www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN MANDAMENTUKO BIGARREN LEZINOIA

 

zeinetan erakusten dan

zeintzuk dirian, mandamentu onen kontra gurasuak, asko aintzat artu bagarik, egin oi dituben pekatubak.

 

        Laugarren mandamentubak obligazinoerik estubena ta andijena iminten deutsee, neure entzula onak, gurasuai ta umiai, bakotxari bere moduban. Gurasuak daukez txito obligazinoe andijak euren seme alabentzako; ta seme alabak gurasuentzako. Gurasuen kontura itxi dau Jangoikuak seme alaben aziera ona; ta seme alaben kontura gurasuari zor jakon amodijua, lotsia, errespetua ta obedenzija. Ta ara emen, neure kristinaubak, dotrina onetako ta urrengoko salla. Gurasuak zer egin biar daben seme alabeekin sarritan entzun deustazun gauzia da. Oan esango dotsut, bada, bakarrik ze sarritan pekatu egiten daben gurasuak laugarren mandamentubaren kontra, asko aintzat artuten ez dituben baña artu biar dituben gauzeetan. Egon zaitez, kristinaubak, atenzinoe guztiagaz; ba, ez da au dotrina guztien artien gitxien balijo dotsuna.

        Lelengo. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, seme alabak azteko nekia ta trabajuba gaiti señik ez izatia desietan dabeenian eta atarako zerbait egiten dabeenian.

        Bigarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, amaren sabelian dauan seña laarregi nekatuta, ilteko pelleburuban iminten dabeenian, dan moduban dala. Bada, zein jaijotakuari bizitzia kendu zein jaijoteko dauana galdu, bardin da, dino Tertulianok.

        Irugarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, sein txikarrak kuidado gitxigaz eurekin oian eratzota, itoteko arriskuban daukeezanian. Ta ojala onako negargarrijak gitxiagotan jazoko balira! Gauza oneek bautismoko sakramentuban klarubago esango dira.

        Laugarrenian. Pekatu mortala eiten dabee gurasuak, seña eurak azteko nekia gaiti, beste nezesidade edo premina bagarik, inori azteko emoten deutseenian. Euren erraijetako prutubak dira ta, al daijela, euren bularretan azi biar ditubeenak dira. Usadijuak ez ditu libreetan pekatu onetati, aberatsak izan arren. Jangoikuaren legiak aberatsei ta pobriai, guztiai bardin diadar egiten deutsee. Ta naturaleziaren legia da amak bere umiak aztia bere bularrian. Sara aberatsa zan, Samuelen ama aberatsa zan, Makabeo santuben ama aberatsa zan, san Luis erregiaren ama aberatsa zan, baña euren bularragaz azi zituben semiak. Ama baten ondrarik andijena da, dino san Anbrosiok, bere sabeleko prutuba bere bularragaz aztia.

        Bostgarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, semiak eta alabak, neba arrebak izan arren lau bost urtera eldu ezkero, alkarregaz oe baten eratzoten ditubenian. Ta baita eurekin oian eratzoten ditubenian bere. Lau urtera eldu ezkero, askok daukee malezija; ta zeubenak bere zubek pensau ez arren, euki leije. Salomonek amar urte zitubaneko eukan seme bat, dino san Jeronimok. Beste ainbeste esaten da, euren oian izan ez arren, euren alboko oetan eratzotia gaiti. Ta baita errenta etxeetan oiak aparte egoteko duina leku egiten ez daben ugazabaak gaiti bere. Ez da esaten oe bakotxarentzako gela bat egiteko, ezpada kristinauben moduban gurasuak eta umiak, gizonezkuak eta andrazkuak aparte lo egiteko duina. Au pekatu mortalaren beeko obligazinoia da, bai gurasuentzako ta bai ugazabentzako.

        Seigarrenian. Pekatu mortala egiten dabee, seme alabei bost sei urtera eldu ditezaneti aurrera, umiak diriala ta, esaten daben ta egiten daben guztia, parkatubagaz. Umetako libertadiagaz esan ta egiten ditubee gauza txaar asko; ta gurasuak, egitade andi batzuk balira leez, parkatuten deutsee edo alabeetan deutsee guztia ta azten dira ume lotsa galdukuak, puska bat andijago egin ditezanian inok domau ezin ditubanak. Lelengoti oker azten dan lan daria nos zuzenduten da? Zeubek umetati seme alabak okerrak azita, nai zenduke gero zuzenak izatia? Ori da milagruak Jangoikuari eskatutia. Ta ez ditu egiten nasaitasuna ta lotsa txaarra geituteko. Umetan semiari ta alabiari parkatuten badeutsazu, gero damutuko jatzu, dino Espiritu Santubak.

        Zazpigarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, seme alabei biar dan moduban dotrinia erakusten ez deutseenian. Oh, ze palta andija dauan, neure kristinaubak, gauza onetan! Lelengo lezinoian esan da zerbait gauza onen gañian. Ez da asko, neure entzula onak, gurasuarenzat, semiari ta alabiari buruz orazinoe batzuk esaten erakustia, ezpada aitu erain biar jako pekatu mortalaren beian orazinoe bakotxeko berba areek zer esan gura dabeen. Arimiaren espirituzko izatia, grazijaren preminia ta probetxubak, pekatu mortalaren ezaintasuna ta kalte ikaragarrijak, munduko gauzeen iraunik eza ta balijo laburra, zeruko ondasunen akaburik eza ta gozo neurri bagakua, Jesusen bizitzia ta kurutzeko erijotzia, Ama Birjiniaren ta santuben debozinoe egijazkua, sakramentuben birtutiak ta zelan prestau biar dan konpeseetako ta komulgeetako, meza santuba zelan entzun biar dan, erremedijo bako erijotzia ta erijotziari darraikon juizijo estuba, betiko zeruba edo inpernuba... oneek dira guraso batek pekatu mortalaren beian seme alabei erakutsi biar deutseezan lelengo gauzaak. Ta erakusten dira?

        Oh, ze gitxi! Aita edu egindako seme alabak dagoz asko, dotrinarik bapere sustanzijaz ez dakijenak. Errijan jazoten dirian enbusterija, banidade, amore loi ta pekatu jenero guztiak bakijez zortzi amar urte ditubeeneko ta meza bat zelan entzun biar dan ez dakije ezkonduta gero bere. Esan lei alakuen gurasuak gaiti Augusto agintarijak Erores gaiti esaten ebana, seme alaben lekuban lau oñekuak jaijoko balitxakuez, oba leukeela alako gurasuak. Bada, san Juan Krisostomok dinuan leez, gurasuak obeto kuidado egiten deutsee etxeko alemanijai, seme alaben arimiari ta salbazinoiari baño.

        Zortzigarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, seme alabei lapurretaak, gauza gitxijan lantzian izan arren, ontzat eruaten deutseezanian ta areek oostutako gauzia pozik artzeen dabeenian.

        Bereratzigarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, seme alabei bidauak eta maldezinoiak ezarten deutseezanian. Diabrubori ta, demoninori ta, itoko al as da, azkenak erango al dituk eta, beste onako bidauak seme alabei egitia pekatu mortala da. Ta endamas sarritan bada. Alperrik da esatia gatx bagarik egiten diriala alako bidauak. Beti da exenplu txaarra. Beti da gaiski erakustia ta beti da guraso batenzako pekatu. Bada, Espiritu Santubak dinuan leez, gurasuaren maldezinoiak ondatuten dau etxe guztia. Intenzinoe txaarrik eukiko ez eban semiari gatx egiteko, Zenobio santubak dinuan amak. Umiak ura eskatu eutsan amari ta amak purijaz ura eskinita, esan eutsan umiari: autsa, eraik diabruba. Ta bertati sartu zan diabruba umiaren gorputzian.

        Amargarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, seme alabei meza entzutia, konpeseetia ta komulgeetia, edadia euki ezkero, errazoe bagarik eraozten deutseenian. Zazpi urtera ezkero daukee obligazinoia meza entzuteko ta beste Elexako mandamentubak gordeetako, kura jaunak beste gauzarik aginduten ez deutseen artian. Bapere erreparau bagarik zortzi ta bereratzi urteko umiak meza entzutera ta konpeseetara eruan bagarik daukeezan gurasuak, begiratu beije zer egiten dabeen.

        Amaekagarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, seme alabei bidauak eiten, berba loijak eta desonestubak esaten ta beste edozein bere pekatu parkatuten deutseenian. Esaten da, parkatuten deutseenian. Alako gauzak seme alabei entzunda, edo esan eta egiten ditubeena jakinda, lotsia ta bildurra ostera egin ez daijen, emoten ez deutseenian. Bada, umetan eraozten ez bajakuez, azita nekezago erremedijauko dira ta gurasuena izango da erruba.

        Amabigarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, zein gabaz ta zein egunaz pekatu egiteko okasinoe urreko lekubetara juaten edo lagun pelleburuzkuekin ibilten seme alabei isten deutseenian. Nos, zelan eta zetaraño elduten dan pekatu au, sarri entzuten dozu gurasuak. Ta esango da oraindino klarubago, dibersinoeko dotrinia espliketan danian. Artiataraño ez aaztu, kristinaubak, ia nok su emoten deutseen orrako gazteen arteko ibilera nasaijai, apaindu guriari, modestijarik ezari, berdekerijai, maitekerija ezainai, etxian sosegau ezinari ta gurasuentzako dauken errespeto txaarrari.

        Zek eraiten dau au guztiau? Jangoikuaren bildur bagarik eta libertade osuan seme alabak umetati ezijak. Edozein bere lekutara juaten ta edozein bere lagunegaz ibilten seme alabei itxijak; bizirik edo minik artu bagarik etxera badatoz, eze ez deutsee ardura guraso askori, euren seme alabak pekatuzko lagunekin egon ta ibili arren. Zer dira au baño beste gauzarik, orrako komedijak, erromerijak, plazaak, saraubak eta bigiraak? Baña ez da oan denporia onen gañian berba egiteko. Oh, gurasuak, zeinbat pekatu mortal irunsten dituzun au ondo dakizula! Erremedijo bagarik negar egin biako dozu, bada.

        Amairugarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, euren alabei besuak eta irunak edo bularrak agirijan erabilteko soinekuak egiten deutseezanian ta alako jantzijagaz plazara, pasiora, elesara edo lagun artera zein etxian ta zein kanpuan urteten isten deutsenian. Useetan dala esatia alperrik da. Ez dago usadijorik, Jangoikuaren legiaren kontra. Eskritura Sagradubak, Elesako santubak eta konzilijuak, guztiak era batera kondeneetan dabeena da emakumiak alako jantzi madarikatubagaz ibiltia. Senarrak emaztiari istia alako jantzija, pekatu mortala da; senarrak agindu arren emaztiak jantzten badau, pekatu mortala egiten dau. Gurasuak umiari aginduten badeutsee edo parkatzen badeutsee alan jantztia, pekatu mortala egiten dabee. Ta umiak, gurasuak agindu arren jantzten badau ezauberiagaz, pekatu mortala egiten dau. Bada, berez pekatu dan gauzia ezer gaiti bere ezin egin lei. Ta alan jantzita ibiltia, berez ta beti da desonestuba.

        Amalaugarrenian. Pekatu mortala egiten dabee gurasuak, seme alabei goguaz kontrarako estaduba artu eraiten deutseenian. Ta baita semiak edo alabiak gura daben estaduba artzeen, al daijela ta errazuazkua izan ezkero, lagunduten ez deutseenian bere. Onen gañian esango da zerbait geijago matrimonioko sakramentuban.

        Ara emen, neure kristinaubak, andi andika aituten emonda zetan pekaturik geijen egiten dabeen gurasuak euren seme alaben azieraan, asko aintzat artu bagarik. Baña guztien artian nekezen erremedijetan dana ta gurasorik geijenak palteetan dabeena da, dotrinia azaleti baño ez erakustia, kristinau egijazko baten obligazinoiak ez erakustia ta pelleburuzko lagunekin ardura bagarik ibilten istia. Ez dakizu ondo, gurasuak, ze kalte andijak dakazan onek zeuben mo umeen arimeetara. Baninz inori konseju emoteko duina, dino ene ama santa Teresak, esango neuskijue guraso guztiai; kuidado andijagaz begiratu daijela euren seme alabak umetan nogaz ibilten dirian. Orduban, amar, amabi, amalau urte inguruban, dino Santiak, dauala kalte andija. Ibilten dira mutilak neskatxeekin, gurasuak kasu egin bagarik bisitiaren, pasiuaren ta olgeetiaren atxekijan; ta ikasten dabee santa Teresak bere buruba gaiti dinuana. Edo obeto esateko, ez santa Teresak humildadez dinuana, baña bai san Bernardok pena andijagaz dinuana: intrat solus ad solam ¡veh, veh lupus ad oviculam!. Isten jakue mutilei alabeekin bakarrik egoten; edo alabei mutileetara juaten. O lastimia! O negargarrija! dino san Bernardok, otsuak bildotseetara bialdutia edo bildotsak otsuari emotia!

        Oh, gurasuak! Errukitu zaitez zeuben erraijetako prutubeekin. Ez eijozuz ain errezto mundubari ta diabrubari entregau zeuben sabelian pormautako, zeuben bularragaz azitako ta Jesukristoren odolagaz erositako seme alaba tristiak. Ez daijala inos Jangoikuak gura izan alako negargarririk. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa