Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Komisionea

 

      Udazkeneko egun xoragarri bat zen. Mattin deliberatu zen, behar zuela otea pikatu behientzat, negua trankil pasatzeko.

      Igande goiza da. Mezarat joaiteko usaia baitzuen, Marotenea botikaren izena, maite zuen komisione batzuen ekartzea, ta nola eskas bainituen olioa oilaskoaren erretzeko eta gasna biharamuneko langileentzat, baietz eta baietz partitzen da nere gizona.

      Gan bazen, gan; noiz etortzeko?

      Bazen amerikano bat, zonbeit hilabeterentzat Ahetze herrirat etorria; eta, meza finitzean, Mattinek erraiten dio:

      — Nahi duk pilotan jokatu, goizeko kafe edariekin?

      Bertzea kuxean pilotaren bilarat gan zen, eta lotu ziren biak buruz buruka.

      Ordukotz, haatik, komisioneak erosiak omen zituen gure Mattinek, eta bizikletaren gainean emanak.

      Egun guzia hantxet ostatuko paretaren kontra egotu omen ziren.

      Partida finitu eta horra nun gure bi jokolariak sartzen diren ostatuan.

      Trankil-trankila beren kafearen aintzinean, eta han zuten Izarra botoilak hartu omen zuen arinaldi bat ona.

      Bi oren hortxet egon ondoan, deliberatzen dute gan behar dutela Arbonarat, hameketakoaren egiterat.

      Eta, nola eguerdi baitzen memento hartan, Arbonatik badoatzi Urruņarat, han herriko bestak baitziren, bazkari on bat behar zutela egin.

      Bainan... bainan... otruntza finitzean, xutitzen dira biak, labea bero-beroa egina zuten, eta abiatzen Ahetzerat buruz, nun bide puxka bat egin eta polizak arrestatzen dituen.

      — Hea! Xofur hori, nun ibilia ote da? Manera txarrak dira hoik guziak! Autoak bide guzia beretzat behar du...

      Amerikanoak:

      — Ma... ma... ne... ne... ra txarrak? Ez dut uste. Emaztegaiaren ikustera noa memento berean.

      Polizak orduan:

      — Gizon frexkoa behar dik ikusi nexka gazteak. Eta, horiek hola, sartu zaizte laster etxerat.

      Ahetzeko herrirat arribatzean, gure Mattinen bizikleta han zagon paretaren kontra, goizean utzi bezala.

      Hartzen du eta etxeari buruz abiatzen, gosetzen hasia baitzen.

      Etxean sartzen da pulliki-pulliki, miatuz xoko guziak, baitzakien salda segur egina nuela, eta oilaskoa, hiltzen ikusia, hura ere errekitzat bazela. Ez bazen olioarekin egina, urinarekin bederen.

      Denak menean suertatu zitzaizkon eta lotu zen afaltzen.

      Jan ondoan, xutitzen da eta ohetik sentitzen nuen erraiten:

      — Bapo, gizona! Ez nauk hain gaizki lo iterat joaiteko!

      Heldu da ganbararat kantuz murmuran, eta oihu egiten nau:

      — Etxe huntan jendea lo dago?

      Eta ni itzulia ixil-ixila bertze alderat, ez diot errepustarik emaiten, nun auzoko senar-emazteak hor heldu diren ateari joka. Mattin badoa leihorat eta galdatzen:

      — Nun ibilki zarete?

      — Luik erran gaitu etzinela oinon etxerat sartua eta Mayiren ganat heldu ginen. Zer da? Lo bederen?

      — Lo, ez dakit. Hilak baino gehiago ez du mintzatu nahi.

      Gau guzia lotan bezala pasatu ginuen, eta biharamunean heldu gure ote-pikatzailea bere langileekin eta Mattini galdegiten:

      — Zer denbora egin behar du egun?

      — Nik ez zakiat. Sukaldean segurik galerna duk.

      Eta orduan iduzkia agertu zen egun guziko.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982