Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Oiartzungo omenaldia

 

      Xalbador hil zen. Mattinek geroztik suerte txarrak izan ditu. Baina bere ixtripu guzien artetik etzen ahantzia izan.

      Gan den ekainaren zazpian, Oiartzunen, hango herritar guzien izenean, egin zioten omenaldi bat ederra, plaza berri xoragarri hartan. Bazuen hogoi ta hamabortz urte herri hortan pertsutan ibiltzen zela.

      Baionan dializan zelarik, etorri ziren Kaxka, Mitxelena eta bertze lagun bat: omenaldi bat egin gogo ziotela eta eian onartuko zioten.

      Bakarrik nintzen etxean eta ez nakien nola ibiliko zenez. Erran nioten berriz etortzeko.

      Etorri ziren, bai, laster. Mattinek onetsi zioten:

      Etzela soberarik ongi; bainan halere, gure Jainkoak bizirik uzten bazuen, joango zela.

      Anbulantzako xofurrari aipatu zion eta harek eremanen zuela; andrea eta biak jinen zirela.

      Dotzena bat lagun muntatu ginen Oiartzunat joaiteko.

      Plaza berriaren ondoan, han zagoen jaun Aranalde apeza Mattinen goait.

      Nola Mattinek bere makila etxean ahantzi baitzuen, Aranalde apezak laster ekarri zion nunbeitik. Etzuen deusen eskasik izan.

      Salda bero xorta bat hartu zuen harek eskainirik. Beti aita familiako baten pare kontsideratzen zuen jaun Aranalde apeza.

      Tenorea etorri zenean, jende ainitz bildu zen Mattinen inguruan.

      Ernandorena jauna ere etorri zen egun hartan. Eskutitza bat eman nintuen Mattini emaiteko, ez zelakotz bazkaltzen egonen.

      Kaxka ere jin zen gure gana. Lore buketa eder bat eman nintuen besoetan; eta Uztapide, Jean Pierre eta ni sartu ginen hiruak, matador gisa, korrida batean balitz bezala. Jarri ginen elgarren ondoan.

      Pertsu saio ederra izan zen egun hartan. Hondarrean, Mattinek Uztapideri bota ziozkan bi bertsu: aita bat bezala estimatzen zuela; hura galduz geroz, lagunaren hutsak bihotza eritu eginen ziola.

      Ez dakit Mattini bihotza eritu zitzaionez. Nik dakitana da, Uztapideri ezpainak dar-dar hasi zitzaizkola eta nigar malkoak jautsi bi begietarik.

      Hondarrean, zonbat oroitzapen izan zituen alde guzietarik!

      Bertso saioa akabatzean, joan ginen bazkaltzera.

      Uztapide eta Mattin elgarren ondoan plantatu ziren.

      Han zen egiazko lagun artea! Denak omorean, kantu asko xaramelatu ziren.

      Beste bertsulari andana bat ere bazen, hala nola Lazkano, Azpillaga, Mitxelena, Etxeberria, Lazkao Txiki...

      Hau ere Mattinen bixki laguna. Zonbat eta zonbat irri eginaraziak, biak zirenean, gaiak gisa hartako zituztelarik.

      Besta bururatu zen Agur jaunak kantatzearekin.

      Zonbeit egunen buruan, sozietateak muntaturik, Mattinek izan zuen bertsulari gazteen Mulienean errezibitzeko plazerra.

      Bi autobusetan etorri ziren. Baziren xistulariak, dantzari gazteekin. Alegeratu zuten gure etxe aintzina. Gero bazkaria zuten Arrangoitzeko ikastolan, eguna bururatzeko. Ezin ahantzizko eguna.

      Baina Usurbilekoa izan zuen azken itzulia. Antton Haranburu bere emaztegaiarekin jin zen: Usurbilerat joan behar zuela.

      Lotsatua zen egun hartako. Ez zuen esperantzarik sendatzeko.

      Halere, azken agur bat egin nahi zion Usurbileri. Hain maite zituen hango herritar guziak.

      Milesker, Antton Haranburu; eta milesker, Arantxa maitea. Zure pertsuak kantatuko ahal ditu zeruan!

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982