www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak-I
Juan Mateo Zabala
1816-1833, 1996

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sermoiak (I), Fray Mateo de Zabala (Luis Villasanteren edizioa). Euskaltzaindia, 1996

 

 

aurrekoa hurrengoa

3. GARIZUMARAKO LENENGO DOMEKARAKO
PENITENZIAREN GANEKO SERMOIA

 

(B, 215-219. or.)

 

Ecce nunc tempus acceptabile,
ecce nunc dies salutis.
2 Corinth. c.6, 2.

 

        Aldi guztiak dira onak geure pekatuen penitenzia egiteko: baña guztietarik onena da Garizuma santua: Orregaiti Elexa Ama santeak denpora onetan geure begien aurrean ifinten deusku ge. Jesukristo Jaunak basamortuan gugaiti egin eban penitenzia, bere ejenpluagaz bizturik ge. pekatuen penitenzia egin daigun. Bada izanik Jaun au geure maisua, ez bakarrik berbakaz, baita bere eginakgaz irakatsi gura izan euskun zerurako bidea. Beekian argala zana ge. aragia, eta gogor egingo yakona penitenziako bidea: orregaiti kapitae ona legez gura izan eban ge. aurreti joan. Ez beste gauza gaitik bada Elexa Ama Santeak, ge. ama ona legez, erakasten deusku Jgkoaren Semea leku bakar baten lagun bagarik bere gorputza non etxun ez eukala, berrogei egunean zizpuru artean Aita Eternoari ge. pekatuak gaiti erregututen eutsala.

        Idigi egizuz, pekataria, zeure arimako begiak, eta gogotan artu egizuz J.K°. ge. Jaunak irago zituzan berrogei egun oneek, eta ikusiko dozu zer egin bear dozun zeure pekatuak gaiti. Bada ainbeste egin beeban Jaun onek izanik pekatu bagea, Aitaeternoaren seme bakarra, Jgko. egiazkoa, zeruaren eta lurraren egillea; zer egin bear dozue zuek zeuen pekatuak gaiti? Ze errazoe dago Jesus maitea nekaturik aurkituteko, eta zuek pekatuz beterik egon ezkero penitenziari gorroto eretxiteko? Ze errazoe dago pekatu bagakoak penitenzia egiteko, eta zuek pekatu artean pozez egoteko? Ze errazoe dago zeru-lurren egillea zizpuru ta negar artean bizi izateko; eta zuek lur puskatxu bat izanik, atseginez beterik egoteko? O Jgkoaren ontasuna, eta gizonaren biotzeko gogortasuna! Zeinbat zu onago, ainbat eta gu gagoz deungago. Zeinbat eta on geiago egiten deutsezun gizonai, ainbat eta esker deungagokoak dagoz eurak.

        Eta zuek, kristiñauak, nos artean izango zare ain esker deungakoak zeuen Jgkoaganako? Nos artean eukiko dozuez zeuen biotzak gogorturik? Yagi zaiteze nosbait zeuen pekatuetarik, eta begiratu egizue zeuen arimea gaiti. Oraintxe da aldirik onena: ecce nunc tempus acceptabile. Oraintxe da denporea pekatuak itxirik Ygkoa gana biurtuteko. Baña zelan uste dozue? Penitenziako bideti: onetarako gaur esango deutsuet zelan egin bear dozuen.

 

 

Puntu bakarra

 

        Diabruak pekatariari iminten deutsan tentaziñorik andiena da, penitenziaren atzerakuntzea, seguru legez iminten deutsala geroago, eta obeto aurkituko direala penitenzia au egiteko. Eta ainbeste itsututen dituz eze, gauza ziurra legez sinistu eragiten deutse eze geroago egingo dabeena: bada san Agustinek diñoan legez, emoten deutse seguridadea, beragaz galduak izan (ditenzat) deitezan. Sensun bagako seguridade onegaz pozturik pekatariak bizi dira euren pekatuetan sarturik, eta penitenziaren yaramonik egin bagarik. Baia esan egidazu pekataria: zetan daukazu zeure seguridade ori ifinirik? Uste al dozu nos edo nos obeto egongo zareala penitenzia egiteko? Sei ilabete barru, edo urte bete barru, erantzuten dozu, egingo dot penitenzia: bada orduan egongo naz zer eginik eztaukadala: auzi au akabadu (amaitu) ezkero, edo arazu ta zer egin andi onek itxi ezkero. Auxe erantzuten dabee pekataririk geienak: eta txarrago dana, beste batzuk erantzun daroe: Orain ezin egin nei penitenzia: gazte nazan arte olgadu bear naz: orain seme asko daukadaz, arrabiadu eragiten deuste: ezetara ezin neike eurak daukadazan artean Yangoikoagana biotz osotik biurtu: bakotxa bere lekuetan imini ezkero, eta bakarrik geratu ezkero, eztot beste gauzarik biotzean eukiko Yangoikoa baño. Auxe da, kristiñauak, mundukoen esakerea, eta ezta besterik, ezpada Diabruak emoten daben putza, diño San Agustinek. Auxe esaten dozu: auxe sinistuten dozu eta auxe yazoko yatzula uste dozu. Baia esan, pekataria: zetatik, edo nongo sustraitik daukazu zuk penitenzia egingo dozulako ori? Nok esan deutsu orduan izango dozula zuk astia, grazia, ta penitenzia egiteko gogoa? Iru gauza oneek bagarik penitenzia ezin egin zinaike. Eta, badakizu orduan eukiko dozula (dozun) astia? Badakizu emon gurako deutsun Yaungoikoak bere grazia lagungarria? Badakizu zuk zeuk egin gurako dozun orduan penitenzia? Ezin zuk iñondik yakin zinaike. Bada nondik zagoz zu ain bete betean, buruak emoten deutsun aldian penitenzia egingo dozula? Iñondik bere ez kristiñaua: iñondik bere ez. Orregaitik bada eztozu gerorako itxi bear penitenzia ori; eztakizulako eukiko dozun ez astirik, ez graziarik, ez gogorik.

        Lelengo egin bear dozu ainbat lasterren penitenzia eztakizulako gero astirik izango dozun. Gauza ikaragarria da beintzat, ze, izanik ain laburra gizonaren bizitzea, ain asko ta anditzarrak pekatuak, ain sarritakoak bat-bateko eriotzak, eta ain itzaltzua geroko bizitzearen gogoraziñoa ta akordua, orregaitik bere gura izatea pekatariak euren buruen betiko kondenaziñoa, eta betiko zeruko gozo atsegingarrien ain yaramon gitxi egitea. Gogora egizuz orain arteko zeure bizitzea, oraingiño egin dozuzan pekatuak, eta erabili dozuzan bide gaistoak, eta euretatik atera zinaike ea badaukazu errazoe onik uste izateko Yaungoikoak zuri emongo deutsula penitenzia egiteko astia eta abaeguna. Baakit Yaungoikoaren ontasuna andia ta andia dala; baia orregaz batera esaten deutsu Espiritu Santuak, ez luzatuteko egunerik egunera beragana biurtutea, zegaitik eze ustez uste baakoan etorriko da zure ganean bere aserrea, eta betiko galdurik geldituko zara. Zeinbat eta zeinbat penitenzia egiteko gogoa eukeenak yatzi dira ain bagarik infernuetara? Nos gitxiago uste ebeen eldu yaken euren azkeneko eguna, eta ez eutseen ezer balio izan euren gogo ero orreek. Alaintxe yazo yakon arako Ebanjelioak dakarren aberatsari: batu zituzan ondasun guztiz andiak, egin zituzan etse zabal-ederrak, eukazan yanari ta edari gozo naikoak, etzakazan falta gogoak emoten eutsazan gustu ta atsegingarri guztiak, eta bizi zan guztizko gozoz ta pozez uriolaturik. Eta alan esaten eutsan bere buruari: «Ea urlia, badozak urte askotarako ondasunak: eztaukak bada yan, edan, ondo bizi, ta ire buruari gura yoan guztia emon baño». Baia, ai! onetan egoala entzun eban zerutik boz ikaragarri bat, esaten eutsala: «A ero garbia!, gaur gabean kenduko deue bizitzea, ta ondasun orreek noenak izango dozak?». Beste onenbeste bear bada yazoko da zugaz, pekataria: gaur gabean il bearko zara (dozu), baita, zer izango da zugaz? Eta zeure bizitzeagaz, ze kontu emongo dozu?

        Gizon guztiak dakie, yakin, au yazo lekikiela, baia iñok bere eztau gura onen ganean bururik ausi. Kontrara pekatari asko dagoz uste dabeenak eze, euren eskuan daukeela gura dabeen artean bizi izatea, eta gura dabeen legez euren gogora zatituten dituez euren urteak. Auxe egingo dot gazte nazan artean, auxe ta auxe geroago, eta azkenean, au ta bestea egin ezkero, biurtuko naz biotzetik Yaungoikoagana, eta egingo dot penitenzia. Onelangoai esan lekikioe bete betean Yudit-ek beñolan Betulia-ko sazerdoteai zirautsena: «Zeuek buruak emoten deutsuen legez Yaungoikoaren errukiari iminten deutsazuez aldiak, eta zeuen gogora neurtuten ta ebagiten deutsazuez egunak». Ai! ta ze zorigogorrekoak direan onelan euren egunak ta urteak atalduten dituezanak, ta zartzaroko azkenengo egunak penitenziarako itxiten dituezanak, urteak eta egunak eurenak balebeezan legez! Nok emon deutsuz pekataria, ainbeste urte, edo nori erosi deutsazuz zureak izateko? Agertu al yatzu Aingeruren bat, eta belarrira emon, etzareala ilgo Garizuma au yoan artean? Zelan bada zagoz penitenzia egin bagarik? Zelan darabiltzu zure burua arri ain labanaren ganean, betiko zori-deungako izateko bide bidean? Zegaitik eze oraindino ezteutso Yangoikoak asti yakinik iñori bere agindu; ezteutsu zuri oraindiño esan izango dozula astirik penitenzia egiteko. Berak bakarrik, bai bakarrik, ta ez bestek, daki noragiño elduko direan zure egunak. Gitxien uste dozunean etorriko yatzu bera, kontu artutera. Orduan bai, ordu atan ezagutuko dozu, alperrik izango bada bere, ze ondo izango zenduan orain penitenzia eginda. Orduan negarretan urturik, esango dozu, baita ondo gogotik: Ai bada, penitenzia egin baneu denporaz! Orduan guztiz larriturik billatuko dozu penitenzia egiteko astia, baita ez yatzu emongo. Bada kristiñaua, ez ikusteko zeure burua alango estutasunean, oraintxe egin bear dozu penitenzia ori, abaugune on au daukazun artean.

        Eta yakinda bere izango dozula penitenziarako asti ori, agaz guztiaz bere bertatik eta ainbat lasterren egin bearko zenduke penitenzia, ze eztakizu Yaungoikoak emon gurako deutsun egiteko grazia edo laguntasuna. Egia da, eta alan izan doa batzuetan, eze pekataririk itsuenari emon leikiola Yaungoikoak grazia lagungarri ori, eta alantxe biurtu zirean Yaunagan san Paulo, san Mateo, santa Maria Madalenea eta beste asko ta asko; baia edozeinek egin al balei penitenzia bere graziagaz, ezin iñok bere egin leike grazia au bagarik, Trento-ko Konzilio santuak diñoan legez. Pekatari guztiai grazia au emoten yake; baia ez beti ta nos-gura, ezpada Yaungoikoak gura dabenean. Baita zer uste dau Yaungoikoaren grazia orain ezer egiten eztaben kristiñauak? Orain ezer egiten ezpadozu, uste dozu gero zuk gura dozunean emongo deutsula? Baliteke, baia gatx egiten da sinistuten. Errazago sinistu liteke, bide obea dakarta, eze aserraturik Yauna zure pekatuakaz ukatuko deutsula, askori ukatu deutsan legez. Orduan bear bada erantzungo deutsu: «Deiegin neuntsun, eta zuk ez ninduzun entzun. Bada neuk bere orain dei egiten deustazunean ez deutsut aitu gura». Orduan diño Yaun onek irri ta barre egingo deutsula: Orain artean munduari, Diabruari, eta aragiari yarraitu deutsezu: zoaz, zoaz orain eurak gana penitenzia egiteko grazia-eske. Zer? Gogor deritxazu oneri Yaungoikoarentzat? Uste al dozu Yaun errukior orrek ezin legikeala alango gauza gogorrik? Esan, arren: balioa gizon bat Erregegana, eta balirautso: Yauna, gaztea nazan artean ta indarrak azkar daukadazan artean nik daukat ustea berorren arerioakaz bat eginik bizi izateko, eta nire bearrik badauke, nire indar guztiagaz berorren kontra gerran ibiliko naz; baia zaartu ezkero, eta indarrak makaldu ezkero, itxiko dodaz berorren arerioak, eta orduantxe berorrengana biurturik, izango natxako adiskide kutuna, guztiz andia; eta orretarako ezteust berorren adiskidetasuna ukatu bearko. Alan esango baleuskio bada, zer deritxazu erantzungo leuskiola Erregek gizon azartu, eztakit zelango lotsabaako oneri? Eta gero artuko leukeala zartzaroan adiskidetzat? Emongo leuskiola bere adiskidetasuna? Begiak arpegian daukazan edozeinek esango dau ezetz. Bada neure kristiñaua, auxe berau egiten dozu zuk Yaungoikoagaz. Orain gazte zarean artean, edo zeuen pekatuetan sarturik zagozen artean, Yaunaren arerioakaz bat eginik zabiltz: ordikeriakaz batzuk adiskide eginik, eta beste batzuk pekatu loi zantarrakaz, lapurretakaz, eta gorrotoakaz. Eurakaz batera egiten deutsazu gerra latza ta aserrea: pekatu mortal bakotxagaz barrien barri yosten deutsazu kurutzean bere seme Yesukristo. Eta orregaitarren bere bete betean zagoz, zuk dei eginda, antxe prest prestik idigiko deutsula zabal zabal bere graziaren atea? Andia da (egia da, ta ezteutsu iñok ukatuko) andia da, diñot, Yaun onen errukia ta biotz samurra; alanbere bildur, ta bildur andia erantzun eztagizun antxinako dontzella zoroai erantzun eutsena: «Etzatzuedaz». Ez, etzaitudaz gura adiskidetzat: leen zeure adiskide izan gura izan neban: dei egin neuntsun predikadoreen, eta konfesoreen bitartekoz: opa neuntsun neure grazia: zuk barriz geiago gura izan zenduan ibili zeure atseginkeria ta poz-zoro zitalen artean: ainbeste ta ainbeste bider ezetan artu ez dozu nire grazia: bada neuk bere ezteutsut orain emon gura, zuk gura dozunean.

        Bada neure Kristiñaua, oraintxe Yaungoikoak grazia opa deutsun artean, Bere laguntasunagaz batera urratu egizuz pekatuen kate orreek, ze laguntasun ori bagarik ezin urratu zinaikez, ta gero ameneko eztozu izango. Eta, zer egingo dozu orduan? Nogana etxungo zara, Yaungoikoak itziten bazaitu? Zeure galdua orduan beintzat! Ezin geiagoko errukarria aurkituko zara, Yaungoikoak zeure deiai bapere yaramonik egin bagarik, burla, irri ta barre egin dagizunean. Eta auxe da luzatu bagarik penitenzia egiteko dagoan bigarren errazoia: irugarrena barriz ez yakitea gero izango badau pekatariak penitenzia egiteko gogo zintzo ta zolia.

        Orretan bere orain gogor egiten baiako pekatariari bere pekatuen esaminea egitea, geroago astunago egingo yako; zegaitik eze zeinbat geiago direan pekatuak, ainbat eta aldatz-gora garratzago egiten da eurak burutara ekartea. Orain gatx eta gazi egiten baiako pekatu eginen damua izatea, ta betiko itxi bearra ordikeria, berba loi nasaiak, atseginkeria zitalak, eta osterantxako pekatuak, gaziago eta gatxago egingo yako onik bost, amar edo ogei urtera, ekandu deungea gogortu eta sendotu danean, eta ainbeste pekatu esateko lotsea azi ta geiagotu danean. Eta, zer? Orain errazago dozunean gura eztozuna, gero gatxago ta gogorrago dozunean gurako dozula? Nok sinistuko dau ori? Berez beintzat okerretara dator eta gatx dana nai ezpada, gatxago dana gitxiago gura izaten da, eta zuk zeuk alantxe ebatsiko zeunke beste edozeinbere gauzatan.

        Izango dana bada, ta yazoko yatzuna da ze, zeure burua ainbeste pekatugaz ikusirik, etsiko deutsazu buruari; usteko dozu zuk ezetara bere ezin ondo konfesadu ziñatekezala, ezin gauza onik egin ziñaikeala. Ai! esango dozu zeure artean, zelan nik esaminea egin ta burutara ekarri, nik egin dodazan ainbeste pekatu? zelan askatu alango matasa nastitua? Zelan esango deutsadaz konfesoreari ainbeste pekatu, ta alango itzal tzarrak? eta zelan egongo naz aurrera pekatu bagarik? Ni, seigarrengoan garbi, nire gorputz deungaro ekanduak bakerik emoten ezteustanean? Zelan itxiko dot tabernara bidea, nire larregiak eta ordikeriak gaitik konfesoreak esango deustan legez? Zelan adiskidetu ta tratadu urliagaz ta urleziagaz, esango deusten legez? Ai! Orain ezin nei: geroago egingo dot, onik onenbeste urtegarrenean, ain alditan, onen alditan egingo dot; orain ez deust lagunduten ez arpegiak, ez biotzak. Eta zelan gero diñoanak bego diñoan, alantxe ibiliko da beti geroko luzamentuetan, beinbere oraingorik aitatu bagarik, beinbere bere burua erabagi bagarik. Beti gurako leuke; beinbere gurako eztau; beti egiteko, sekulan egin ez. Geroago ta gatxago, ta azkenean, eriotzako ordua aitatuko dau, eta... eta orduan bere eztau egingo, orduan iños baño gatxago izan dabelako. Bildur bada, bildur beti luzatuaz luzatuaz darabiltzuenok zuen penitenzia ta Yaungoikoagana biurtutea, ze alan ibilita, eztozue bear bada izango aztirik, Yaunaren graziarik, ez egiteko gogorik; edo beinik bein ez irurak; baita irurak bagarik ezin ezer egin ziñaike; eta ezer egin bagarik, yakina da, betiko galduko zaree: eta infernuan betiko damu gauza eztireanak izango dozuez. Ikusi eztagizun.

 

 

GARIZUMAKO LENENGO DOMEKARAKO
PENITENZIAREN GANEKO SERMOI BERA,
PAPEL ZINTZOAGO BATETIK ARTUA

 

(B, 220-224. or.)

 

Cum jejunasset quadraginta diebus,
et quadraginta noctibus, postea esuriit.
Math. c.4 v.2.

 

        Garizuma santu onetako sermoi oneri asierea emoteko ezin berba obagorik artu neike san Paulo Apostoluenak baño: «Ara emen, eldu yakuz egun onak; onexek dira osasunerako egunak»: onexek arako egunak zeintzuetan dirauskun Yaunak entzungo gaituzala, eta lagunduko deuskula. Urteko egun guztiak dira santuak Yaungoikoagana biurtuteko: guztietan dago Yauna prest, aita biotz samurrekoa legez, gu bere besartean artu, eta estuturik, amudioz beteriko laztan gozoak guri emoteko; baia orregaitik bere garizumako egunak dira onenak geure aita betikoaren adiskidetasuna ondo ondo irabazteko. Aldi onetan iños baño dei geiago egiten deusku Yaungoikoak: idigiten deuskuz bere errukizko ateak: eta gura dau, eze, guk itzirik bide okerrak, beragana biurtu gaitezan. Egun oneetan iños baño zoliago erregututen deutsa Elexa ama santeak Yaungoiko bere esposo maiteari parkatu dagiola bere puebluari, eta ez dagiala bere arerioaren eskuetan itzi, bere odolagaz garbituriko gizona. Orregaitik bada, neure enzula maiteak, eztoguz igaroten itzi bear egun osasungei onek, ez osasunerako daukagun abaegun eder au. Biztu gaitezan penitenzia egitera. Urratu dagiguzan geure biotzak damuaren andiz. Onetara biztu gura gaituz Elexa ama santeak, ifinten deuskula gaurko ebanjelio santuan, Yaungoikoaren Semeak gure pekatuak gaitik erremu baten egin eban penitenzia, yakin dagiguntzat eze, ainbeste egin beeban Zeru-lurren egilleak geugaitik, zer egin bear dogun geuk geure onerako. Ze biotz ain gogo-bagakoa aurkitu leiteke, zein da gurako eztaben penitenzia egin, Ygkoaren semea orretan ikusita?

        Gora dagiguzan, Kristiñauak, geure begiak mendi itzaltsu atara; ikusi dagigun zer bizi-modu arrigarri egiten daben berrogei egun oneetan, Yaungoiko guztia daian baten Semeak, eta ikasi dagigun guk bere zer egin bear dogun pekatuak-gaitik. Antxe aurkituko dogu Aita betikoaren Seme bakar maitea, zeru-lurren egillea, munduaren yaubea, eta Ygko egiazkoa, leku ikaragarri baten, lagun bagarik, etse bagarik, zer yan eztaukala, ez oerik non etzan, gau-egunak igaroten bere Aita eterno betikoari gugaitik erregututen, negar ta zizpuru artean, Ygko-agaz gizonen arteko bitarteko eginik. Au ikusirik, nok penitenzia egingo eztau? Nori astun ta garratz egingo yako gorputza nekatu bearra? Baia alanbere ain da itsua gizona, ain sentzun bagea, eta ain esker deungakoa bere egillearentzat eze, ezteutso yarraitu gura erakusten deutsan bidetik. Zarraturik daukez euren belarriak, artzain onaren deiak ez entzutearren, eta itxiten dituez begiak mirarizko ikusgarri erakutsi-andiko au ez ikustearren. Guraago dabee euren ekandu zitai, ta olgura lotsagarriai yarraitu, Ygko.aren oñatsa osasuntsuetatik ibili baño, geroko itziten dabeela euren arimearen onerako bear egitea. Baia engañadurik zagoze kristiñauak, uste badozue orain gorturik egonik Yaunaren dei gozoak entzuteko, gero zuek gura dozuenean entzungo deutsuela ta penitenzia egiteko astia, grazia ta gogoa emongo deutsuela. Bildur izan zinaitekeze ukatu egingo deutsuela, eta penitenzia bagarik artuko zaituela eriotzeak. Bildur santu auxe gura neunke euki dagizuen zeuroen biotzetan, penitenzia luzatu ez dagizuentzat; eta alan, izango da ne. gaurko sermoi-geia, zeuei adierazotea, ta ulertu eragitea, ainbat lasterren egin bear dozuela zeuroen pekatuen penitenzia, luzatu bagarik eriotzako ordurako, etc.

 

 

Lenengo zatia

 

        Laburrak dira gizonaren egunak diño Job Profeta-igarla Stuak. Ygkoak bakarrik daki nogiño elduko direan: berak izentadu eban norainoko ori, eta eztira aurrerago iragoko. Izanik au ain gauza ziurra, eta egiazko andi andia, orregaitik bere ain da eskergea gizonaren itsumendia eze, bete betean egon doaz, eurak gura dabeen asti guztia izango dabeela penitenzia egiteko. Esan leike ze, euren eskuan daukeezala orduak, illak, eta urteak. «Orain eztaukat astirik ezetarako bere, diñoe batzuk, neure bizi guztia da dandarrez arrastaka ibiltea; lagun asko daukat etsean; umeak gogait-arazoten deuste, eta galdu eragiten deuste arimea; ta ardura bagarik geratu naitenean, guzti au biurtuko naz Ygkoagana». Beste batzuk esan daroe: «Zer egin oneek amaitu ta esku arterik kendu ezkero, ne. auzi onek atzera-aurrera egin ezkero, ta bakean geratu ezkero, izango da era ta sasoi ona Ygkoagana biurtuteko». Beste batzuk deungagotik yoten dabee. «Aldiari berea emon bear yako, esan oi daroe mutil-neskatilla zoroak. Orain gaztea naz, ta gazteak olgadu bear dau. Zaartuta gero Ygkoagana etxungo naz. Orain odola bere bizia dago: biziak dira bere gurariak eta erraz eztira erraz lotuten. Zartzaroan odolak oztuta, izango da abaegun galanta konfesiño onak egin, da bizitzea onduteko». Onelango atxakiak ateraten dituez askok eta auxe da egunean bein dantzugun leloa. Baia au guzti au eztala Demoniñoak, emoten dituzan putzak baño besterik, diño s. Agustin andiak. «Emon daroa, diño Santuak, emoten dau Demoniñoak geroko bildur-eza, gero arimak alan galduteko». Gogora egizuz orain arteko zure pekatuak, erabili dozuzan bide makurrak, eta Ygkoari biurtu deutsazuzan esker deungak, egin deutsuzan mesedeen alderako, eta ikusiko dozu begian, ea errazoerik badaukazu uste izateko Yaunak emongo deutsula, buruan darabiltzun asti-une ori penitenzia egiteko. Lasterrago sinistu zinaike aserre daukazula zeure gogortasunagaitik, eta bere deiai egiten deutsezun gor-egite orregaitik; eta ukatu egingo deutsula, ta galdurik geldituko zareala. Baakit nik, eta ori egia garbia da, andia dala bere ontasuna, neurri bagakoa bere biotz-biguna, eta azkenik eztaukana bere errukia; baia ara orregaitik zelan zematuten gaituzan Ygkoak berak Salomon yakintsuaren aotik: «Ez egizu, dirausku, egunerik egunera luzatu zeure penitenzia, ta Ygkoagana biurtutea; bada bestelan beingoan yausiko da zure ganean bere aserretasuna, eta galdurik geratuko zara». Zeinbateri yazo ez yake zori gogor ori? Luzatu ta luzatu ebili zirean bere penitenzia, zuek orain legez, usterik gero eukiko ebeela astia, etorri yaken bat batean eriotzea, ez ebeen lekurik izan ezetarako bere, eta euren esperantza guztiak uts yo ebeen: ta ez eutsen ezer balio izan euren gerorako uste bete beteak, eta gogo benetakoak.

        Alantxe yazo yakan arako ebanjelioak aitatuten daben aberatsari. Batu zituan onek ondasun guztiz ugariak; egin ebazan etse zabal ederrak; eukazan gura al leikezan yanari, olgura, atseginak: gauza guztiak eukazan bere gogora bete betean, eta zan guztiz zorionekoa mundukora. Bere burua alan ikusita, zirautsan buruari: «Ea urlia, badituzak, bai, ondasunak naroro; eztaukak bada ezpada yan, edan, ondo bizi ire gogora, ta ire buruari emon gura yoan guztia (baño)». Baia, ai! oraindo erakeria orreek buruari esaten ziñarduala, esan eutsan Ygkoak: «Ai, eroa! gaur gabean kenduko deube bizitzea, ta, noenak izango dozak ondasun orreek?». Beste onenbeste yazo lekikezu zuri: zuk uste dozu eze urte askotako bizitzea daukazula; baia bear bada gaur gabean Ygkoak dei egingo deutsu. Baia zer diñot nik gaur gabean? Al dakizu zuk, mutil, neskatilla, edo zareana zareala, eta alango geroko kontuakaz zabiltzana, al dakizu ordu bateko bizitzea badaukazu, edo memento onetan eriotza ilunak yo ta botako bazaituz? Ze agindu, ze berba, ze eskritura egin deutsu onetarako, orduan kontu estua artuko deutsun Yaunak? Eta au alan bada, zer izango da zugaz? Ze kontu emongo deutsazu Yaun oneri? Ta, zetan geratuko dira zure uste, gogo ta propositu guztiak? Zer balioko deutsue gero bizitzea onduteko darabiltzuzan adi ta gogo sendook? A! au alan yazoten baiatzu zeure errukiena! Damuen damuz esan bearko dozu: «Zori-gaistoko nire gerorako gogo eroak! Zori-gogorreko nik penitenzia egiteko erabili nituzan atzerapen ta luzakuntzak! Madarikatuak biurtu yataz neure uste, esperantza ta proposituak! Ai bada ne. arimearen galdua sekulako ta eternidade guztirako! eta neure negargarria!». Kontu bada Ygkoagana biurtutea luzatu ez egiteaz, gizon eta andra, mutil eta neskatilla, gazte eta zar kontu beste onenbeste yazo ez dakizuen.

        Guztiak ao betean autortuten dabee egia au: guztiak dakie garbiro eztaukela ordu segururik; baia eztakit zek nagituten edo sortuten dituzan, bada eurenak balituezan legez bizitzako aldiak, izendatuten dituez urteak. Esan oi dabe askok: «Grain gazte nazan artean au egingo dot, gero bestea, eta gero au ta bestea egin ezkero, biurtuko naz Ygkoagana. Orduantxe egingo dot penitenzia. Ai ze bete betean esan lekikioen onelangoai. Yuditek beñolan Betuliako Sazerdote Agintariai zirautsena: «Nortzuk tzaree zuek Ygkoaren tentazar ibilteko?». Ai zuen zoroak! bada arturik Ygkoari eskua, izentetan deutsazue Yaunari erruki izateko aldia, eta zuen gogora ta zuen burutik zati egiten dozuen egunak. Baia esan: «Nok zureak egin dituz egunak eta urteak, zuk onetara zatituteko? Etorri ete yatzu zerutik Aingeruren bat, eta esan, biziko zareala garizuma onetan? Egin al dozu Ygkoagaz eskrituraren bat, zeinetan erosi deutsazuzan urteak? Berba emon al deutsu Yaunak ezteutsula bizitzea kenduko onenbeste egun, il, edo urtetan? Eztakit nik nondik esan zinaikedan orlango gauzarik. Zelan bada azartuten zara izentetan ta atal egiten zeure egunak, zeuk zelan gura, azkenengoa itxiten dozula Ygkoagana etxuteko?». Ara bada, ne. kristiñaua, zer dirautsun Ygkoak: «Etorriko natzatzu ixi ixilik gau lapurra legez: eztozu yakingo nos, edo ze ordutan natortzun. Orduan eskatuko deustazu denporea, eta ezteutsut laketuko ez emongo. Orduan ezagutuko dozu, ze zoro garbia izan zarean Ygkoa gana biurtutea luzatuagaz, baia ezteutsu orduan ezaguera orrek ezer balioko. Eztagiguzan euki geure buruak arri ain labanaren ganean; epea ta asti-unea daukagun artean egin dagigun al dogun guztia dirausku S. Paulo Apk. Entzun dagiguzan orain Ygkoaren deiak ta deadarrak, entzun gagizan (tzat) berak arako urreraturik azkenengo eguna, dei egin degiogunean; eze berak dirausku esateko «oraindo asti luzea daukat», zegaitik eze guztiz aserratuten dau gogoera onek, eta dakar ge. ganera bere justizia, bigarren zati onetan ikusiko dozuena legez.

 

 

Bigarren zatia

 

        Bazenki bere gero gura dozun asti guztia izango dozula Ygkoagaz ondo paretako, etzeunke orregaitik bere gerokoaren begira egon bear penitenzia egiteko; bada eztakizu lekua izan arren, emon gurako deutsun Yaunak egiteko grazia. Egia da pekataririk andienari ta gogorrenari emon leikiola, eta batzuetan emoten deutzazala bere doe ta grazia, eta orregaz edozeinek egin leikeala penitenzia. Alantxe egin ebeen S. Mateok, S. Paulok, Sta. Maria Madalenak, eta beste pekatari askok: baia bera bagarik ezin iñok egin leike. Grazia au guztiai emoten yake, baia ez beti, Ygkoak gura dabenean baño: eta berak bakarrik daki nox gurako daben, eta zelan emongo daben. Baita orain Ygkoak opa deutsun grazia gitxitan daukazun pekataria, baderitxazu emongo deutsula zeuri gogoak emoten deutsunean? Bildur izateko da, erantzun eztagizun arako Yakintsuaren aotik zematurik daukan moduan. «Dei egin neuntsun, ezeunstan erantzun: zabaldu neuntsuzan», neure graziako besoak, euren artean estuturik, laztan gozoak emoteko, eta ezeunstan begiratu bere; ezelan bere artu ez zenduzan nik emoniko buruak; bada nik bere irri ta barre egingo deutsut, arako zeure azkenengo eguna eldurik, dei egiten deustazunean, ezteutsut entzungo erregurik; billatuko nozu, ta enozu aurkituko». Auxe berau dirausku Ye.K°k. «Orduan ibiliko zara ne. billa, ta ez nozu topaduko, eta zeure pekatuan ilgo zara».

        Gogor egingo yatzu bear bada berba au, eta usteko dozu eze, eztabela alangorik egingo Ygko. batek, noren errukitasuna dan neurri baakoa. Baia nik irudi bategaz adietan emongo deutsut. Balilloako Erregeri gizon bat, ta balerautsa: «Yauna, tratu bat egin gura neunke berorregaz, eta modu onetan. Orain gazte nazan artean, ta indarrak lagunduten deusten artean, berorren arerioen alde ibilteko asmuak daukadaz: ne. bear badira, lagunduko deutset alegina, eta eurakaz bat eginik, ibiliko naz erruz berorren kontra gerra bizian: baia zartzaroan, arako indarrik eztaukadanean, berorregana biurtuko naz, berorren adiskide izango naz, eta orretarako ezteust ukatu bearko berorren adiskidetasuna». Zer deritxazu erantzungo leuskiola Erregek gizon oneri? Uste dozu esango leuskiola ondo eginik dagoala ta yoateko, bera beti antxe izango dabelata? Uste dozu artuko leukeala adiskidetzat, beragana biurtu gura leukeenean? Edozeinberek esango dau ze parebagako zorakeria ta nabarbenkeria dala ori esatea, ta alan uste izatea.

        Bada kristiñaua, beste onenbeste egiten dozu Ygkoagaz zeuk, luzatu ta atzeratu gura dozunean pekatuen penitenzia. Orain zabiltz bat eginik pekatuakgaz, zeintzuk direan bere areriorik gogorrenak. Eurakaz batera egiten deutsazu gerrarik biziena: kurutzean yosten dozu barriro bere Semea, ta egiten deutsazu burla ta algara: eta orregaitik bere, uste dozu eze gogoak emoten deutsunean bere atetan dei egiteko, bere adiskidetzat artuko zaituzala? Esan deutsu leenago andia dala bere biguntasuna eta samurrak bere erraiak; baia alan da guzti begiratuten badogu Eskritura santuan zer egin daben onelangoakaz bildurturik ta arriturik geratuko gara. Zer yazo yakan Antioko Erregeari? Bizi izantzan bere denpora guztian Ygkoa gomuta bagarik, bere kontra gerra egiten. Loitu eban bere tenplua, banatu Yerusalengo uria, il Sazerdoteak, eta egin zituzan beste kalte ikaragarri asko. Eldu zan gero bere ezagututen bere gaistakeriak, eta asi zan Yaunari parka eske; baia alperrik; bada ez eban miserikordiarik alkanzadu, eta iltzan bizi izantzan modu moduan. Bardin yazo yakan Saul, Yudas, ta beste askori. Orregaitik bildur izan ziñaitekez, erantzun eztagizun arako Birjina sinzorga-zoroai legez: «Etzazaudaz. Orain artean sarri ta sarri zeure adiskide izan gura izan naz: sarri ta sarri opa izan deutsut neure grazia: baia eztozu zuk gura izan: bada neuk bere eztot orain gura, zeuk gura dozunean. Oraingiño ni baño laztanago izan dozuz ne. arerioak, ne. deiak baño obeto entzun dozuz eurenak: eurai yarraitu deutsezu. Zoaz bada eurak gana; eskatu egioezu penitenzia egiteko grazia».

        Nogana biurtuko zara orduan pekatari tristea? Nori eskatuko deutsazu grazia? Eta, zelan entzungo deutsazuz Yaunari burla oneek? Zelangoa izango da zure naibagea, ta biotzeko iluntasuna! esan dagizunean Yaunak, arako otsein alperrari zirautsana: «Eztozu ne. diruagaz ezer irabazi gura izan: eztago bada orain zuretzat karzela ilun bat baño, non beti betiko pagadu ta atera bearko dozuzan, niri egin deustazuzan destiañak ta (desprezioak) ostikopean erabilteak». Lotsaturik, mututurik, eta arriturik geratuko zara kristiñaua orduan. Ezagutuko dozu, orain ezagutu gura eztozuna; baia ezteutsu orduan ezer balioko ezaguera orrek. A ze zori-gogorreko egunen begira zagozen Ygkoagaz bakeak egitea atzeratuten dozuenok, zuei beste onenbeste yazo badakizue! O ze zori-gaistokoak zuen burutasunak! Ikusi eztagizun bada zeure burua estutasun onetan ezagutu egizu orain egia andi au, eta ez egizu luzatu penitenzia, zein dan biderik onena, ta seguruena, Ygkoaren grazia orduan aurkituteko. Biurtu zaitez bada beragana laster biotz guztiagaz, negar benetakoakaz. Erdibitu egizu ze. biotza damuaren damuz. Kendu egizuz okerrerietarako bide gaisto eta lagunok: bada asko ta larregi dira oraingiñoko zitalkeriak. Ez egizu bada biarko luzatu penitenzia, zegaitik ze eztakizu elduko bazara biarko egun orretara. Gaur daukazu Yaunaren laguntasuna; oraintxe daukazu era ona, ez egizu bada abaegun au alperrik galdu. Asi zaitez ainbat lasterren: oraintxe pekatu guztiak gomuntara ekarri, ta damu ta propositu oso bategaz zeatz konfesetara. Andiak izan arren zure pekatuak, andiagoa da Yaunaren errukitasunaren iturria. Ez lotsatu bada ze. arimako zauriak zeruko mediku oneri erakusten: ze au eginik, mundu onetan arimea penitenziagaz ondo osatu ezkero, alkanzadu ta yadietsiko dozu bestean Aita Eternoaren laguntasunean betiko osasuna eukitea, zein dan zuei opa deutsuedana Aitearen, ta Semearen, ta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa