www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN MANDAMENTUBAREN LELENGO LEZINOIA,

 

zeñetan erakusten dan

Aita Santu Erromakuari, obispo ta kura jaunei, erregiari ta juezai zor deutseguna.

 

        Laugarren mandamentu santuban aginduten dosku, neure kristinaubak, Jangoikuak, geure gurasuak ondreetako. Lelengo iru mandamentubetan erakutsi dosku Jangoikuak, beraren anditasunari zor deutsagun pedia, esperantzia ta amodijua; bijotzagaz, arimiagaz ta gorputzeko sentitu edo zenzun guztiekin emon biar deutsagun ondoesana, jasoeria, ondria ta erreberenzija. Ta oan laugarren lekuban asten da geure Jangoiko ona, projimuari jaokazan gauzeetan zelan portau biar dogun erakusten. Projimo guztien artian lelengo lekuba emoten deutsee gurasuai. Orregaiti aginduten dosku mandamentu onetan aita ta ama ondreetako. Aitaren ta amaren izenagaz, dino Poujet jakitunak, izenteetan ditubala Jangoikuak mandamentu onetan inori aginduteko eskubidia ta obligazinoia dauken guztiak, zeintzuk dirian Aita Santu Erromakua, obispo, kura ta sazerdote jaunak, gurasuak, erregiak, juezak, maisubak eta edadian edo estaduban nausijago dirianak. Onei guztioi zor deutseegun erreberenzija ta ondria ta oneek guztiok euren eskupian edo aginduban dagozanei zor deutseena enzerreetan da laugarren mandamentuban. Elexia ta erreñuba koberneetan ditubeenai begiratu biar deutseegu, guraso batzubei leez; ta eurak bere kobernau biar gaitubee, euren seme alabak bagi na leez. Egija esateko, Aita Santu Erromakua geure gurasua da. Obispo ta sazerdote jaunak geure gurasuak dira. Errege ta juezak geure gurasuak dira. Ugazabak eta maisubak geure gurasuak dira. Ta ara emen, neure entzula onak, zenbat obligazinoe andi iminten dituban, bai batzubentzako ta bai bestentzako laugarren mandamentubak, aita ta ama ondreetako aginduten dabenian.

        Onetarako aituten emongo dotsut dotrina onetan, laugarren mandamentubagaz kunplietako zelan portau biar dogun: 1º Aita Santu Erromakuagaz. 2º Obispo jaunagaz. 3º Kura ta sazerdote jauneekin. 4º Geure errege jaunagaz. Ta 5º geure juezeekin. Geroko dotrineetan esango da, gurasuai ta umiai, ugazabai ta otseginai mandamentu onetan tokeetan jakuena.

 

 

I.

 

        Aita Santu Erromakua da, neure entzula onak, Jesukristo geure Jaunaren ordekua luurrian, Elexa guztiaren buruba, kristandade guztiaren agintarija, pedeko ta salbazinoeko gauzeetan kardenal, patriarka, obispo, errege, agintari ta beste kristinau guztiak obeidu biar deutseena, Jesukristori berari leez. Bere eskubetan itxi ditu Jesukristok zeruko giltzak ta giltz mirarizko areen kobernuba. Beti peliada baten bizi biar dau ta bizi da Aita Santu Erromakua, inpernuko arerijuak, ereje gaistuak ta pekatubaren oitura txaarrak pentzietako eta kristinau guztiai ta bakotxari dotrina egijazkua ta zerurako bide zuzenak erakusteko. Ta kristinau guztien obligazinoia da, Aita Santu Erromakuari kontu andi bategaz obeidutia; bera aitatuten dogunian erreberenzija andijagaz berba egitia; beraren bizitzia, osasuna, aziertuba, pedia ta salbazinoia gaiti Jangoikuari sarri ta gogoz erregututia.

 

 

II.

 

        Obispo Jaunak gaiti bere beste ainbeste egin biar dogu; ta endamas geure obispo jauna gaiti. Bada, obispo Jaunak dira apostolu santuben ordekuak luurrian. Eurak, Aita Santu Erromakuak baño urragoti koberneetan ditubee Elexaak eta elexa gizonak. Eurak ordenau biar ditubee sazerdotiak. Eurak par tidu biar ditubee sakramentu santubak. Eurak examinau, ezautu ta probau biar ditubee sazerdoteen, konpesoreen, predikadoreen ta arima gordezallen jakiturija, birtutiak eta bizi moduba, sakramentu santubak eta dotrina ona noren kontura isten daben jakiteko. Eurak dira geure gurasuak, ardura andijak eta kargu andijak daukeezanak; ta orregaiti amau biar ditugu, estimau biar ditugu ta jaso biar ditugu geure obispo jaunak. Ondo berba egin biar dogu beti eurak gaiti. Erregutu biar deutsagu Jangoikuari euren bizitzia, osasuna ta Elexako gauzeen aziertu ona gaiti ta prest egon biar dogu euren agindubai ziur obeiduteko.

 

 

III.

 

        Kura jaunak eta sazerdotiak dira, oraindino Aita Santu Erromakuak eta obispo jaunak baño bere urraogoti geure arimak zaintuten ditubeenak. Salbazinoeko bideetan estropezau bagarik juan gaitezan, zuzenduten gaitueenak. Jangoikuaren berbia erakusten doskubeenak. Sakramentubeen grazija zabalduten doskubeenak. Kura jaunak eta sazerdotiak dira geure argijak, geure erakuslaak, geure bitartekuak, geure arimen ispillubak, geure konzienzijen jaubiak, geure grazijaren aurbideginak, geure arerijuen bildurgarrijak, geure pelleburuben zelatarijak, geuere aingeru gorputzezkuak edo, berba baten esateko, sazerdotiaren ezpanak eta aua dira, Malakias propeta santubak dinuan leez, zeruko iturri bizijaren grazijak eta bendizinoiak geure arimeetara iragoteko kainuba.

        Sazerdotiak imini doskuz Jangoikuak bere ordez, geure arimei kuidado egiteko. Eurak emon biako dabee geure arimen kontuba ta errazoia. Eurei entzuten deutseenak, Jangoikuari berari entzuten deutsa; ta eurak desprezijetan ditubanak, Jangoikua bera desprezijetan dau. Sazerdotiaren estudijetia, errezetia, meza esatia, kanteetia, konpesetia, prediketia, orazinoe egitia, illten lagundutia, konseju onak emotia, guztija da geure probetxurako.

        Orregaiti zor deutseegu, neure entzula onak, sazerdote guztiai, zein abitudunai zein manteodunai erreberenzija, errespetua, lotsa ona ta berbeeta ona, bai euren aurrian ta bai agiri ez dirian lekuban aotan artzen badira. Zor deutseegu borondate ona, amodijua ta eurak gaiti Jangoikuari orazinoe egitia, dauken estadu altubagaz eta pisutsubagaz ondo kunplidu daijen. Zor deutseegu ta endamas erriko kura jaunai ta beste sazerdotiai, esan danagaz gañera, obedenzija. Egin biar dogu geure arimiaren onerako ta bakerako aginduten doskubeena. Askotan Sazerdote jakitun baten konsejubagaz ta modu onagaz, eskribaurik eskribau ta letraurik letrau bengantzia ta gorrotua darijuela ibiliko litzaatekezan auzi askori samia ebaten jakue guztien esker onagaz. Zor deutseegu kura jaunai ta sazerdotiai, mairako ta soinerako biar dabeena, euren estadubak eskatzen daben moduban. Eurak emoten doskube arimako janarija ta zor jakue gorputzekua. Onetarako pagetan dira amarrenak, primizijaak ta beste elexako useetan dirian gauzak. Berba gitxitan erakusten dosku ene ama santa Teresak elexa gizon guztiai zor deutseeguna, dinuanian: Beti ondo esan relijioso, sazerdote ta ermitañuak gaiti. Esango baleu leez Santa andijak: Obispo, kura, praile, abade ta beste Elexako serbizalle guztiak gaiti beti ondo berba egin biar dozu. Bada, beti guztiak gaiti ondo esaten badogu, beekijan santa Teresak beste enparaubagaz errezto kunpliduko doguna.

        Ta ez dozu pensau biar, neure kristinaubak, sazerdoten exenplu txaarrak emoten dotsula libertadia ta eskubidia areek gaiti dongaro esateko ta errespeto txarragaz trateetako. Munduban gagozan artian, onen ta dongen artian bizi gara, ta nai ta nai ez dogula bere bizi biako dogu. Bakigu koroe bat buruban edegijak inor santu egiten ez dabena. Bakigu abitu bat edo mantio bat soinian jantzi arren, pekatarija izan leitekiana ta exenplu arin ona kristinaubei emon leijuena. Baña danik pekataririk andijena bada bere, beti izango da sazerdotia, beti izango da elexa gizona; ta au da asko guk erreberenzijagaz ta errespetuagaz beti begiratuteko.

        Judas gaistua zan, pekatarija zan, Jesusen odol dibinua judegubai salduta eukana zan ; baña Jesusek beste edozein bere apostolu baisen errespeto ta modu onagaz tratau eban, apari santuban oñak garbitu eutsazanian. Gu dongak izan arren, etxazu zubei tokeetan gu juzkeetia ta gu gaiti dongaro esatia; ezpada gure pekatubai ta exenplu txaarrari alde batera itxita, guk Espiritu Santubaren lekuti, pulpitoti ta konpesonarijoti esaten doguna egitia. Au da Jesukristo geure Jaunak kristinau guztiai aginduten deutseena sazerdoteen dotriniaren ta errespetuaren gañian. Neure legia ta dotrinia erakusteko lekuban jarriko dira sazerdotiak, dino Jesukristok. Areek esaten dotsuben guztia eizu; baña aren obrak onak ez badira, ez eizu egin eurak eiten dabeena. Ara emen, neure kristinaubak, sazerdote jaunei, dongak izanda bere, zor deutseegun obedentzija ta errespetua, Jesukristo geure Jaunak klaru esanda. Gauza jakina da edozein bere murmurazinoe, gaiski esate, lotsa txaar, burla edo azinoe gaisto sazerdotiaren kontra, beti dala pekatu andij[a]ua. Ta konpesinoian esan biar da, esan eban edo egin eban gauza txaarra sazerdotiaren kontra zala, inor izentau bagarik.

 

 

IV.

 

        Esan dirian elexa gizonak dagozan leez Jangoikuak iminita pedeko dotrinia zaintuteko ta erakusteko, sakramentu santubak partiduteko ta kristinauben arimako gauzei begiratuteko, alan dago errege jauna, erreinu guztiaren buruba, Jangoikuaren izenian gure bizimodubak koberneetako. Erreñu batek zeinbat arerijo, persekuzinoe ta gatx daukan esaten ez da errez, neure kristinaubak. Gerrak, pestiak, laborerik ezak, lapurretaak, auzijak, bide bagako erijotzak ta alper askoren naija egin ezinak, gau ta egun sosigu bagarik darabillez errege jauna ta berari lagundu biar deutseenak. Esan lei ez dauala opizijo bat kuidado geijago, ardura geijago, zeregin geijago ta arimako ta gorputzeko arrisku geijago daukanik errege jaunarena baño. Ta guztia geure bakia, kleituba, aziendia, osasuna ta bizitzia gordeetako.

        Orregaiti geure obligazinoia da errege jauna erreberenzija andijagaz tratetia; aleginagaz zaintutia; bere agindubak egitia; ta beraren osasuna, arimako grazija, portune ona ta erreñuko ditxia gaiti Jangoikuari gogoz ta sarri erregututia. Au da gure guztion obligazinoia. Baruk propeta santubak Isrraeltarrei esaten beutseen, Nabukodonosor Babilonijako erregia gaiti Jangoikuari erregututeko; san Pedro apostolubak esaten badau, errege dongai ta pede bagakuai bere obeiduteko, errazoe andija da geure errege ona, justuba, katolikua ta aita bigun baten erraijak daukazana gaiti orazinoe egitia ta aren esanei obeidutia. Santa Teresa de Jesus, beste gauza on guztietan leez, onetan bere artu ginai geure erakuslazat. Aparteko orazinoia egiten eban Santiak errege jaunak gaiti. Ta desietan eban berari Jangoikuak egiten eutsazan mesede grazija utsezkuak, berari kenduta, erregei egitia. Oh, ze karidade andija!

 

 

V.

 

        Errege jaunen lekuban dagoz juezak. Oneek dira errijetako burubak, pamelijen artian bakia ta uninoia imini biar dabeenak. Errijetako eskandalubak, okasinoiak, gabeetako ibiltiak, ordikerijak, lapurretak, maldezinoiak ta beste agiriko pekatubak eraotzi biar ditubeenak juezak dira. Ordena onagaz ta modu onagaz ezin badabee, kastigaubagaz zaintu biar dabee juezak Jangoikuaren legia. Ez daroie alperrik gerrijan ezpatia, dino san Pablok, ezpada Jangoikuak emonda daukee juezak eskubidia, gaiski egiten dabena kastigeetako. Eskandaluben edo agirijan egiten dirian pekatuben kontuba eurak emon biako deutsee Jangoikuari, erremedijetan ezpaditubee. Egija esateko, ezin euki lei erri batek gauza dongagorik juez epel bat, makal bat, edo juztija parkatuten daben bat baño. Kura jaunak eta predikadoriak diadar egin leije pulpitoti, konpesoriak zerbait esan leije konpesonarijuan; baña gurasuak etxian ta juezak errijan parkatuten badabee nasaitasun ta libertade guztia, zorigestuan askotan jazoten dan leez, alperrik da kanseetia ez da sekula inor erremedijauko. Zor deutseegu bai juezai errespetua, erreberenzija, ondo esatia, ta euren agindubak egitia. Alan gura izan daijala Jangoikuak. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa