Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Ateraldiak

 

      Semea ttikia zelarik, bere aita Mattinek segitzen zuen eskolarat, bizikletean.

      Felix auzoko gizon bat kurutzatzen du eta harek erraiten dio:

      — Nundik heldu zira, Mattin, tenore huntan?

      —To, zer nahuk? Mutikoaren segi nintuan, bazkaldu diat arrebaren etxean eta orai banoa atsoaren ganat.

      Harek, bere muntrari behako bat emanik, erraiten dio:

      — Zaude oinon oren erdi bat gehixago eta berriz tenorea duzu bilarat gateko...

 

* * *

 

      Mattinek teatro eder bati begira baino gostu gehiago hartzen zuen bere behien erdian.

      Tratuan usu artzen zen. Feria egun batez behi andana batzu baziren lerroan estekaturik. Makinunak zabiltzan erosdunen artean.

      Mattinek bat begiztatu zuen. Hura zen ederra! Saltzaleari erraiten dio:

      — Gaizo behia, zer gertatu zaio? Begi batetik ikusten du bakarrik?

      — Hori ez da deusik! —erraiten dio makinunak—. Beira zozu ongi horren larruari: behi fina eta gainerat gaztea...

      — Zure ustez zonbat urte ditu? —galdatzen dio Mattinek.

      — Zazpi urte, adin gordinean oraino...

      Mattinek erosten du behia. Handik laster jakiten du bere behiaren umea auzorat saldua zela. Hango nausiari erraiten dio:

      — Zuk erosia duzu behi okerraren umea?

      Harek:

      — Bai.

      — Gaztea da oraino? —dio Mattinek.

      Auzoko gizon hura irriz karkailaka hasi zen...

      — Makinunaren arabera hameka urte.

      — Hameka urte? Ez da posible! Amak zazpi ditu bakarrik...

      Ondoko merkatuan, buruz buru egiten du bere saltzailearekin:

      — Errazu: zure behia Ama Birjina baino gehiago da? Amak zazpi urte eta haren umeak hameka?

 

* * *

 

      Bertze hau Mattinek kondatua: haren aitatxiren denboran bazen atso bat, Sebedin zuen izena, eta hura sorgina deitzen zuten.

      Denak laztuta egoiten ziren, harek kondatzen zituen sorgin ixtorio eta sorginek ordu hetan egiten zituzten sorginkeriez.

      Denbora hetan, jendea oinez ibiltzen zen mezetan, eta, zerbeit jakin nahi zutenean zer aro egin behar zuen edo berdin norbeiten berriak, kuxean Sebedinen ganat joanen zirela hasten ziren elgarren artean.

      Sebedinen auzoko gizon bat, egun batez, aro ederra izanez, belar pikatzen hasi zen.

      Errekan bazen iturri bat eta Sebedin xuriketen egiten ari zen.

      Belar pikatzaleak opotsa gerrian zaukan, harria barnean, batere urik gabe. Sebedinek hartzen dio eta urez betetzen. Gizonak ordu berean atsoaren arpegirat botatzen du, erranez:

      — Erraiten baitute sorgina haizela, ez dun haatik pentsatu zer egin gogo nuen?

      Geroztik gure gizona trankildu zen, ez zela erraiten zuten bezain sorgina...

 

* * *

 

      Mattinek ezongi bat senditu zuenean, joan zen medikurat.

      Ondoko astean Xalbadorrekin gan behar zuen pertsutan artzera eta harek erran zion:

      — Zendako joan hiz medikurat? Joanez geroz, beti zerbeit atxemaiten die.

      Xalbador ere eritu zen. Medikuak rejiman eman zuen hura ere.

 

      Urte batez, senar-emazteak Arbonarat etorri ziren ardiekin bazketarat. Etxean ahantzirik bizar egiteko tresnak, etorri zen gure etxerat. Nola San Martinak baitziren, Mattinek senar-emazteak gonbidatu zituen bazkaltzera.

      Bazkaltzen ari ginelarik, Mattinek galdegiten dio Xalbadorri:

      — Zertan haiz osasunean? Medikuak zer erran dauk?

      — Erran naik sendatuko naizela; bainan luze.

      Bertzeak beretik:

      — To, xantza duk! Hik bederen badakik ez haizela kuxean hilen...

 

* * *

 

      Bidean zoalarik, ezantza depota baten aintzinean gelditzen da Mattin. Gizon bat sahetsean trufaka hasten zaio:

      — Errazu, Mattin: lehengoan ikusi dut zure autoa pasatzen batere xofurrik gabe. Nun zinen?

      — A, zer nahuzu! Asto handiak ikusten ditudalarik, gordetzen nauzu...

 

* * *

 

      Mattin Aheztarra nork ez du ezagutu? Behin bi gizon ari ziren solasean, Mattinen ixtorio baten kondairan. Batek zion:

      — Horren talenduarekin abokat bat eginen zen.

      Neska gazte bat aldean zagon eta harek, bururatzeko hasia zuten saila, erran zuen:

      — Apez izan balitz ere, kofesor ona izanen zen.

      Denak irriz lotu ziren.

      Zerbeit makur balin bazen ere, han behar zuen, gauzak beti ongi jujatuz.

      Etxean ere grina bat bazuen urtea hastean: urte ondarraraino zer nola iragan behar zuen gure bizimoldeak.

 

* * *

 

      Ameriketarat joan zirenean, Mattin eta Xalbadorrek Xarles Iriart zuten beren gidaria. Dena kontseilu, dena manamendu artzen zitzaioten beren xefa.

      Egun batez, garbitzeko sala batean zirelarik, Xarles Iriart ohartzen da Mattinek lazoki hortzak brozatzen zituela, eta erraiten dio:

      — Errak, Mattin: hortza horiek nola garbitzen dituk? Badakik eta, ontsa garbitzen badituk, hatsa hobeki hartuko dukala.

      Bertzea ez baitzen lotsatzen errepustaren emaiteko, erraiten dio:

      — Gaizo astoa! Zer duk: hik hortzetarik hatsa hartzen? Nik ez behintzat...

      Eta Xarles tanpa! ixildu.

 

* * *

 

      Igande batez, Getariako osabak, koziner ona baitzen, gonbidatzen ditu Mattin —gaztea zen oraino— bere aitamarekin, bazkaltzerat.

      Mattinek katiximan ikasia zuen ortziraletan mehe eta barur egin behar zela. Orduko usaia zen ortziraletan arraina jateko. Laborari etxe gehienetan makailla jaten zen, ilar edo patata zonbeitekin.

      Igande hartan, osabak, salda ondoan, ekartzen du plata eder bat ongi apaindua eta zerbitzatzen hasten da.

      Mattinek, ikustearekin usaiaz kanpoko jateko moldea, erraiten du:

      — Zer? Igandearekin arraina?

      Denak irriz hasi ziren, zeren Mattinek uste zuen arraina mehe eta barur egunean baizik etzela jaten, etxean hala egiten zelakotz bakarrik.

      Nola osaba hura Dames de France-ko komis ibiltzen baitzen, pasatzean etortzen zen gure etxerat eta galdegiten Mattini:

      — Gosaria prest duk?

      — Bai; nahi duzunean.

      Osabak atakatzeko:

      — Zer duk jateko: arraina?

 

* * *

 

      Herriko bestak zirelarik, Xalbador eta Mattin gehienetan han izaten ziren pertsuetan artzeko.

      Bazkal denboran, pilota partida artean, pertsu batzu botatzen zituzten jendeen jostarazteko.

      Pilota partidaren ondotik, musika soinua. Han ere maite zuten aurkitzea gazteen artean, nahiz holakoetan adinetako jendeek ere dantzatzen duten. Gure pertsulariak, airosturik, dantzan eta fandangotan aritzen ziren.

      Egun batez, Mattinek, dena debrukeria baitzen, erraiten nau:

      — Barda, dantzatu dut atso lodi-lodi batekin. Hain zen lodia, nun nere beso laburrek ez baitzuten inguratzen ahal haren gerri zabala. Bainan ez naiz batere unatu harekin.

      — Nolaz ez? —nion ihardetsi.

      — Ori! Bulardegi bat bazuen izigarria! Nere kokotsa haren bularraren gainean pausatzen nuen, hain justu neurrirat heltzen bainintzen, eta etzen lokartzerik. Astokeria batzu erraiten niozkan artetan, eta, irriz lotzen zelarik, haren bularrak eta nere burua saltoka hasten baitziren.

      — Eta gau guzia harekin arizan zinen? —nion galdegin.

      — Ez, ez. Xalbador hurbil egotu zen nere zinemari begira eta laster joan ginen ostaturat. Gaiak ez zuen parerik izan. Jendearen irria beharko zinuen ikusi!...

 

* * *

 

      Mattineri ixtripu izigarri hura gertatu zitzaiolarik, jende frango izatu zitzaion bisitaz. Halere memoriua beti xuxen zaukan. Lagun batek galdegin zion:

      — Errazu, Mattin: memento lazgarri hartan ez zira izitu, bertze mundua zure begien aintzinean ikustean?

      — Izitu? Baterez! Izan nintzen San Pedroren ateraino, eta harek gibelerat igorri nintuen, ttipiegi nintzela eta pixka bat handitzean hartuko nintuela...

 

* * *

 

            Gure Mattin Aheztarra,

            norat ote joan zira?

            Nere gogoa trixterik dago zeruetarat begira,

            hedoi arteko dirdira,

            iduri baitu izarra! (bis)

 

            Urtxo xuriaren pare

            hegaldatu izan zare,

            zure hegalak hautsiak diren, ez da berririk batere;

            esperantza galdu gabe,

            parabisuetan zaude? (bis)

 

            Garen gu bi alarguntsa,

            otoitzez galdez laguntza,

            zuen arima bakean daike, badugula esperantza,

            atxik zazue guretza

            xoko bat, gure egoitza. (bis)

 

            Jiten denean orena

            ez gaitzazue kondena;

            gure hemengo berriak eta hor duzuen zoriona,

            elgarrekin iragana,

            berrituko dugu dena. (bis)

 

            Zure auzoko Battitta,

            bi urte hil izan baita,

            elgarren lagun zinezten eta zinezten funtsezko aita,

            zuen parerikan ez da,

            konprenitzea errex da. (bis)

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982