Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Aintzin solasa

 

Antonio Zavala

 

      Ahetzeko Mulienera, Mattinen etxera alegia, 1967ko Ekainean iritsi nintzen lehen aldiz. Egun batzu aurretik Bertsolari Txapelketa jokatua zen, Mattin ere tartean zela. Berak kantatu bertsoak erakutsi nahi nizkion, manetofonotik paperera xuxen kopiatuak ote ziren esan zezan, txapelketako bertso guziak argitaratu asmotan ginen eta.

      Ongi hartuak izan ginen. Bazkaldu ere bertan egin ginuen. Ondoan, bertso zahar kantatzeari ekin zion Mattinek; bai berak paperean emandako batzu ere.

      Gogoan det: bazkaldu eta, Mattinek semea, artean hamabost bat urtekoa, behi zaintzera igorri zuen etxe ondoko larrera. Bainan Mulienean telebisionea ezarri berria zuten, eta mutikoa ezin bada hura ikusi gabe egon. Leihoaren kanpoko aldetik jarri zen, horrela aitaren manua eta bere gostua batera eginez. Aitak irriparrez ikusi zuen semearen manera hura.

      Mattinek, ezer gutti behar baitzuen nihor adiskidetzat hartzeko, haren etxean egin bazkari hori aski izan zuen handik aurrera agur goxo bat neri egiteko, han edo hemen bertso saioren batean elkar ikusten ginuenean.

      Hurrena, Xalbadorren Ezin bertzean prestatzerakoan joango nintzen Mattinen etxera, beraren bertso batzu ere liburu hortan agertu beharrak ziren eta.

      Handik puska batera, Mattinen Ahal dena liburuaren txanda etorri zen, eta Mulienera zenbait itzuli egin nituen, Ahetzeko bideak ongi ikasi arteraino noski.

      Batean, Joan-etorria egin eta, kartera (portafulla) falta nuela ohartu nintzen. Etxetik atera, autoan sartu eta nihon gelditu gabe Ahetzeraino joana bainintzen, segurik Mattinen etxean galdua izango nuela pentsatu nuen. Biharamunean berean joan nintzen Mulienera. Ikusi eta honela egin zidan lehen agurra Mattinek:

      — Xantzarik gabeko umea sortu nintzen ni! Behin kartera bat bilatu eta jabea berehala agertu!...

      Etxe xokotik kantari liburua zela eta, beste zenbait agerraldi egin nituen Ahetzera. Mattinek umore ona atxikitzen zuen. Bainan ez zen lehengo gizona, alderatzeko ere. Ageri zuen gaitzek eta istripuek menpean hartua zutela. Halere, ez zitzaidan burutik pasa ere, hain laster hegaldatuko zenik. Ez baitzuen bere bigarren liburu hori ikusi ere egin.

      Joan-etorri hoien bitartez, Mari, Mattinen andrea ere ezagutu nuen noski. Bai berak prestatutako jaki goxoak jastatu eta jan ere. Eta beste gauza batez ere ohartu nintzen: bertso zaharrak, Mattinek bezain ongi zakizkiela, beren aire eta guzi. Adibidez, Mattinen osaba xahar Mattin Gariador zenarenak.

      Beste batean, Etxe xokotik kantari liburua prestatzen ari ginela, ni han arribatu nintzen, zenbait puntu galdetu beharrez. Baina gure lana bukatu baino lehen, Mattin Miarritzerat dializa egiterat ereman behar zuen anbulantza etorri zen. Bera hantxe joan zen noski; bainan aurretik andreari gomendatuz nere duda guziak berak argitzeko. Konfiantza osoa zuen, beraz, harekin bertso kontuan ere.

      Gertaera edo argibide hoiek, Mattinen andrea euskaltzale eta bertsozale suharra zela erakutsi zidaten; eta hori jakiteak ekarriko zuen bere ondorioa.

      Mattin itzali ondoren eta Etxe xokotik kantari agertu orduko, Mulienera joan ginen, urriaren arratsalde batez, Aranalde adiskidea eta biok, liburu berria eramatera.

      Bihotzak duenetik mintzo baita ahoa, Mattin zenaz hasi zitzaigun beraren andrea. Bai guk arretaz entzun ere, denbora berean nik nere buruari honela esaten niolarik:

      — Mattin zenaren gertaerak, ezin hobeki kondatzen ditu honek. Liburu bikaina egin lezake, hol-hola paperean emango balitu.

      Azkenean, haren euskaltzaletasunaren berri lehendik ere bai bainekien, ausartu ere egin nintzen esatera:

      —Errazu, Mari: zergatik ez dituzu hoiek denak izkiriatzen? Mattinen bizia liburu batean, zer gauza ederra!

      Honela erantzun zidan:

      —Ni ez naiz lan hoietarako gauza.

      Bainan nik segi:

      —Hori nihork ez daki, frogatu arte. Izkiria ezazu gertaera bat eta neri igorri. Orduan egi-egia erranen dizut: lan ona bada, aurrera; eta, kaxkarra bada, fini. Zuk paperean emanak, neronek maxinaz pasa beharko baititut, eta nihor ez baita debaldetan lan egin zale.

      Orduan, puska batez pentsaketan egon ondoren, honela galdegin zidan:

      — Eta zer gertaera kondatuko dut, froga hori egiteko?

      Pentsatu beharra orduan neri heldu zitzaidan, eta nolabait ere argi izpiren bat bildu nuen:

      — Zuen etxe hontan ohoinak sartu ziren behin batez eta ahal zituzten guztiak ereman. Hori zela eta, baditu Mattinek bertsoak emanak. Ohointza hori konda ezazu, Mari, xehetasun guziekin.

      Egun hartan horrela partitu ginen. Handik egun batzutara, eskutitz lodi bat etorri zitzaidan. Eta nundik, eta Ahetzetik. Ideki eta irakurtzeari ekin nion. Mattinen etxeko ohointza bai ederki kondatua. Nere beste lan guziak alde bat utzi eta maxinaz kopiatzen hasi nintzen. Hartan ari nintzela, nere buruari honela errepikatzen nion;

      — Liburu berria badugu, eta ez nolanahikoa!

      Handik aurrera, gure arteko harremanak era hontan ereman genituen: Noizean behin ni Mulienera agertu. Mari eta biok Mattinen gertaera bat edo beste hautatu. Gero, harek horiek idatzi eta neri igorri. Batzutan, berari geroztik bururatutako gertaeraren bat ere berdin igorriko zuen. Nik hoiek maxinaz idatzi. Hol-hola jardun gera zenbait hilabetez, zer kondatuak bukatuxe arte.

      Baina Mattinen andreak bere lana Lapurdiko euskeraz egin du noski, eta ni gipuzkoarra izaki. Horregatik, beharrezkoa zen Bidasoaz ipar aldeko norbaitek liburuari behakoren bat ematea. Emile Larre adiskideak hartu du bere gain zer egin hori. Mila esker!

      Baina ondoren eskaera bat egin zidan: etxeek oinarriak eta zuhaitzek erroak bezala, liburuek ere badutela izkutuko lana, eta lan hori nola egina den adieraztea on izango zela, Mattinen etxekoak eta bion arteko harremanak bide nabar azalduaz.

      Eskaera horri erantzun beharrez, aintzin solas edo hitzaurre hau idatzi dut.

      Ez dakit Mari unatuko zen. Nik nerea aitortuko dut: nekerik batere ez eta atsegingarri izan zait lan hau egitea; eta uste osoa dut lan baliosa egin dugula.

      Hala, Mattinen andreak nerea izan du lehen gorespena; Emile Larre adiskidearena, bigarrena. Eta segur naiz, Euskal Herri osoarena izango duela laster.

      Bainan halere gorespenik beharrena falta... Zer bertso kantatu ote dio, irri gozo batekin, zeru gainetik, Mattin gaizoak?

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982