Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Belarretarat

 

      Urdazubitik mutil gazte bat etorri zen, Mattin pertsutarako galdez.

      — Arratsalde on, etxeko andrea. Mattin etxean dago?

      — Ez. Belarretarat gana da. Laster etorriko da, hain segur. Ttiki gure xakurra hemen dago. Nagusia, seguraz ere, norbaitekin gelditua da solasean. Beira zozu gure xakurrari —nion erran—, buzolaren orratza bezala ibiltzen du horrek burua.

      — Zer derasazu? —erraiten nau.

      — Ba, traktorran gana da. Etxekoaren arrabotsa entzun arte, ez da partituko hemendik.

      — Ori, hortxetan heldu da batto! Bertze bat ere ondotik. Hoitan da seguraz zuen nagusia?

      — Ez.

      Ordu hartan gure xakurrak bi beharriak xut ezarri zituen eta jauzika partitu.

      — Orai da, orai, gure Mattin. Ikusiko duzu hemen dugula bortz minuta gabe.

      Urrunetik ezagutu zuen. Etzen bakarrik traktorraren arrabotsa, bainan kantuz ari zen: Xarmegarria zira, eder eta gazte...

      — Bai! Zinez xarmegarria da horren boza! —nintuen erran mutillak.

      — Agur, Mattin. Belarrak idortu dira?

      — Egun ez. Biharko esperantzan nago.

      — Zure galdez nabil. Etorriko zira gure herriko bestetarat?

      — Belarrak sartzen baditut, hitz emaiten zaitut jinen naizela.

      Biharamun goizean, leihoak idekitzean, iduzki eder bat agertzen da Mulieneko etxe aintzinean. Zerua urdin-urdina zen.

      — A! Egun belarrak sartuko ditugu, hola segitzen badu.

      Goizean botatu zituen traktorrarekin; eta arratsaldean, bildurik, kargatu ginituen denen arte. Belarretan guziak egarrituak ziren. Bazen soroaren errekan ur xirripa bat. Beti halako ttintaka bat senti zen haren ondorat hurbiltzean.

      Botoilak bete ginituen ur fresko hartarik. Iduri zuten izerdiz bustiak. Hain ziren distirantak edari pare gabearekin.

      Bero izigarria zen egun hartan. Haritz haundi baten itzalpean jarririk, xapelak kendu ginituen.

      Gizon adinetako bat bazen, itsusia zinez! Apoak bezain aho zabala zuen, eta gainerat hortzik gabea, animale afrus horrek bezala.

      Mattinen atakadan hasi zen, buru kaskoa pelatua zuelakotz, erranez:

      — Ez diat egundaino ilargi xuritan, arratsaldeko bortz orenetan, nere pokadilloa jan.

      — Ba, eta gainerat hortzekin! —erraiten dio Mattinek.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982