Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Kristo kurutzean bezala

 

      Emazte bat jin zitzaitan egun batez, Mattinen liburuak banituenez galdeka.

      Baietz, bazirela haren doia ihardetsi nion.

      — Ez ahal dakizu norentzat ditudan?

      — Norentzat bada?

      — Haren lagun ziren bi erirentzat. Mattin, hilik ere, erien gogo-bihotzetan beti piztua dago.

      Handik zonbeit egunen buruan, eri hetarik bat jin zen gure etxerat.

      — Agur, etxekoanderea. Bizi zirea? Beti jin nahia nintzen zure ikustera.

      — Ikusten nauzun bezala, hemen nago, gogoa tristerik.

      — Ez otoi trista soberetan. Mattin segur naiz zeruan ere beti berdin alegera dela. Baginuen denek haren beharra. Bere sofrikarioen gatik ere, beti baziren haren ahotik hitz pollit batzu ateratzen zirenak, eta orduan gure oinazeek iduri zuten eztitzen zirela. Bera ere, sofritzen zuelarik, eni gomendatzen zen, eta amultsuki lotzen nintzaion ene seme bati bezala, ustez nere partetik ezeztatuko nizkiola hain barnatik senti zituen doloreak. Iduritzen zait ikusten dutala oraino Kristo kurutzean bezala estekatua eta bere omorea atxikitzen, inguruan zireneri kuraia emaiteko. Bai zinez! Baginuen holako baten beharra! Haren ixtorioak ditugu gogoan, haren liburua irakurtzen dugu ahalik eta maizena, bihotzez gure artean dugu oraino. Haren boza ere entzuten dugu disketan. Mattin bezalakoak ez dire sekulan ahanzten. Agian gure Jainkoak bertze holako Mattin bat sorraraziko dauku munduan eta partikulazki Eskual Herrian.

 

* * *

 

            Adios, Mattin maitea, hurbil da uztaila,

            herioa orduan jin zen zure bila.

            Jendea ospez, oihuka galdez, ote zinen hila.

            Hori ikusi eta, iduri zen beila.

 

            Xanti zure lagunak utzi du mundua,

            harekin igorri dut nik nere mezua:

            bihotz-bihotzez, onart dezazun, milaka musua,

            otoi, begira zaude, zabalik besua.

 

            San Martinen lekuan jarria zeruan,

            zure adixkideak bildurik onduan,

            kanta zazue beldurrik gabe deskantsu osuan,

            hark eman kapa haren geriza xokuan.

 

            Uzten zaitut erranez ikusi artio,

            nigarra egiteak ez baitu balio!

            Kantatu dugu milaka aldiz, ez nuen hastio,

            sinalatzen ginuen bien amodio!

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982