Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Sarako mentta

 

      Igande batez, denbora ederra izanez, Mattin eta biak joan ginen Sarako mentta batetarat, erosi behar ginituela xerriarentzat irina, saski handixko bat artoaren garraiatzeko eta gaineratikakoak, sukaldeko asko puxkateria.

      Solasean joan ginen bide guzian, bazterreri begiratuz, hain zen denbora sano eta garbi. Ez pentsaturik gerokorik izanen zela!

      Menttarat arribatu gabe, zer ikusten dugu? Autoak lerro-lerro geldituak... Gaineko kaskoan guardak!

      Denak miatu egiten zituzten egun hartan eta puska gehienak kentzen. Egun hartan tzarrean ziren azkarki, ordena zutela gauza guzien konfiskatzeko.

      Gure Mattin orduan hasi zen karkulen egiten:

      — Behin etorri behar hunaraino eta ez dugu itzulia hutsik egin behar. Goazen aintzina. Geroak emanen du ikustera. Nagusia han balin bada, harekin egonen gira bulta on bat, eta oren pare baten buruko ihesi joanen dira segur gure guarda debru tzar horiek.

      Mentta hartarat arribatzen gira, gure autoa uzten dugu arbola baten itzal pean, hurbiltzen gira etxe aintzinera.

      Jendeak, multzo batean bilduak, begira egoiki ziren bertze alderako kaskoari. Ez bazituzten utzi nahi beren gauzak guarderi, itzuli egin behar zuten erosi tokirat.

      — Hau duk komedia! —zion gure Mattinek nagusiari buruz.

      — Ez kexa —erran zuen nagusi jaunak—. Zatozte barnerat. Baxo bana edanen dugu elgarrekin. Anartean gure enplegatuek zerbitzatuko zauzte behar ditutzuen guziak.

      Edaten ari ginelarik, laurogoi urteko gizon bat han zen guri begira. Harek ere edan zuen gurekin eta Mattini erran zion:

      — Eremaiten banauzu egun etxerat, segur izaiten ahal zira, ez zauztela gaur deusik kentzen ahalko. Zeren bihar guarda hoitarik baten haurra gure etxerat ekarriko dute egun pasa, eta hortakotz ederrak aditzekoa izanen da orduan.

      Saratarra zen delako gizon kuraios hura. Herri hortan deitzen zuten Belea.

      Mahain ttiki baten ondoan jarri ginen deskantsuan.

      Hango nagusiak maite zuen pertsutan aritzea. Mattini hasi zen gaiak emaiten eta biak lotu ziren hondarrean zirtoka.

      Gure ondoan baziren lau lagun jaten ari. Batto, ehun kilo hurbil zituena. Jan eta jan ari zen, ogi puska bat eskuan, xoritxo, gasna... Arnoa ere aise edaten zuen. Bere burua urguiluaz hanpatua zaukan.

      Ohartu zen memento batean Mattin kanporat begira zagola, zango punten gainean. Trufatu beharrez, bere laguneri erran zuen:

      — Mattinek eltzekaria gehiago jan izan balu, iduritzen zait haundituko zela gehixago.

      Mattin ordukotz ohartua zen hartaz musikatzen zela eta ihardesten dio:

      — Hik jan duk, ba, eltzekaria ausarki; bainan kuiazkoa!

      Denak irri karkailan hasi ziren eta gu etxerat partitu.

      Xantza ginuelarik, guardek utzi ginduzten pasatzera, Beleari esker!

 

* * *

 

            Autoan gintuen gurekin gasna eta Belea,

            galdurik ginauzkan memento hartan boza eta elea.

            Elgarri behatuz, iduri ginuen hiruek tetelea,

            espekada ederra izan zan zelakotz mintzatzailea.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982