Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Semeak

 

      Mattinek bere denboran kantua maite izan du. Esposatu ginelarik, haur baten gisan zen, beti ametsetan. Egun batez, astokerian ari zelarik, erraiten nau:

      — Errazu, Mari: nik, urus izateko, ez al dakizu zer nai nuken?

      — Zer bada? Hau galdea!

      — Nere bizia kantuz pasatu, eta familia eder bat nere ondoan.

      — Ori, ez zira ongi erori! Bertze sortaldiko beharko duzu galdatu.

      Maluruski, ez zen gure nahitarat izan. Hastapenak dorpeak izan ziren. Eroriko baten ondorioz, gaizki etorri zen lehen haurra. Halere medikuak, Andres Narbaitz Donibane Garaziko semeak, bataiatu zuen, sineste handikoa zelakotz.

      Makurren ondotik etorri zen bozkarioa. Seme bat sortu zen Mulienean. Aitatxi Pantxoak nahi izan zuen bere izena eman bere semearen semeari. Laster hedatu zen berria. Mattin loriatua gan zen erretoraren ikustera.

      Erretora ez zen etxean, bainan bazan haren ordaina: Aita Mattin, beneditanoa, hura ere aheztarra, eta hunek galdegiten dio:

      — Nun zabiltza, Mattin?

      — Nun ibilki? Hunaraino etorria naiz. Seme bat sortu zaiku, eta nahi nuen jakin noiz bataiatzen ahalko nauzun.

      Neskatoa hurbil baitzagon erraiten dio:

      — Ez duzu erretora etorri arte guaitatu nahi?

      — Zertako? Haren ordaina ez ote da berdin apez? Eta lehenbailehen egitea hobe!

      Zazpi hilabete bizitu zen gure Pantxoa, Mattinen altzoan zonbeit salto eginik. Aita kantuz lotzean, iduri zuen semeak errepikatzen ziola. Bainan Jainkoak bereganatu zuen zeruko lorian, eta ezarri aingeruen artean. Orduan izan zen Mattinen egiazko pena!

      Haurtxoa xuriz beztiturik etzana, irri ezti bat ezpainetan, aitatxi Pantxoa eta Mattin, arrosorioak eskuetan harturik, luzaz otoitzean aritu ziren, hain maite zuten aingeruari.

      Bainan Mattin beti kuraia handikoa izan da. Ez zen lotsatu. Sinestea bazuen. Handik urte bat eta erdiren buruko sortu zen Jean Pierre. Hunek pena guziak istu zituen.

      Haurtxoa zelarik oraino, kontseilari ona zen bere semeari buruz. Beti goxoki hartzen zuen, larderiarik gabe, eta nahi zuena egiten. Kurri ibiltzea maite zuen soroz soro.

      Semea ttikia zelarik, bizkarrean hartu eta eremaiten zuen aitatxiren ikustera, aitatxi patar kasko batean bizi zelakotz ordu hetan. Nihungo zinema ederrena ikusirik baino loriatuaro etortzen ziren etxerat, bazterraren freskura eta arbolen itzalean ixtant bat pausaturik.

      Zonbat orroitzapen Mattinek guri utziak! Mundu hau akabatu da harentzat, gu eta denendako zen gure Mattin gaizoa! Amarentzat seme bat lagun emanik, seme hau emana baitzuen, bizimolde berri bati buruz, ikas dezan geroa zer izan ditaiken, burrasoak galtzean.

      Bera, aldiz, han dago menturaz, bere seme Pantxoa besoetan, mundu zabalari begira...

 

* * *

 

            Maitatua sobera gutartean zinen,

            utzi nauzu geroztik zonbeit orroitzapen.

            Zinuen bozkario, etzuen iraunen,

            itzalpean bezala gira orai hemen.

 

            Patar kasko hunetan bizi gira biak,

            ama-semiak lotuz zuk eman ideiak.

            Ez baitziren segurki hoiek alegiak,

            gure bizi moldeak iduri ezkont gaiak.

 

            Zure seme bakarra ez baita ezkontzen,

            hola segituz ez da etxea emendatzen.

            Menturaz gain hortarik duzu gomendatzen,

            arrotzen eskuetan ez uzteko galtzen.

 

            Mundu hau igaiten da lasterka denentza,

            oraindik ez dezagun galdu esperantza:

            hogoi ta hamar urte badauzka behintza,

            ez dezagula etsi zonbeit urterentza.

 

            Gure Mattin maitea, gain hortarik mia:

            egun batez ezkontzen bazaitzu semia,

            jostetan ikusiko duzula umia,

            horrek piztuko baitu gure Mulienia.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982