Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Bideak

 

      Jendeeri entzun izan dut milaka aldiz: Mattin kokin!

      Bai; Mattin kokina zen. Aski zen hari behako bat emaitea, eta laster ohartu egiten zen haren begietan bazela halako behatze bizi bat, dena malezia, dena karkula eta gainerat abila.

      Ez zuen balio harri erraitea:

      — To, hik ez ahal dakik? Holako toki batean ez dukala ikusi zer edo zer?

      Ez, ez zuen deus erranen. Bainan haren begiek, potret batean bezala, hartua zuten, nihork uste ez zuen argitasun bat.

      Lapurdiko seme bat zen gure Mattin, denek ezagutzen zutena. Zonbeit aldiz ibilia mugaz bestaldean ere. Hango jendeak, han sortuak izanagatik ere, ez ziren hura bezala hango herrietan ibiliak; eta Mattinek, solasean hasi eta, esplikazione frango emaiten ziozkaten, norat joan behar baitzuten eta harat joaiteko bideetako xehetasunak.

      Harrituak egoiten ziren, zoin aise gogoan hartzen zituen, dela auto-route edo handik ateratuta zer bidexka segitu behar zen eta holako...

      Behin batez, Lazkao Txiki eta biek gan behar zuten, deskartean zen herri batetarat. Lazkao Txikik hartua zuen karta; Mattinek ez. Bainan Mattinek, ordukotz, kartaren itzulia gogoan zaukan.

      Lazkao Txiki badoa aintzinean, bere autoan bakarrik; Mattin ondotik, zeren arratsean bi aldetarat behar baitzuten partitu.

      Bihurgune batean arribatzen direlarik, Lazkao Txiki gelditzen da, bere karta hartzen du eta hasten zaio Mattineri erraiten:

      — Hunarat gan behar diagu, marrak emaiten duenaren arabera.

      Mattinek:

      — Horrat ganez geroz, gibelarat heldu gaituk.

      Halere Lazkao Txiki obeditu zuen. Bainan gaizki. Handik berriz itzuli behar izan zuten. Mattinek ez zaukan kartarik, bainan lehen ibilia baitzen leku hoietan, eta ez zituen ahantziak.

      Tazkao Txikik orduan:

      — Nolaz, bada, hartzen dituk hoin aise xoko guzietako harat-hunatak?

      Mattinek:

      — Galda zotek Ezponda eta Xanpuni; hek erranen haute. Heiekin gaten naizelarik, kuxean hasten zaizkitak: holako tokirat joaiteko, zonbat kilometra dituk?

      Mattinek zalu-zalua:

      — Hunenbeste. Holako bihurgune batean ikusiko duzue borna bat, eta urruntxago patar kasko batetarik erakutsiko zauztet halako herria, lehen ibilia naizena eta egun joan behar duguna. Handik bi kilometra inguruan, behereko xilo-xiloan duk. Harat arribatu gabe, baduk etxe eder bat. Lehen ez zuan holakoa. Baserri etxe xahar bat zuan, eta orain dena berritan ezarria ditek. Horko jendeak biziki sanoak dituk. Ez diagu deusen eskasik izanen. Frangotan hartu diat oilo salda ona, baso arnoa ondotik. Urruntxago joan eta baduk bertze ostatu ttipi bat. Handik goizeko oren batean partitu nintuan bakarrik mobiletan. Ez gero orai bezala autoan. Uriak uriari ibilia nauk nere tresnaren gainean. Zerbeit gertatzen bazitzaitan, ez zuan ez elektrikarik, asko tokitan mendiak iduri baitzuten gehiago iluntzen zutela bidea. Uraren arrabotsa senditzen zuan bakarrik. Etxeak bakan, jendeak lo, ni pasatzen nintzen tenorean. Ez nauk izipera izana nere denboran. Orai ere nahi nikek, orduko zalutasuna banu! Zer nahuzue? Betikotz ez gaituk izaiten ahal! Utz dezagun gazteeri segida. Guk bezain bat herri kurritu artean, joanen zaiotek denbora.

      — Oroitzen nauk egun batez —zioten erran Xanpun eta Ezpondi—, Xalbador eta biak gan beharrak gintuan Irunerat, arratseko hamarrak alderako. Negu beltza zuan. Xalbador ez ageri, bakarrik gan nintuan. Han arribatu orduko, besta muntatzaileek galdegiten naitek:

      — Nun da Xalbador?

      — Batere ez dakit. Ez du deus berririk igorri.

      Batek dio bertzeari:

      — Hura ez bada heldu gaur hunarat, ez dugu bestarik egingo.

      Hau komedia! Nihork ez jakin haren etxeko bidea. Bainan bazen batto xuxen zakiena. Hura zen Mattin, eta erraiten diote:

      — Bada hemen norbeit, taxigoa egiten duena?

      Gizon bat presentatzen da. Mattinek hartzen du paper bat lapitzarekin. Hasi Irundik eta Urepeleraino markatu ziozkan kilometroak, herri guzien izenak, bihurgune guziak seinalatuz...

      — Eta orai — zion erran Mattinek xofurrari—, zoazi trankil Urepeleraino. Kasu egiten baduzu, nik eman xehetasunekin ez duzu tronpatzerik.

      Taxia harturik abiatzen da bakarrik gure gizona. Batere nihun gelditu gabe, gure xofurra arribatzen da Urepeleko plazan. Ostatu batean galdegiten du Xalbadorrenea. Handik laster heldu zen etxe aintzinerat.

      — Argia itzaliak, segur lo egiterat joanak dituk tenore huntan —zion bilariak.

      Halere atea jotzen du. Xalbador agertzen zaio.

      — Nor da hemen tenore huntan —galdatzen dio Xalbadorrek.

      — Ni naiz! Zure bila heldu naiz —dio xofurrak—. Zu gabe ez dute bestarik egingo Irunen.

      — Mattin han duzue? —dio Xalbadorrek.

      — Bai; aspaldi han dago.

      Zalu-zalua bizarra egiten du eta prestatzen da Xalbador. Hamar orenetako xuxen arribatu ziren Irunen, bide luzea eginik. Denak harrituak ziren, eta partikulazki kontent.

      Besta ederra iragan zen egun hartan. Eta gai emaileak bazuen zer eman, jendeen jostarazteko...

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982