www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN MANDAMENTUKO IRUGARREN LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

seme alabak gurasuai zor deutsen ondria ta obedentzija.

 

        Gurasuen obligazinoiak andijak badira seme alabak Jangoikuaren bildur santubagaz azteko, seme alabak gurasuentzako daukeezanak bere andijak dira, neure entzula onak. Gurasuak dira, Jangoikuaz ostian, geuri izatia emon oskubeenak; geure umetako miserija guztiak supridu doskubeezanak; geu euren izerdijagaz mantenidu ta jantzi gaitubeenak; geuri dotrinia edo eskolia edo opizijua erakutsi doskubeenak; geure negar, illeta, maña, tema ta umekerijak gau ta egun penaz lua ta sosiguba galduta, irago ditubeenak; eurak aora daroien kopauba sarri emon doskubeenak; eurak lua galduta, lo erain doskubeenak; eurak biloxtuta, jantzi gaitubeenak; enpin gurasuak dira geure luurreko Jangoikuak ta zor deutseegu amodijua, ondria ta obedenzija.

 

 

I.

 

        Zor deutseegu gurasuai amodijua. Dinot, neure kristinaubak, amau biar ditugula geure aita ta ama beste proximo guztiak baño geijago. Bada, beste guztiai baño geijago zor deutseegu eurai. Geure gurasuak biar dan moduban ameetako: 1º Desiau biar deutseegu gorputzeko osasuna, bakia, portune ona ta beste gauza guztiak baño geijago arimako grazija ta zeruko glorija. 2º Geure arpegiera onagaz, berbeeta bigunagaz eta klaezija argijagaz erakutsi biar deutseegu gurasuai, eurei deutseegun amodijo pina, bijotzeko karinua ta ondo guria. 3º Erregutu biar deutsagu Jangoikuari, geure gurasuen arimako salbazinoia. Ta au sarritan, Jangoikuak bere eskuti euki daizan, pekaturik egin ez daijen ta salbau ditezan. Modu onetan amau biar ditugu gurasuak, zein onak eta zein arin onak, zein zaarrak eta zein gaztiak; bada, guztiak dira gurasuak ta guztiai zor deutseegu amodijo egijazkua. Ta baita ondra ona bere.

 

 

II.

 

        Laugarren mandamentubak klaruben erakusten doskun gauzia da aita ta ama ondreetia. Berba oneetan aginduten doskuz Jangoikuak txito gauza asko geure gurasueganako. Lelengo, beti ondo berba egin biar dogu geure gurasuak gaiti. Bigarrenian, gurasuak paltaak euki arren ta dongaak izan arren, ez ditugu kontau biar areen gaiskieginak, ezpada Jangoikuari eskatu euren erremedijua gaiti, leen esan dan leez. Irugarrenian, entzun eta artu biar ditugu grazija onagaz ta borondate humildiagaz, aitak eta amak emoten doskubeezan konseju santubak eta geure probetxurakuak. Laugarrenian, euki biar deutseegu errespeto ta erreberenzija andija, eurak serbietako desiua daukaguna erakutsijagaz. Bostgarrenian, lagundu biar deutseegu alegin guztijagaz aitari ta amari euren premina ordubeetan, bai gaisorik dagozanian, bai inok persegietan ditubanian, bai zer jan ez daukenian ta bai arimako pelleburuban dagozanian. Seigarrenian, kuidado andi bat euki biar dogu geure gurasuak ill ez ditezan sakramentu santubak errezibidu bagarik, ta erijotzako orduban kristinaubak nai oi dabeen laguntasuna bagarik. Zazpigarrenian, kunplidu biar ditubee seme alabak gurasuen azkeneko agindubak edo testamentubak.

        Gurasuak biar dan moduban ondreetako, au guztiau egin biar dabee seme alabak, beste edozein bere proximogaz baño lasterrago, ziurrago, zintzuago, borondate prestauagaz. Jakin biar dozu, kristinaubak, gurasuen erreberenzijaren ta ondriaren kontra egiten dirian pekatubak diriala txito kasta txaarrekuak. Pekatu guztiak dira dongaak; baña batzuk Jangoikuaren gorroto andijaua dakarree beste batzuk baño. Ta oneetarikuak dira seme alabak gurasuen kontra egiten ditubeenak. Aitari edo amari erremuskada egitia, bekoki iluna imintia, arpegi astuna ta asarria erakustia, gogor berba egitia, burla egitia, euren paltaak eta deskuiduak arpegijan ezartia edo ondorik esatia, preminaan dagozanian ez sokorrietia edo lotsa gitxigaz trateetia dira, neure entzula onak, pekatu batzuk Jangoikuaren bijotza, esateko moduban, erdibi egiten dabeenak ta Jangoikuari seme alaben kontra maldezinoe andijak erasoten deutseezanak.

        Aitari atsekabia emoten deutsan ta amari iges eraiten deutsan semia edo alabia, dino Espiritu Santuabak, izan della desondrauba ta desditxauba. Aitari edo amari burla egiten deutsan umiaren begija, dino Espiritu Santubak, pikatu daijela errekeetako belaak; edo, klarubago esateko, pikatu daijela ta jan daijela alako ume desbergunzauba inpernuko pristijak. Aitari edo amari bidao egiten deutsan umia, dino Espiritu Santubak, ill della, kondenau della ta bere odola beti bere kontra izan della. Maldezinoe ikaragarri oneek jaurteiten ditu Jangoiko andijak lotsa txaarreko seme alaben kontra. Ez dakit nori ikara eragingo ez deutseen, puska bat pensau ezkero!

        Esango neuke, ez dauala menturaz beste pekatu jenero bat, Jangoikuaren justizija bai mundu onetan ta bai bestian obeto bengeetan jakonik, seme alabak gurasuen kontra egiten dabeen pekatuba baño. Ta oh, ze pekatu ugarijak dirian oneek! Beti bere izan al da, baña gaurko egunian umiak, zein atzijak eta zein txikijak gurasuenzat ez lotsarik, ez bildurrik, ez errespetorik ez daukeena, nik esan bagarik, zeubek autor dozuna da. Alaba batak amari sinu eiten deutsa; bestiak sakatu bat emoten deutsa; bestiak arpegiera on bat sekula erakusten ez deutsa; bestiak bidao eiten deutsa; bestiak atsua edo barritsuba isilik egon della, esaten deutsa; bestiak gabak denporaak emonda, etxeti lagun txaarretara iges eiten deutsa; bestiak diadar gogor bategaz sardakija, eurak esan oi dabeen leez, sartzeen deutsa; bestiak nai dabena esan, nai dabena erantzun ta nai dabena eiten deutsa; bestiak gura daben laguneetara ta bera baixen lotsa galdukuetara iges egiten deutsa; bestiak, bere gorputz loija apainduteko, ama erdi biloxik marruxtuta, gosiak illik daukala, etxeko artua edo garija, urdaija edo gatza baño ezpada bere saltzeen deutsa; bestiak laster iltia desietan deutsa (endamas aberatsa ta zaarra bada bere ama), bestiak eskian dabilela, ospitale baten dauala edo gaixorik dauala, kasurik egiten ez deutsa; enpin amarik geijenen kantia da, esker txaarreko ta lotsa txaarreko alabak daukeezana ta areekin iraun ezin dabeena.

        Alabak gaiti esaten dana, semiak gaiti esaten da. Bada, semiak ez dira bapere obetuago porteetan gurasuekin alabak baño. Onako seme alabak gaiti esaten dau, bada, Espiritu Santubak, izan ditezala desondraubak; izan ditezala zorigestokuak; amatau della euren argija; belak etara daijuezala euren begiak; il ditezala ta euren odola izan della beti euren kontra. Zer esan eukian geijago au baño geure Jangoikuak lotsa txaarreko seme alaben kontra? Gurasuekin alan porteetan dirian umiak eukiko dabeela portune ona, bake ona, ditxa ona edo zaartza ona, ezin sinistu lei, neure kristinaubak. Erremedijo bagarik jadiitxiko ditu Jangoikuaren azotiak bai mundu onetan ta bai bestian.

        Egija da, gurasuak izan leitekez dongaak, ordijak, bidaotijak, kastalarijak, okasinoetsubak, desonestubak, lapurrak eta Jangoikuaren bildurrik bapere ez daukeenak, baña etxakue umiai tokeetan gurasuak juzkeetia, ezpada Jangoikuari. Gurasuak izan leitekez seme alabak gaiski atzi ditubeenak, leengo dotrinan esan dan leez, ta seme alaben esker txaarra, lotsarik eza ta zaartza errukarri desbenturau bat ondo mereziduten ditubeenak, baña gurasuen gaiski eginak ez ditu txikituko edo edertuko seme alaben esker txaarreko, lotsagalduko ta esan dirian moduko pekatubak. Konturik zuzenenian bai jazoko da: alako gurasuak eta alako umiak munduban gozo bagarik eta portune txaarragaz nekezka bizita, gero guztiak inpernuban alkarri bidaoka erreetan egotia. Au da, neure kristinaubak, esan ezin leijan beste gurasori ta umeri jazo jakeena ta aurrerakuei bere jazoko jakuena, bai gurasuak eta bai umiak bizi badira lotsa txaarragaz.

 

 

III.

 

        Seme alabak gurasuen esanak egiteko obligazinoia daukeena, edozeñek dakijena da. Nos eta zetaraño gurasuai obeidu biar jakuen da, erakutsi biar dana. Berba gitxitan asi ta akabetan dau santo Tomasek, umiak gurasuai zetan obeidu biar deutseen; ta dino, umiak gurasuari obeidu biar deutsala arimako onerako ta etxeko kobernurako tokeetan diran gauzeetan. Eskritura Sagradubak eta Elexako maisubak au berau esaten doskubee leku askotan.

        Dotrina onetati etaraten dabee Elesako maisubak ta esaten dabee pekatu mortala egiten dabeela seme alabak: 1º Gurasuak dotrinia ikasteko aginduta edo erakutsita, ikasi gura ez dabeenian. 2º Gurasuak meza entzutera ta nosik beinako batzubeetan konpeseetara juateko aginduta, juan gura ez dabeenian. 3º Gurasuak onako edo alako lagunagaz ez egoteko edo ez ibilteko aginduta, esana egiten ez dabeenian. 4º Gurasuak komedijara, erromedijara, saraura, piestara edo bigirara ez juateko esanda, jauten dirianian. (Gurasuak alako lekura juateko esanda umiai lizenzija emoten deutseenian, zelan pekatu eiten dabeen esango da beste leku baten). 5º Gurasuak onako edo alako etxetan ez sartzeeko aginduta, sartzeen dirianian. 6º Gurasuak gabian etxeti ez urteteko aginduta, urteten dabenian. 7º Gurasuak joko txaarrari ta adiskide sospetxakuari isteko aginduta, isten ez deutseenian. 8º Gurasuak nai ez daben moduban apainduten dirianian, zein gurasuak dakijela ta zein ez dakijela. 9º Gurasuen isilik kartaak euren adiskidiai eskribidu ta errespuestak artzeen ditubenian; edo neskatillak mutilekin ta mutilak neskatillekin, gurasuak nai ez daben kartazko adiskidetasuna daukenian. 10º Gurasuak agindutako ondo juakon estudijua edo opizijua ikasi gura ez dabeenian. 11º Gurasuen lizenzija bagarik edo gurasuen borondatiaren kontra ezkontzeko berbia inori emoten deutseenian.

        Gauza oneetan guztietan pekatu mortala egiten dabee seme alabak, gurasuai zor deutseen obedenzijaren kontra. Bada, guztiak eta bakotxa dira, edo eurenez pekatu mortalak, edo pekatu mortaleetarako ta saill txaarretarako pelleburu agirijak. Ta alako gauzeetan gurasuari ez obeidutia pekatu mortala dana, edozeinek daki. Isilikako ezkontzeko berbiaren gañian esango da zerbait geijago matrimonioko sakramentuban.

        Dotrina onetan eta leenaokuan ikusiko dozu, neure kristinaubak, bai gurasuak eta bai umiak, ia geijenok bizi zarian moduban bizita, errez izango dan salbeetan. Ia ainbeste lekutan ta ainbeste modutara laugarren mandamentu santuba autsita, zer geratuko dan zeuben erijotzako ordurako. Ia guraso batzuk ilten zarianian, ze ondorenguak isteen dituzun munduban Jangoikua serbietako ta euren ondorenguai Jangoikua serbietan erakusteko. Oh, gurasuak, eta umiak! Begiratu eizu dotrina oneetan, zelan bizi zarian, Eli aintxinako gurasuari ta aren umiai jazo jakuena jazo ez dakizun. Aita ta seme bijak, aita parkatu eutseelako ta semiak gaiski egin ebeelako, il zituban Jangoikuak irurak Jesus esateko asti bagarik. Ez daijala gura izan zeruko Jaun andijak bere ontasun eta miserikordija neurri bagakua gaiti, beste ainbeste zubei jazotia. Oh, Jesus, guraso guztien gurasua! Entzun eizuz, bada, nire erregubak zeure Ama Birjiniaren erraija bigunak gaiti. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa