www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

LELENGO MANDAMENTUBAREN LAUGARREN LEZINOIA

 

zeinetan erakusten dan

amau biar dogula Jangoikua gauza guztiak baño geijago, lauba, andija ta indartsuba dalako.

 

        Jangoikuak merezietan badau, leen esan dana gaiti beste gauza guztiak baño geijago ameetia, ez dau gitxiago merezietan lauba dalako, andija dalako ta indartsuba dalako.

 

 

I.

 

        Lauba da Jangoikua ta au gaiti bere merezietan dau geure amodijo guztia. Deitxat ez daukadala zetan esplikau lau izatiak zer esan gura daben. Bada, zeubei sarri entzuten jatzun gauzia da zer dan lau izatia. Kaballero edo beste persona aparteko bat gaiti ondo esan gura dozunian, lelengo lelengo esaten dozuna da: entero lauba da, andiari bagakua da. Aberatsak eta pobriak, andijak eta txikijak ta edozein bere kondezinoeko personaak bardin estimeetan baditu ta bardin berba egiten badeutsee, guztiak projimuak dirian leez, orduban esaten da dala lauba.

        Ta au da prenda bat, txito asko estimeetan dana. Andiarija, burubaren eitxija ta noberak edu ondosun, jakiturija edo entzute ez daukeenak desprezijetia ta alakuekin berba kontaubak baño ez egitia da, guztiai enpaduba emoten deutseen soberbija ta banidadia. Bizijo guztiak sustraijak zabalduta daukeez ta banidadiak eta andiarijak ez daukeez txikarrenak. Lau errial daukazana lotsatuten da bi baño ez daukazanagaz trateetan. Aberats batek uste dau, mesede andi bat egiten deutsala pobriari berba bat edo agur bat eginagaz. Guraso pobreen ume bat deskuiduan aberatstuten bada, lotsatuten da bere aitagaz ta amagaz; ez dau areen izenik bere entzun gura, ezda etxian sartu dakijozan bere. Eskian ibili dan bati portune txiki bat etorten bajako, laster aaztuten da leenago berari ateetan limosnia emoten eutseen ongilleekin. Onako soberbijarik, buru eitxirik edo entzunda bere enpaduba emoten daben bizijo inpamerik ez daukeen kristinauba, guztientzako arpegiera bardina daukeena, urrekuari ta urrinekuari, pobriari ta aberatsari, jausita dauanari ta zutinik dabilenari gogo bardinagaz ta borondate onagaz lagunduten deutseena, guztiak estimeetan dabee ta ameetan dabee, lauba dalako.

        Jangoikua da bada, neure kristinaubak, banidade bagakua, andiari bagakua ta guztiz lauba. Jangoikua ez da inogaz bere lotsatuten, ez dau inor bere desprezijetan, ez deutsa inori bere ezentzunik egiten. Andijentzat, txikijentzat, ondraubenzat ta desondraubenzat, guztienzat da bardina Jangoikua, bera amau ezkero. Ain borondate onagaz erantzuten deutsa Jangoikuak kurutzian josita dauan lapur desondraubari zein Jerusalengo juez nausijari. Ain pozik sartzeen da Jangoikua Lazaroren, Martaren ta Marija Madalenaren etxe humildian zein paresijo aberatsarenian. Ain gusto andijagaz berba egiten deutsa Jangoikuak uretara doian Samariako emakume pekatarijari zein Isrraelgo legegin, agintari ta obispuai. Ain poz andijagaz begiratuten deutsa Jangoikuak Elesa guztia persegidu daben Pablori zein Elisiaren buru egin daben san Pedrori. Milla exenplu dagoz, neure entzula onak, Eskritura Sagraduban Jangoikuaren bijotz lauba ta bardina erakusteko, geuk bera amau ezkero. Moises arzain pobriagaz berbeeta luziauak daukaz Jangoikuak Faraon Ejitoko errege andijagaz baño. Dabid arzainagaz obeto dibertietan da Jangoikua Saul Isrraelgo erregiagaz baño. Samuel mutil gaztiari obeto zabalduten deutsaz Jangoikuak zeruko misterijuak Eli sazerdote nausijari baño.

        Munduban dagozan gizon eta emakume guztiak, entzute andija daukeenak ta bapere ez daukeenak, ondasun andijak daukeezanak ta aterik ate eskian dabizanak, destierruban dagozanak eta tronubetan jarrita dagozanak, dirianak bardin estimeetan ditu ta bardin ameetan ditu Jangoikuak, eurak bardin ameetan badabee. Ain pozik dua Jangoikua mendiarteko txabola baten dauan ikezgin pobria konsoleetara zein palazijo andi baten dauan erregiagana; kaarzela baten dauan presuagana zein seda artian ta urre artian dauan kaballero nausijagana.

        Oh, neure kristinaubak! Ez dakit zetara biurtuten daben pensamentu onek geure arimia ta gere bijotza. Jangoikua bera, inori bere ezer zor ez deutsana, inoren bere preminarik ez daukana, ain lauba, ain humildia ta ain kondezinoe onekua pekatarijarenzat! Oh, aingerubak, alabau eizu ta amau eizu zeuben Jangoiko altuba, humildia ta lauba! Oh, ene arima pobria, begiratu eijozu zeure Jangoikuari, bai zerubetan ta luurreko aberats ta pobre guztietan; ta urtu zaite al badaizu bere amodijo santuban! Bada, guztia merezietan dau Jangoikuak, lauba dalako.

 

 

II.

 

        Jangoikua da Andija. Ta au gaiti bere merezietan dau beste gauza guztiak baño geijago ameetia. Guztiok ezaututen dozuna da, neure kristinaubak, gauza bat ona izan ezkero, zeinbat andijago, ainbat dala obiago. Urre pillo bat zeinbat andijago, ainbat da obiago. Gari pillo bat zeinbat andijago, ainbat da obiago. Adiskide bat zeinbat dan aberatsagua ta entzute andijaokua, ainbat geijago ameetan da ta estimeetan da. Adiskide pobriak intenzinoia ta desiua euki arren mesede egiteko, gauza andirik ezin leijo inori, zegaz ez daukalako. Orregaiti askok esan darue adiskide pobrerik ez dabeela gura. Adiskide pobria adiskide txikija da ta orregaiti pobreentzako palazijo gitxi munduban iminten dira, ta adiskide asko bere ez dabee topeetan. Gauza gitxijak berez ona izan arren, estimazinoe txikija dauka; baña berez ona izan ezkero, andija bada, guztiak estimeetan dabee ta ameetan dabee.

        Jangoikua da bada, neure entzula onak, gauza on guztien artian andijena. Andija da Jangoikua ta txito guztiz ondo alabeetia merezietan dabena, dino Dabid erregiak. Nora juango nas, esaten deutsa Jangoikuari Errege santubak berak, nora juango nas zeure espiritubaganik ta nora iges egingo dot zeure arpegijaganik. Zerubetaraño igoten badot, zu an zagoz; inpernubetaraño jasten banas, an bere prest zagoz. Ego batzuk artuta egunsentijan iragoten banas itxasuen eskinaraño, zure eskubak an bere geratuten nau. Pensau neban, menturaz ilunak apartuko nindubala zure aurreti ta gabak ezkutauko nindubala zuganik; baña gabak egunak leez argi egiten dotsu zuri; gaba ta eguna bardin dira zuretzako. Berba oneek guztiok dira Dabid erregiarenak.

        Jangoikuaren anditasunak despeidarik ez dauka. Leku guztietan ta denpora guztietan dago Jangoikua guztiekin ta dago bakotxagaz. Jaaten bagagoz, geugaz dago; lo eiten bagagoz, geugaz dago, ta eitzartuta bagagoz bere, geugaz dago geure Jangoiko maitia. Ain kontuz zaintuten dau, gordeetan dau ta begiratuten deutsa Jangoikuak Erroman daukan adiskidiari zein Indijetako baztarrian daukanari zein Elesa onetan daukanari. Zerubak eta luurrak baño andijago da Jangoikua ta orregaiti dago leku guztietan edo, obeto esateko, beragaz daukaz gauza guztiak eta leku guztiak. Jangoikuagaz bizi gara, Jangoikuagaz gabiz ta Jangoikuagaz gara gariana, dino Espiritu Santubak. Erdu bada, kristinaubak, errazoe onetara ta pensau eizu, ia Jangoikuak, izan ezkero gauza on guztietati andijena, leku guztietan ta denpora guztietan geugaz dauana, merezietan daben, edo ez geure amodijo guztia ta bijotz guztia. Ia Jangoikua dan edo ez guztiok topau biar doguna, estimau biar doguna ta amau biar doguna. Ez da zorakerija andija, munduko gauza on iskijen billa ibiltia ta areen enbidija eukitia, gauza on guztietati andijena ta gauza on guztiak beragaz daukazan Jangoikua geugaz euki ezkero? Ameetan badogu Jangoikua, guztia geuria da; ta ameetan ezpadogu, andija izan arren ta geugaz egon arren, bapere ez da geuria Jangoikua, geu kastigeetako baño. Oh, kristinaubaren itsutasuna, ain Jangoiko andijaren kontra bizi izatia, aren lege santuba austia ta pekatuban egotia! Oh, Jangoikuagaz dagozan pobre aberatsak! Oh, pekatuban dagozan aberats pobriak! Zeu ameetan zaitut, Jauna; ta zeu amau gura zaitut neure bijotz guztiagaz, gauza on guztietati andijena ta bakarra zarialako.

 

 

III.

 

        Ain da akabauba geure Jangoikua gauza guztietan, ze edozein bere gauza on ikusten dogunian edo akordeetan jakunian, guztia ondo kunpliduta topeetan dogu beragan. Gogoratu daiguzan oraindino, neure kristinaubak, adiskide guztizko batek eukitia ondo dan zirkustanzijaak. Inok bere ukatu ezin lei txito gauza ona ta estimauba dana, geure adiskidia sendua ta indartsuba izatia. Adiskide senduagaz gagozan artian, bildur bagarik eta seguru gagoz. Baña adiskidia argala, makala ta indar bagakua bada, laster goituten dabee arerijuak ta geratuten gara lagun bagarik. Errazoe au, bapere kontuba etara ezkero, guztiak ezaututen dabeena da, neure entzula onak. Ezertako ez danari edo gauza gitxi bat baño ezin leijonari, ez deutsa inok erregu andirik egiten adiskide izateko, ezpada nai badau izan della ta nai ezpadau ez. Baña adiskidia bada sendua, indartsuba, arrisku guztietati librau ginaizana ta geu ondo zaintu ginaizana, a txito asko estimeetan dogu ta agazkua ez galtzeiarren, askotan kanseetan gara.

        Jangoikua da, bada, bakarrik, neure kristinaubak, adiskide sendua ta indartsuba. Jangoikuaren adiskidiak bagara, Jangoikua ameetan badogu, ez daukagu zetan bildurrik euki inoren bere. Jangoikuaren adiskidia banas, libre nago arerijo guztietati. Alperrik jagiko dira nire kontra persekuzinoiak; alperrik munduko agintari ta juez guztiak galdu naiko nabee; alperrik inpernuko diabru guztiak su artuta abijauko dira nire ondorik buruko ule bat bere kenduko ez deustee. Munduko agintari, juez, soldau ta berdigu guztiak eureen armeekin ez dira eltxo bat edu bere, Jangoikuaren indarrekin bat egin ezkero. Jangoikuak bere adiskidiak zaintuteko, itxasuak agortu ditu, euzkija geratu dau, subak oztu ditu, artzak eta leoiak mansotu ditu. Jonas arrainen tripaan dauka Jangoikuak bizirik, Daniel artz gosian artian gordeetan dau, Babilonijako umiak laba gorijan daukaz erre bagarik. Isrraeltarrei itxasua liortuten deutsee, oñaz iragoteko ta mendi soilian zeruti bialduten deutsee janari prestauba, Elias bela bat bialduta mantenitan dau, Lazaro ilda laugarren egunian biztuta, sepulturati etaraten dau ; san Pablo itxasuaren onduan dauka ito bagarik ; san Pedrori oñetako katia senduak berekauten urratuten deutsaz ; ez erijotziak, ez mundubak, ez inpernubak, ez inok bere ezer ezin leijo Jangoikuaren adiskidiari, Jangoikua bijotz osuagaz ameetan dabenari.

        Esaidazu, bada, oan zeuben bizitzia gaiti: euki ginai ditxa andijagorik arerijo guztietati libre egotia baño? Inoren bere bildur bagarik bizi izatia baño? Jangoikua ameetan dabenak ta Jangoikuagan bere konpijantza guztia iminten dabenak, ez dauka inoren bere bildurrik. Ta zeinbat daukan Jangoikuaren amodijo geijago ta konpijantza geijago, ainbat dauka bildur gitxiago ta ardura gitxiago. Oh, zer esango ete eban ene ama Teresak, inpernuko demonino guztiak Santo-Kristo bat eskuban ebala desapijetan zitubanian! Zeen bildur izango ete zan emakume seraphin a? Ez besteren, Jangoikua opendidu ez eijan baño.

        Jangoikuaren bildurrik ezak, Jangoikuaren amodijorik eta konpijantzarik ezak dakaz geugana bildurrak, larrijak eta ikaraak. Trumoe batek, ots batek, tiro batek, gaiso batek edo keiza batek bildurtu ta ikaratuten gaitu. Zegaiti? Jangoikuaren adiskide onak ez garialako, Jangoikua geure aldeti ez daukagulako ta beste munduko sokorru guztiak Jangoikua bagarik utsa dirialako. Topau daigun bada, kristinaubak, Jangoikuaren adiskidetasuna ta gorde daigun bere lege santuba; euki daigun konpijantza andi bat geure Jangoiko indartsubagan, ta amau daigun bijotz guztiagaz bizitzan ta erijotzan aren dibina Majestadia beste kriatura guztiak baño geijago, geure adiskide lauba, andija ta sendua dalako. Onan seguru iragoko dogu destierru tristiau, ta jadiitxiko dogu zeruban eternidadeko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa