www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

2. GARIZUMAKO DOMEKETARAKO
IKAS-BIDEEN AURREKO SARTZAIERAK

 

(B, 113-121. or.)

 

 

LENENGO DOMEKARAKO

 

Dominum Deum tuum adorabis, et illi soli servies.
Matth. c.4.v.10

 

        1. Elexa ama santeak, gu penitenzia egiten biztuteko, iminten deusku gaur Ebanjelioan J.K°. gure Jaunak ermu bakar baten berrogei egunean egin eban baraua. Ain izan zan gogorra barau au eze, ez eban ezerbere artu denpora guzti onetan. Igarorik egun oneek, sartu yakan gose andi bat. Ez eban galdu Demoniñoak Salbagillea tentetako era au, eta alan eldurik beragana esan eutsan: Jaungoikoaren Semea bazara, ogi biurtu egizuz arri oneek. Etzan aserratu Jaungoiko guztizko esku andikoaren seme benetakoa lotsabakotasun onegaz, eta ontzatasun, ta mantsotasun andi bategaz, erantzun eutsan: Ezta ogi utsagaz bizi gizona, ezpada Jaungoikoaren aotik urteiten daben berbeagaz. Goia artu eutsan berba onekaz Demoniñoari; baia ain tematia ta andiustea (buru-eretxia) dana legez, uste izan eban oraindiokoarren azpiratuko ebala gizona; eta barriro tentetako eroan eban Elexako lekurik altuenera, eta esan eutsan: bota egizu emetik beera zure burua, ze etxatzu gatxik egingo, bada Jaungoikoak berak agindurik deutse Aingeruai zaindu eta yagon zaiezala gatxik egin ze dakizun. Eranzun eutsan Jaungoiko-gizon egiazko J.K°.k: Ezta olangorik egin bear, ze esanik dauko berak: Ez eikezu tentau zeure Jaun ta Jaungoikoa. Ikusirik Demoniñoak deungaro urte'eutsala bigarrengo tenta-aldi onek bere, asmetan dau irugarren bat, zeinetan egin zituzan alegin guztiak Jaungoikoa?en semea galduteko eta pekatura yausi arazoteko. Daroa bada mendi gora baten bizkarrik goienera, andixe erakusten deutsaz munduko erri, uri, erreinu ta ondasunak, eta guzurraren guraso guzurti galdu onek esaten deutso: bakutsu; onexek guztiok neureak dira; baita guztioen yaube egingo zaitudaz, lurren ganean auspez iminita, adoretan banozu. Aserratu yakon zan orduan J.K°. Demoniñoaren kontra, Jaungoikoari berari bakarrik datorkion honrea beretzat gura ebalako eta esan eutsan: oa ortik, Satanas; ken adi neure begien aurretik, ze papelean yatzak: ire Jaun ta Jaungoikoa adorauko dok, eta bera, ta ez besterik, serbiduko dok. Berba indar andiko onekaz astindu eban Diabru gaizkina, baita ondatu bere infernuko garren artean: etorri yakazan Aingeruak, eta ekarri eutsen zer yan. Auxe da, neure Krisk., gaurko eguneko Ebanjelioak dirauskuna, eta berean Jaungoikoaren semeak, gure maisu eginik, irakasten deuskuz yakinbide andiak: baia euren artean, neure eretxian andiena, arako azkenengo berbeetan dirauskuna; Zeure Jaun eta Jaungoikoa adoraduko dozu, ta bera bakarrik serbiduko dozu. Auxe da Jaungoikoak imini deuskuzan aginteetarik lelengoa ta nagusiena; baita onexegaitik esan eutsen J.K°.k berak beste aldi baten Fariseoai, itandu eutsenean ea zein zan legeko lelengo agindua; «Maite izan egizu zeure Jaungoiko Jauna biotz guztitik, gogo osoagaz, eta indar ta alegin guztiagaz: auxe da aurrengo agindua, ta bertantxe sartuten dira lege guztiak ta antxinako Igarlari Santuak diñoen guztia». Berau bada izango da gaurko berba-geia, eta azaldu ta esplikaduko deutsuet Jaungoikoaren legeko lenengo mandamentua.

        Jaungoikoaren lelengo mandamentuak, etc.

        [Ikus 1. mandamentua 2. liburukian]

 

 

BIGARREN DOMEKARAKO
IKASBIDE-AURREA

 

Transfiguratus est ante eos.
Math.c.17.v.2.

 

        2. Gaurko Ebanjelioan gogora dakargu geure Elexa ama Santeak, J.K°.k bere diszipuluai erakutsi eutsen mirari guztizkoa, ziertu ta seguru egon zitezan egia dala esanik eutsen guztia, baita bera zala gerorako agindurik eutsen gloriaren antz eta irudin egin egina. Onetarako eroan zituzan Tabor-go mendi ganera. S. Pedro, Santiago, eta onen anaie S. Juan ebanjelistea, eta iruroen begietan bestetu ta argi argi egin zan. J.K°. geure Jaunak, gizona zanez, eukan sortu zanetik ara guk zeruan euko dogun gloria; eta orain ez eban besterik egin, ezpabere kanpora atera besteak ikusi leien, gloria onen tangatxu bat. Geratu zan bada Jaunaren arpegia oraindikoarren eguzkia udako eguerdietan baxen bere askozaz argiago ta ederrago, eta bere sonekoak edurra bera baño zuriago. Ordu berean agertu zirean Moises ta Elias J.K°.gaz berbetan (Lc. 9. v. 31), euren artean eragoioela, gugaitik Jerusalen-en ikusi bearko eban zituzan neke gogor, ta eriotza aserreari. Ikusirik S. Pedro-k onenbeste gloria, onenbeste edertasun, ta onenbeste miraari, ez eukean andik eguño bere alde egin gura, eta bertantxe egon gureagaz, beragan eztagoan batek legez, zoro-zororik esan eutsan J.K°.ri: Jauna, onen onena litzateke gu ementxe betiko egotea. Baderitxazu, emen egin giñaiz iru etxetxu, edo iru txaola; bata zuretzako, bestea Moisesentzako, irugarrena barriz Elias-entzako. Au esan orduko odoi guztizko argi batek bere barruan artu zituzan, eta odoien erdi-erditik urte'eban Aita Eternoaren bozak, ziñoala: ara emen, auxe dot nire Seme maite-laztan, nogan daukadan nire atsegin ta poz andia: bere esanak egin bear dozuez. Bildurrez ikara ikara geratu zirean iru Apostoluak, eta ain konorte (adin) bagarik eze, egon ezinik, oñen ganean, auspez lurrean etzin zirean. Bitartean barriz Moises-ek eta Elias-ek andik alde egin ebeen. Eldu yaken bada Jesu Kristo eta yagiten agindu ezkero esan eutsen: begira, ez esan iñori emen ikusi dozuena, arik-eta ni ilen arterik biztu artean.

        3. Deritxat, Kristiñauak, mirari andi au ikusi gura bero beroan sartu zareela au entzunda, eta zuen artean zagozela: A, bada, menditxu atan egon bagina, J.K°.ren edertasun zoragarria ikusteko! Ikusi bagina iru Apostolu zorionekoen laguntzan! Entzun bagenduz Aita-Eternoaren, bere Seme bakarraren, Moises-ta Eliasen berbaak! Alperrik eze, ezkenduan besterik bear zorioneko-zorionekoak izaiteko. Baia, Kristiñauak, eztaukagu zetan onen damurik euki egunean egunean ikusi giñaike Jaungoikoaren semea gloriaz, mirariz ta edertasunez yanzirik, ez gorputzeko begiakaz, baia bai arimakoakaz. Eztaukagu onetarako zetan yoan Tabor-go mendiko aldatsetik atxina: bertantxe, eta edozein bere Elexatan ikusiko dogu nos gura, biztu gura b'ogu gure fedea; ementxe enzungo doguz, an enzun zirean baño, guretzat berba gozoagoak. A bageunke bear geunkean fedea, oraindiokoarren S. Pedro-k baxen bere pozago esango geunskio Altara orretantxe dagoan Salbagilleari; Jauna, guztiz da ona gu emen egotea. Baia, au non da? A, Kristiñau negar egitekoa da, baia eztaukagu siniste makal, epel, ganorabako, ezetako eztan bat baño, eta orregaitik astun egiten yaku Elexara etortea, eta luzero bertan egotea: nekez gatoz J.K°. ikustera, eta nekezago gagoz bere aurrean. Zer diñot? Yai-egunetan, bai yaiegunetan, meza enzun bearra daukagun egun oneetan, zelango atxakiak ez dira asmetan ez etorteko Elexara? Eta arrastaka ta gura ta gur'ez legez etorrita bere, zeinbat egoten dira meza denporan deboziño bagarik, mezeari eztagokazala, albora begira, eta mezarik laburreena luze egiten yakeela? Negarra erazoteko gauzea da bene-benetan, eta sinistu bere ezin leikeana gere begiakaz lanzean bein ikusiko ezpagendu. Onango epeltasuna, edo otz gogorra, edo zelan esango deutsagun, kendu al banengi, kenduteko asmuakaz, banator gaurko egun onetan, eta onetarako berba egingo deutsuet Meza-enzunda yaiegunetan egin bear doguzan osterantxeko gauzeen ganean.

        Jaungoikoaren legeko irugarren mandamentuak, etc.

        [Ikus 3. mandamentua 2. liburukian]

 

 

IRUGARREN DOMEKAKO
IKAS-BIDE AURREKO SARTZAIEREA

 

Erat Jesus ejiciens Demonium, et illud erat mutum.
Luc.c.11.v 4.

 

        4. Mutu bat daukagu gaurko Ebanjelioan, baia berba-laari (barritsu) asko; baita txarrago eta deungagoak egozan, miña libre erabilenak, katigu eukeenak baño; bada mutuaren miña loturik ta katigu beeukan Demoniñoak, berba-laarien arimeen yaube zan; barriz deungago da, ta askozaz okerrago arimea pekatuakaz lotuta eukitea, gorputza Demoniñoak katigu eukitea baño, gaurko eguneko Ebanjelioan dakuskuna legez, zeinetan esaten dan, ze J.K°.k egin eban mirariagaz, mutua libre ta berbeagaz geratu zala, berba-laari (berba-erio) barritsuak barriz leen baxen okerrago ta gaistoago. Alantxe diño S. Juan Krisostomo-k. Ekarri eutsen, bada, geure Jaunari gaizkiñak eukazan gizon bat, zeinek berbarik arean bere ezin egin eban, barruan eukan Demoniñoak mututu egin ebalako. Eta erregutu eutsen, arren bada librau eiala gizon ç alango yaube gogorraganik. Errukiturik Salbagillea, enzutea emon eutsan euren eskariai; eta bere damuan urte'eragin eutsan Demoniño gaiskiñari, eta berbetan asi zan orduragiño mutu izan zana. Mirari txitozko andi au ikusita bertan egozan yenteak asi zirean Jaungoikoa bedeinketan. Baia ez Eskriba eta Fariseo gogorrak, ze idigi bearrean euren begiak ikusteko J.K°. zala Jaungoiko egiazkoa, geiago ta geiago gogortu zirean euren pekatuan. Ezin ukatu eben, guztien begien aurrean egin zan, miraria; baia eztabe sinistu gura Jaungoikoaganik eukala onangoetarako eskua, eta alan diñoe Berzebu edo Demoniñoagaz daukala zer ikusi, eta onen indar ta eskuagaz egin ebala. Beste batzuk, barriz, tentazar eskatuten eutsen gure ganeko zeruan alango mirarizko gauzaren bat egin egiala. Baia, o Jaunaren ontsatasun, ta epetasun guztizkoa! Beekusan euren intenziño (asmu) okerrak, eta orregaitarren bere ez eutsen agirakarik egin, diño S. Juan Krisostomo andiak; eta bakarrik, zein guzurrak balio dakien, dirautse egia humiltasun andiagaz. Ezin iraun leike, dirautse, bakerik eztauken (eztaukan) erriak, bada alkarren kontra badabilz euren artean erreinu barrukoak, laster egingo dabe bata besteen ganean erriko etxeak. Orain bada Demoniñoak botetan badau gizonaganik Demoniñoa, ezin onen erreinuak iraun leike. Beste aldetik, barriz, nik Berzeburen izenean botetan badodaz Demoniñoak, zuen semeak noen birtutez botetan dituez? Itandu eikioezue arren, eta, nire fabore urten dagiela, eta nire alde egin daiela? Barriz, nik Jaungoikoaren izenean, eta berak emoniko indarragaz botetan badodaz, eldu da zuen artera bere erreinua. Esango baleutsena legez, gura ta gur'ez autortu ta konfesadu bear dozue ikusi dozuen miraria Jaungoikoaganik etorri dala; baita, nire eskutik egin daben ezkero, neu nasala, sarri-askotan esanik deutsuedan, bere seme, ta Mesias benetakoa, zuek itxaroten zenduen errege andia ta munduko osasun ta Salbagillea.

        5. Neu nas, dirautsa oraindio, neu nas zuen arerio au goitu edo benzidu dodana. Orain artean etzan eldu mundu onetara bera baxen indartsuagorik; eta orregaitik seguru egon da, eta bake andian euki dau bere nagusitasuna. Baia neu nas bera baño indar andiagokoa, eta alan neuk aterako dot bizi dan etsetik. Baia ain da kruela ta gogorra ze, botarik leen eukan bizi-lekurik kanpora, dabil leku bakar ta ermuetatik arterik artu ezinik. Gero bere gogaiturik diño bere artean; banoa, bada, leen itxi nenduan etxera. Orretarako artzean dituz zazpi lagun bera baño okerragoak alegin geiago egiteko, ta eurakaz naste, sartzean da lengo gizonagan; eta aror non gizagaxoa geratuten dan leen baño deungago. Js. gure maiteak oneek esaten zituzan artean, yente-arteko andra batek eregi eban boza, ta esan eutsan: Zorionekoa da, zu erabili zinduzan, sabela, eta zorionekoak artu zenduzan (ugatzak) bularrak. Egia da, andrea, diño Jaunak, diñozuna, baia, askoz zorionekoagoak dira nire esanak enzun ta egiten dituezanak. Ara emen, Kristiñauak, gaurko Ebanjelioak dirauskuna: berean dakusgu Jaungoikoaren Semearen eskueskune guztizkoa; dakusgu arako bere ontasun andia, zeinegaz errukiturik mutuagaz, biurtu eutsan berbea, egiten eutsala miraari andi onegaz txitozko mesede andi bat. Baia nire eretxian mesede andiagoa egingo litxakio askori, miña kenduagaz, eta berba bagarik betiko itxiagaz; ze Jaungoikoak daki zeinbat daroazan miñak infernuko ondarretara. Zeinbat juramentu guzurrezko, ta alper; zeinbat birao; zeinbat berba loi; zeinbat iraina ta injuria; zeinbat deungaro esaka ta murmuraziño! Baita, zer dira oneek, ezpada beste ainbeste katea lodi, gizonak bere galtzaiera ta betiko kondenaziñora daroezanak? Baia zelan guztien artean kalterik geien egiten dabena dan biraoa edo maldiziñoa, auxe da orain azaldu ta esplikaduko deutsuedana..

        Da, bada, biraoa, etc.

        [Ikus 2. mandamentua 2. liburukian]

 

 

IRUGARREN DOMEKARAKO

 

Cum ejecisset Demonium locutus est mutus.
Luc.11.v.14.

 

        Modu askotan adierazoten deusku Elexa santeak gizon batek pekatuan dagoanean daukan negargarrizko egokera edo estadua. Batzuetan diño dala gizon kaden, geixo, adinbako bat legez: beste batzuetan seme geisto, eta esker deungako bere Aitaganik igesi dabilen bat legez: beste batzuetan gorputz il atsitu eta usteldu bat legez. Baia gaurko Ebanjelioan iminten deusku itsu, mutu eta gor baten irudian, nogan dagoan sarturik Demoniño gaiskiña. Irudi guzti oneetan adietan emon gura deusku ze kalte gogorrak egiten dituzan pekatuak gure arimaan, bildur izan gaitezan pekatuan yausten. Auxe berau nai neuke nik bere adierazo gox onetan alegin guztiagaz iñes egin dagizuen beraganik, eta alan esango deutsuet lelengo zer egiten daben bere buruagaz. Emetik ezagutuko dogu, ze mesede andia egiten deutsan Jaungoikoak pekatutik ateraten dabenari. Mesede au ezagutu daigun egin gura izan eban gaurko miraaria mutuari berbea emonagaz.

 

 

LAUGARREN DOMEKARAKO
IKAS-BIDEAREN BERBA AURREKOA

 

Accepit Jesus panes, et cum gratias egisset
distribuit discumbentibus;
similiter et ex piscibus quantum volebant.
Joan c.6 v.11.

 

        6. Mirari andi bat dakargu gaurko eguneko Ebanjelioan geure Elexa ama santeak, bada dirausku ze, bost ogi ta arrain bigaz emendatu, ta ase zituzala J.K.k, bost milla gizon, aren baten. Urte eban aren Majestadeak Galileako itxasoko beste aldera, yente guztiz andi bat bere yarrai ebala. Oneek guztiok yoazan bere atsean, ekusi zituezalako, gexoak osatuten egin zituzan, guztiko miragarri andiak. Eldu zirean, bada, ermu bakar batera goseak illik, eta zer yan bagarik. Ikusi zituzan Jesus laztanak, eta euren errukiz beterik esan eutsan S. Felipe-ri tentazar (ze berak bekian zer egingo eban): Ea Felipe, zegaz erosiko dogu onei yaten emoiteko ogia? Ai, Jauna, erantzun eutsan S. Felipe-k; ezta berreun errealeko ogia elitzateke asko izango, bakotxari puska bana emoiteko. Aurrean egoan S. Andres-ek esan eutsan: Jauna, ementxe dago mutiltxu bat garagarrezko bost ogi eta arrain bitzukaz, baia, bestelako gauzea! oneek zer dira ainbesteentzako? Orduan J.K°.k esan eutsen: yesarri-arazo egizuez. Yarririk bada basamortu atako elbitza ganean ainbeste milla gizon, artu zituzan Jaungoikoaren Semeak bost ogiak, eta bere Aita Eternoari eskerrak emon ezkero, asi zan bakotxari emoiten ogietatik eta arrañetatik naikoa. Eta ase ase egin ezkero, agindu eutsen Apostoluai batuteko enparau zirean otzurrak. Baita, bakizue zeinbat batzaindu (zituezan) eben? Amabi zarankada. Ikaraturik geratu zirean olango gauzea ikusita, eta alan esaten eben J.K°. zala Jaungoikoak atxinatik agindurik eukan Igarlari, edo Profeta santua, eta Mesias agindua. Baita etzirean onetan parau, ze artu zituezan, euren Errege egiteko asmuak. Jaunak barriz, yakinik euren gogoen barria, iñesi egin eutsen bakar-bakarrik, ta ostendu yaken mendi, gura bo'zu, baso baten. Auxe da, Kristiñauak, gaur J.K°.k bere atsean ebiltzezanai egin eutsen konbitea: etzan konbite onetan erregalu andirik ikusi, ezta ardaorik bere. Gura izan baleu, ondo errez yakan ardaoa emoitea, beñolan Kanaako ezteguetan legetxe, ura ardao eginda bere; baia ezeutsen beste gauzarik emon, ezpabere garagarrez eginiko ogia, eta arrañak; adietan emoiteko J.K°.ren bideetatik ezin ebili leitekeala, yan-edanetan dabilena. Baia oraindokoarrean ardao larregiak geiago urrunduten dituz gizonak Jaungoikoaren bideetatik; ze Espiritu Santuak berak dirausku ardaoa dala fedea, eta sinistea gizonai larga arazoten deutseena. Baita eztau bakarrik galtzean Kristinautzea, oraindokoarren bere kenduten deutse gizonai gizon izaitea. Orregaitik berba egingo deutsuet ardao lar edateko edo ordituteko ekanduaren ganean. Bakit probetxu gitxi aterako dodana.

        [Ikus 2. liburukian 5. mandamentua, ordikeriari buruz]

 

Ikasbidearen akaberea

        Baia ez, Neure enzula maiteak: iñes egizue edan-larregirik, lagun ordiak-ganik; edan egizue zuen erregela onean bear dozuena, baia ez geiegirik, ez orditu giñokorik. Onan geiagotuko yatsuez indarrak, osasuna, dirua, esku-artekoa, bakea ta izen ona. Ezi egizuez zuen gorputz orreek, ukaturik onango bide-bako gustu zitel, arimeen galtzaigarri direanak; merezidu dagizuen beste munduan artutea arako J.K°.k euren kurutzea daroenai iskindurik, ta agindurik deutsen gloriako koroia. Amen; alan gerta deilla.

 

 

BOSTKARREN DOMEKAKO
IKASBIDEAREN ASIKEREA

 

Si veritatem dico vobis
¿quare non creditis mihi?
Joann.c.8.v.46

 

        7. J.K°. geure Jauna daukagu gaurko Ebanjelioan adietan emon gurarik Eskriba ta Fariseoai bere Jaungoikotasuna, oneek barriz sinistu gura ezik Salbagilleak diñozan egiak, eta esaten pekatari oker bat, eta gizon galdu bat dala. Orregaitik dirautse Jaunak: zuen artekorik nor izango da niri pekaturen bat arpegian ezarteko? Egia badirautsuet, zetan sinistuten ezteustazue? Jaungoikoarena danak enzuten dituz Jaungoikoaren berbaak, baita zuek enzuten ezpadozuez, Jaungoikoaren semeak etzareelako, da. Aserratu yaken onegaz Eskriba ta Fariseoai, ta esan eutsen: badiñogu guk Samaria-rra zareala ta Demoniñoa aldean daukazula. Demoniñorik nik eztaukat eranzun eutsen, Jaunak; nik egiten dodana da, nire Aita Jaungoikoari honrea emon, baita zuek lotsea galduten deustazue. Yakin bear dozue ez nabilena nire honrearen atzean, bago bai ori nok egin, eta bai nok justizia egin bere. Bene-benetan ta egia guztiagaz dirautsuet: nire esanak egiten dituzanak eztau beinbere eriotzarik ikusiko. Oneetara erantzun eutsen: Ara, ondo ezpadiñogu Demoniñoa daukazula. Geure guraso Abrahan andia iltzan, Profeta igarlariak il zirian, eta zuk diñozu zure esanak egiten dituzana eztala eguño bere ilgo. Zeu altzara Abrahan gure aita baño andiago, edo Profetaak baño geiago? Nor egiten dozu zure buru ori? yakin egizue, eranzun eutsen J.K°.k; yakin egizue, eranzun eutsen J.K°.k; yakin egizue ze Abrahan-en betiko biotz biotzeko guraria izan zala, ni ikustea. Eta ni ikusiagaz poztu zan. Ezin ulertu ez aitu eukean Judegu itsutuak au zelan izan zatekean, eta alan esan eutsen: Berrogeta amar urte oraindokoarren eztaukazuz, eta Abrahan baño atxinakoagoa nasala. Baita alantxe zan, ze K° Jaungoikoa danez betikoa da, ta Abrahan eta mundua bera baño bere lenagokoa. Baia Judeguak, su emon baleutsena legez egia andi ta errespetogarri onegaz, artu zituezan arriak, berari arrika egiteko. Baia eskutadu ta ostendu yaken begietatik, eta urten eban Elexatik kanpora.

        8. Ze egia andiak esan zituzan Ebanjelio onetan J.K°.k! ze irakatzigarri, ta doktrina zoragarriak! Ze berba osasuntsuak! Baia ez ebeen sartu, ez sustrairik bota biotz gogor aetan. Enzun zituezan, baia ez eben aitu gura izan, belarri batetik sartuak bestetik urteiten eutsen, ezerbere erantzi bagarik gogortu zituezalako euren biotzak: Isaias-ek atxinatik esanik eukana legez. Zeinbateri yazoten ete yake gaurko egunean auxe berau? Gaurko Ebanjelioko berbaak etzituzan esan J.K°.k. Eskriba ta Fariseo-entzako bakarrik: Kristiñau guztientzako esan zituzan. Guztioi dagoku arako berbea: Egia badirautsuet, zegaitik sinistuten ezteustazue? Baita asko dira gorturik dagozanak berba oneek ez enzutearren. Ardi galduak legez, euren arzain onaren deiai yarraitu bearrean, dabiltz deslai ekandu zitel ta deungeen atsean, guraago dabeela beti betiko galduak izan gustutxu bategaitik, betiko zorionekoak izan baño neke puska bat igarorik. Baia au alan izanik ekandu guztiakaz, alanbere eztau beste ekanduk onenbeste gogortuten Kristiñaua, Jaungoikoaren deia ezentzuteko zein da aragizko pekatuak. Eztau bestek ainbeste itsututen gizona. Orregaitik gura neunke onen ganean berba egin. Ba'kit eztana erraz bear dan legez.

        [Ikus 6. mandamentua (bi sermoi) 2. liburukian]

 

Ikas-bideaen azkena

        9. Jaungoikoaren Ama, Birjina guztiz garbia, idigi egiguzuz gure arimako begiak lo egin zedaigun pekatuaren eriotzan. Argitu eiguzuz geure sensunak ezagututeko ze gogorrak direan pekatu zorigogorreko onen kateak ta kalteak. Emon eiguzu arren indarra Demoniñoaren sare eta lakio oneek urratuteko, eta garbi izaiteko berba, egikune, gogo ta pensamentuetan; merezidu daigun gere aragiaren naikunde ta gurakuntzaak goiturik, Jaungoikoaren semearen olgura ta libertadean ibiltea zeruko bideetatik, gero-bere araxe eldu gaitezan, antxe beti-betiro kantetako Jaungoikoaren errukitasun andiak. Atan gerta daiteala. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa