www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

zelan dan Jangoikua guztiz maitegarrija ta zegaiti.

 

        Esanda geratu da, neure entzula onak, leengo dotrinaan, lelengo mandamentu santubak zelan aginduten doskun kristinau guztioi Jangoikua ameetako beste gauza guztiak baño geijago; ta baita pedia ta esperantzia biar diriana bere, mandamentu onek aginduten dabena egiteko. Ta oan esango da, zegaiti amau biar dogun Jangoikua beste gauza guztiak baño geijago.

        Kristinau guztiak dakijee lelengo mandamentubak aginduten dabena Jangoikua beste gauza guztijak baño geijago ameetako; guztiak dakije, Jangoikua amau bagarik, zerurik ez dauana. Baña ez ditubee guztiak, eze gitxiagok bere ezaututen ta penseetan, Jangoikua ameetako daukaguzan errazoiak. Ta augaiti dagoz kristinau gitxi Jangoikua bene benetan ameetan dabeenak.

        Gauza siku bat, otz bat, derrigorreko bat edo nora ezeko bat balitz leez begiratuten deutsee askok Jangoikua ameetiari. Noberaren gogokua bada persona bat, a pozik eta gustoz ameetan da; baña noberaren gogokua ezpada, etxako kasu andirik egiten. Geijen bere gatxik ez desietia da noberaren gustoko ez dan personiarentzako dauan amodijo guztia. Inori gatxik ez gura izatia ta ameetia bi dira.

        Ez da asko Jangoikua ameetako Jangoikuari gatxik ez gura izatia, ezpabere onezaz ostian, ondo gura izan biar jako Jangoikuari, amau biar da, alabau biar da ta maite izan biar da Jangoikua beste gauza guztiak baño geijago. Bada, kristinau guztiak pozik, gustoz ta errezto, berekauten leez, ezer bere kosta bagarik ta pena bagarik amau daijen geure Jangoiko guztiz ona, iminiko ditut errazoe batzuk, edozeñek aitu leizanak; eta Jangoikua ameetara obligeetan gaitubeenak. Alkarri oratuta leez egongo dira mandamentu onetako dotrinaak eta ez aaztu bategaz bere, guztiak entzun artian.

        Ez dago inor bere, neure kristinaubak, ain zororik, ain itsurik edo ain tontorik, gauza bat guztiz ona dana jakin ezkero ameetan ez dabenik. Ta zeinbat dan onagua, gogokuagua ta palta gitxiago daukazana gauza a, ainbat izaten da arentzako karinua ta amodijua andijagua. Ta bada eskina guztietati akabauba, txito guztizkua ta bapere tatxa bagakua, orduban arentzako amodijua, karinua ta borondate ona bere osua, guztizkua ta akabauba da. Pensau eizuz bada, kristinaubak, zeubei guraarija emoten dotsuben gauza on guztiak; zeubek desietan dituzun edo onak diriala deitxazun kondezinoe ta zirkustanzija guztiak; ikusteko, esateko, entzuteko, eukiteko edo gozeetako goguan jausten jatzuzan maitegarri guztiak. Ta dirianak topauko dituzu Jangoikuagan, dirianak daukaz Jangoikuak berez ta dirianak daukaz ameetan dabenarentzako. Adiskide akabau baten kondezinoe guztiak daukaz Jangoikuak. Bera da jakituna; bera da zuzena; bera da aberatsa; bera da lauba; bera andija; bera da sendua; bera da pirmia; bera da emonzallia; bera da parkazallia; bera da grazijosua; bera da karinosua; bera da guztien erakua; ta bera da betikua. Deitxat, neure kristinaubak, kondezinoe oneek guztiok daukazan persona bat ikusiko bazendu, guztiok pozik, guztoz, karinoz eta borondate osuagaz amauko zendukiala persona a. Bada, artu eizu pazienzija Jangoikuaren amodijua gaiti ta ikusiko dozu klaru, guztiak eta geijago daukazala Jangoiko maitiak zeubentzako ta niretzako.

 

 

I.

 

        Jangoikua jakituna dalako, amau biar dogu. Jakiturija da, neure entzule onak, munduban txito asko estimeetan dan gauzia. Zeinbatek euren burubak kanseetan ditubee eta aziendak kasteetan ditubee, zerbait geijago jakitia gaiti? Zeinbatek egunazko ikasijari gitxi eitxita, gabak galtzen ditubee liburubak irakurten, izarrak konteetan, bedarrak esaminetan, itxasuak neurtuten, alemanijak zaintuten, luurrak aztertuten, zidarrak eta metalak topeetan ta piseetan? Zeinbatek osasuna ta juizijua galdu ditubee irago dan sei edo zazpi mila urtian, bakian ta gerraan, osasunian ta gaisuan, zeruban ta inpernuban, itxasuan ta liorrian zer jazo dan ta jazoten dan jakiten? Guraso baten kontentu ta poz guztia da, seme edo alaba jakitun bat eukitia. Kastau daben guztia bapere sentietan ez dau, seme alabak zerbait geijago ikasten dabenian. Erri baten badago jakitun andi bat, guztiak estimeetan dabee; ta kanpuetan bere konteetan dabee ze jakitun andija dauan euren errijan. Guztiak desietan dabee jakitunaren adiskide izatia; urrineti eskribidutako karta bat baño ezpada bere, aren gauzia eukitia; beragaz berba egitia edo zerbait bere aoti entzutia. Illda gero bere, alako jakitun andijaren senidiak, adiskidiak eta ezagunak ez dira aaztuten beragaz, ezpada esaten dabee: Ah, ze jakituna zan! Neure senidia zan, neure adiskidia zan!

        Zegaiti, bada, au gustiau, neure kristinaubak? Jakiturija ta jakituna guztiak estimeetan dabeelako, ameetan dabeelako, ta txito asko desietan dabeelako edo jakiturija eukitia edo jakitun aren adiskide izatia. Edo obeto esateko, Salomonek dinuan leez, munduko gauza guztiak baño jakiturija akabauba geijago ameetan dalako.

        Bada, kristinaubak, munduko jakiturija guztia Jangoikuaren aurrera jaso ezkero, zorakerija utsa baño ez da. Jangoikua da jakitun bakarra. Jakitun guztien Jakituna ta jakiturija guztiaren erakuslia. Ikasten ibili bagarik daki Jangoikuak zeruban, inpernuban, itxasuan ta luurrian jazoten dan guztia. Kansau bagarik konteetan ditu Jangoikuak zeruban dagozan aingerubak eta santubak, inpernuban dagozan kondenaubak, linbuan dagozan arimaak, itxasuan dagozan arrainak eta ariaak, luurrian dagozan bedarrak ta munduban jaijo dirian ta jaijoko dirian persona guztiak. Mundubaren asierati ona gizon ta emakume guztiak zer esan dabeen, zer egin dabeen, zer pensau dabeen ta zer esan, egin edo pensauko dabeen guztia daki Jangoikuak. Urrinekua daki urrekua leez, aintxinakua oangua leez ta etorkizuna iragotakua leez; ez destajuban, eitxijan, dudaan edo guzurrez naastauta munduko jakitunak leez, ezpada zuzen, artez, argiro ta klaru dakiz Jangoikuak gauza guztiak, nos, nun, zelan, zegaiti ta zetaraño dirian. Munduban inok ezer badaki, Jangoikuak erakutsitako puskia baño ez daki; ta dakijena bere (pediaz osterantzekua) guzurrez naastauta baño ez daki. Jangoikua da jakitun bakarra edo jakiturija utsa.

        Bada, kristinaubak, munduko persona bat ainbeste ameetan bada ta estimeetan bada jakituna dalako; ta ainbeste desietan bada aren adiskide izatia, zeinbat geijago amau biar dogu ta estimau biar dogu geure Jangoikua, jakitun guztien jakituna dalako? Gauza guztiaak berak dakizalako ta dakigun puskia bere, berak erakusten doskulako? Ordu lauren baten edo istante baten geijago erakusten deutsa Jangoikuak gere arimiari munduko liburu ta maisu guztiak erakutsi leijuen baño. Merezietan dau, bada, Jangoikuak beste gauza guztiak baño geijago geuk bera ameetia, jakitun akabauba ta guztizkua dalako.

 

 

II.

 

        Zuzena dalako bere amau biar dogu Jangooikua, beste gauza guztiak baño geijago. Zuzentasuna da, munduban txito asko estimeetan dan gauza bat. Berbetan, tratuban ta artu emonian zuzen izatiak beragaz dakar guztien estimazinoia, errespetua ta amodijua. Ta paltsakerijak, engañubak, malezijak eta arpegiera bi egitiak dakar guztien gorrotua ta ikusi ezina. Paltsuagaz ta engañuba darabilenagaz ez dau inok artu emonik gura ta ez dau inok berbarik bere egin gura, nora ezian edo Jangoikuak aginduten dabelako baño. Baña persona zuzen bategaz, zintzo bategaz, bere kontra bada bere beti egija esaten dabenagaz, guztiak euki gura leukee ezauberia, artu emona ta adiskidetasuna. Zuzenari guztiak begiratuten deutsee bijotz onagaz, amodijuagaz ta karinuagaz. Ta au zeubek guztiok esaten dozuna ta sarritan jazoten jatzuna da. Pozik eta gustoz juaten zara zuzenagaz trateetara, ta paltsuagana nora ezian baño ez.

        Bada, kristinaubak, munduko zuzentasun guztia guzurra, engañuba ta paltsakerija baño ez da, Jangoikuaren zuzentasunagaz bat egin ezkero. Jangoikua da berez zuzena, arteza ta egijazkua. Gizakume guztiak dira eurenez guzurtijak, dino Dabid erregiak. Jangoikua da bakarrik justuba ta bere juizijua da bakarrik zuzena. Ez dago luurraren gañian inor bere ain zuzenik, egunian sarritan uts egiten ez dabenik. Jangoikua da bakarrik uts egiterik ez daukana. Mundura etorri dirian gizon eta emakume guztiekin, zeruban dagozan aingeru guztiekin ta inpernuban dagozan diabru guztiekin euki dau Jangoikuak kontubak eginkizuna; ta ez dago guztien artian bat bere Jangoikuaren kexia daukanik edo Jangoikuak engañau dabenik. Ez dago guztien artian bat bere, Jangoikuak beria zuzen emon ez deutsala dinuanik. Ez dau sekula inok berba on bat esan, ez dau sekula inok pensamentu on bat, desio on bat edo intenzinoe on bat euki edo obra on bat egin, Jangoikuak zuzen ta ziur pagau ez deutsanik. Ez bakarrik zeruban dagozanai, baita inpernuban dagozanai bere ta baita inpernura juango diriana dakijanai bere. Ez dau sekula, ez jentilek, ez judeguk, ez erejek, ez kristinauk gauza on bat egin, aren paguba zuzen Jangoikuak emon bagarik. Euren pekatubak gaiti kondenauko dirianai, pekatu mortalian dagozala egiten baditubee obra onen batzuk, pageetan deutseez Jangoikuak mundu onetan ziur, edo osasunagaz, edo ondasunekin, edo beste munduko portunen bategaz, il baño leenago. Ez da inor bere geratuko, bere obra on guztien sarija zuzen artu bagarik, edo mundu onetan edo bestian. Ta ez deutsa inori bere eskatuko Jangoikuak, zor daben baño geijago. Geijago emon deutsanari, geijago eskatuko deutsa; gitxiago emon deutsanari, gitxiago; baña guztiai ta bakotxari zuzen ta artez emongo deutsee kontuba ta errazoia, zegaiti geijago ta zegaiti gitxiago emon deutsen ta baita emongo deutsee guztiai zuzen eureen mereziduba bere. Au guztiau da pedeko egija.

        Nok amauko ez dau bada, neure entzula onak, ain Jangoiko zuzena ta arteza? Ez dau merezietan Jangoikuak geure amodijo guztia, karino guztia ta bijotz guztia ain zuzena ta justuba dalako? Ez deutsagu entregauko Jaun guztiz zuzenari geure borondatia oso osorik, jakin ezkero bera dala kontubak zuzen emongo doskuzana, bera gaiti egiten dogun guztia edo esaten dogun guztia ezer bere aaztu bagarik eta gitxitu bagarik pagauko doskuna? Egon leiteke gauza bat maitegarrijaua ta geure bijotza geijago beragana eruaten dabena, ain Jangoiko zuzena baño? Errazoiaren usura eltzeen garianeti erijotzako ordurañoko pensamentu, berba ta obra guztien kontuba berari emon biako deutsagu. Konturik nausijenak, konturik naastaubenak eta konturik balijotsubenak Jangoikuagaz egin biako ditugu erremedijo bagarik. Zeinbat estimau biar dogu bada, neure kristinaubak, Jangoikua guztiz zuzena, ziurra eta arteza izatia, geure kontubak guztiak beragaz egiteko? Oh, neure Jangoiko zuzena, beste prenda onik ezpazeunka bere, Zeu guztiz zuzena izatia da asko nik bijotz guztiagaz ta arima guztiagaz zeu beti ameetako!

 

 

III.

 

        Aberatsa da Jangoikua, ta augaiti bere merezietan dau geure amodijo guztia. Errazoe au ezaututeko, ez dago puska bat begijak zabalduta begiratu baño, zer iragoten dan kristinau guztien goguan. (Oan bakarrik esaten da Jangoikua jakituna, zuzena, aberatsa... dana, errazoiak garbiruago imintia gaiti; gero esango da, dan leez, guztia ameetan dabenarentzako dana). Dinot, bada, aberatsa izan ezkero Jangoikua, ez dauala begiratu baño zer iragoten dan kristinauben bijotzetan, geure amodijo guztia merezietan daben edo ez ezaututeko. Inok bere ukatu ezin lei ondasunak jeure bijotza laster penzietan dabeena. Ondasunak senduak domeetan ditubee, altubak beeratuten ditubee, txikijak azten ditubee ta andijak txikituten ditubee. Ondasunak begijak argituten ditubee, gogua alegeretuten dabee, bijotza poztzen dabee ta, dagozan lekuban dagozala, geure amodijua eureetara daroie. Beti da egija, ondasunak asko ameetan diriala ta dirubari guztiak obeiduten deutseela. Diruba ta ondasunak Jangoiko txiki batzuk diriala. Aberats bati guztiak ondo esaten deutsee, guztiak obeiduten deutsee, guztiak serbietan dabee ta aberats izatia baño beste paltarik ezpadauka, guztiak estimeetan dabee ta ameetaan dabee.

        Erdu, bada, oan errazoera, neure kristinaubak. Ondasunak eta aberatsa ainbeste ameetan badira, Jangoikua da ondasun guztiak daukazan aberatsa. Basuak guztiak, soluak guztiak, etxiak guztiak, palazijuak guztiak ta erreñubak guztiak beriak ditu Jangoikuak ta nai dabenari emoteko daukaz. Ganadubak guztiak, txorijak guztiak ta arrainak guztiak beriak ditu Jangoikuak ta nai dabenari emoteko daukaz. zidar, urre, diamante ta esmaralda guztiak beriak ditu ta nai dabenari emoteko daukaz. Indijetako ondasun estimau guztiak, erregen ta andijen palazijuetako ta soineko urrerija, seda, damasko, grana, karmesi ta perlerija guztia beria dau ta nai dabenari emoteko dauka. Munduban dagozan gizon eta emakume guztiak, errege, kaballero, obispo, sazerdote, señora ta despeidengo pobrerañoko guztiak beriak ditu ta nai dabena egiteko daukaz. Ondasun oneek guztiok beriak ditu Jangoikuak, bere eskubetan daukaz ta nai dabena egiteko daukaz; baña oraindino ez dabee merezietan, santa Teresa ene Amak dinuan leez, zapatapeko simaurrak baño estimazinoe gejago, Jangoikuaren beste ondasunekin bat egin ezkero. Jangoikuak bera ameetan dabeenentzat zeruban daukazan ondasunak ikutsi zituban, baña ez da atrebietan san Pablo apostoluba zelakuak dirian esaten. Apostolu santuba kontentau zan esanagaz, ez begijak ikusi, ez belaarrijak entzun, ez entendimentubak aitu eukezala ondasun andija areek. Bada, kristinaubak, ugarra darijon diru puska bat ta sitsak jaaten daben tresna bat ainbeste ameetan baditugu, zeinbat geijago ta geijago amau biar dogu geure Jangoiko aberatsa? Oh, neure Jangoiko guztiz aberatsa, emon eidazu niri zeure ondasunen gosia ta areek bakarrik ameetako gogua ta bijotza! Ez dot beste ondasunik gura, neure Jangoiko ona, zeu baño. Zeugaz kontentetan da neure bijotza ta zeu gozeetan egon gura dau eternidade guztian zeruban. Alan izan della. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa