www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN MANDAMENTUKO LELENGO LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

ze biar eraozten doskun Jangoikuak domekeetan ta jai osuetan, zelan eraozten daben ta ze nezesidadegaz biarra egin leijan egun areetan.

 

        Jangoikuaren legeko irugarren mandamentubak aginduten dosku, neure entzula onak piesta egunak santipikeetako. Piesta egunak esaten danian, aituten emoten da domeekak eta beste urte barruko jaijak. Urte barruko jaijak, batzuk osuak dira ta domeeketako obligazinoe guztia dago jai osuetan. Beste batzuk dira jai erdijak ta oneek kunplietan dira meza santuba entzunagaz. San Gregorijok esaten dau, domeekak eta jaijak santipiketan diriala biarrik egin ezagaz ta obra onak eginagaz. Gauza bi aginduten doskuz mandatu onek: bata biarrik ez egitia ta bestia obra onak egiten egun santu oneek iragotia. Jaijetarako obra onen artian Elesa Ama santiak señalauta dauka, meza osua entzutia. Ta ara emen, neure kristinaubak, mandamentu onetan erakutsiko dotsudan dotrinia. Lelengo lezinoia izango da biarrik ez egitiaren gainian. Bigarrena, meza entzutiaren gañian. Irugarrena, meza osua entzutia asko dan edo ez jakitiaren gañian.

        Astian bein edo geijagotan pekatu mortalaren beian obligetan gaituban gauzia da, neure Kristinaubak, jaijak gordeetia. Ta errazoia izango da txito kuidado andijagaz mandamentu onetako dotrinia zubek ikastia. Geijago luzatu bagarik esango dotsut dotrina onetan: Lelengo, Jangoikuak jai domeeketan eraozten doskuzan biarrak zeintzuk dirian. Bigarrenian, zelan eraozten doskun jaijeguneko biar egitia. Ta irugarrenian, nos biarra egin leijan jaijegunetan pekaturik egin bagarik. Entzun eizu kuidado guztiagaz.

 

 

I.

 

        Jangoikuak jai domekeetan eraozten doskuzan biarrak zeintzuk dirian ezaututeko, jakin biar da lelengo santo Tomasegaz, guk egin al daiguzan biar jenero guztiak, edo dira pekatuzkuak, edo dira projimuaren ta geure probetxukuak, edo dira Jangoikuaren ondrarakuak. Pekatu egiten dabenak egiten dau pekatuzko biarra ta geratuten da, dino san Juanek, pekatubaren krijadu edo pekatubaren aginduban. Jai domeeketan pekatu egiten dabenak, dino san Antoninok beste maisu askogaz, austen ditubala lege bi: bata pekatu egin dabelako ta bestia Jangoikua alabeetako egun santuban egiten dabelako. Ta konpesinoian esan biar dau jaijegunian pekatu egin dabenak, domeekaan edo jaiegunian pekatu egin ebala. Bada, jaijegun santuban egiten dan pekatu mortala ezainaua ta andijaua da, astegunian egiten dana baño. Ez zaitez, bada, aaztu dotrina onegaz, neure kristinaubak. Duda bagarik esan lei, Jangoikua serbietako egun santubak, domeekak eta jaijak, ez diriala ya geure Jangoiko andija ondreetako; ezpada banidadia, munduba ta diabruba serbietako.

        Noberaren edo projimuaren probetxurako biarrak dira, gorputza kansauta, bizitzia mantenietako eskubekin egiten dirianak. Oneek izenteetan ditu beste konzilijo ta maisu askoren artian Meldeko konzilijuak eta dino, jai domeeketan eragozita dagozon biarrak diriala: Soluetako biarrak, aotzijako, argintzako ta erreminta gintzarako biarrak, arrain artzallen, merkatarijen, juezeen, pinturaginen, kazaarijen, josla, eula ta gorularijen biarrak. Biar jenero oneek guztiok eraotzita dagoz Elesako erregela askotan, jaijeguna eta domeekak gordeetia eraozten dabeelako. Kontu euki biar dau, bada, kristinaubak jaijegunetako biarragaz. Ez dau sekula inok pensau biar, jaijeguneko biarrak aberatstuko dabela. Ez dau inok pensau biar, geldi dauan kostuban, asko nekatu bagarik egiten dala. Jangoikuak eraotzita dauan gauzia da ta bera da asko besperaan edo bijaamonian egin leijan biarrik jai domeeketan ez egiteko ta mo ez eragiteko. Egun santu oneetan ez dozu biarrik egingo, dino Jangoikuak, ez zeuk, ez zeure semiak, ez krijadubak, ez zeure etxian dauanak, ez zeure alemanijak.

        Berba oneetan eraozten ditu Jangoikuak esan dirian biar guztiak ta baita beste baserritarrak egiten dituben asko bere, zeintzuk oi dirian esijak zarratutia, aparejubak imintia, abarka jostia, biurgeijak ekartia ta zopinuak egitia, iketza etaratia, ikaztoirako betegarrijak presteetia, erropa zaarrak adabeetia, zorruak errotara eruatia, uruna ealgitia, ganadu jaatekorik gatxeena batzeia ta beste asko, leenago edo geruago egin leizanak ta egin biar dirianak. Onako kristinaubak bizi dira beti arrastaka ta priisaka, beti biarpian ta beti preminaan. Oh, ze alperrik kanseetan dirian desditxaubak! Jangoikuaren kontra nai leukee ezer aurreratu? Ez. Bateti aurreratuten dabeena, nundi ez dakijela, laster juango jakue. Baña orduba da ya jakiteko, zelan pekatu egiten dan jai domekeetako biarragaz.

 

 

II.

 

        Pekkatu mortalaren beian dago eraotzita, neure kristinaubak, jai osuetan ta domekeetan biarra egitia. Baña ez da biarra egiten dan guztian pekatu mortal[a] egiten. Ezaututeko nos dan mortala edo beniala, begiratu biar jako bai egiten dan gauziari ta bai biarra egiten iragoten dan denporiari. Merkatarijak denpora gitxijan saldu edo erosi leije irabazi andiko gauzia; ta egun eraotzijetan izan ezkero, egingo dabee pekatu mortala gauza andija saldu edo erosten dabeenian, denpora gitxijan izan arren. Beste ainbeste esaten da, testigantza artzeiak eta setenzija emotiak gaiti. Oneek guztiok eraotzita daukaz Elesa Ama santiak ta etxako onako gauzeetan denporiari begiratuten, egiten dan gauziari baño, pekatu mortala egiteko.

        Beste gauzeetan geijenian denporiari begiratuten jako, jaijeguneko biarra pekatu mortala ala beniala dan ezaututeko. Denporiari begiratuta bere ez da errez erregela seguru bat iminten. Maisu batzuk geijago ta beste batzuk gitxiago biar dala pekatu mortalerako, erakusten dabee. Orraitino bere gauza jakina da, neure kristinaubak, jaijeguneko ordu erdiko biarra ez da pekatu mortala, beniala baño. Ordubetian biarra egitia, esaten dabee geijenak, pekatu beniala dala. Baña beste maisu batzuk (ez ain errazoe txaarrekin) esaten dabee, irabatzija gaiti edo gauzia aurreratutia gaiti, ta endamas ekanduz edo sarritan bada, domekeetan ta jai osuetan ordubetian biarra egitia, pekatu mortala dala. Domekeetan ta jai osuetan ordu ta erdijan iraguago edo ordu bijan biarra egin ezkero, bapere entzutia daukeen maisu guztiak esaten dabee pekatu mortala dala.

        Kuidado andija eskatuten daben dotrinia da au, neure kristinaubak. Jai domekeetan biarrian asten zarianian, ez dozu guztiok erlojuba beti aldian eukiko denporia neurtuteko. Ta denporia neurtu al bazinai bere, ez dala errez zuzen jakiten, zeinbat minutu biar dirian pekatu mortala eiteko. Ez dakit, kristinaubak, nor izan leitekian ain atrebiduba, jaijeguneko biar puska bat gaiti, pekatu mortal[a] egiteko arrisku andi onetan bere buruba iminten dabena. Artu eizu, bada, neure entzula onak, gogo sendo bat, leenago edo geruago egin leijan biarrik jaijegunetan ez egiteko, ta uste dozun baño pekatu geijago erremedijauko dituzu.

 

 

III.

 

        Ez da orraitino jaijegunetan biarra egiten dan guztian pekatu egiten. Lau gauza dagoz pekatu bagarik jai domekeetan biarra egiteko eskubidia emoten dabeenak. Lelengua, noberaren preminia. Bigarrena, projimuaren preminia. Irugarrena, agintarijen lizenzija. Laugarrena, usadijua. Noberaren preminia gaiti jai domekeetan mairako biar dan janarija prestau lei ta presteetan da. Soluan, basuan edo aziendaan kalte andi bat egiten jakonian, bestelan ezin badau, a erremedijetako jai domekeetan biarra egin lei. Noberaren bizitzia edo osasuna galtzeeko arrisku andija dauanian bere bai. Onako preminako gauzaak izaten dira, subagaz dauan karabija edo ikaztoija koberneetia, galtzeen dauan laboria batzeia, asi daben jornada bat egitia ta beste onako popuertzako gauzaak. Baña bere arijaz onako biarrak jai domekeetan astia, jaijegunagaz aprobetxeetako, pekatu da.

        Projimuaren preminia gaiti beste ainbeste esaten da. Bada, projimuaren aziendia, osasuna, bizitzia edo kleituba gordeetako, popuertzakua bada jai domekeetan biarra egitia, egin lei pekatu bagarik. Jangoiko onak ez dau gura, ainbeste kaltegaz biarra egin bagarik egotia.

        Elesako agintarijen lizenzijagaz biarra egiten danian jai domekeetan, ez da pekaturik egiten. Obispo jaunak dira, jai domekeetan biarra egiteko lizenzija emon leijenak. Ta obispo jaunen ordeniagaz kura jaunak bere bai. Osteranzian, premina guztizko bat ezpadago, kura jaunak ezin emon lei jai domekeetan biarra egiteko lizenzija. Baña obispo jaunak kuriaren eskubetan isteen dabee geijenian lizenzija emoteko eskubidia. Ta kristinaubak euren kura jaunaren lizenzijagaz biarra egin leije jai domekeetan konzienzijako bildur bagarik. Usadijua da moduren baten legia kentzeen dabena. Ta orregaiti, aginduta egon arren jai domekeetan biarrik ez egiteko, useetan dirian biarrak egitia ez da pekatu. Usadijua daualako, jai domekeetan egiten dira biarmodu asko: Alemanijak basora eruatia, ekartia ta kobernetia; etxian dagozanentzako jaatekua soloti edo basoti ekartia egun atan biar dabeena; (bijamoneko ganadu jaatekua batzeia jai domekeetan ez da ondo, txito premina andija ez dauanian). Errotaak kobernetia, olagizonak asita daukeen agoia etaratia, edo gauerdija baño puska bat leenago agoiari su emotia... Onako biarrak jai domekeetan egitia ez da pekatu, usadijua daualako. Egija esateko, ez dakit olagizonen jai gosaldeetako ta gabeetako biarra egitiak, usadijo segurubaren indar guztia daukan edo ez. Baña Bizkaiko ola guztietan edo geijenetan biarrari asi ta isten deutsen denporaan, beste edozein olagizonek bere egin lei, konzienzijako bildur bagarik. Bada, urte askotan alan egiten da, obispo ta kura jaunak dakuseela ta dakijela. Ta isten deutsee iragoten. Nik dakidanez beintzet bai.

        Ara emen, kristinaubak, berba gitxitan esanda zer dan jai domekeetan biarra egitia, nos dan pekatu ta nos ez dan. Jai domekeetako biarra txaarra bada, milla bidar txaarrauak dira, neure entzula onak, egun santu oneetan egiten dirian dantzaak, piestaak, desonestidadiak, ordikerijak eta jokuak. Oneek dira, san Agustinek, san Karlos Milanguak ta beste santu ta maisu askok dinuen leez, jai ta domeeka santubak desondreetan ditubeenak, mantxeetan ditubeenak ta banidadiari, sabelari, desonestidadiari ta pekatubari konsagretan deutseezanak. Gauza onetan ze libertade andija dauan zeubek dakuszu, neure entzula onak. Esan lei domeekiaren ta jai osuaren zain dagozala kristinaubak, ta endamas gaztiak, pekatu egiteko ta nasaitasun guztiari euren burubak entregeetako. Jangoikuak domeeka ta jai osuak obra onak egiten iragoteko agindu oskun leez, agindu baleusku egun oneetan geuk gura gendubana egiteko, zer dongaruago egingo ete genduban, egiten doguna bano?

        Oh, gurasuak eta umiak! Bildur izan zaitez Jangoikuari konsagrauta dagozan egun oneek diabrubari konsagrau ez daijozuzan. Baña etorriko da denporia gauza au astiruago esamineetako, dibersinoien dotrinia erakusten danian. Bijen bitaartian akordau, kristinaubak, pekatu txikarraua dala domeekan nabasen soluan eitia dantzan eitia baño, dino san Agustinek. Eskatu daijogun Jangoikuari, grazijazko ta bendizinoezko egun oneetan eternidadeko glorija irabazteko ditxia, zein desietan dotsudan guztioi, Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa