Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Ohointza

 

      Agorrilaren zortzia zen, igandea, Arbonako bestak; eta, urte guziez bezala, bazkaltzera joaiten ginen nere burrasoen etxerat.

      Beztitu eta abian ginelarik, heldu zaizkigu bi gizon ile moztera. Mattinek koifurgoan ere bazuen jokoa. Mahain gainean emanik hiru baso eta botoila arnoa, gure Jean Pierre haurra eta biak oinez abiatu ginen, erranez:

      — Ixtante artio.

      Hogoi lagunez goiti muntatu ginen, bazkari on baten aintzinean. Etzen deusen faltarik egun hartan. Basoak usu husten ziren, eta gure Mattin orduan bero-beroa hasten da pertsutan, oroitu gabe etxean norbeitek bisita egiten ziotela.

      Eguna hasi zen bururatzen, eta gure pertsulariak, behiak bazkatu behar zituela, omore onean erraiten nau neri:

      — Zu zoazi plazarat bertzeak bezala, eta ni sarri etorriko naiz afaltzerat.

      Beha egotu ginen gure gizonari: kantuz bazoan bere mobiletaren gainean. Handik oren bat gabe, horra nun berriz heldu zaikun kexu-kexua:

      — Mari, zato zalu-zalua. Zerbeit debrukeria pasatu da gure etxean. Ohoin batek egin gaitu bisita.

      Orduan, bestarat gan beharrak ziren guziak, jin ziren bazterren ikustera.

      Auzoak ere hor ziren eta xahar batek galdegin zaukun:

      — Xingarrak hor tutzue bederen?

      Eta guk baietz, eta ordukotz ebatsiak ziren.

      Nola telefonarik ez baiginuen, Mattin joan zen plazarat eta polizari parte eman, eta memento berean etorri ziren. Galdatu zioten nortsu izan zitaken.

      Denbora hartan baginuen gipuzkoar bat gure etxean egoten zena. Nola ez baitzuen sos handirik berekin, hura akusatu zuen.

      Polizak kuxean hartu ta meriarat ereman zuten. Larderia frango eta gainerat zafraldi bat ona. Moltsa miatu zioten eta diru gutti atxeman.

      Orduan erran zuten etzela hura izaten ahal; bainan bertze bat bazutela begietan eta hura atakatuko zutela.

      Biharamunean heldu dire bertze harekin, bi eskuak estekatuak. Puska frango bazuen ebatsirik. Etzen hetan deusik gure gauzetarik. Bainan bazuen herriko faturrak bizikleta bat galdua, eta horrek zuen ebatsia. Harentzat abantaila izan zen egun hartan.

      Polizak erranik «bertze egun bat artio», horra nun auzoko gizon bat, Pello zuen izena, oihuka hasten zaion Mattini:

      — Zato hunaraino. Xingar bat bada sasi tzar baten inguruan. Zurea ote da?

      Laster gan eta ohartu zen etzela gurea. Bainan Mattin Urkia, Arbonako erretorearen aitatxik han baitzuen ontasun bat, uste izan zuen gure Mattinek, harekin zuela bere xingarra eta hor botatu zuela. Bainan etzen holakorik eta segituan polizari parte eman.

      Hek ez baitziren astoak, kuxean pentsatu zuten bezperakoa zela. Inkesta bat bazuten Ezpeletakoa. Hasi ziren sasi tzar miatzen eta atxeman hango xingar, fotografiako apareila eta karabina bat. Hortan pentsatu zuten, gure ohoin berak zirela.

      Bi metra urruntxago, pino luze batzu baziren, eta han arrastoek markatzen zuten, goardian norbeit egona zela.

      Gure etxe gaixoa! Ate guziak idekiak, leihoak. Xakurra, kanpoan zena, hura ere barnean sartua. Ganbararat joan eta oheak urratuak. Armoriuak, linja, denak lurrean; eta, gainerat, gure moltsa, ginuen diruarekin, falta.

      Ohointzaren aintzineko ortziralea, Donibane Lohitzuneko merkatua. Mattinek usaia zuen merkatuan ibiltzeko, bere behi, xerri eta emazteki hoien artean, prezioen jakiten; eta, bertzalde, maite zituen hoien atakatzen.

      Egun hartan kurutzatzen du de Monzon jauna, eta harek emaiten dio urre peza bat, norbeiten ganik zela. Kontenturik hartu zuen, ez baitzuen holakorik egun guziez sakelan sartzen.

      Bainan bazuen bertzerik gaizoak! Gure kontu eman berriak ginen eta xuhur ziren bazterrak. Bi behiren mozkina ginuen bakarrik.

      Haren burrasoak, gurekin bizi zirenak, joan ziren koinataren etxerat. Koinatari bere aita hil zitzaion eta bertze etxe baten jabe izan hura. Partitzean, lehen ere erran bezala, Mattinen aitak etxeko mozkin hoberenak ereman zituen, hura baitzen orduan gure denen nagusia.

      Halere gure gizonak etzuen esperantza galdu. Norbeitek erraiten dio:

      — Zer duk? Behia eskas? Atxemanen daiat.

      — Behia ba, bainan dirua?

      Gogoratu zitzaion auzoko atso baten gana joaitea. Harek dirua bazuen. Etorkizuna gehiago bazen etxe hartan. Bainan atsoa ez baitzen egun guziez trenpu berean izaiten, nola galda?

      Atea jotzen du eta sartzen. Zer ikusten du? Atsoa, besainka botatzen bere moltsa eta bere senarrari erraiten:

      — Horra: mezatik lekora botikan eman ditut nituen guziak.

      Eta Mattinek bere baitan:

      — Ez duk mementoa diruaren galdegiteko.

      Bainan ez baitzuen deusek lotsatzen, erraiten dio:

      — Ori, Mari, ni ere hortaz heldu nintzen zu ganat.

      — Hori erranik ere, badiat oino pixka bat. Zonbat behauk?

      — Behi famatu bat dut erosi beharra; eta zure pixka hartarik pixka bat emaiten ahal banauzu, egin nezake nere afera.

      — Emanen daiat behaukana —erraiten dio atsoak—, gero ere behartzen bahaiz, badiat oino xoko hortan.

      Erosten dugu behi famatu hura eta lanean hasten. Behia kuxean, mihia luzatua, ezin tira bere tresna. Ahalgeturik, erraiten nau Mattinek:

      — Goazen hemendik, nihork ikusi gabe.

      Egun hoi zen ohointzaren bezpera. Arrats hartan etorri zen atsoaren senarra eta nik nahi nion eman dirua. Bainan nola atsoarekin egina baitzuen tratua, ez nintuen utzi turnatzera.

      Gero zen komedia. Besta ederra egin behar ginuela eta akabo! Xingar, moltsa, urre peza hura ere barnean zaukan emana, denez gabetu ginen. Hura zen, hura, miseria!

      Gainerat etorri ziren asurantzak pagatzeko. Zer pasaia! Iduri zuten denek lapurrak zirela...

      Ez ginen halere lotsatu. Gazte ginen ta elgarrekin penak aiseago jasaiten dira. Eta gogoratu zitzaion pertsu zonbeit moldatzea. Kazeta Herria-n agertu ziren eta jende ainitzek irakurtu.

      Handik zonbeit denboraren buruan, Hazparne herrian egin zuten pertsu saio bat, eta han egin zuten ere eske bat, eta ordaindu zituen galdu guziak.

      Gero, eskerren bihurtzeko, bertze andana bat ere eman zuen.

      Pena guziak ahantzirik, entseiatu da, bai, gazteer, herrieri, xahar eta lagun oner, beti omoretsu agertuz, irri eginaraziz, gu denen Mattin gaizoa.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982