www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

LELENGO MANDAMENTUBAREN SEIGARREN LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

Jangoikua dala adiskide biguna, karinosua, guztien erakua ta betikua.

 

        Jangoikuak euki arren esan dirian ontasun guztiak geuk ameetako; beste gauzaak baño geijago beraren anditasuna; oraindino balitz aren dibina Majestadia bera ameetan dabeenentzako asarria, gogorra, zitala, itzalsuba edo inok beragaz iraun ezin daben jenijo txaarrekua, ez litukez paltako kristinaubak atxekijaak Jangoikuari itxita munduko gustuak ameetako. Baña kristinaubak topau ta asmau leizan atxekija guztiak atia itxita daukee, ta nai ta nai ez dabela bere konpesau biar dau Jangoikua dala adiskide guztiz akabauba ta guztiz maitegarrija. Jangoikua da adiskide biguna, adiskide karinosua, guztien erarako adiskidia ta betiko adiskidia.

 

 

I.

 

        Jangoikua adiskide biguna ta karinosua da. Ta izan leitekienik biguneena ta karinosuena. Ezaututeko ze erraija bigunak eta bijotz maitia daukan Jangoikuak bera ameetan dabenarenzat, ez dago begiratu baño zelan porteetan dan bere adiskideekin. Ama on batek alaba bakar bat ezin artu lei bijotz bigunauagaz ta maitetasun andijauagaz, zeinda Jangoikuak artzeen dituban ta trateetan dituban bere adiskidiak. Ez bakarrik zeruban beragaz daukazanak; baita munduban bera serbietan dabeenak eta bere grazijan daukazanak bere. Irakurri bitez Espiritu Santubak Salomonen aoti arima justubari esaten deutsazan kantaak, ta an topauko dau bijotz bigun batek desiau leijan gozotasun, dultzura, karino ta amodijo guztia.

        Batzubetan esaten deutsa Jangoikuak arima justubari edo bera ameetan dabenari: Neure esposa egijazkua; Neure alaba maitia; Neure arreba estimauba; Neure uso ederra ta beste onako amodijo utsezko berbaak. Beste batzubetan esaten deutsa: Jagi zaite laster, neure maitia ta erdu guazan ortura lorak batzeera. Neguko otzak irago dira, zozuak eta birigarruak kantetan asi dira; erdu neure maitia, laster guazan ibiltera. Beste batzubetan esaten deutsa Jangoikuak bere adiskidiari: Jagi zaite ta erdu neugaz ardao gozoz beteta dauan upatei edo bodega batera, jan eizu ta eraizu, neure maitia, naikua egin artian. Beste batzubetan konbideetan dau bere palazijora edo gelara beragaz erregalubak partietara. Baña, zer geijago? Arrituta geratuten dira, neure entzula onak, Elesako santubak, Jangoikuak bera ameetan dabeenekin daukan karinua ta bijotz biguna penseetan dabeenian. Berak Eskritura Sagraduban erakusten doskun maitetasun guztia esan bere ezin lei. Bada, guztiak ez daukee estamangu bardina ta espiritu zuzena, amodijo ta karino utsezko Jangoikuaren kantak, Salomonek dakazan moduban, aituteko. Orregaiti esaten dau san Jeronimok ogeta amar urtera eldu bagakuak ez ditubala irakurri biar kanta areek. Ta san Gregorijok gorputza ondo domauta, bijotza ta belaarrijak ondo garbituta daukeezan arimaak baño bestek ez ditubala ez irakurri ta ez entzun biar. Ene ama santa Teresak dino orraitino bere, askok probetxu andija etara dabeela Salomonen kantaak irakurrita, pensaubagaz Jangoikuaren amodijo neurri bagakua. Pensau ezin lei kasik inok bere ondo Jangoikuaren maitetasun guztizkua, beraren amodijuak begijetati negar eragin bagarik. Ez dau sekula munduban inok inor serbidu, ez esposok esposarik, ez amak alabarik, ez semek aitarik ain berba gozuekin, ain bijotz bigunagaz ta ain borondate maitiagaz, zeinda Jangoikuak serbietan dituban bere adiskidiak.

        Jangoikuaren biguntasun ta karino guztizko au ez dabee aituten ta ez dabee aituko bere, munduko gauzeetan euren gogua, pensamentuba eta amodijua iminita daukeenak. Munduko ondria, estimazinoia, entzutia, aberastutia, banidadia, janak, eranak, jokuak, ibilte nasaiak, olgeta pelleburuzkuak ta gorputzaren gustuak eta atseginak ameetan dirian artian, desietan dirian artian; onako gauzeetati, dinot, geure bijotza ta gogua aparteetan ez dogun artian, ez dogu jakingo ze biguna ta gozua dan Jangoikua bere adiskidentzako. Munduko ezer bere balijo ez dabeen gauza oneetati apartauta, bene benetan Jangoikua serbietan ta ameetan asten danak, laster probauko dau ze biguna ta karinosua dan Jangoikua. Ez nas espanteetan ene ama santa Teresa bat, san Agustin bat, santa Marija Madalena bat, san Ignazio Loiolako bat eta beste santu ta santa asko ikusten ditudanian Jangokuaren amodijo sutsubagaz, kasik ordituta edo zoratuta leez. Bada, zeinbat eurak geijago ameetan ebeen Jangoikua, ainbat topeetan eben laubago, karinosuago ta bigunago; ta desietan ebeen munduban geijago ta geijago padezietia Jangoikuaren izenian edo iltia, laster Jangoiko ona guztiz gozeetara juateko. Oh ze gitxi estimeetan zitubeen arima ditxoso areek munduko gustuak! Amau daigun bada, neure kristinaubak, geure Jangoiko ona neurri bagarik. Jaso daiguzan geure begijak nos edo nos luurreko gustuetati, ta ezautuko dogu guk bere ze adiskide biguna ta karinosua dan geure Jangoikua.

 

 

II.

 

        Jangoikua da guztien erako adiskidia. Betoz munduban dagozan ta izan dirian gizon ta emakume guztiak ta esan beije zelako adiskidia nai dabeen, edo ze kondezinoetakua gusteetan jakuen ta guztia topauko dabee Jangoikuagan. Batzuk eurenez dira tristiak; ta adiskidiak bere tristiak gura ditubee. Beste batzuk eureenez dira alegeriak; ta alegeriak gura ditube lagunzat bere. Gatxa edo penia daukanak bere naijago dau berba eiteko lagunzat, leenago gatxak eta trabajubak irago ditubana edo daukazana, beste gatxeen barri ez dakijen edo penarik ez daukan bat baño. Onakuak obeto alkar aituten dabee, obeto alkarri sinistuten deutsee ta geijago alkarregaz errukitu bere eiten dira. Aberatsak bere beste aberats bat naijago dau adiskidezat, pobria baño. Andikijak andikija, pobriak pobria ta alan beste kondezinoetakuak. Ta ez au beste gauzagaiti, ezpada bakotxak bere idiagaz libertade geijago daukalako edozer gauza esateko edo egiteko. Pena bagarik bere ide bati konteetan jakoz noberaren gauzaak, onak edo txaarrak, ta luzaro alkarregaz egon arren bere, nekezago kanseetan dira. Ta balira gizon ta emakume guztiak onako kondezinoietan bardinak, guztiak alkar amauko leukee.

        Ara bada, kristinaubak, Jangoikua guztien erako adiskidia. Begiratu beijo nai dabenak naijen daben moduban, ta alantxe topauko dau. Adiskide tristia nai dabenak, triste topauko dau Jesus, bere Jauna ta Jangoikua; bai Jesemaniko ortuban odolezko izerdija darijola ; bai Anasen etxian belaar[r]ondoko andijak emoten deutseezala ; bai Kaipasen etxian paltso testimonijuak ezarten deutseezala, txistu urtika, ule tiraka ... eiten deutseela; bai Pilatosen etxian pillar bati lotuta azoteetan dabeela ta buruba arantzaz jarten deutseela ; bai Kalbarijora bidian kurutzia lepuan dabela; ta bai kurutzian josita dauala. Adiskide alegeria nai dabenak, alegere topauko dau Jesus, bai Taborko mendijan, bai ilen arteti biztu edo erresuzitetan danian, bai Ama Birjiniagaz ta apostolubekin berrogei egunian biztuta gero munduban dabilenian, bai Asenzinoe egunian aingerubekin zerubetara igoten dabenian ta bai zeruban dauan lekuban.

        Nai badau penazko adiskidia, penazkua topauko dau Jesus ogeta amairu urtian. Bada, Aita Fr. Tome Jesusenak dinuan leez, Ama Birjiniaren sabelian sortu zaneti kurutzian il zan arte guztian, beti penaz bizi izan zan Jesus. Ta ez dau inok iragoko penarik, desondrarik edo trabajurik, Jesusek leenago geu gaiti irago ez ebanik. Nai badau adiskide noblia ta entzute andikua, Jesus da guztien artian nobleena ta pamarik oneenekua. Errege guztien Erregia ta jaun guztien Jauna da bere Aita, zein dan Aita Eternua. Abraan, Isaak, Jakob, Dabid ta beste patriarka ta errege andijen alabia da bere Ama, zein dan Marija Birjinia. Bago andiki andijagorik edo kaballero nausijagorik? Nai badau adiskide aberatsa, Jesus baño abertsaagorik ez dau topauko. Bada, esanda geratu da, ondasun guztiak beriak ditubana. Nai badau lotsia ta errespetua daukan adiskidia, Jesusek dauka andijena. Bada, berba bategaz luurrera ezarten ditu bera preso artzeera duazan Judas ta soldaubak ; begirakune bategaz iminten dau san Pedro negarrez ; bizi dan arte guztian ta bere borondateko nai bategaz erabilten ditu zerubak eta luurrak gura daben moduban. Nai badau adiskide gaztia, Jesus topauko dau gaztia; nai badau zaarra, topauko dau zaarra; nai daben edadekua; bada, esanda geratu da leen, oan, gero ta beti modu baten dauala Jangoikua. Nai badau adiskide pobria, pobria edo pobretuba topauko dau Jesus. Begiratu beijo, zelan dabilen san Josepegaz ta Ama Birjiniagaz, Belenen ostatuba topau ezinda, jaijo biar daben gabian. Begiratu beijo ze leku pobria daukan jaijoteko: korta bat, aska bat ta alemanija bi. Begiratu beijo zelan jantzita dabilen; jantzi bat baño ez eban euki bere denpora guztian; a bere kendu eutseen azoteetako ta kurutzian josteko. Ill zanian bere, limosnaz emon eutseen izara bat bere gorpuz dibinua meztituteko. Begiratu beijo azkenian Jesuseri, altarako sakramentu santuban dauan lekuban, ta an bere ondo pobria topauko dau Jesus ogi puska baten itxuraan; ta askotan korporal zaar ta loijen gañian daukala bere gorputz eta arpegi ederra. Zer geijago eskatu ginaijo bada, neure entzula onak, Jesus onari, geure bijotz guztia berari ez emoteko? Izango ete da galduko ete dogun bildurra gaiti?

 

 

III.

 

        Oh neure kristinaubak! Ez. Jangoikua ez da geugaz kansauko, geu bera ameetan kanseetan ez bagara. Ez da geuri itxita bigar edo etzi beste bategana juango, geu berari itxita juaten ezpagara, luurreko gauzaak ameetara. Esanda geratu da, Jangoikua mudeetan ez dana. Sekula ta beti Jangoikua bardin izango da. Bardin ameetan dabeenentzat ta bardin ameetan ez dabeenentzat. Beti bardin amauko ditu Jangoikuak, bera serbietan dabeenak; ta beti bardin kastigauko ditu bera serbidu bagarik dagozanak.

        Bijotz guztiagaz ta gogo guztiagaz ameetan dabenarenzako da Jangoikua adiskide jakituna, adiskide zuzena, adiskide aberatsa, adiskide lauba; adiskide andija, adiskide sendua, adiskide pirmia, adiskide emonzallia, adiskide parkazallia, adiskide grazijosua, adiskide karinosua, guztiak nai dabeen moduko adiskidia ta betiko adiskidia; Jangoiko guztia geuria. Ta ameetan ezpadogu Jangoikua, bere asarria, gorrotua, benganzia, itzala ta betiko inpernuko suba ta tormentuba guztia geuria.

        Zer esan lei, bada, oan kristinaubak, au guztiau pensauta, sinistuta bere, pekatu mortalian dauan triste errukarrija gati? Esango da alako kristinauba zorua dala, ala itsuba dala, ala gistua dala, ala pede bagakua dala? Ez da errez, egija esateko, pekatu mortalian Jangoikuaren gorrotuan dauanari tokeetan jakon izena emoten. Esan dakijola, bada, san Pablo apostolubak esaten deutsana: Jesukristo geure Jauna, Jangoiko ta gizon egijazkua, ameetan ez dabena izan della madarikatuba, izan della eskomulgauba, izan della eternidade guztian kondenauba. Eta guk pensau daiguzan sarri ta astiro Jangoikuak daukazan ontasun eta prenda maitegarriak. Eurak obligauko gaitubee, kasik nai ta nai ez dogula bere, Jesus dibinua bijotz guztiagaz, arima guztiagaz eta poz andijagaz ameetara, beste luurreko gauza guztiak baño geijago. Ta berau da asko gu eternidade guztian zeruban ditxoso izateko. Aitiaren, Semiaren ta Espiritu Santubaren izenian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa