgo bere Aitaren berbea zabalduten ebala, eta sarri izerdia, gosea, egarria, nekea aldean ugari zituzala. Gugaitik egin eban bapere (arean) artu bagarik berrogei eguneko barau gogorra. Gugaitik entzun bear izan zituzan lanzean lanzean (pitean pitean) eregiten,erantetan eutsezan milla deitu txarreko guzur oker: yan-edan ondo egiten zalea zala; deungakaz batzanduten (batuten, lagunduten) zala; bera bere gaisto oker bat zala, eta beste asko. Gugaitik erabili ebeen il gurarik bai Herodes erregeak, bai bere erritarrak, bai beste askok. Gugaitik. Baia bere pasiño gogorrak daroat niri gogo guztia: emen iñon baño obeto agiri da Ygkoaren guganako on-eretxi eder laztana; eta alan onen ganean astiroxeago egin bear dogu.

        Baita gauza bik nauke ni Yesukristoren pasiño orretan ikaraturik, eta konorte bagarik legez: bata da Ygkoaren semea guztien ostikopean ikustea: bigarrena, barriz, Ygkoaren seme orrek ikusi zituzan ala gogor-ezin geiagokoak: eta deretxat eze, zeuek bere niri entzunda beste orrenbeste esan bearko dozuela. Entzun bada. Bai satza legez darabilde guztiak Yesus. Bere eskolako batek, beragaz ogi baten bizi izantzanak, salduten dau, eta dollorkeriarik zitelenagaz iminten dau bera ilteko ebilko zan arerio okerren eskuetan. Beste batek biraoka eta erneguka diño beragaitik eze, berak eztazauela alango gizonik: Eta ganeko guztiak, atzea emonda, iges egiten deutse. Mutil otsein ikuski batek emoten deutsan belarrondoko eskergeagaz lotsea dariola iminten (itxiten) dau Pontifize nagusiaren eta erriko bana-banazeen aurrean, iñok orregaitik berba bat otsein orreri esaten ezteutsala. Soldaduak barriz begiak estaldu (estari) barregarri darabilde, matrallakoka, txistu (tistu, txu) loiak eta gorro atsituak arpegira urtika, dirautsela destañez barre zantzo artean: «ea igarlari, ea zelan igarten doan nok yo auban».

        Eta, nok negar bagarik gogora ekarriko dau zelan santutasuna eta ontasuna bera danari milla guzur oker lenagokoaz ganetik (ostean) ezarri eutseezan: erriai yagi eragiten ebilela, Erregeari zor yakazan kontribuziñoak (petxuak) pagetea galarazo gura ebala; Ygkoaren kontrako berba deungaak esaten zituzala, eta onelangoak: Zelan barrabas okerra baxen okerrago egiten dabeen; zelan lapur biren erdian ilten dabeen bera buru eta nagusi balitz legez? Nori biotza ausiko ez yako ikusirik Ygkoaren yakituria Herodes-ek zoro egiten dabela, eta berak burla-zar yantzi eragin eutsen soñeko zuriagaz daroela kaleetatik zear, mundu guztiak irri ta barre egiten deutsala? Nori azkenean erraiak apurtuko etxakoz dakusanean arako gizon noble odol onekoa, Ygkoa bera Aita dabena, eta amatatik ogeta bat erregeen odoletik datorrena billau bat legez azotadurik, eta lotsagarrizko kurutzean (kurtzioan) ilik?

        Baia ezta beingoan igaroteko arantzazko koroaren zera..., barre lotsarizko negargarria. Soldaduak, iñoren leporik barre egiteko beti prest egon doazanak, ikusirik Yesus laztana nekerik andienetan bere ixi ixilik egoala, eta bakerik bapere (arean) galdu bagarik, eta yakinik beste aldetik ari edozein txarkeria eginagaitik, Pilatos-ek ez eutsela buruko-min andirik emongo, Yudeguai barriz orregaz biotza zabal zabal egingo eutseela, artu zituezan asmuak (buruak), beragaz barre aldi bat izateko. Eztakit nik obato esango ez neunkean diabruak gauza ori burura emon bear izan eutsela, bada eurak asmadu ebeena eztirudi iñondi bere munduan danek ames bere egin leikeala. Entzun izan ebeen zelan Yesus gozoari beste gauzeen artean ezarten eutseen bere burua errege egin gura izan ebalakoa, eta orretarik buruak emon eutsen burlazarrezko errege egin bear ebeela.

        Esan ta egin. Eioten dabe arantza gogorrakaz koroe ikaragarri bat, erantziten deutseez soñekoak, ezarten deutse sorbaldeetatik beera (atxina) kapa gorri zar bat, yesarri (yarri) eragiten deutse aulki (lenka) baten ganean, eta buruan yosten deutse indarka arantzazko koroe ori. Emoten deutse eskura zetro orde, kañabera bat eta asten yakaz erregeri legez agurrak eta esku-munak egiten. Paretan (iminten, yarten) yakaz batzuk aurrean, belauniko (belaunbiko) eta algaraz eta karkaiaz dirautse: «agur Yudeguen errege». Besteak artuten deutse eskuetako kañaberea eta beragaz, blast, yoten dabe buruan. Baia asko zirean legez, ezin guztiak ain urrera eldu yakazan orrenbeste egiteko; baia orreek bere euren zitalkeria erakusteko (arren, arrik) gorro atsitu loiak egiten eutseezan arpegira. An zirean algaraak, an barre-zantzoak, an iji-ajak, an berba zantarrak, antxe barallea eta iskanbillea.

        Neure biotzeko kristiñauak, ete dira oneek ipuiñen batzuk, edo amesen batzuk? Egin ete zirean onelango gauzaak gizon oker gaisto bizi bere bear ez leukeanen bategaz? Ez, eztira egia uts utsak baño, eta zeru-lurraren egilleagaz, Ygkoagaz beragaz egin zireanak. Yaun au da arako yaun andia, zeinen aurrean aingerurik goienak eta nagusienak bere euren aurpegiak estaldu bear izaten dituezan; eta zerutar guztiak auspez lurrean (zelaian yarririk) etxunik opa (opatuten eskinduten) deutseezan euren buruetako koroiak. Baia soldadu aldra billau batek darabil munduko gizonik okerrena legez, edo satzena legez, dandarrez barregarri. O Yesusen pazienzia diño san Bernardo-k, o umiltasun miragarria, eta o amodio parebagakoa! Ezagutu dagigun gugaitik egin izan dituzanetan, zeinbat gura deuskun. Zeinbat eta bere burua gitxiago egiten daben, ainbat eta geiago eta geiago agiri da geuri deuskun legea eta ondo-gurea. Baia ezta orretan bakarrik agiri: agiri da bere gugaitik ikusi zituzan neke eta ala ezin esanezkoetan.

        2. Ez eukan orretan bere Yesukristo geure yaunak geu pekatuetarik ateretako ainbeste ikusi bearrik: baia bere amodioak eta geuganako on-eritxiak arr-arazo eutsazan, eguño munduan gizonek ikusi dituzan gogorrenak. Munduko gogorrenak esan dot, eta eztot nik neure berbea yango. Baakit nik munduan askok ikusi izan dituezala Yesukristo-k ikusi zituzan gauzaak langoak, baita aek baxen askozaz eta askozaz gogorragoak bere; baia ez eutseen aei orreek gauzok onenbeste min eta ala emon, zeinda Yesukristo-ri bereak. Zagoze puska baten, eta nik esango deutsuet zegaitik. Zeuek ondo dakizue geure fedeak darakuskuna, eze, Yesukristoren gorputza zala Espiritu-santuak bere graziaz eta birtutez egina, eta esaterako moduan Espiritu-santuak berak bere eskuz egina. Beragaitik Yesukristo-ren gorputza zan osterantzeko gizon guztien gorputzak baño obeto egina. Zan bada edozein bere gauzatarako besteenak baxen zuurragoa. Mina emoten dau bear dan baño gogorrago, latzago, edo bear ez leukean legez ukutu, yo, edo sartu egiten dan gauzeak, eta bardinean zuurrago dan gorputzean min geiago egin bear dau edozein gauzaak, sorrago danean baño. Alan bada izanik Yesukristoren gorputza Espiritu-santuak egina legez, beste ganeko guztienak baño askozaz zuurrago, askozaz bere minbereago izan bear eban besteenak baño, eta bardinean, eta gitxiagogaz bere, askozaz gogorragoa izango zan ak artuko eban mina, besteak artu leikeena baño. Au aurretik dozuela entzuzue orain zelango min emoteko gauza ikaragarriak ikusi bear izan zituzan Ygkoaren Seme onek.

        Ain ikaragarriak izan zirean eze, preso artuko ebeen gau atan berean gogora etorteak zeinbat eta zelangoak zirean ikusi bearko zituzan onenbeste larritu eutsan biotza eze, gorputzeko alde guztietatik eriozan zara zara odol garbizko izerdi tantaak. Eta alan egin beutsan etorteko egozanen gomuteak, zer egin bearko ez eutsen orreek gero etorrita igaro bear izan zituzanean? Bai beintzat: ez Yesukristo-k legez gorputza eginik eukanari ez eze, baia gizonik gogorrenari, eta sorrenari bere ikaragarriak eta latzak eretxiko yakazan neke eta ala orreek, berak igaroteko izan balituz. Isaias profeta santuak zazpireunta urtegaz leenagorik (aurretitik) ikusi eban geure pekatuak gaitik birrindurik, bururik eta beatzetara zati (atal) osorik ez eukala: eta esan bear izan eban eze, beintzat ak alen eta gaixoen barri ondo ekiala. Eta Isaias-ek ain antxinarik ikusi ebana, ondo ta ondo, eta ondo baxen obeto yazo zan pasiño santuan. Onen ganean orain artean bere makina bat gauza entzun deustazue, baia alanbere zeuei obeto adietan (ulertuten) emoteko bere aldia elduta esku artean darabilgun gauza au, gogora ekarri gura deutsuedaz Yesukristoren pasiño gogor orreko neke arrigarri bi, eta oneek dira bere azoteak, eta kurutzeko eriotzea.

        Ea bada entzula maiteak, errazki orain biotzera egingo dozuez zeuen indar guztiak, bada edo biotzik izango eztozue edo erdibitu bearko yatzue, zeuen begien aurrean imintera noianagaz, beintzat bai Yesukristoganako amodio apurren bat badozue. Goazan bada lenengo Pilatos-en etsera, ikusteko an ze aserre, ze barregarri darabilden Yesus laztana. Pilatos bildurtia ikaraturik Kristo-ren kontra txakur eginik egozan Yudeguen zemakuntzakaz, agindu eban geure Yesus biotzeko ori azotetea, ea ezetara bigundu al balegizan Yudegu gogor orren errai (gogorrak) aserreak. Eta Yudeguen aserre au txitozko aserre gogorra zan legez, ikaragarria zan legez, alan gura izan eban bere Yesukristo-ri emongo yakazan azoteak guztizko gogor-ikaragarriak izan zitezen. Esan ta egin. Ozta ozta (nekez) aotik atera eban Pilatos-ek berba ori eta orra non artuten dabeen Yesus borreru nabarbenak, erantziten deutseez soñekoak billos billosik narru gorrian itxi artean (giñokoan) lotu, estuten dabe sendaro irrime metarri (pillare arri-abe) batera, eta asten yakaz draunba draunba emon ta emon. Baia, zelan emon bere? Euren indar itzal guztiagaz. Entzuten dan zumenen (mimenen) brina zoliak bildurtu lei, ugalen eta kordelen burrunberia aserreak ikaratu lei, eta azoteen durundio itzalak gogorturik itxi lei. Ai Yesus gaixoaren gorputz biguna, oraingoan beintzat zelan gelditu bear dozun! Baltzunak egin..., aragiak anditu..., zauri zakonak idigi..., zanak urratu..., azurrak agirian imini..., eta gorputz guztia bururik beatzetara llaga luze bat eginik itxiten deutse. Ostikopean dabiltz aragi atalak (zatiak, lurrean egin da odolezko erreka bat, borreru tzarrak ezin besoai eragin deutsee, eta oraindo bere (oraindokoarren) antxe dago Yauna azotekada barrien begira. Kristiñau maiteak, begiratuko zeunskioe negar bagarik? Elitxakezue erdibituko minen minez biotza Yesus biotzeko laztana alan ikusirik? Orain bada egizue zeuen artean zelangoak izango zirean Yesukristo-ren alaak, Espiritu-santu yaunak egin eban gorputz bigunaren minak atan banatu eta trimindu ebeenean. Eta kontuak luzeak eta zabalak egin izan dozuezanean, nik esango deutsuet eze, ori baño min geiago emon eutsan beste gauza bat ikusi bear izan ebala, eta auxe da kurutzean untzeakaz yosita iltea.

        Yesus maitea kurutzean untzeakaz yosita il ebeen. Ai ze laster esaten dan au, baia zelango arrigarrizko alaak ikusi bearko zituzan yaunak ori egin eutsenean! Kurutzean yosita il.... Egontzare iños zeuen artean ea zer izan leitekean alan iltea? Antxina ori askotan ikustentzan gauzea zan, eta aldi atako yakitunak diñoe eze, ori zala eriotza gogor guztien artean gogorrena, eta ori baño askoz bere obea zala surtan erreta iltea bere, lasterrago egitentzalako. Gizon bat esku-oñetatik untzeakaz yosirik dagoana, odola zara zara gelditu bagarik dariona, mementorik mementora argalduaz doiana, dardar ikara dabilena eta egarriak ito bear dabena, baliteke bera baño gauza errukigarriagorik? Beso baterik ordu betean eskegirik egotea asko izaten da gizonik gogorrenari eta sorrenari egia aitortu eragiteko (erasoteko). Bada, zer izango zan esku-onetarik untzeakaz yosirik egotea, eta iru orduan egotea, Yesus laztana bizirik egontzan legez? Esku-oñetan batuten (batzaiten) dira zan guztiak, eta orregaitik esku-oñak dira txitozko minberaak: besoak zabalik (idigirik) egotea, eta zabalik bere, kurutzean bear dan legez kurutzean yosirik egoteko, da guztiz nekegarria: gorputzaren pisua beti egongo zan untzeen zilloak (zuloak) etenduten eta gordinduten, eta geroago eta zabalago egiten; eta orregaitik beti egongo yakon odola urten eta urten, beinbere lotu bagarik. Onetarik etorriko yakon ikara bildurgarrizko bat, egarri eta argaltasun guztizko andi bat, eta gorputz guztiko ala ikaragarriak, zeintzuk geldi geldi bizitzea kenduko eutsen kurutzean egoan gaixoari. Onelango eriotza gogorra (aserrea) emon izan deutse Yesus gozoari, onen gogor il izan dabe Ygkoaren semea.

        Niri begitanduten yat oraintxe, antxe dakusdala kurutzean eskegirik bururik beatzetara alde oso bagarik, antxina Isaias-ek ikusi eban legetxe. Burua dauko arantzaz galdurik, gorputz guztia azotez ebagirik, eta alde guztietatik odol beroa dariola, arpegia matrallakoakaz anditurik eta baltziturik, miña, ao-sabaia, eta eztarria (samea) egarriz leorturik eta sikurik, eta beaztunez mindurik, esku-oñak untzez yosirik. Zer geiago ikusiko eban geugaitik Yesus laztangozoak? Baauko bere gorputz guztian min barri batentzako lekuren apurrik? Ainbestera eldu zan bere nekea eze Yaunak berak, pasiño guztian ez ai bat, ez zotin bat egin ez eban. Yaun onek, bere burua kurutzean alan ikusi ebanean, asi yakon bere Aita Yaungoikoari esaten: «Ene Ygkoa, ene Ygkoa, zegaitik alan itxi nozu? berba laburrak beintzat, baia alango Yaun pazienzia eta bake andikoaren aoan asko baño geiago esan gura dabeenak.

        Baakutsue orain, neure kristiñauak, baakutsue nogiño elduten dan Yaungoiko maiteak geuri erakutsi deuskun amodioa? Baakutsue? Geugaitik gizon egintzan, geugaitik ikusi zituzan neke, izerdi eta buruko-ala andiak: geugaitik ibili zan guztien oñen azpian; geugaitik eroan (igaro) eban eriotzarik gogorrena. Bai geugaitik, bere kontra ainbeste bider yagi izan garean okerrok gaitik; bere esanak egin gura ezik ainbeste bider ibili izan garean mukerrok gaitik ainbeste ikusi izan dau zeru-lurraren egilleak, geu egin ginduzan, eta bizirik gaukazan Ygkoak. Eta au entzunda, zeuen biotzak, eztira bigunduko? Pekatari gaixoak, onenbeste gura izan deutsue Ygkoak, eta, zeuek ezteutsazue ari ondo gurako? Eztozue aren esanik egin gurako? Aren gorrotoan bizi gurako dozue? Alan egiten yako Ygkoari? Zer da au, neure kristiñauak? nongo zorakeriak artu deutsue burua? Ygkoak zeuei ainbeste amodio erakutsi, eta, zeuek salduko dozue arrak yango dabeen aragiaren gustu zantar bategaitik? Ygkoak zeuei ainbeste amodio erakutsi, eta, zeuek salduko dozue egun bireko baño izango eztirean diruak gaitik? Ygkoak zeuei ainbeste amodio erakutsi, eta zeuek saldu gurako dozue laster itxi bearko dozuen adiskide txar batzuk gaitik? Ygkoak zeuek gaitik ainbeste ikusi, eta, zeuek neke eretxiko deutsazue bere esana egiteari? Etzare lotsa bere seme-alaba gazteak Ygkoa zeuei mesede egitearren bere amaren eta san Josepe-ren agindupean esanak ixilik egiten ikusita, zeuek gorasoak ezer esaten deutsuen orduko erremuxkadaka, burrufadaaka, karkabu txarka agindua egin gura ezik (eztozuela) ebilten? Etzare lotsa senar-emazte bake txarrekook, Ygkoa zeuen onerako ainbeste txarkeria eta ainbeste neke bake onean eroaten ikusita, zeuek beti alkarren kezkan, beti txakur katuak legez alkarren aserre gogorrean ibilten? Etzare lotsa kristiñauak ikusirik zeuen Ygkoa ixi-ixilik bakean deungaro andiak entzuten, min ala eskergaak ikusten, eta eriotza arrigarria igaroten, zeuek deungaroren bat esan dagizuen orduko? txatxarkeria apurren bat egin dagizuen orduko, bengaia, kerellea, demandua gorrotoa, besterik ez erabilten? Ygkoaren Semea geugaitik alaz eta minez ase ase eginik, eta loi zantarrak aragiaren atsegintasun zikinez euren buruak asazkatu ezinik. Ygkoaren Semea geugaitik barau gogorrak, goseak, egarriak ikusten: ordi konkorrak ardaoz sabelak bete ezinik. Ygkoaren Semea geuri on egitearren bizitza nekosoa, eta eriotza itzala daroiala: testigu okerrak adiskidea serbidutearren aren damu gorrian aren izen santu lotsa andikoagaz guzurragazko testigantza (gaia) gaistoa emoten dabeela.

        Zer da au, neure kristiñaua? Non da geure aurpegia? Non da geure biotza? Ygkoaren Semeak geure onerako ainbeste egin, eta, geuk eztogu aren esanik egin gurako? Eztot ondo esan. Geuk geure pekatuakaz, geure pekatu anditzarrakaz, barrien barri kurutzean yosi bearko dogu? Ez, neure biotzeko entzulaak, ez. Amodioari amodioagaz erantzuten yako: on-eretxiari on-eretxiagaz, eta ondo-gureari ondo-gureagaz. Eta bada Ygkoaren Semeak zeuek gaitik ainbeste egin izan dau, zeuek bere aleginak egin bear dozuez bera ondo serbietako, bere esanak gauza guztietan egiteko. Au eskatuten deutsue Yesus maiteak; eta au egin bear deutsazue Yesus maiteari. Eta au egiteko gogoak artuten badozuez, errazki yoango zare bete betean beragana: berak esan eban bere aotik bera pekatarien billa etorri zala mundu onetara. Yesus gozoak eskatuko deutso bere Aitari zeuen pekatuen parkaziñoa. Kurutzean min alaz ilten egoala eskatu eutsan bera alan imini ebeenak gaitik: eta oraintxe gugaitik egiten dagoala dirauskue San Yoan eta san Paulo apostoluak, eta ez geure pekatuak gaitik ez eze, baita mundu guztikoakgaiti bere. Zeruan dagoala bere eztau galdu izan Ygkoaren Seme onek lengo guganako on-eretxi eta laztantasun gozoa, eta alantxe dirausku esatera noatzuen urrengo exenplu onek.

        San Karpo izantzan obispo santu arima-zale, eta bere kontura eukazanen ardura andikoa. Yazo zan bein, onetariko bat fedebagako yentil batek engañaduta euren fiesta zantarretara eroatea. Arako san Karpo-k ori yakin ebanean, sumin andi batek artu eban dana, eta bere artean erreten ebilen euren kontra, ez zer esan, ez zer egin bere ez ekiala. Gaubean gaubean gauberdirik gorako guztia emon eroian oraziñoan, eta gau atan Ygkoari beragan egoan berorik andienagaz eskatuten eutsan arren bada, eta arren bada kastigadu legizala gaiskin bi aek, galdu legizala besteen onerako bere alango gizon oker-nabarbenak. Onetan egoan santua ekin ta ekin, bere eretxian beartzana baxen Ygkoari eskatuten ez eutsala: baia Yaunak besterik uste eban, eta besterik agertu eutsan urrengo bisiño eta ikusgarri onetan. Lur-ikara bat izantzan bera oraziño egiten egoan lekuan, eta erdiz erdi zabaldu yakazan zeru ederrak eta ikusi eban aingeru artean Yesukristo, argiz eta gloriaz yantzirik egoala. Idigi yakon bea bere, eta ikusi eban ondo-bagako zilo eta leza ikaragarrizko bat, eta aren ertz ertzean larri egozala yausi aginean bere pekatari biak, eta leza bee atarik etozan suga eskerga askok euren agin zorrotzakaz eta busten luzeakaz aleginak egiten zituezala biak antza eroateko.

        Argitu yakon orregaz san Karpo-ri biotza eta luze eritxola aen yausteari berak bere bultzadaka bota gura zituzan andik beera. Baia orra non ikusten daben zelan Yesus gozoa ta gozoa eta milla bider gozoa, gizon errukarri orreen larria ikusirik, zerurik yazten dan aingeruak lagun dituzala, eta biai eskua emon ta kenduten dituzala lezaren munarik. Au eginda Yesus-ek berak Karpo-ri arpegi artuten deutso dirautsala: ea Karpo ementxe nakazu: eta ainbeste suz beterik zagozan ezkero esetsi egidazu barriro ta barriro bere. Prest nago beste bein, eta beste milla bider bizitzea emoteko arimaak zerura eroatea gaitik: eta ori iñoren pekatu bagarik egin al baledi, atsegintasun andi bat artuko neunke nik orregaz. Eta bada zeuk ainbeste arimeen zelo eta egarri erakusten dozu, ea begira zeuretzako zein guraago dozun, ala infernuan demoniñoakaz betiko erretan egotea, ala zeruan aingeru ederrakaz beti beti Ygkoa ikustea.

        Onelango Yesus-en berba gozoak entzunda eztira geure biotzak bere amodioan bigunduko? Eztira urtuko? Bai beintzat: oraintxe bigundu bear doguz Yesus maitearen oñetan. Yesus laztana, neure biotzeko Yesus gozoa, zek egin zaituz geugana orren etxuna eta onen urtua? Baia, zek? zer ikusi dozu geugan zeure biotza geuri onelan emoteko? Erakutsi deutsugu geuk besterik ezpada laburtasuna, txatxakeria, eta okerreria? Bada, zek zaukaz gugana ain itsuturik? Zer dirauskuzu? Baia, zer esango deuskuzu? Antxina israel-darrai esaten zeuntsezanak. «Andra batek aztu lei berak egiñiko seña errukirik ez izateko bere erraietako umeari? Bada ak aztuko baleu bere, ez nik zeuek. Nik neure eskuetan eskribiduta zaukeedaz». Bai Jauna, eskuetan eskribiduta gaukazuz untzeak egin eutsuezan zuloakaz, gorputz guztian eskribiduta gaukazuz guganako amodio beroak artu eragin eutsuzan ainbeste zaurigaz eta orregaitik ezin aztu giñaizuz. Oneek erakusten deutsazuz zeure Aita eternoari geugaz bigun egiteko, eta geure pekatuen parkaziñoa yadiesteko. Erakutsi egiozuz arren oraintxe geuk, zeu bitarteko iminirik, biotzeko minagaz pekatuen parkaziñoa eskatuten deutsagun arte onetan.

        Aita-eternoa, geugaitik zeure Seme maitea mundu onetara ilteko ordena estuagaz biraldu zenduana, «Ecce homo», ara emen, begiratu egiozu ondo zelan egontzan kurutzean, geure pekatuen parkaziñorako bere bizitzea emon ebanean. Begira, aita, buru arantzaz galdu oneri: begira aurpegi anditu eta baltzitu oneri: begira sorbalda zatitu onei: begira gorputz banatu eta trimindu oneri: begira esku-oñ untzez yosi onei: begira albo zulatu eta irigi oneri. Oneek guztiok zeuri geure pekatuen parkaziñoa eske yagotzuz: onen odolak deadar egiten dau ez geure kontra, ezpada geure alde. Beronek bizi zanean egin eutsuzan eskariak entzun zenduzan bere lotseagaitik: entzun egizuz orain egiten deutsuzanak bere, eta parkatu egiguzuz geure pekatuak. Baia zelan entzungo eztozuz zeure Seme laztan onen eskariak? Zelan ukatuko deuskuzu zeure Seme laztan onek guretzako eskatuten deutsuna? Berau seme gozo au geuri emon zeuskun: zelan bada beragaz batera (nastean) emongo ezteuskuzuz ganeko gauza guztiak?

 

aurrekoa hurrengoa