Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Nigar egiteko mementoa

 

      Zorigaitzez, egun bat etortzen da denentzat, mundu hau, eta lagunik hoberena izanagatik, utzi behar baita sekulakotz. Xalbador eta Mattineri ere hala gertatu zen.

      Fama handia bildu zuten eskuin eta ezker. Omenaldiak ere egin ziozkaten.

      Oroitzekoa zuen Mattinek azaroaren zazpia! Goizetik Xanpun jaun-andreekin gan zen Urepelerat. Ni ez nintzen joaiten ahal izan. Loriatuak partitu ziren, egun xoragarri bat behar zutela pasatu.

      Han arribatu ziren mezako tenoreko. Mattin harrituta egotu zen, meza denboran Xalbadorri begira, haren kartsutasuna otoitzean, komuniatzerakoan!

      Bazkaldu ere elgarren ondoan egin zuten, omore onean, gerokorik pentsatu gabe.

      Jendea bildu zen nasai plaza estalirat. Bertsulariak denak trenpu gaitzean ziren, zoinek bertsu ederragoa bota beharrez.

      Bertsu saioa bururatzean, Xalbador eskastu zen taula gainetik. Nihork ez zuen asmatu zer gisetaz faltatu zen lagunen artetik.

      Halere norbeit ohartu zen: Mixel Labeguerie. Ondotik joan zen, bainan ordukotz Xalbador trenputxartua zen eta laster hil zen. Han zagon populu guzia deiardaka hasi omen zen.

      Mattin hurbildu zen bere lagun izanaren ondorat, ezin sinetsiz hila zenez ala aments egiten zuen.

      Etxerateko bidea hartu zuen Xanpun lagunarekin. Egin zituzten kilometroak, beti solas berekoak ziren: Xalbador hila zela.

      Mulienerat arribatzean, gure Mattin eta Xanpun jaun-andereak sartu ziren tristerik eta galdatu nioten:

      — Nola ibili zaizte Urepelen?

      Galde hoi egitearekin, halako behatze samin bat agertu zen hiruen arpegian. Laster konprenitu nuen, bazela zerbeit joaiki etzenik.

      Xanpunek orduan:

      — Xalbadorren omentzerat izatu gira eta Xalbador supituki hil zaiku.

      Ene barnean halako ukaldi bat sentitu nuen. Mattin, aldiz, nere ondoan jarri zen, begiak nigarrez beteak.

      Zonbeit egunez ez zuen lorik egiten ahal izan. Norbeitek menbro bat moztu baliote bezala sentitzen zuen bere baitan.

      Bai: egiazki hila zen Xalbador, eta ehorzketak egin ziren hiru egunen buruan. Gure Mattinek egun hura etzuen alegrantziazkoa. Galdegin zioten bertsu zonbeit kantatzeko meza denboran. Ihardetsi zioten:

      — Kantatzeko gogorik ez dut. Ene lekua utz nezake nahi duenarentzat. Kantatzeko baino, nigar egiteko mementoa jina dut. Ene barneko opila ezin dut iretsi. Halere entseiu bat eginen dut bertzeen artean.

      Kantatu ere zuen. Ez zen baitezpadako kantua; bainan zen haren otoitza, haren azken agurra bere lagunari, haren ondorat iragan artio.

      Azaroaren hameka etorri zen, Ahetzeko bestak. Egun horrek oroitarazten zuen. Ez zuen gogorik izan bestarat joaiteko. Doluan jarri zen.

      Ordainez, Xalbador gogoan zuelakotz, pertsu moldatzen hasi zen egun hortan, eta egin ere bai.

      Ezin ditaike konpreni, Mattinek zonbat sofritu zuen, nihori erakutsi gabe, Xalbador bere lagunaren galtzeaz. Luzaz etsitua egotu zen, hura gabe deus ez zela: Xalbador artzaina zela Mattinentza, eta Mattin bildotsa Xalbadorrentza.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982