www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

JANGOIKUAREN LEGEKO AMAR MANDAMENTUBEN LELENGO LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

mandamentubak zer dirian, zeinbat modutakuak dirian, Jangoikuaren legeko mandamentubak zeintzuk dirian eta nos asi zirian?

 

        Karidadiaren ta salbazinoiaren senalle bakarra da, neure entzula onak, lege santuba gordeetia. Neure legia ikasten dabenak ta gordeetan dabenak, dino Jesukristo geure Jaunak, ameetan nau Ni. Sinistu ezin lei karidadia daukala Jangoikuari obeidu gura ez deutsanak; ta ezda Jangoikuaren legia gordeetan ez dabenak Jangoikua ameetan dabela bere. Adiskidiaren esana, errazuazkua izan ezkero, egin gura ez dabenak galtzeen dau adiskidetasuna. Jangoikuaren lege santuba guztiz da errazuazkua, zuzena, erraza ta geure onerakua. Ta orregaiti Jangoikuaren adiskide danak, Jangoikuari ondo gura deutsanak ta ameetan dabenak pozik eta gustoz egiten dau Jangoikuaren aginduba; ta egiten ezpadau, gauza jakina Jangoikuaren adiskidia ez dana ta karidaderik ez daukana. Karidadiaren jantzija arimaan gura dabenak edo salbau gura dabenak, gorde biar ditu, bada, Jangoikuaren legeko mandamentu santubak. Pedeko artikulubeetati bat da, etorriko dala Jesukristo geure Jauna juizijoko egunian illak eta bizijak juzgeetara, onai emoteko zeruko glorija, bere mandamentu santubak gorde zitubeelako; ta dongai inpernuko penia, bere mandamentubak gorde ez zitubeelako.

        Emeti ezaututen da, zeinbat balijo deutsan kristinaubari mandamentu guztijetan eta bakotxian Jangoikuak zer aginduten deutsan jakitiak, guztiak eta bakotxa ziatz gordeetako. Bada, bat austen dabenari guztijen erruba ezarriko jako, dino Santiago apostolubak. Onetarako esango da, mandamentu bakotxian Jangoikuak zer aginduten doskun eta zer eraozten doskun. Ta guztiai asieria emoteko, dotrina onetan erakutsiko da lelengo, zer dirian mandamentubak; bigarrenian, zeinbat modutakuak dirian; irugarrenian, Jangoikuaren legeko mandamentubak zeintzuk dirian; laugarrenian, nos asi zirian.

 

 

I.

 

        Mandamentuba edo mandamentubak ez dira beste gauzarik, neure entzula onak, ezpada inori aginduteko eskubidia daukan ta bestiak kobernau biar dituban Nausijak iminitako legiak edo agindubak. Ta alan mandamentuba, aginduba, legia ta ordenia bardin dira edo gauza bat esan gura dabee guretzako. Mandamentu, lege edo agindu oneek erakusten doskube zer egin biar dogun ta zer egin biar ez dogun. Esaten doskubee gauza batzuk egiteko ta beste batzuk ez egiteko. Ta orregaiti, geure azinoiak, pensamentubak eta berbaak zuzenduteko erregelaak dirian leez, esaten jakue batzubetan mandamentubak, eta beste batzubetan legiak edo ordenaak.

 

 

II.

 

        Geuri aginduteko eskubidia daukeenak modu askotarakuak dirian leez, mandamentubak eta legiak bere modu askotarakuak dira. Elesa Ama santiak dauka eskubidia pedeko dotriniari ta kostunbre onai jaokuezan gauzeetan, kristinaubak zerurako bidian kobernetako. Ta alan dagoz beste askoren artian Elesa Ama santiaren bost mandamentubak. Erregiak eta erreñubak kobernau biar ditubeenak dauke eskubidia euren aginduban dagozanei bata bestiaren arteko artuemonetan, kleituko, aziendako ta bake oneko gauzeetan, zer egin biar dabeen ta zer egin biar ez dabeen ordenetako ta aginduteko. Ta onetarako dagoz erregiak eta erreñuben burubak iminitako legiak.

        Onezaz ostian, Jangoikua da kriatura guztijen Egilia, guztien Agintarija, Legegin nausija, guztiak obeidu biar deutseena ta guztiai zer egin biar dabeen ta zer egin biar ez dabeen agindu biar deutseena. Ta augaiti, munduko erregiak, agintarijak, jaunak, aberatsak eta pobriak, guztiak egin biar dabee Jangoikuaren esana ta guztiak gorde biar dabee Jangoikuaren legia. Ez deutsa Jangoikuak begi bigunauekin begiratuko munduko erreje bati, agintari bati, jaun bati edo aberats bati, erregia, agintarija edo jauna izan dalako, osterantzian bere lege santuba gorde ezpadau. Andijak eta txikijak, legia bardin austen dabeenak, bardin kastigauko ditu Jangoikuak; ta bardin gordeetan dabeenai, bardin emongo deutsee zeruko glorija.

        Jangoikua bera da asierarik ta despeidarik ez daukana, naturaleziari izatia ta kondezinoiak emon deutsazana eta gizakume guztijak ondo edo gaiski egiteko libertadiagaz ta errazoiagaz egin ditubana. Orregaiti lege batzubei esaten jakue asiera bagakuak, Jangoikuagaz beragaz izatia daukeelako. Beste batzubei errazuazkuak edo naturaleziarenak. Beste batzubei Jangoikuarenak. Baña guztijak dira moduren baten Jangoikuarenak. Ta guri oan tokeetan jakunez, asko da jakitia iru modutarakuak diriala legiak edo mandamentubak: Jangoikuarenak, Elesa Ama santiarenak ta munduko agintarijenak.

 

 

III.

 

        Jangoikuaren legeko mandamentubak dira amar ta amarrak izenteetan ditu Eskritura Sagradubak. Lelengo dino: Neu nas zeure Jauna ta Jangoikua, Ejitoko kautiberijoti librau zaitudana. Ez dozu eukiko neu baño beste Jangoikorik. Neu nas zeure Jangoiko indartsuba ta zelotsuba. Bigarrenian: Ez dozu zeure Jangoikuaren Izen santuba premina bagarik auan artuko; edo, ez dozu juramentu bide bagakorik egingo. Irugarrenian: Akordauko zara zapatubagaz. Sei egunian biarra egindo dozu, zazpigarrena zeure Jangoikuaren eguna da. Ez dozu zapatuko egunian (oan domeekaan) biarrik egingo ez zeuk, ez zeure semiak, ez alabiak, ez krijadubak, ez alemanijak. Laugarrenian: Ondrau eizuz zeure aita ta ama, izan daizun bizitza luzia Jangoikuak aginduta dauan luurrian. Bostgarrenian: Ez dozu inor illgo. Seigarrenian: Ez dozu adulterijoko pekaturik egingo. Zazpigarrenian: Ez dozu ezer ostuko. Zortzigarrenian: Ez dozu projimuaren kontra guzurrik edo testigantza paltsorik esango. Bereratzigarrenian: Ez dozu projimuaren emazterik desiauko. Amargarrenian: Ez dozu inoren aziendarik desiauko.

        Oneek dira, neure kristinaubak, Jangoikuaren legeko amar mandamentubak. Lelengo irurak jaokaz Jangoikuaren ondriari. Ta beste zazpirak projimuen ta geure probetxurako agindubak dira. Orregaiti esaten da Jangoikuaren legeko mandamentubak enzerretan diriala berba bitan: Jangoiko bakarra gauza guztijak baño geijago ameetia ta geure projimua gere buru ba leez ameetia. Ez dosku bere lege guztijan Jangoikuak beste gauzarik aginduten, dino san Agustinek, karidadia baño; Jangoikua ameetia ta projimua ameetia. Jangoikua gauza guztijak baño geijago ta projimua geure buruba leez amau ezkero, lege guztijagaz kunplietan da. Eskritura Sagradubak esaten daben guztia, propeta santuben esanak, Elesa Ama santiaren ta errege jauneen agindubak ta liburu guztietan irakurten dana ez da beste gauzatarako, ezpada Jangoikua gauza guztijak baño geijago ta geure projimua geure buruba leez ameetako.

        Orregaiti esaten dosku Jesukristo geure Jaunak, gauza bi oneek egiten ditubanak kunpliduten dabela lege guztijagaz. Ta san Pablo apostolubak esaten dosku projimua biar dan moduban ameetan dabenak gordeetan dabela lege guztija. Bada, projimua amau bagarik, Jangoikua bere amau ezin lei; ta Jangoikua amau bagarik gauza guztijak baño geijago, projimua bere amau ezin lei biar dan moduban. Ta azkenerako, mandamentu guztijak kasik gauza batera joten dabee: edo Jangoikua ameetara gauza guztijak baño geijago, edo Jangoikua gaiti geure projimuak ameetara geure burubak leez.

        Egon leiteke, bada, gauza errezagorik eta errazuaokorik, Jangoikuaren legeko mandamentu santubak baño? Jangoikua ta geure projimua ameetia baño? Amar mandamentubetati leleenguak, irugarrenak, eta laugarrenak aginduten doskubee zerbait egiteko. Areek aginduten doskubeena kasi jeldi gagozala egin ginai. Bada, Jangoikua ameetako, jaijegunak gordeetako ta gurasuak ondreetako, izerdi andirik zetan bota ez daukagu. Beste zazpirak ez doskubee aginduten ezer egiteko, ezpada ez egiteko; ez juramentu gaistorik egiteko, ez inori gorrotorik eukiteko, ez aragijazko pekaturik egiteko... Bago gauza errazagorik au baño?

        Jangoikuaren Majestadiak beekijan Adanen pekatubagaz guztioi etorri jakuna nagitasuna, alperrerija ta sosiguz egoteko desiua; ta a gaiti erreztuago ta pozagorik gorde ginaizan bere mandamentu santubak, geijenetan aginduten doskuna da ez ezer egitia, geldi egotia, geuk naijen dogun gauzia. Ze atxekija emongo dau, bada, kristinaubak, mandamentu santubak ez gordeetako? Oh, errazoiagaz esaten dosku Jesukristo geure Jaunak Berak imini doskun legia biguna dala ta bere kargia bere arina dala! Esango baleu leez, mandamentu santubak aginduten doskubeena egiten errez dala. Baña pekatarijaren temia da Jangoikuak egiteko esaten daben puskia ez egitia; ta Jangoikuak ez egiteko esaten dabena egitia. Onerako alperra, gatxerako biargina. Oh, pekatari tristia!

 

 

IV.

 

        Amar mandamentubetan Jangoikuak aginduten doskuna, naturaleziak eta errazoiak mundubaren asierati akaburaño erakutsi ta aginduten dabeena da. Jangoikuaren argijak geure arimeetan josita imini eban legia ta dotrinia da, mandamentubak enzerretan dabeen guztia. Egija da, Moisen denporara artian ez egozan eskribiduta amar mandamentubak; baña orraitino ez ebeen leenago gitxiago eskatuten oan baño. Gizon eta emakumeen libertade laarregijak ilundu ebeen errazoiaren argija, naastau ebeen utsegite askogaz naturaleziaren lege zuzena, loitu ebeen, esateko moduban, mundu guztija pekatuz ta obligau ebeen Jangoikua, leenago geure errazoian josita leez eukan lege santuba, Moisi eskribidu eraitera. Baña, eurenez, mundubagaz beragaz atsijak dira mandamentu santubak ta iraungo dabee mundubaren despeidaraño.

        Nok erakutsi dotsu (itanduten dau san Agustinek) inor ez illteko, ezer ez ostuteko, zeuretzako gura ez dozuna projimuari ez egiteko...? Naturaleziaren legiak eta errazoiaren legiak erakutsi dotsu, erantzuten dau Santubak. Jangoikuak geure bijotzetan josita imini daben legia da aginduten doskubeen guztija, dino san Pablok. Ta ara emen aituten emonda, lezinoe onetan agindu nebana. Dendatu gaitezan, bada, guztiok lege santuba ikastera eta geure alegin guztijagaz ainbat zietzen gordeetara, zeñegaz jaditxiko dogun arimako grazija ta gero zeruko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa