Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Gogorapenak

 

      Mattin gizon ttiki borobila deitzen zen Ahetzeko lorea.

      Bere inguruan pertsulari lagunek ornatzen zuten, bukata eder bat bezala konparaturik, osto ferdeak iduriz.

      Hetan zuen esperantza, heien artean bizi zen, bihotza alegeratzen zitzaion, hura zen harentzat egiazko ametsa.

      Maite zuen kantatzea xaharreri, gazteeri. Berotu egiten zen eskuak xalotzean. Extraordinarioa zen gainerat.

      Orai Mattinentzat ez da gehiago bertsurik. Beharba zerutik Donostirat begira dago aurtengo omenaldiari.

      Mugartegiren aldia zen aurten. Bizi izaitearekin bisita eginen zion. Bertsu zonbeit emanen ere hain segur goresteko, pertsulariak merezi zuen saria.

      Bai, Mattinek maite zituen pertsulari guziak. Denak berdin estimatzen zituen, batere berexkuntzarik gabe.

      Eri handi zelarik, memorioa ongi zaukan halere.

      Egun batez erran nintuen:

      — Ni hiltzen naizenean, ene ehortz egunean nahi nuke ene pertsulari lagunek hilarrietarat eremaitea.

      Hala egin zuten. Haren nahia ihardetsia izan zen.

      Hogoita hamarrez goiti, pertsulari bakoitzak beren azken agurra egin zioten egun hartan.

      Beti erraiten zuen:

      — Zorretan gelditzen naiz, hoiek neri egiten nauzkiten ongientzat. Nolaz? Zer gisetaz pagatuko ditut?

      Ongi izanez geroz, bere bihotz sentikorra bi parte eginen zuen bere lagunentzat.

      — Ikus artio! —erraiten dute menturaz Xalbador eta Mattinek, Donostian kausituko diren guzieri, eta kantatuko elgarrekin gloriaren himnoa.

 

* * *

 

            Radiotik entzun dut aurtengo omenaldia,

            Mugartegik zuen dudarik gabe ondo merezia.

            Holako bertsularia aipatu gabe ezin utzia;

            ene partetik goresteko zor zitzaion guzia.

 

            Bertsulari paregabea, ibili zira herriz herri,

            hameka aldiz jendeari egin araziz nigar eta irri.

            Zuk bezalako bertutea duena da zinez konsolagarri,

            desiratzen zaitut izaitea ororentzat pozgarri.

 

            Bertsularia izan da neretzat lehena,

            penak direnean hitz batekin histen dakiena.

            Uros izaitea da munduan gauzik beharrena,

            ez izan arren ez ditaike sekulan nihor kondena.

 

            Nik ere banaukan kantari bat fina eta gozoa,

            bertsulari batentzat ez baitzen arras zozoa.

            Haren hitza aditzean ez zen segur faltsoa,

            maite zituen lagunak, maite Eskual Herri osoa.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982