Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Mobileta berria

 

      Bazkalondo batez, senar-emazteak lotzen gira beribil ixtorio batez. Mattin mobiletaren alde eta nik bizikleta nuen hautatzen.

      Mattinek, lehenbiziko mobileta zahartuxea baitzuen, deliberatu zuen berri bat erostea.

      Ortzegunetan gure bidean pasatzen zen autobusa Baionarat gateko, eta erraiten nau:

      — Egun banoa. Mobileta eder bat behaut erosi. Erosten badut, hemen naiz etxean... Orai biak eta erdiak dire... Lauak eta erditako... hemen behar nuke izan. Edo bertzenaz autobusaren tenorean sei orenetan, ez badut iten afera.

      Lauak eta erdiak pasatzen dire. Seiak ere ba, eta nere gizona batere ez heldu.

      — Jes —ene baitan egiten dut—. Min hartu ote du? Ala norbeit atxeman du hor barna, usaia ez galtzeko?

      Uda baitzen, behiak deitzi eta igortzen ditut sororat. Hantxet nindagon heieri begira, ene baionesa gogoan.

      Ilargi xuria agertu zen. Elizako orenak jotzen ditu hamarrak. Mobiletaren partez senditzen dut Solex baten arrabotsa.

      Uste izan nuen Mattin zela, bainan auzoko mutil bat heldu zen, jakinaren gainean mobileta super hura behar zuela begiztatu, eta erraiten nau;

      — Zer? Hemen egoki zira? Zoazi oherat. Segur hor dela bere usaiako lagun zonbaitekin.

      Hura etxerat gan zen eta ni oherat biluzi gabe, nere muntra aldean.

      Orenak joan, huna bi orenak jotzen. Zer senditzen dut kanpoan? Auto bat.

      Argiak hilak, jeikitzen naiz atearen hegira, uste istripu zerbeit gertatu zitzaion.

      Hortxet urratzeko irriz ari zen bere lagunekin. Autoa idekitzen dute. Zer ikusten dut? Bizikleta.

      — Nun duzu mobileta?

      — Han utzia. Zaharrari motor berria emanen diote eta zuk izanen duzu desir zinuena.

      Baziren hiru lagun. Sukaldean sartzen dira eta gose zirela erraiten naute.

      — Nun ibili zaizte? —galdegin nioten.

      Mattin hasten da kantuz:

      — Mari gaizoa, ez kexa. Ongi ibiliak gira. Denak erranen dauzkitzut. Magasinan izatu naiz, aferak egin, gero ostatuan sartu, han denek ezagutzen ninduten, batek baso bat, bertzeak berdin, eta gero gose nintzen. Laskanoteguy hau eta hunen laguna haragi gorria jaten ari ziren, amo on baten ondotik; ta nik ere hauk bezala egin dut. Gero, janaren ongi disihitzeko, pilotan arizan gira. Gero zer nahuzu? Autobusaren tenorea pasatu da eta hauek ekarri naute.

      Omore gaitzean baitzen, atakatzen nintuen erranez:

      — Emazu pertsu bat!

      Nik ezetz, bainan hura hasi zen.

      Ilarra saltsan berotu lukainkarekin, hura jan zuten, gero etxerat partitu ziren.

      Biharamunean, damutu zitzaion mobileta zaharra han utzirik arrimatzeko. Zer egin zuen? Berria erosi.

      Bainan egun hartan segituan etorri zen etxerat...

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982