Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Jean Mixel

 

      Ixtripu izigarria gertatu da Ahetzen, abendoaren hamekan.

      Hameka urteko mutiko bat, Ahetzeko Belardi baserrikoa, eskolatik heldu zelarik, auto batek jo eta hil du bide bazterrean.

      Galerna itsusi bat zen. Eletrikako argi guziak bat-batean izali ziren, eta uria jauts ahala ari zen.

      Urak ateratu dira memento hartan eta bidean zabaldu, eta mutiko gaixoa suertatu da hantxet berean. Autoak jo eta urean igerika ari zen haur dohakabea.

      Inkestak eta guziak eginik, etxerat ekarri dute. Amaren pena, eta haurrideena ere!

      Jean Mixel zuen izena. Mutiko gotor ernea, langilea gainera. Gizon adinetako batek bezala traktorra gidatzen zuen. Beti presta zen.

      Gure Mattinek osoki maite zuen. Eri zelarik, noiznahi etortzen zen haren laguntzerat. Biak elgarri atakadan artzen ziren.

      Jan aintzinean, Mattinek erremedioak hartzen zituen, pilulak eta. Jean Mixelek galde egiten zion:

      — Zertako hartzen tutzu hoik denak?

      — Eri bainauk. Laster hil behar diat.

      Ondoko aldian, Jean Mixelek ikusi zuen Mattin beti bezala bere erremedioak hartzen eta:

      — Beti eri zirela eta ez zira hila oino?

      — Zer nahi duk? Kuxean hiltzea?

      — Ez, ez. Bainan beti erraiten baituzu.

      Semea lanetik etorria ez zelarik, Mattinek telefonaz deitzen zion:

      — Etortzen ahal haiz, gure emaztekia laguntzerat? Jean Pierre eskas duk etxean.

      Segidan jiten zen, amari erranez:

      — Ama, Mattinen etxean dut egitekoa.

      Arrozoin oneko haurra zen. Jateko mementoan, bere erremedio, behar zituen ogi, haragi eta arnoa ere, negurriz emaiten zion Jean Mixelek Mattini, bere onetan.

      Eskolatik lekora, ahal zuen guziez etortzen zen haren ikustera.

      Menturaz, Mattin begira zagon, Jean Mixelen zeruetara sartzeari.

      Aingeruen artean gerta dadila agian!

 

* * *

 

            Sukaldean badaukat potreta pullita:

            Mattin eta Jean Mixel elgarri behaka.

            Bihotza arrailtzen zait horri pentsatuta

            zeruetan eginen zutela bisita.

 

            Ixtripu lazgarria hameka urtetan:

            auto batek aurdiki du hori bet-betan.

            Gorputza lurrean ta arpegia lotan,

            iduritzen zitzaitan haizela ametsetan.

 

            Distiratzen zituen horrek bi etxiak

            gure ganat jitean zer alegrantziak!

            Zonbeit oren egonak Mattin eta biak

            iduri zutela hoik aita ta semiak.

 

            Jaungoikoaren deia etortzen delarik,

            mundu hau utzi behar, hor ez da dudarik.

            Jaunaren justizian ez da eskapurik,

            orena jin artio gauden prestaturik.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982