www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

JANGOIKUAREN LEGEKO MA[N]DAMENTUBEN ASIERARAKO BIGARREN LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

mundubaren asieria, gizonaren noblezia ta kristandadiaren balijua.

 

        Jangoikuak geu gaiti egin dituban obraak euki biar ditu kristinaubak beti begijen aurrian, bere obligazinoiak ikasteko. Eurak dira geure bijotzetan Jangoikuaren errespetua ta amodijua onduen iminten dabeenak. Andi andika, edo salto saltoka leez esango dotsut bada, kristinaubak, dotrina onetan: Mundubaren asieria, geure izatiaren noblezia ta kristandadiaren balijua.

 

 

I.

 

        San Pablo apostolubak esan ezkero munduko gauzei begiratuta ezaututen diriala zerukuak, txito gauza biarrekua da mundubaren asierako obra arrigarrija kristinaubak jakitia. Onetarako sinistu biar dogu, neure kristinaubak, oan zazpi milla ta sei urte artian (Elesiaren kontubari jarraituta ), ez euala kriaturaren errasturik Jangoikuaren entendimentuti kanpora. Jangoikua bera euan bakarrik beragan ta beste gauzarik ezer bere ez euan. Jangoikuak ezer bere ezeti etara zituban bere birtute edo nai bategaz zerubak eta luurrak, eta zeruban eta luurrian agiri dirian ta agiri ez dirian gauza guztiak.

        Lelengo egunian edo istantian egin eban Jangoikuak argija ta apartau eban ilunaganik; imini eutsan argijari egunaren izena ta ilunari gabarena. Bigarren egunian edo istantian egin zituban zerubak ta apartau zituban zeru gañeko urak zerupekuetati. Irugarren egunian edo istantian batu zituban Jangoikuak zerupeko urak guztiak leku batera ta agertu eban liorra. Liorrari imini eutsan luurraren izena ta urak egozanari itxasuarena. Ta egun atan egin zituban luurreko arbola ta bedar jenero guztiak. Laugarren egunian edo istantian egin zituban Jangoikuak euzkija, ilargija ta izarrak ta imini eutseezan euren ibilerako legiak, egunak, illak eta urtiak neurtuteko. Euzkija egunari argi egiteko ta ilargija gaberako. Bostgarren egunian edo istantian egin zituban Jangoikuak uretako arrain jenero guztiak ta egaan dabizan txori jenero guztiak. Ta emon eutseen Jangoikuak onei guztioi, baita arbola ta bedarrai bere, euren erikuak sortuteko edo ondorengetara azija iragoteko birtutia, beti munduban iraun daijen jenero guztiak. Ta bedeinkatu zituban Jangoikuak guztiak esanagaz: Azi zaite ta geitu zaite.

        Seigarren egunian edo istantian egin zituban Jangoikuak luurreko alemanija guztiak ta emon eutseen arei bere birtutia euretaikuak sortuteko. Aingerubak zein egunetan kriadu zituban Jangoikuak ez dabee Elesako erakusla guztiak bardin esaten. Baña pedeko gauzia da Jangoikuak mundubaren asieran ezer bere ezeti egindako espirituzko kriaturaak dirala aingerubak. Areetati batzuk, san Migel aingeruba aurrerengo zala, obeidu eutseen Jangoikuari, errazoia zan leez, ta dira zeruban Jangoikua gozeetan dagozan aingerubak. Beste batzuk, Luziper aurrerengo zala, euren andiarijak arrotuta, soberbijaz beteta, ez eutseen Jangoikuari obeidu gura izan; ta Jangoikuak soberbijazko pekatuba à gaiti bota zituban inpernubetara ta dira ango diabrubak eta demoninuak.

        Luurreko kriatura guztiak zuzen ta artez gordeetan ditubee, neure entzula onak, Jangoikuak imini eutseezan ordena, lege ta egite edo izate modubak. Alemanijaak, arrañak, txorijak, zerubak, luurrak eta luurreko gauza guztiak dagoz beti pirme, Jangoikuari obeiduten deutseela ta Jangoikuaren anditasuna, jakiturija ta probidenzija prediketan dabeela. Au da kristinaubak beti goguan euki biar dabena. Arrimutubetaranoko guztiak Jangoikuari obeiduta, berak ez obeidutia. Oh, zelan lotsatuko dan Jangoikuaren aurrian pekatari errukarrija, beste guztiak euren moduban Jangoikua ziur serbiduta, berak serbidu ez dabelako!

 

 

II.

 

        Seigarren egunian edo seigarren istantian egin eban Jangoikuak gizona. Pormau eban Jangoikuak luur zati bategaz gorputz bat; kriadu eban ezer bere ezeti espirituzko arima bat; imini eban luurragaz egin eban gorputz atan espirituzko arimia ta geratu zan Jangoikuaren etxurara egindako gizona, zeini deritxon Adan. Au da lelengo gizona, lelengo gurasua ta munduko gizon eta emakume guztiak moduren baten izatia zor deutseena. Jangoikuak berak, leengo dotrinan esan zan leez, Adani emon eutsan zeruko gauzeen ezauberia, entendimentu argija, borondate leijala ta zuzena, ta beti ditxoso izateko biar eban guztia. Itxi zituban Jangoikuak Adanen eskubetan ta Adanentzat beste kriatura guztiak, alemanija, arrain, txori ta batez beste pruta jenero guztiak ta imini eban munduban inok euki leizan gusto, atsegin, ondasun ta ditxa guztien artian paradisuban. Adan bakarrik egon ez zein, bera lo eguala, etara eutsan Jangoikuak saijets azur bat, berari minik emon bagarik ta Adanen saijets azurragaz pormau eban Jangoikuak emakume baten gorputza. Kriadu eban arima bat ezer bere ezeti, imini eban gorputz atan ta pormau eban leleengo emakumia, zeini deritxon Eba. Lelengo emakumia ta lelengo ama. Ta Eba bere imini eban paraisuban Adanegaz inozenzijako estadu ditxosuan ta zorijonekuan. Ara emen, neure kristinaubak, zelan izan zan geure lelengo gurasuen asieria. Gizona da (ta bardin da emakumia) espirituzko arimia ta luurrezko gorputza bat egindako gauza bat. Gizona da aparteko pensamentubagaz Jangoikuak bere etxurara egina. Gizona da, Jangoikuaren atenzinoe guztia daroiana. Jangoikuak beste kriatura guztiak egin zituban gizonarentzako ta itxi zituban gizonaren eskupian. Ta Adanek pekatu egin ez baleu, gaur bere alantxe egongo zian.

        Gizonaren izatiari imini deutsa Jangoikuak bere naturaleziaren silluba. Gizonak bere entendimentubagaz igoten dau zeruraño, jasten da inpernubetaraño ta gorputza geldi daukala dabil pensamentubagaz mundu guztian beste kriaturak baño altubago. Izatia daukeen gauza guztiai begiratuten deutsee gizonak, guztiak esamineetan ditu banaan banaan ta ez da ezegaz bere sosegeetan, Jangoikua topau artian. Borondatiagaz ameetan ditu urrineko gauza onak urrekuak leez ta kriatura guztien ontasuna ezautu arren, gosez dago Jangoikua bijotz guztiagaz ameetan ez daben artian. Gomutiagaz iragotako giza aldijak ekarten ditu bere aurrera ta juizijuagaz etorkizunai begiratuten deutsee, jazotako gauzaak balira leez.

        Gizonak asieria bauka beste kriaturaak leez, baña despeidarik ez dauka. Beste kriatura guztiak amaituta utsera biurtuta bere, gizonaren gorputza ta arimia biziko dira eternidade guztian, irabazten dabeen lekuban. Gizon bakotxa mundu guztiak baño geijago balijo dabena da; Jesukristo geure Jaunaren odolagaz ta erijotziagaz erosita dauana da; Jangoikua ezaututeko, Jangoikua ameetako ta Jangoikua gozeetan zeruban eternidade guztian egoteko jaijo dana da. Gauza ona edo txaarra, berak nai dabena egiteko libertadiagaz Jangoikuak pormau dabena da.

        Zer geijago? Oraindino bauka gizonak gauza bat, beste kriaturak ez daukana. Au da, gaiski eginagaz garbatuteko kondezinoia. Ura, suba, aisia, luurra, arbolak eta arrijak Jangoikuaren kriaturaak dira, baña ez deutsee Jangoikuak arei emon sentidurik, izatia baño. Alemanijai, arrainai ta txorijai emon deutseez Jangoikuak, batari geijago ta bestiai gitxiago, izatia ta sentidubak; (naturalista itsubak ukatu arren) baña ez deutseez emon entendimentuba ta borondatia. Orregaiti, alemanijaak ez daukee ezaubera ta amodijo egijazkorik. Aingerubai emon eutsen Jangoikuak entendimentuba ta borondatia, baña ez eutseen Jangoikuak aingerubai emon ondo edo txaarto eginagaz garbatuteko libertadia. Orregaiti diabrubak, juizijoko egun artian kondenau bagarik egon balira bere, etxakuen garbatuko bein egin ebeen pekatuba. Ta zeruko aingerubak, juizijoko egun artian zeruban sartu ez balira bere, bein amau ebeen Jangoikua ameetiari ez eutseen sekula itxiko. Bada, aingerubai etxakue emon ondo edo gaiski bein egina erremedijetako libertaderik. Baña gizonaren noblezia ta kondezinoiak guztien artian dira apartekuak. Gizonak, dino san Gregorijok, dauka izatia luurrak eta arrijak leez, sentidubak eta bizitzia alemanijaak leez, entendimentuba ta borondatia aingerubak leez. Ta onezaz ostian dauka gizonak gaiski egina erremedijetako, garbatuteko ta atzera biurtuteko libertadia, kriatura guztien artian batek bere ez daukana. Libertade onetan asten da obra oneen ta dongeen merezimentuba, legiaren nezesidadia, grazijaren preminia ta bakotxak zer egin biar daben jakin biarra. Ta ara emen ikusita, ze altuba ta zabala dan gizonaren izate noblia. Oni darraikona da, lege santu baten edo erlijinoe egijazko baten preminia ta nezesidadia. Ta au ikusiko dogu irugarren aldijan esanagaz, zeinbat balijo doskun kristinau izatiak.

 

 

III.

 

        Jangoikuak gizonari emon arren esan dan nobleza guztia, erakutsi ezpaleutsa zer egin biar eban ta imini ezpaleutsaz erregela zuzenak eta klarubak, arei begiratuta bere pensamentubak, berbaak eta obraak beti zuzenak izan zitezan, ez eban ezer bere egingo. Jangoikuaren lege edo erregela bagarik geratuko zan gizona, aixe guztietara jira eiten daben kañabera bat leez. Ez eban berez sekula gauza on bat egingo ta ez zan sekula zeruban sartuko. Baña Jangoikuaren ontasuna ta miserikordija ez zan kontentau gizonari alako perpezinoe andija ta izate noblia emonagaz, ezbada onezaz gañera emon eutsazan lege argijak eta erregela segurubak, arei begiratuta bere egitiak eta desiuak zuzenak izateko.

        Jangoikuaren lege edo erregela guztia enzerretan da amar mandamentubetan. Eurak esaten deutsee gizonari egin biar daben guztia ta eurak baño gauza zuzenagorik eta argijagorik ezer bere ez dago, gero esango dan leez. Berba bigaz amaitu eban Jangoikuak bere lege guztia: Jangoikua bera ameetia beste gauza guztiak baño geijago ta geure projimua geure buruba leez. Jangoikua ameetako, ezautu biar dogu lelengo; bada, entendimentubak ezaututen ez daben gauzarik, borondatiak amau ezin lei. Jangoikuaren ezauberia inok bere gizonari emon ezin leijo, Jangoikuak berak baño. Ta orregaiti Jangoikuak berak artu dau karguba, guri bera nor dan erakusteko.

        Gizonaren obligazinoe bakarra ta nausijena da Jangoikuari berba egiten deutsanian, entzutia ta sinistutia; ta gizonaren utsegiterik andijena da Jangoikuari ez entzutia ta ez sinistutia. Denpora guztietan Jangoikuak berba egin deutsee gizonai, ta denpora guztietan izan dira gizonak Jangoikuari entzun, sinistu ta obeidu deutseenak; ta baita ez entzun, ez sinistu, ez obeidu gura izan ez deutseenak bere. Orregaiti denpora guztietan izan dira justubak eta pekatarijak, santubak eta kondenaubak. Naturaleziaren legian Adan, Eba, Abel, Noe, Abraan... justubak eta santubak zian. Eskribidutako legian Moises, Josue, Dabid... santubak eta justubak zian, Jangoikuari entzun, sinistu ta obeidu eutseelako. Ta Kaindi asita, beste denpora guztietako asko dira pekatarijak eta kondenaubak, Jangoikuari entzun eta sinistu gura izan ez deutseelako.

        Jangoikuaren Seme bizijak gizon eginda, Jesukristo geure Jaunak erakutsi dosku, leenaoko guztiak baño klarubago ta argijago, geuk entzun, jakin, sinistu ta egin biar dogun guztia. Ebanjelijoko berbia da Jesukristo geure Jaunaren berbia; ta ebanjelijuak esaten dabena entzutia, sinistutia ta egitia da Jesukristoren diszipulu edo kristinau izatia, kreduaren azkeneko berbeetan esango dan leez. kristinaubak euki biar dabee pede bat, bautismo bat eta Elesa bat. Pede bagarik, bautismo bagarik ta Elesa bagarik inor bere salbau ezin leiteke. Ta orregaiti jentilak, judegubak, moruak eta erejiak, batzuk pederik eta bautismorik ez daukeelako ta bestiak Elesa egijazkorik ez daukeelako, guztiak kondenauko dira. Kristinau izatia da zerurako bide seguruba, noberak gura izan ezkero.

        Ara emen, neure kristinaubak, berba gitxitan aituten emonda, mundubaren asieria, gizonaren noblezia ta geure kristandadiaren balijua. Eskatu daijogun Jangoikuari grazija... Amen.

 

aurrekoa hurrengoa