www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

LELENGO MANDAMENTUBAREN ZAZPIGARREN LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

geure burubak zelan amau biar ditugun, ta geure projimuak nortzuk dirian.

 

        Esanda geratu da, neure entzula onak, lelengo mandamentu santubak zelan aginduten doskun Jangoikua ameetako beste gauza guztiak baño geijago; baita imini bere egin dira iraitzian leez, edozein bere kristinauk, zein asko dakijenak ta zein gitxi dakijenak txito errazto ezautu leizan pensamentubak, pozik eta gustoz geure Jangoikua amau eraiten dabeenak.

        Onen ondorik Jesukristo geure Jaunak esaten dosku bigarren lekuban, geure projimuak ameetako, geure buruba leez. Pensau dot, bada, ondo izango dala mandamentu onetan erakustia kristinaubak bere burubari ta projimuari zor deutsan amodijua, bostgarrenerako itxi bagarik. Projimua ameetako daukagun obligazinoia txito andija da. Bada, san Pablo apostolubak dinuan leez, adulterijorik ez egitia, ezer ez ostutia, inor ez iltia, paltso testimonijorik ez ezartia ta beste legiak aginduten daben guztia enzerreetan da berba oneetan: Amauko dozu zeure projimua zeure buruba leez. Kristinaubak projimua ameetako bere buruba leez, jakin biar dau lelengo bere buruba zelan amau biar daben. Askok usteko dabee bakijeela eureen burubak ameetan. Baña puska bat esamineetan bada, ez dakijee euren burubak ameetan, ezpada euren gorputzak ameetan. Ta ez da au Jesukristok aginduten doskuna. Esango dot, bada, dotrina onetan, zelan kristinaubak bere buruba amau biar daben, ta zeintzuk dirian geure projimuak.

 

 

I.

 

        Kristinaubak amau biar dau bere buruba Jangoikua gaiti. Esan gura neuke, kristinaubak bere burubaari deutsan amodijua ordenau biar deutsala Jangoikuari. Bada, kristinaubak daukan guztia, arimia, entendimentuba, borondatia, jakiturija, osasuna, kleituba, itxuria, ikustia, entzutia... guztia da Jangoikuak duarik emona. Ta orregaiti dan guztia ta daukan guztia kristinaubak ordenau biar deutsa Jangoikuari. Amau biar dau bere buruba Jangoikua gaiti ta Jangoikua serbietako. Beste noberaren burubarentzako kristinaubak daukan amodijua ez da amodijua, ezpada gorrotua Jangoikuaren aurrian. Oh, zenbat kristinau dagozan euren buruben gorrotuan bizi dirianak! Gorputzari naijak eitia, erregalubak emotia, ondo apaindutia; ikusgarrijak begijai, entzungarrijak belaarrijai, esangarrijak miinari, gauza leunak aragijari, gozuak eta dultziak auari ta sabelari, banidadia, estimazinoia ta pamia buruko aixe arruari; dinot, kristinaubak, gauza oneek bilatutia ta nai izatia bere burubarentzako ez da noberaren buruba ameetia, ezpada bere burubari gorroto izatia. Jangoikuak agindu baleu modu onetan geure burubak ameetako, zoruak izango zian ainbeste penitenzija ikaragarri egin ebeen santu ta santa guztiak. Areek ez ebeen beste gauzarik penseetan, arimia bizi dein, grazija bizi dein ta lege santuba gorde dein, Jesusen izenian eureen gorputzai ta sentidubai aleijen guztia padezidu eraitia baño.

        Amau biar dau kristinaubak bere buruba; baña Jangoikuak aginduten daben moduban, ez aragijak eskatzen daben moduban edo mundutarrak nai dabeen moduban. Amau biar dau Jangoikua serbietako, ez bere buruba serbietako. Amau biar dau bere bizitzia, osasuna, kleituba ta Jangoikuak emon deutsan guztia; ta baita artu bere, bere buruba gordeetako errakoe zuzenak erakusten dituban medijuak.

        Jangoikuaren aparteko abisu bagarik, gorputzari padezidu erain biar deutsala edo nai bat bere emon biar ez deutsala pensauta, jan bagarik, edan bagarik edo lorik egin bagarik egotia pekatu da. Munduko gatxeetati aparteetako arrabijuagaz ta ernegazinoiagaz iltia bere burubari desietia pekatu da, bostgarren mandamentuban esango dan leez. Gauzia aurreratutia gaiti, miserija gaiti edo guztia paltauko ete jakon bildurra gaiti, gosia padezietia ta aberatstutia gaiti gau ta egun arrastaka barautsa darijola osasuna galtzeia pekatu da. Ez dau eiten Jangoikuaren amodijua gaiti, ezda bere burubaren amodijua gaiti bere, ezpada edo ondasunak gaiti, edo banidadia gaiti, edo zekenkerija gaiti. Onako kristinaubak gaiti esaten da diabrubaren martirijak diriala.

        Jangoikua gaiti ta arimiaren ona gaiti pena txiki bat iragoteko gogorik ez daukee kristinau askok; baru bat etara biar badabee, larrituten dira; ta beste aldeti egunian egunian gorputzari padezidu eraiten deutsee munduba gaiti, banidadia gaiti ta kodizija gaiti. Oneek diabrubarenzat padezietan dabeena, gauza jakina da. Batzuk Jangoikua balitz leez trateetan dabee euren gorputza; ta beste batzuk, kodijijaren ta banidadiaren krijau sobrau bat balitz leez. Oneen bijoon erdijan dago gere burubari zor deutsagun amodijua. Ta da, geure buruba estimeetia ta ameetia osasuneko ta kleituko gauzeetan ta gorputzaren erruki bagarik Jangoikuaren legia gordeetia. Emeti ezaututen da zegaiti eta zelan amau biar ditugun gere projimuak. Baña leenago da oneek zeintzuk dirian jakitia.

 

 

II.

 

        Munduban dagozan gizon eta emakume guztijak dira, neure entzula onak, geure projimuak: kristinau dirianak, ereje dirianak, judegubak, moruak eta jentilak, arimia ta gorputza daukeen guztiak, zein urrekuak, zein urrinekuak, zein adiskidiak, zein arerijuak, guztiak dira geure projimuak. Ara emen san Agustinen berbaak. Adan eta Ebaganik datozan guztiak, dino Santubak, dira zure projimuak. Guztiak gara bata bestiaren projimuak, baña ez guztiok modu baten, zerurako esperantziari begiratu ezkero. Kristinaubak izan ez arren, zeure projimuak dira, bada ez dakizu Jangoikuaren aurrian zer jazoten dan. Askotan zuk, kristinauba ez dalako, burla egiten deutsazuna, biurtuten da Jangoikuagana ta ameetan dau, serbietan dau ta adoreetan dau Jangoikua, menturaz zuk baño obeto. Bagoz kristinau ez dirianen artian bere kristinau dirianak, guk jakin ez arren nortzuk eta zeinbat dirian. Jangoikuaren aurrian zer jazoko dan ez dakigun leez, gizon eta emakume guztiak euki biar ditugu geure projimozat. Berba oneek guztiok san Agustinenak dira.

        Dotrina onetati ezaututen da, kristinaubak: 1º munduban dagozan gizon eta emakume guztiak diriala geure projimuak, ta daukagula obligazinoia guztiak ameetako, gero esango dan modubagaz ta ordeniagaz. 2º Zeruban dagozan guztiak (Jangoikua apartau ezkero) dira, geure lagunzat dagozanak, ta daukagu obligazinoia areen glorijagaz ta ditxa onagaz alegreetako, ta atsegin artzeeko ta eurak alabeetako. Jangoikua ez da kriaturekin bat egiten, ta orregaiti zor deutsagu Jangoikuari amodijo geijago, alabantza geijago ta bildur geijago, leen esan dan leez. 3º Pekatu mortalian il diriala zuzen ez dakigunak gaiti ondo pensau biar dogu, ondo berba egin biar dogu ta desiau biar deutseegu arei bere arimako salbazinoia. Bada, guk ez dakigu nor salbeetan dan ta nor kondeneetan dan. Ta illak izan arren, amau biar ditugu. 4º Pekatu mortalian il diriala, zuzen dakigunak zeintzuk dirian Eskritura Sagradubak eta Elesa Ama santiak ainzat erakusten doskuzanak, oneek bere, dinot, amau biar ditugu moduren baten. Ez pekatarijak dirialako, ez kondenauta dagozalako; ezpada Jangoikuaren kriaturaak dirialako. Kondenaubak dongaak dira, pekatuba dala medijo; baña eurenez gu leezko gizon edo emakumiak dira. Jangoikuak bere itxurara egindakuak dira, ta pekaturik ezpaleukee, zeruban Jangoikua alabeetan egongo litzaatekezan kriaturaak dira. Egija da, ya erremedijorik ez daukee, ya mesederik ezin ginaijue, ya kondenauta dagoz betiko euren erruz, ta Jangoikuaren arerijuak dirian leez, amau biar ez ditugu; baña bai Jangoikuaren kriaturaak dirialako. Augaiti, kondenaubei daukeen baño pena geijago desietia, bengau gura izatia, edo txaartuago balegoz nai izatia, pekatu da. Onako gauzeetati aparteetako, kristinaubak egin biar dabena da, alabau Jangoikuaren justizija, sinistu inpernuban dagozanak euren erruz dagozala, ta itxi erabatera, kondenaubak zeinbat pena merezietan daben esamineetiari. 5º Beste ainbeste esaten da diabrubak gaiti. Bada, diabrubak izan arren, geuri gauza gatxak desietan doskubeezanak ta kondenau gura gaitubeenak, orraitino Jangoikuaren kriaturaak dira. Ta diabrubari daukan baño pena geijago desietia, pekadu da. Jangoikuak daki, bai kondenaubak, ta bai diabrubak zetaraño pekatu egin ebeen, ta berak emoten deutsee, merezietan dabeen penia; geijago arei desietia, Jangoikuaren justizijari neurrija imintia da.

        Emen agertuten da kristinauben arteko engañu bat txito andija ta klaruba. Ez dakit, egija esateko, zelan moduztau zinaijan. Kristinaurik geijenak daukee diabrubenzat ez dakit zelako gorroto bat ta areen pena guztijagaz bere aspertu ezin bat, daukeen baño pena geijago merezietan balebee leez. Ta beste aldeti kristinaubak eurak bizi dira pekatu mortalian lo gozua eiten dabeela, ta bapere pekatubari gorrotorik ez deutseela. Bada, kristinaubak, diabrubak baño zuben pekatubak gorroto geijago merezietan dabee. Pekaturik ezpalego, diabrurik ez leoke ta kondenaurik bere ez leoke. Pekatubak egin zituban diabru, ta pekatubak egiten ditu kondenaubak. Zetan dago, bada, kristinaubak, diabruba ondo kastigauta ezpalego leez, ari pena geijago desietia ta bijen bitaartian nobera pekatu mortalian sosiguz egotia? Esango dozu, au bere diabrubaren engañuba dala. Diabrubaren engañuba da; baña noberak nai dabelako da.

        Diabrubak nai ez dabenari, ez deutsa sekula gatxik egin. Zeruban santu ta santa asko dagoz, diabrubak diriala medijo koroe andijaua ta glorija geijago daukeenak. Job santubari, san Anton Abatari, san Benitori, ene ama santa Teresari, san Ignaziori ta beste askori diabrubak kalte egin guraan, mesede egin eutseen. Bada, diabrubak euren tentazinoe, persekuzinoe ta astuzijekin emon eutseen santubai geijago pelietako, geijago padezietako ta geijago irabazteko okasinoia. Ta geuk bere beste ainbeste egin ginai, nai bagendu. Jangoikuak ez deutsa diabrubari isten, geuk goitu edo penzidu al daigun baño geijago tenteetan. Tentazinoiagaz emoten dosku Jangoikuak, eskatu ezkero, a goituteko grazija. Ta grazijaagaz balijetan bagara, tentazinoiak mesede baño egingo ez dosku.

        Exenplu bat iminten dabee Elesako erakuslaak, diabrubak zer egin al daijan erakusteko ta esaten dabee diabruba dala, katia sendo bategaz lotuta dauan txakur gaisto bat leez. Alako txakurrak ikusten dituban guztiak jan edo ito gura lituke. Baña saunka egin ta aginak eta intenzinoe arrabijauba erakutsi baño besterik ezin leijo ondora juaten etxakonari, lotuta daualako. Inor ondora juaten bajako, ari laster aginka oratuko deutsa. Beste ainbeste jazoten da diabrubagaz ta kristinaubagaz. Jesukristo geure Jaunaren Pasinoe santubagaz lotuta dagoz diabrubak guztiak. Saunka egin leije, tentau leije ta persegidu leije kristinauba edozein bere lekutan; baña bere gustoz diabrubaren ondora ez doianari, pekatu erain ezin leijo. Ez, bada, ezarri diabrubari zeuben pekatuben erru guztia, ezpada zeuben borondate gaistuari. Esan dot au guztiau, bakotxak ezautu daijan bere buruba ta bere gaiski egina.

        Emeti ezaututen da, kristinaubak zelan amau biar daben bere buruba ta zeintzuk dirian geure projimuak. Eskatu daijogun Jangoikuaren Majestadiari, bere grazijaren erraijo bategaz argitu daizala geure entendimentubak, egija oneek ondo ezaututeko, ta emon daigula bere grazija zeruko erreñuba irabazteko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa