Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Urte zaharra

 

      Urte zaharra akabatzerat doa. Laster urte berria.

      Badu zonbeit denbora, gure Mattin Sarako gazteriarekin ibiltzen zela urte on desiratzen etxez etxe.

      Gazte andana dat fandangotan, akordeonista soinulariarekin. Fandangoaren artean, Mattin pertsutan artzen zen. Maite zuen handizki Saratar jendea!

      Pertsuaren ondotik, sukaldetako bisita egiten zuen, bazenez zintzurraren freskatzeko zerbeit: berdin salda bero xorta bat.

      Supazter xokoan, xaharrak egoiten ziren haren arribadari beha. Muxu goxo batzuekin errezibitzen zuten. Lorietan entzuten zituzten Mattinen pertsuak.

      Munduko filma ederrenari baino gostu gehiago hartzen zuten haren ditxoeri.

      Hasi arratsaldeko bi orenetarik, zazpiak artio ibiltzen ziren urte berri bezperan. Afari on bat egin lagunekin eta gero oherat.

      Biharamunean, zazpietan jeiki, baratzuri salda hartu ta berriz beren itzuliaren egitera gan behar.

      Urte batez, uria jauts ahala ari zuen. Soroz soro ibili behar. Ur erreka bat bazen pasatzeko.

      Mutil gazteak jauzika ibilki ziren. Mattin ordukotz adinean joaiki.

      Batek erraiten dio:

      — Pasa zaite bide hertxi hortarik. Luzeago izanen da, bainan hobe duzu. Bertzela, irriskatzen duzu urerat erortzea.

      Mattin, berotzen hasia, espantuka hasten da:

      — Ni erori? Ez diat uste!

      Sartzen da erreka barnean. Harri zabal batzu baziren. Heikien gainetik abiatzen da eta patatras!

      Urak gorasko baitziren, trenpa aldi bat ona hartu zuen.

      Bi mutillek hartu zuten besotik eta kenka txarretik atera.

      Ilun beltza zen memento hartan. Hain xuxen, bisean bis, etxe batetako argiak piztu ziren eta hango nagusiak deitu zituen, bozak entzun eta:

      — Zatozte barnerat. Hain segur, zerbeit hartuko duzue?

      — Nik segurik zure arropak, prestatzen balin banauzkitzu —dio Mattinek.

      — Zer arribatu zaitzu?

      — Ori: patinage artistique egin dut urean, diren harri xabal hoien gainean.

      Etxeko andreak laster ekarri ziozkan arropak. Iduri zuten harentzat eginak.

      Urte pare baten buruko, utzi zuen Sarako itzulia.

      Gazteek ere orduko ohidurak abandonatu dituzte.

      Halere, Sarako mentta hoitarat noiztenka gaten ginelarik, adinetako jendeek galdegiten zioten, noiz behar zuten berriz ikusi urte berrikari; ez zirela gehiago ohartzen noiz pasatzen zen urte xaharra.

      Mattinek:

      — Ez; ez naiz berriz hasiko. Zaharregi naiz orai. Begote gazteak!

      Nola urte hau bururatuko baita laster, Mattinen adixkide Euskal Herriko jende guzieri, bihotz-bihotzez urte berri on!

 

* * *

 

            Ez ditut ahanzteko Sarako egunak,

            bai heiek zintuela funtsezko lagunak,

            urtatsetan agurtuz adixkide denak,

            zorion beroenak, zer orroitzapenak!

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982