Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Denentzat berdina

 

      Mattinek, hil aintzineko astean, erraiten nau:

      — Ai, Mari! Zonbeit nigar egin ditutzu arrazoin batzuen gatik; bainan gehiago eginen tutzu, ni mundu huntarik joan eta. Zonbat maite nauzun, orduan ohartuko zira.

      Hala ere zen. Hain zen maitagarria. Denentzat berdina zen. Xakurrek ere bazuten harentzat errespetua.

      Norapeit gaten zelarik, gure zakur Juki, bide hegian zen pezoin baten gainean jartzen zen, hura etxerat etorri arte.

      Emanik ogi puxka bat, hezur edo berdin gustatzen zitzaion zerbeit, goseak egonen zen, hura ikusi artio.

      Urrundik ezagutzen zuen haren mobiletaren arrabotsa. Autoan balin bazen ere, buztana higitzen zuen laster, eta neri buruz bere gisako abertimentu bat emaiten.

      Biak ginenean kurri hor barna, auzoek erraiten gintuzten, gure zakurra oihuka artzen zela.

      Etxea zaintzen zuen ongi. Buhamiak hurbiltzean beren mihise paketa edo sukaldeko argenteria saltzerat, gure zakurra erroderi ausikika lotzen zen, eta buhamiak laster partitzen ziren izituta. Gaurko egunean ere galdegiten dituzte gure Jukiren berriak.

      Zakur hori, Mattinen koinatak, Ezpeletako fatur zelarik, ekarri zion. Etxe batean bi zituzten eta batto guretzat.

      Ttiki-ttikia zelarik, Mattinen besoetan lo egiten zuen. Mahain gainean pausatu eta gurekin jan eta edan egiten zuen.

      Haunditu eta, kadiran jarri gu bezala eta handik jaten zuen, bi besoak plateraren bi aldeetan zituelarik. Kafea ere maite zuen.

      Mattinek erraiten zituenak, denak konprenitzen zituen.

      Izigarri handia egin zen. Mattin bezain gora, bai. Eta, xutitzen zenean, hura baino gorago. Ederra zakurra; berger alemana.

      Mattinek uzten bazuen paltoa lurrean, haren gainean etzaten zen eta etzion nihork hura kenduko. Norbeit hurbiltzen zenean, hortzak erakusten zizkion. Etzen handik mugituko, Mattin etorri artio.

      Baina gaizoa hil zen. Hamalau urte zituen eta etzuen gehiago indarrik.

      Bertze bat ekarri zuen orduan Mattinek, gorri ttiki bat: Kiki.

      Harek ere etzuen mintzatzen, bainan Mattinen manerak laster hartu zituen.

      Mattin bere makilekin abiatzen zelarik kurri, zangoetan emaiten zen eta bazakien lagundu behar zuela.

      Bide sahetsean jartzen zelarik, Kiki han zuen sahetsean. Etzuen nihork hurbildu behar haren ondorat.

      Azkeneko ixtripua izan zuelarik, begira egotu nintzen bieri: nagusia kantuz traktorraren gainean eta xukurra xangaz ondotik. Ez nuen pentsatzen azken aldikotz ikusten nituela biak.

      Handik oren baten buruko, heldu zaizkit: Mattin traktorraren azpian sartua zela.

      Gan nintzenean ikustera, han ziren biak lurrean, Kiki hari milikaka. Iduri zuen sendagile bat.

      Anbulantza jin zenean, nahi zuen harekin joan. Usaia zuen autoan promenatzen. Xakurra etzen mugitu traktorraren ondotik, semeak tresna hura etxerat ekarri artio.

      Gero ere gaten zen ixtripua gertatua zen etxe hartarat, ustez nagusia han atxemanen zuela. Gibelerat heldu zen triste-tristea eta sukaldeko mahainaren azpian sartzen.

      Mattinek goizetan telefonatzen nintuen klinikatik, eta xakurra oihuka hasten zen eta ene alderat etortzen. Ezagutzen baitzuen bere lagunaren boza.

      Mattin denentzat berdina zen. Behiak ere behar zituen. Filma eder bati baino gosturago egoten zen heiki begira. Xixtuz hasten zen. Orduan pentsatzen nuen zerbeit gogoan ibiltzen zuela, bere gostukoa, bixtan da.

      Delako Juki handi harek ere maite zuen Mattinen xixtu egiteko manera hura. Solfeja bezala hartzen zuen soinu hoi eta urratsa egiten pontukatuz.

      Familian omore ona erakutsi du beti. Ez da gure semea kontseilu faltan zozoa gelditu. Sofritu zuen ainitz, hura Pariserat joatean. Gero, nahi bezala, bere ondorat jin zitzaion.

      Batto jin eta bertzea joan! Hola da gure munduko bizia.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982