www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ogeta bost lezinoe ta sermoe bat
Frai Bartolome
1807

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

LELENGO MANDAMENTUBAREN BOSTGARREN LEZINOIA

 

zeñetan erakusten dan

Jangoikua dala adiskide pirmia, emonzallia ta parkazallia.

 

        Jangoikua serbietan gauza gatxa dirurijen guztiak dira errazak eta bigunak amodijua daukanarenzat, dino, neure entzula onak, san Agustinek. Jangoikua bijotz guztiagaz ameetan dabenarenzat ez dago, ez gauza gatxik, ez lege gogorrik, ez egin ezinik. Ta Jangoikua errezto ta gustoz ameetako, ez dago jarraitu baño adiskide on baten zirkustanzijai, leen esan danaren gañera. Jangoikua da adiskide pirmia, emonzallia ta parkazallia.

 

 

I.

 

        Jangoikua da adiskide pirmia, ta augaiti bere merezietan dau geure amodijo osua. Gauza jakina da, neure kristinaubak, adiskide ona izateko, pirmiak izan biar dabena. Ez dot nik oan ezer bere esaten adiskidetasun txaarrak eta pekatuzkuak gaiti, ezpada eurenez garbijak eta onak dirianak gaiti. Errazuazkuak eta onak izan arren, ez dira guztizkuak umeen ta gazteen arteko adiskidetasunak, umiak eta gaztiak laster mudeetan dirialako. Ta zeinbat dan eureen arteko amodijua ta karinua andijagua, ainbat daukee galduko ete jakuen edo itxiko ete deutseen bildur eta pena andijagua. Irauten badau puska bat luzaruago, zaartuten da ta zaartubaz doian leez, dua oztubaz ta galdubaz alkarren arteko amodijua ta adiskidetasuna. Orregaiti nekez topeetan dira gaztetati zaartzaraño beti adiskide izan dirian bi. Ta topeetan badira bere, bata edo bestia (oi danez) leenago ilgo dira ta geratuten danak eukiko dau galdu jakolako penia. Munduban dagozan adiskide guztiak, edadiaren ta denporiaren partez, beti daukee paltauko ete dabeen, mudauko ete dir[i]an, itxiko ete deutseen edo galduko ete dirian bildurra. Ta zeinbat adiskidetasun andijaua, ainbat pena ta bildur andijaua.

        Jangoikua da bada, neure kristinaubak, adiskide bat onako penarik eta bildurrik ez dakarrena. Jangoikua ez umia da, ez gazteegija da, ez zaarregija da. Ez da mudeetan dana Jangoikua. Atzo ta gaur ta beti modu baten dago Jangoikua, dino san Pablo apostolubak. Munduba baño leenago zana mundubaren asieraan zana ta gaurko egunian dana izango da eternidade guztian Jangoikua. Ez gaisuak argalduten dau, ez euzkijak balztuten dau, ez otzak zurituten dau, ez biarrak kanseetan dau, ez edadiak zaartuten dau Jangoikua; beti dago tertzijo baten ta modu baten. Munduko gizaaldijak mudeetan dira; erreñubak eta ziudadiak mudeetan dira; aziendak eta ondasunak mudeetan dira; osasuna, ondria, gustuak, atseginak, opizijuak eta adiskidiak mudeetan dira ta akabeetan dira; baña Jangoikua ez da mudeetan, ez da gitxituten, ez da geituten, ez da akabeetan. Munduko adiskidiak aparteetan dira, aaztuten dira, galtzeen dira ta ilten dira, ta askotan batzuk inpernurako ta bestiak zerurako. Samuel ta Saul adiskidiak zian. Samuel zeruban dago ta Saul inpernuban. Abel ta Kain anaiak zian leez, duda bagarik adiskidiak zian. Abel zeruban dago ta Kain inpernuban. Jakob eta Esau ta beste milla ta geijagori jatzo jakue beste ainbeste. Oneek guztiok erakusten doskube ez dauala munduban ezer, geure amodijo osua merezietan dabenik. Sekula mudeetan ez dan ta beti pirme dauan Jangoikua amau biar dogula gauza guztiak baño geijago. Ez bakarrik adiskide seguruba ta pirmia dalako, ezpada baita emonzalle ugarija dalako bere.

 

 

II.

 

        Jangoikuak bere adiskidei ez deutsee ezer bere ukatuten. Daukan guztia emoten deutsee neurri bagarik. Ta augaiti bere, esker txaarrekuak izatiaren beian, amau biar dogu beste gauza guztiak baño geijago.

        Munduban ikusten dogunez, gauzia emoten dabeenak estimaubak dira. Ta zeinbat geijago emoten dabeen, ainbat estimaubago. Adiskidia izan arren, urrija ta zekena bada ta ezer emoten ezpadaki, laster esaten dau beretzako dala obia, inorentzako baño alako adiskidia. Baña orduba danian edo preminaan dauanian emoten badaki gauzia ugari, alako adiskidia duda bagarik ameetako ta estimeetako da; ta sekula atzera ezer artzeeko esperantza bagarik emoten badau, oraindino milla bidar geijago ameetan da ta estimeetan da.

        Begiratu eizu bada oan, kristinaubak, errazoiaren puska bategaz, ia Jangoikuak merezietan daben edo ez guk ameetia ta estimeetia, geuri gauzia emoten dakijelako. Onetarako jakin biar dozu lelengo, Jangoikuak ez daukala inoren bere preminarik. Zerurik edo mundurik egin ezpaleu bere, aingerurik edo santurik ezpalego bere, kriaturaren errasturik erne, sortu edo jaijo ezpalitz bere, Jangoikua Jangoiko izango zan beti. Zeruban dagozan guztiak inpernuban balegoz bere, ezer paltauko ez litxakio Jangoikuari; ta inpernuban dagozan guztiak zeruban balegoz bere, dan edu izango litzaateke Jangoikua. Inok bere Jangoikuari ezer geitu ezin leijo; ta ezda gitxitu bere. Berez da, dan guztia.

        Deskuiduan inok penseetan badau limosna bat egitia, baru bat eitia, meza bat entzutia edo beste obra on bat egitia, sinistuta egon bedi ez deutsala Jangoikuari mesederik egiten, bere arimiari baño. Jangoikuak nai dau, guk obra onak egitia ta zeruba irabaztia, geu ameetan gaitubalako; baña ez gure obra oneen preminia daukalako. Ain ondo Jangoikuaren glorija aurkituko litzaateke gu guztiok inpernuban egonagaz zein zeruban egonagaz.

        Bigarrenian jakin biar da, Jangoikuak ez deutsala inori bere ezer zor. Jangoikua da bakarrik zorrik ez daukana. Munduban dagozan guztiak alkarri zer edo zer zor deutsee. Guztiok gara bata bestiaren zordunak. Ezin sekula kristinau batek beste bati esan leijo egijagaz: ez dotsut ezer zor. Jangoikua da bakarrik guztiai au esan leijuena. Jangoikuak emoten daben guztia, duarik emoten dau ta inok atzera pagauko deutsan esperantza bagarik.

        Pensau eizu, bada, oan istante baten, kristinaubak, ia Jangoikua adiskide zekena ala emonzalle ugarija dan. Ta erremedijo bagarik konpesauko dogu, guztiz esker txaarrekuak eta lotsa bagaak ezpagara, amau biar dogula Jangoikua beste gauza guztiak baño geijago, emonzalle ugarija dalako. Nok emon dosku daukagun izatia? Nor gaiti ez gara kristinau bakotxa arri bat, zur bat, alemanija bat edo ezer bere ez? Ezin egin eukian Jangoikuak, gu egin ginduzan lekuban, arbola bat, atx bat edo bildos bat? Bai, nai izan baleu. Geure gorputza ta arimia pormauta bere, ezin il edo ito gendukezan amaren sabelian gengozan lekuban? Bai, nai izan baleu. Nok emon doskuz entendimentuba gauzaak ezaututeko, borondatia ameetako, memorija goguan eukiteko, begijak ikusteko, belaarrijak entzuteko, miina esateko, oñak ibilteko, eskubak biarra egiteko ta beste sentidubak, geure erara eukiteko? Ezin itxi gendukezan Jangoikuak zoratuta, endemoniauta, itsututa, mutututa, gortuta edo errenduta, beste asko itxi dituban leez? Nai izan baleu bai. Mesede oneek beste askori ez deutseez egin, zor ez eutsezalako; ta guri egin doskuz ta egiten doskuz duarik, berak gura dabelako. Geijago oraindino. Nok gure laboriak erneetan ditu, azten ditu ta elduten ditu? Nok eguna zabalduten dosku, euzkija agertuten dosku, ilargija emoten dosku, udiari ta negubari emoten deutsee geure erarako indarra ta birtutia? Zer izango litzaateke beti gaba balitz? Zer beti udia balitz? Zer beti neguba balitz? Oh, ze mesede ugarijak! Ta esanda geratu da Jangoikuak ezer zor ez doskula, ezpada guztia duarik emoten doskula. Ta oraindino esan dan guztia Jangoikuak bardin emoten deutsee onai eta dongai, pekatarijai ta justubai, adiskidiai ta arerijuai.

        Ta onezaz ostian, zer emoten ez deutsa Jangoikuak bere adiskide bati edo kristinau egijazko bati? Oh! Emen agortuten da geure entendimientuba. Emoten deutsa Jesukristo, Jangoiko eta gizon egijazkua, ogi puska baten itxuraan jaateko ta ardao puska baten itxuraan eraateko; emoten deutsaz aingerubak lagunduteko; emoten deutsaz sakramentubak; emoten deutsa grazija; emoten deutsaz Espiritu Santubaren doiak; emoten deutsa, berba baten guztia esateko, bere bijotz zabal, ugari ta maitegarrija oso osorik, bera ameetan daben kristinaubari. Daukadan guztia, Jangoikuak duarik emona da; ta Jangoikua ameetan badot, Jangoikuak daukan guztia bere neuria da. Nauan lekuti sekula alderik agingo ez neuke, Jangoikuaren esku indartsubak erain bagarik. Berba bat geijago esango ez neuke, Jangoikuak erasoko ezpaleust. Neurez ezer bere ez nas, ez gorputzerako ta ez arimarako; baña Jangoikua ameetan badot, Jangoiko guztija ta Jangoikuak daukan guztia neuria da. Oh, Jangoiko zabala! Oh, Jangoiko ona! Oh, Jangoiko emonzalle ugarija! Ameetan zaitut ta amau gura zaitut, bada, nik neure bijotz guztiagaz. Emon eidazu grazija, zeu baño beste gauzarik sekula ez ameetako.

        Oh, ze zorakerija, ezer bere balijo ez dabeen luurreko gauzaak topeetia, ameetia ta estimeetia Jangoikuaren lege santubaren kontra! Oh, diru puska bat, ondra puska bat, estimazinoe puska bat, aragijaren gusto loi bat jan bat edo eran bat gaiti arimia, osasuna ta kleituba arriskuban iminten dituban pekatarijaren zorua! Oh, Jangoikuari itxita, munduko gauzeetan gustua topau gura leukian kristinaubaren itsuba ta errukarrija! Ikusiko bagendu persona pobre bat, duarik emon gura deutseezan ogei eskudokuak artu gura ez ditubala ta beste aldeti zuriko erre bat edo marabedi urdin bat irabazteko izardija, barautsa ta arrastakia darijola dabilela, zer esango genduke a gaiti? Zoro garbija dala esango genduke. Bada, beste ainbeste ta oraindino zoruago da, gauza on guztijak duarik emoten doskuzan Jangoikua ameetan ez daben kristinauba. Ugarra ta atsa darijuen luurreko banidadiak eta gustuak Jangoikuaren kontra, ameetan dituban kristinauba. Ta au sinistuta, Jangoikua ameetan ez dabenak, pekatu eginda Jangoikuaren legia austen dabenak edo Jangoiko emonzalle ugarijaren gorrotuan bizi danak, ez dauka ondo mereziduta inpernuko eternidadeko pena guztia? Duda bagarik esaten da, baietz.

        Orregaiti esaten dau Jangoikuak berak Jeremias propeta santubaren aoti: Ikaratu zaitez zerubak eta birrindu zaitez zeruko atiak. Gauza donga bi egin ditubee nire jentiak, gauza donga bi egin ditubee kristinaubak: izanik neu ur bizi guztien iturri ugarija, neuri itxita juan dira pozu txistarretara ura eraaten. Esango baleu leez Jangoiko andijak pekatubaren asarriagaz: Neu nas gustuak, atseginak, pozak, ondria, osasuna, ondasuna, grazija ta zeruko glorija daukadana, ta duarik gizonai eta emakumiai eskintzen deutseedana; baña eurak neuri itxita duaz munduko atsegin mingotxak, epelak eta ilgarrijak topeetara ta ameetara. Ta au berau egiten dau kristinaubak, pekatu egiten daben bakotxian. Isten deutsa gauza on guztiak duarik emoten deutsazan Jangoikuari; ta jarraituten deutsee arimako kezkia, penia, gosia, egarrija ta inpernuba emoten deutsan guraari txaarrari. Amau daigun bada, kristinaubak, geure Jangoiko ona, Emonzalle ugarija dalako ta baita parkazallia dalako bere.

 

 

III.

 

        Bijotz onaren aparteko senallia ta mundukuen artian nekez topeetan dana da, neure kristinaubak, gatx egin deutsanari parkatutia ta arerijuagaz leen baisen adiskide izatia. Ugazabak ez dau beinguan etxian ostera artzeen, sarri dongaro portau jakon krijauba. Errege batek ez bere palazijoti, eze erreñuti bere laster kentzeen dau edo urkatuten dau bere kontra zerbait egin daben personia. Jangoikua da gauza onetan bere aparteko ontasuna erakusten doskuna. Pekatu mortala egiten dabenak opendietan dau Jangoikua, injurijetan dau Jangoikua, desondreetan dau Jangoikua, saltzeen dau Jangoikua ta adiskide eiten da Jangoikuaren arerijorik andijenagaz, zein dan diabruba. Ta zer egiten dau, bada, Jangoikuak alako kristinau esker txaarrekuagaz? Kristinauba bere gaiski eginagaz garbatuten danian, parkatzen deutsa Jangoikuak pekatuba ta geratuten da leen baisen adiskide. Kristinaubak pekatu mortalagaz asarratuta euki arren Jangoikua, esaten badeutsa bijotz osuagaz eta damu egijazkuagaz: pekatu egin dot, Jauna; damu dot, Jauna; parkatu, Jauna; miserikordija nigaz, Jauna; ez dot ostera egingo, Jauna; konpeseetan dot, Jauna, neure pekatuba. Au esanagaz ta eginagaz batera aaztuten da Jangoikua pekatarijak egin deutsazan injurija ta desondra guztiekin, ta artzen dau bere etxian, bere palazijuan, bere maijan ta bere onduan pekatarija a, sekula ta beti bere adiskide andija izan balitz leez.

        Oh, neure Jangoiko ona ta parkatuteko presta! Nok amauko ez ditu zeure erraija bigunak eta miserikordijazkuak? Nok bere bijotza urtuko ez dau, neure Jesus maitia, zeure amodijuagaz, zeure bijotz amodijozkuari, karinosuari ta parkazalliari begiratu ezkero? Oh, kristinaubak, nos asiko gara Jangoiko parkazalle ona ameetan! Oh, Marija Madalena, Dabid erregia, san Pablo apostoluba ta san Agustin ditxosua! Zer esango zenduke zubek Jangoikuaren bijotz biguna ta parkatuteko presta gaiti? Berandu asi nas, jauna, zeu ameetan, esango leukee ta ondo damututa nago, leenago zeu amau eza. Oh, Teresa gorputzezko serapina! Zer dinozu, zeure bijotzian kabidu ezin dozun Jesusen amodijo sutsuba gaiti? Aingeru batek suzko ezpatiagaz edegi biar dotsula zeure bijotza, Jesusen amodijuaren suba nasaitu dakizun. Beste ainbeste esan biar dogu, bada, jeuk bere, neure kristinaubak. Akordau gaitezan zeinbat bidar pekatu egin dogun ta sinistu daigun beste ainbeste bidar Jangoikuak etara gaitubala inpernuti. Bada, ez da mesede txikijaua pekatu mortal bat parkatutia, inpernuti etaratia baño. Ta ez dau Jangoikuak injurijaak parkatuteko denpora luzerik biar. Pekatu egin dabeneti ordu lauren barru biurtuten bada Jangoikuagana, esan dan leez, bertati parkatzen deutsa Jangoikuak pekatarijari, ta aaztuten da betiko pekatarijak egin deutsazan gatx guztiekin. Amau daigun bada, kristinaubak, Jangoiko parkazalle ona; ez daigun ezetan bere ausi bere lege santuba ta eukiko dogu zeruban eternidadeko glorija. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa