Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Mahastia

 

      1939an, gerla zen Frantzian. Gauza guziak negurtuz ziren. Kartan erosi behar arno, ogi eta gaineratikako guziak. Hemengo laborariek deliberatu zuten mahastiak landatzea.

      Mulienean gauza bera egin zuten. Mattinen aita zenak eta biek landare hoberenetarik sartu zituzten, eta artatzen zuten artoski.

      Gure Mattin etxeko nagusia gelditu zenean, berak maite zuen bere mahastia, moztu, esteka eta behiekin lur lantzen ginuen.

      Udarat ginenean, mitriola prestatzen zuen. Bere untzia bizkarrean harturik, xixtuz, polliki-polliki hosto ferdeak arrosatzen zituen, bere baitan eginez: hunek merexi dik kasu handia egitea, nahi badiagu uzta ona izan.

      Lana bukatuta, loriaturik egoiten zen: iduzkiak urdindurik uzten zuen kolore paregabea!

      Udazkena etortzean, mahatsaren biltzeko tenorea: lerroak molkoz beteak, batzu beltxak, bertzeak xuriak.

      Saskiak mahasti buruetan pausaturik, lagun multxo bat muntatzen ginen bi lagunek lerroa artean harturik. Zer irriak, zer solasak, mahatsa artetan jastatuz! Haur andana bat ere biltzen zen, bisaia eta eskuak denak mahats jusaz oratuak. Gizon eta emazte denak artzen ziren zoinek lehenik bete beren otarre ttikia.

      Mattin, bere lagun batzuekin, etxean artzen zen, maxinetan mahatsaren lehertzen. Untzi handi batzu betetzen zituzten, urteko arnoa biltzeko gisan.

      Gero zen besta. Mahain inguruan auzoko jende guziak elgarretaratzen ginen, afari on baten egiten, batzu ixtorio kondan, bertzeak kantuz. Mattinek botatzen zuen pertsu ederrik orduan, bere urteko arnoa barnean sartua zuelakotz.

      Handik zonbeit egunen buruan, batzuek maite zuten arnoa, irakitzen ari zen hura, jastatzea.

      Arnoa barriketan zelarik, etzuen lagun eskasik. Herriko faturrak ere egun guziez edaten zuen Mattinen arnotik.

      Semea handitu zenean, hura ere fatur joan zen. Mattinek maiz bazuen pertsutako galdea. Gure mahastia gibelka hasi zen. Xoriek usu egiten zuten bisita, eta biltzeko tenorean molkoak biluziak.

      Orduan deliberatu zuten hobeago zela mahastia ateratzea eta behiak soroan emaitea. Geroztik iduzkiak hanbat bizkarra berotu diote. Oroitzapenezko pattar goxoak!

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982