www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN MANDAMENTUKO LELENGO LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

lelengo, noberaren bizitzia ez galtzeia gaiti,

nos eta zelan ill eijan projimua.

Bigarrenian, deskuidozko erijotzaak ia pekatu dirian.

Irugarrenian, zelan pekatu eiten dabeen,

bata bestia joteko okasinoietan sartzen dirianak.

 

        Bostgarren mandamentuban aginduten dosku Jangoikuak, ez inor ilteko. Non occides. Mandamentu onetan eraozten dau Jangoikuak, proximuari bizitzan edo gorputzian kalte egitia. Projimuaren izenagaz aituten dira gizon eta emakume guztiak, lelengo mandamentuko zazpigarren dotrinan esan zan leez. Ta baita amaren sabelian sortuta jaijo bagarik dagozanak bere, bautismoko sakramentuban esango dan leez. Proximo guztiak enzerretan ditu bostgarren mandamentubak, ta edozein bere proximori, justizijak eskubidia emon bagarik bizitzan, osasunian edo gorputzian kalte egitia da bostgarren mandamentu santuba austia.

        Esaten da: Justizijaren eskubide bagarik. Bada, jueza da onai sarija ta dongai kastiguba emon biar deutseena; ta bagoz pekatu batzuk, ain andijak eta itxusijak, eze areek egin ditubanak ez dau merezietan bizi izatia, ezpada iltia. Alan agindu eutsan Jangoikuak Isrraeltarren juezari, Moisi: Ez eijuela itxi dongei bizi izaten; ill eizala. Juezari tokeetan jako, bada, gizon edo emakume bat azoteetako, urkatuteko, erretako edo kastigeetako agindutia. Alan borregubak eta soldaubak (gerraan) gizonak ill arren, ez dabee pekaturik egiten.

        Onezaz ostian gauza asko dagoz bostgarren mandamentuban, kristinaubak jakin biar ditubanak. Bada, ill lei proximua, edo guztiz akabeetako intenzinoiagaz edo kolpe batzuk emonda isteeko ustiagaz; edo noberak bere eskubekin, edo inori aginduta; edo malezijaz, edo deskuiduan. Ill lei, edo nobera ill gura dabelako, edo kleituba galdu gura deutsalako, edo zerbait oostu gura deutsalako, edo onestidadia galdu gura deutsalako. Ill lei edo kalte egin leijo projimuari, jan eran laarregi emonagaz ta beste modu askotara. Proximua gaiti esaten dana esaten da noberaren buruba gaiti. Ta egitia gaiti esaten dana, desietia gaiti. Bada, bostgarren mandamentubak noberaren ta proximuaren bizitzako ta osasuneko egite txaarrak eta desio txaarrak, guztiak eraozten ditu. Guztiari asieria emoteko, esango dotsut dotrina onetan: 1º Ia noberaren bizitzia zaintutia gati, proximua ill leijan. Ia deskuidozko erijotzaak pekatu dirian. Ia alkar joteko okasinoetan sartzeen dirianak, pekatu mortala egiten dabeen. Proximuak, bai adiskidiak eta bai arerijuak, zelan amau biar dirian esan da lelengo mandamentuban.

 

 

I.

 

        Ez dago bada, neure kristinaubak, ezer bere grazijaz ta salbazinoiaz ostian, bizitzia baño gauza estimaubagorik. Beste edozein bere gauza padezietara leenago etorten da kristinauba, illtera baño. Askok esan leije: Onan bizi baño illda egon oba da. Baña erijotzia urrera eldu ezkero, guztiak bizi gura leukee. Ta deskuiduan norbaitek bere buruba ito edo urkatu badau, alakua gaiti esaten da edo euala guztiz desesperauta edo euala zoratuta. Santu ta santa batzuk topeetan dira bakarrik, erijotziaren bildurrik ez eukeenak ta Jangoikua laster ikusteko desiua gaiti iltia desietan ebeenak. Ta orregaiti, bizitzia dan leez luurreko gauzeen artian estimaubeena, iltia da proximuari egin leijon kalterik andijena.

        Karidade egijazkua noberaganik asten da. Edozein bere premina ta nezesidade bardinetan, noberaren buruba leenago da proximuarena baño. Alan, izan arren poximua iltia berez pekatu andija, nobera iltera datorren proximo dongia, bestelan bere bizitzia librau ezin dabenian, ill lei. Donga bat badua kutxiluagaz, ezpatiagaz edo eskupeta bategaz zeu iltera ta inundi bere librau ezin badozu zeure bizitzia, ez ondo esanagaz, ez iges eginagaz, ez kolpe batzuk emonagaz, orduban ill zinai zeure arerijua, aren bizitzia baño zeuria leenago dalako. Etxako desiau biar iltia, etxako desiau biar kondeneetia, etxako desiau biar bengeetia, ezpada noberaren bizitzia gordeetako duiña egitia. Ta arerijua ill bagarik librau ezin bada, a iltia ez da pekatu.

        Egija da, zeu iltera datorrenaren estadu errukarrija ikusita, a betiko kondenau ez dein zeuk alan illda, itxiko bazeuntsa berari zeu ilten zeuk bera ill bagarik, egingo zenduke Jangoikuaren aurrian karidadezko obra andi bat. Au izango litzaateke arerijuaren arimako ona gaiti nobera iltia. Karidade andija. Baña onetarako, noberak egon biar dau grazijan. Bada, nobera pekatu mortalian dauala, ezin itxi leijo bestiari ilten, bizirik librau al della. Au da santo Tomas eta beste Elexako maisuben dotrinia.

 

 

II.

 

        Onezaz ostian, jazo leiteke ustez uste bagarik edo deskuiduan proximo bat iltia, edo tiro bategaz, edo arri bategaz, edo beste deskuidoren bategaz. Deskuidozko ta intenzinoe txaar bagako erijotzak nos pekatu dirian jakiteko, dino santo Tomasek, gauza biri begiratu biar jakuela. Erijotzia egiten daben deskuidozko azinoia bada berez ona ta egiten bada noberagan dana inor ez ilteko, ez da orduban pekaturik egiten, deskuiduan proximua ill arren. Mediku batek deitxon erremedijua gaixuari emotia gauza ona da; ta menturaz erremedijua dala uste dabenagaz ilten dau gaixua, baña ez dau pekaturik egiten medikubak, beragan dana egin ezkero. Berezko azinoe oneti ta inoren erru bagarik erijotzia jazoten danian, ez da pekaturik egiten.

        Erijotzia jazoten bada inor ilteko pelleburuzko azinoe txaarreti, orduban, kuidado guztia imini arren inor ez ilteko, pekatu da deskuiduan proximua iltia. Alan, menditi beera arri bat boteetan badozu zelan doian ikusteko gustua gaiti, aleginagaz zuk begiratu arren ia inor parian dauan, deskuiduan inor azertetan bada ta joten badozu edo banatuten badozu, egiten dozu pekatu mortala. Igirijan edo ugar ondo ez dakijena sartzeen bada ura andija ala txikija dauan ez dakijan ibaijan, egiten dau pekatu. Kristinauba ill edo banatu leitekian zepo bat iminten dabenak, pristija bat artzeeko izan arren, jentia dabilen edo ibili leitekian lekuban, inok ondo ikusi ezin daben moduban, egiten dau pekatu. Azinoe oneek dira inor ilteko pelleburuzkuak ta biar ez dirianak; ta orregaiti alakuetati jazoten bada deskuiduan inor iltia edo banatutia, pekatu da.

        Onankuen artian iminten dabee Alejandro irugarren Aita Santu Erromakuak eta san Antoninok ta esaten dabee, amak edo seinzainak, beragaz oian daatzala itoten badau seiña, egiten dabela pekatu. Zerbait inok oostu ez daijon, ultziak ortuban edo soluan imintia, errijari edo auzuei jakin erain bagarik, pekatu da. Ta jakin erainda bere, ez da ondo. Bada, ez dakijan urrineko batek, ta ezer oostutera ez doian batek euki lei andi irago biarra, ta geratu leiteke mankauta. Deskuidozko erijotzen gañian esaten dana da bada, neure kristinaubak, gauza on bat egiten diardubela, noberaren erru bagarik jazoten bada inor iltia, ez da pekatu ta libre dago Jangoikuaren aurrian erijotzia egin dabena. Baña inor ilteko pelleburuzkua dalako eraotzita dauan gauza bat egiten badau ta andi jazoten bada erijotzia, deskuiduan ta ustez uste bagarik izan arren, pekatu da. Emeti ezautuko dozu zelan portau biar dozun, alan inor deskuiduan ilteko edo banatuteko pelleburuba daukeen gauza txaarretan.

 

 

III.

 

        Nobera edo inor ilteko okasinoietan sartzen dirianak austen dabee bostgarren mandamentu santuba. Onakuak dira: Lelengo, lapurretara duazanak, zein gabaz ta zein egunaz, zein etxeetara ta zein bideetara. Bada, lapurretara doia nak, inor ilteko intenzinoerik eruan ez arren, estututen badabee ta norbait illda edo banatuta librau al badai bere buruba, egingo dau. Beste aldeti, lapurrak urteten deutsana edo etxera jatorkozana, lapurra illda edo mankauta gorde al badai bere gauzia ta librau aren eskubetati, geijenian egingo dau. Orregaiti, lapurretara doianak beti darua arriskuba, edo inor ilteko edo banatuteko, edo bera banatuta edo illda geratuteko. Alan lapurra ilten dabenak, pekatu egiten daben edo ez, esango da geroko dotrinaan. Baña lapurretara doianak pekatu egiten dabena, ez bakarrik zazpigarren mandamentubaren kontra ezpada baita bostgarren mandamentubaren kontra bere, gauza jakina da. Bigarrenian, burrukarijak, makilakaarijak ta okasinoetsubak pekatu eiten dabee. Ta modu askotara: 1º Alkar banatuteko (ta ilteko bere, sarri jazoten dan leez) pelleburuban jarten dirialako. 2º Egiten dabeen baño bere gatx geijago egiteko intenzinoia daukeelako, al baleije, alan burruka diardubeenak. Eurei begiratuta agiri da amurratu baten itxuria daukeena, peliadaan dabizanian. 3º Alako okasinuetati geratuten jakue alkarren odijua ta gorrotua ta ostera bere bengeetako desiua. Egiten ditubee desapijo barrijak ta egoten dira luzaro eriaren zain, alkar joteko. Au guztiau pekatu mortala da. 4º Alako okasinoiekin etxeko pamelijari emoten deutsee atsekabia, bake txaarra ta kastu alperrikakua. 5º Errijan emoten dabee zeresana, eskandaluba ta askori naibagia ta buruko mina. Modu oneetara guztietara egiten dabee pekatu mortala, ez bat, ezpada asko alako gizon edo mutil burrukarijak, makilakaarijak eta okasinoetsubak. Beti dagoz alakuak pekatu mortalian ta inok bere asolbidu ezin leiz, ekandu gaisto ari itxi artian. Bada, beti dagoz prest okasinoerako ta esan dirian kalte guztiak euren burubai ta inori ekarteko. Eurak esan oi dabeen leez: Nik okasinoia emon ezkero, inori bere ez parkatu.

        Alako inori bere ez parkatuteko oitura inpamia daukeenak, berba erdi bati oratuta, lekuban lekuban etaraten dabee okasinoia. Bakia gura dabeenak ez dakije euren aurrian zer esan. Bildur diriala dagoz, laster aoti berbia artuta, okasinoia emon ez daijuen. Ta bago au baño kondezinoe inpamiagorik edo prestubezagorik giza arterako? Dudau lei, ia alako lagunekin trago bat eraa tera juatia pekatu dan edo ez. Ta puska bat examinau ezkero deitxat, geijenak esango leukeela pekatu dala, inundi apartau al della, alako lagunagaz trago bat eraaten batzeia. Batzuk uste dabee, ta esan bere eiten dabee, lapurra ez dan guztia dala lagun ona. Ta okasinoetsuba, burrukarija ta beste pekatu dirian gauza asko euki arren, azunbre bat ardao kastetan badaki premina bagarik, a gaiti esaten dabee gizon ona dala, prestuba dala, giza artekua dala; tentau ezkero okerra dala, baña osterantzian on ona dala.

        Amar mandamentu dagoz, kristinaubak. Lapurretia areetati bat da. Lapurra izan ez arren, beste mandamendubak alan agirijan austeko ekanduba daukana, lapurra baixen lagun txaarra da. Lapurrak baño pekatu geijagotan sartu leijan laguna da. Lapurrak baño arima geijago kondeneetan dituben lagunak dira alako okasinoetsubak, makilakaarijak, kastalarijak, jokolarijak, auzilarijak, etxia zorrez beteta, emaztia ta umiak gosiak illik ta erdi biloxik daukeezala, erijarik erija, traturik tratu, probarik proba, tabernarik taberna dabizanak. Ze lagun izango dira berdekerija, desonestidadia, diabrubaren ta demoninuaren izen txaarra, burrukia, desapijua, jaatia, eraatia, orditutia, jokua, asmo txaarra ta alperrerija jai ta aste gura leukeen perdularijuak? Oneek badira lagun prestubak eta ondraubak, onetarikoz beteta dago inpernuba; ta ez daukee araxe juan baño, lagun oneekin egotera. Bizijo madarikatu onek ain indar andija artu dau gure errijetan, eze esan al dein guztia da gitxi, alperrak eta okasinoietsubak merezietan dabeen gorroto mortala zuben bijotzetan iminteko. Eskatu daijogun Jangoikuari miserikordia... Amen.

 

aurrekoa hurrengoa