Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Ikus arte!

 

      Mattinen bizia izan da zinez bakezko bizia! Hogoita hamalau urte uztailaren bederatzian ezkondu ginela. Urteak joan dira ametsaren pare. Bozkariotan ereman dugu gure bizia elgarrekin, pena zonbeit artetan jasanez. Jasaten errexak ziren harekin nahigabeak. Berak gordetzen zituen ahalaz, neri atsegin egiteko.

      Lagunek, alegera ikusten zutelarik, erraiten zioten:

      — Hi futitzen haiz? Bizi ederra iragaiten duk, hire kantueri esker.

      — Bai, hala duk. Bainan zuek zertako ez duzue nik bezala egiten? —ihardesten zioten Mattinek—. Kantua denentzat libro duk... Bainan kantatu behar dik! Kilometra frango egiten diat, gauak gauari, zuek trankil ohean lo zaiztelarik. Nik ere maite nikek pausua, zuek bezala. Bainan badiat bertzerik gogoan: maite ditiat lagunak, maite kantatzea, ene bozak dirauno Eskual Herri osoa nahi nikek zerbitzatu.

      Mattinek osasun ona izan du. Jan-edanek ez zioten kalterik egiten, adin bat arte segurik. Osagarria azkar atxikitzeko, usuegi zituen lagun arteko otruntza erregearenak, basoak beti gaindika pagatzaileen bortxaz.

      Egun batez, bere burua ez ongi sendi izanez, erraiten nau:

      — Ez dakit zer dutan. Beti egarria naiz.

      Sukarra hartu nion. Baterez!

      — Medikua beharko duzu ikusi —nion erran.

      — Medikua zertako? Ez dut nihundik minik sendi.

      Halere deliberatu zen joaitea. Narbaitz Andres bere mediku hautatuak analizak egin arazi ziozkan. Handik zonbeit egunen buruan, jakindu zuen bazuela azukrea, delako diabeta hura.

      Gogoetatu zen puxka bat. Medikuak rejiman eman zuen. Maite zituen gauz on guziak debekatu ziozkan. Ixtant bat karkulan egonik, galdatzen dio medikuari:

      — Uste duzu, rejima hoi segituz hobetuko naizela, dena pilula hartuz, janariaren ordain?

      — Ez dautzut jan gabe egoiteko manatzen; bainan kasu egiteko —zion erran Narbaitzek—, eta partikulazki alkoolari.

      — Zer egin behar dut, lagunen artean naizelarik, hek edaten gostuan eta ni heieri begira?

      Hain xuxen, memento hartan San Martinak ziren. Bere lagun Xalbador eta Loiato Hazpandarra jin zitzaizkon bazkaltzerat. Gure gizonak rejima hasi zuen egun hartan. Zonbeit egunen buruan, jautsi zitzaion bere azukrea.

      Kuraia berriz harturik, abiatu zen bere kantuzko lanari. Asko tokitan bortxatu nahi zuten edaterat; Mattinek ez.

      — Zer zira, eritu? —galdegiten zioten lagun zonbeitek.

      — Bai bai! Xaharreria hasia dut.

      — Zer duzu?

      — Zer dutan? —dio Mattinek—. Beihalakoak erraiten zuena: hiruetan hogoi urtetik goiti izaiten diren guziak. Ez nau horrek kexarazten ainitz. Jiten ahal banaiz, zonbeit urtez segurik, ikusiko nauzue zuen artean.

      Handik laster, medikuak sarearazi zuen klinika batetarat, bere azukrea normalerat ekarrarazteko. Sekulan baino gorago zuen! Hango medikua harritua zagon, erranez ez zela satifos haren analizez.

      Mattinek errepusta:

      — Ez zarela kontent? Nik zer behar dut erran orduan?

      Etxerat utzi zuen sartzera eta pollikitu zen.

      Lanean hasi zen, bere semea lagun. Deliberatzen du traktor bat behar duela erosi, bertzeak sobera gastu zuelakotz. Ekarri zutenean, laster abiatu zen bere egun guzietako lanen egiten.

      Auzoan bazuen gizon bat dena balentria. Mattinek pentsatu zuen behar ziola erakutsi bere maxina.

      Badoa arratsalde batez, bere traktorraren gainean kantari, bere xakur ttikia ondotik.

      Handik oren erdi baten buruko, heldu zait oihanzaina hats hantua: Mattin traktorraren azpian zagola ezin ateratuz, ez jakin bizi hala hila zen.

      Anbulantza etorri zen kuxean. Mattin lurrean zagon, sofrikarioak ezin jasanez. Xakurra han zuen bere ondoan, milikatuz haren zauriak.

      Berrogoita zortzi egun pasatu zituen klinikan, Jesus kurutzean bezala, higitu gabe ohean. Errainak xehatuak, alde guziak kolpatuak! Hariztatu zuten, dela sudurretik, besotik, botoila frango hustuak odol emaiten eta hazkurri.

      Pullikitu zelarik, hari guziak kendu ziokaten eta ohean hasi zen mugitzen.

      Infirmier neska gazteak, lan gutixko zutenean, atea zerratuta jiten ziren Mattinen atakatzerat. Ixtorio frango kondatzen ziozkaten. Orduan hasi zitzaion morala azkartzen.

      Eriak ere etortzen ziren haren ganat, kurri ibiltzen ahal zirenak. Jakina zuten bertsularia zela infirmierek erranik, eta gustatzen zitzaizkioten haren ateraldiak.

      Arats batez, Mixel Labeguerie eta Mixel Itzaina jin ziren haren ikustera. Ixil ixilik galdatu nion Mixel Labeguerieri, zer pentsatzen zuen Mattinez; bazen esperantzarik, berriz pizten ikusteko.

      Medikua zenaz geroz hura ere, eskuak hartu ziozkan eta behatzeri begiratu. Irri ezti batekin erran nintuen:

      — Laster altxatuko da hemendik eta pullikiturik joanen da etxerat.

      Konfientzia osoa hartu nuen gizon haren baitan. Hala gertatu ere baitzen: pullikitu zen, bainan ez sendatu!

      Etxerat etorri ondoan, reeducation hartarat behar izan zuen gan. Mutil gazte bat, Basile deitzen dena, hura ere ixtripuz gaizki gelditua eta biak joaiten ziren Bidarterat, kine baten ganat.

      Andana bat baziren sala handi batean, gizon eta emazte, denak elgarrekin, lurrean etzanak. Irria frango egiten zuten beren gymnastika denboran. Emazte lodi bat bazuten berekin batean. Hari astokeria zerbeit erranez, anbiantzan pasatzen zuten beren arratsaldea.

      Ibili zen hola hilabete pare bat, bainan Mattinen errainak ez ziren gehiago arrimatu. Baionako Delay klinikarat gan behar izan zuen.

      Bi egunetarik behin, dializarat gan behar zuen. Anbulantza jiten zen etxerat haren bila. Bortxaz egiten zuen piaia hori; ez zuen on handirik sentitzen.

      Noizetik noizerat, Narbaitz Andres jiten zitzaion ikustera. Han ziren ganbara luze batean, denak lerro-lerro estekatuak. Bai zinez! Behar zen kuraia, estatu triste horren ikusteko.

      Halere, bere min guzien artetik, deneri irri egin arazten zuen. Bere ondoan zituen lagunek maite zuten. Nihor etzen kapable, hura bezala, ateraldi edo ixtorio kondairan artzeko.

      Hil delarik, denek nigar egin dute, Mattinen eskasa senti zutela erranez, alegeratzeko.

      Bai, ikusten zuen bere bizia laburtzen ari zitzaiola. Memento batzuez trixtatzen zen, sofrikarioak nausitzen zitzaizkionean.

      — Mari —nintuen erran egun batez—. Ni hiltzen naizenean, nere bertsulari lagunek nahi nuke eremaitea hilarrirat.

      Nigarrez hasi nintzen:

      — Zertako egiten duzu nigar? Nik ez dut trixteziaren beharrik. Zoazi katedralerat otoitz egiterat.

      Hamabortz egun iraun zuen manera peningarri batean. Artatzaileak hurbiltzean, beti galdatzen zioten:

      — Noiz bada eginen duzue zerbeit ene sofrikarioen kentzeko?

      Batek, besoa altxaturik, esperantza eman zion:

      — Luza gabe ikusiko zaitut kurri ibiltzen lehen bezala.

      Ez dakit sinetsi ala trufaz hartu zion: denetara ekarria baitzen kuraia handirekin. Deitu nintuen bere ondorat:

      — Bihar, faltarik gabe, ekar netzazu nere makilak, pixka bat ibil nadin ganbara barnean.

      Mandatu hura ez nuen ahantzi, eta makilak eman niozkan bere ohearen ondoan. Zorigaitzez, debaldetan izan zen. Sobera min zuen!

      Goiz guziez telefonatzen nintuen, bi, hiru aldiz bederen, medikuen bisita ondoan. Goiz batez deitzen nau manera berezi batez:

      — Mari, zato ene bila. Zurekin naiz hobekiena. Hil behar badut ere, zure besoetan nahi nuke!

      Ene nigarraren suspira sentitzen zuen telefonaren buruan.

      — Zaude ixilik, emaztekia! Ez naiz oinon hein hortan. Hau ere korreituko dut, bertzeak egin ditudan bezala. Kontxita zure laguna eta biak zatozte arratsaldean, usaia duzuen bezala. Hemen izanen naiz bizirik.

      Bi egunen buruan operatu zuten eta orduan eman zuen azken hatsa.

      Memento hartan, lantzeta ukaldi bat bezala senditu nuen ene bihotzean sartzen. Hotz batek hartu nintuen gorputz guzian. Ez nakien zer egin. Haren arropak eskuan nituelarik, uste nuen ohoin batek hartu nintuela nere Mattin gaizoa! Makilak, aldiz, ohe xokoan zauden, nik eman bezala.

      Kontxitak Mattinen arropak eta nik haren makilak, atera ginen ganbaratik, medikuarekin solasak eginik. Ez nuen urratsik egiten ahal. Bi zangoak moztuak bezala nituen.

      Kitatu nituen behin betikotz orroitzapenezko klinikan pasatu egunak. Nigarrez hurtua, gorde nahi nuen harek bezala. Ezin zen posible. Gaindiak hartu nintuen.

      Etxerat ekarri zutenean, mundu bat bildu zen azken agurraren egiteko. Narbaitz Andres haren medikua ere jin zen.

      Radiotik entzunik, Arantxa Aranburu ere etorri zen. Egun batzu pasatu zituen gure etxean. Mattinek hain maite zuen bere Arantxa! Kuraia handia eman nintuen neskatxa maitagarriak, eta otoitz egin ginuen elgarrekin.

      Erran ditaike, gure oroitean, egundaino Ahetzeko pilota plazan ez dela ikusi enterramendurik, Mattin Aheztarrarena baizik.

      Ikus arte, Mattin! Atera nezazu ilunbetarik, eta otoi ezezta gain hortarik ene nigar malkoak...

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982