Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Buhamiak

 

      Ez dut ahanztekoa izanen ortzirale egun hura. Mattin arrats hartan pertsutarat gana zen. Berandu, goizeko lauak alderat, sartu zen. Unatua, lotan emaiten da.

      Goizeko zazpiak eta erdietan, usaia zuen bezala, behien deiztera jeiki nahi zuen.

      — Egun ez —nion erran—, nihauk eginen ditut.

      Gogotik onartu zuen nere borondate ona. Behiak deizten ditut. Kafesnea edaten, horra nun goizean goizik buhamiak heldu diren sukaldeko leihorat.

      — Agur, etxeko anderea —naute erraiten—. Ari zira lanean gogotik?

      — Gogotik edo bortxaz, ari behar!

      Ogia mahain gainean bainuen, atso ausartak galdegiten nau:

      — Otoi, ekatzu ogi poxiño bat, zerbeit barnean emanik.

      Nola bezperan, ortziralea, usaia nuen bezala makailla egina bainuen, emaiten diot, ogia bi parte eginik, haren harnean.

      — Egarri nauzu. Baso bat arno edan nezake. Biharko ere xingar hexur bat... Gasna biziki maite dut. Segur naiz baduzula armarioaren barnean. Behar dautazu hartarik trantxa pullit bat ezarri. Paper pixka batean, arratsaldeko ongi nuke... a, etxekoandere gaixoa, ilar gorria ikusia zaitut hortxet, otarre horren barnean. Nik, eta bereziki nerekin den lagun hunek, besta egun bat egiten du ilarra janez...

      Ni ere aspertua nintzen hoikien amoina galdeez, eta erraiten diotet:

      — Kasu emazue. Nagusia ohean dago eta, ez bazaizte fitesko partitzen hemendik, hasarretuko da.

      Baten errepostua:

      Ohean balin badun, aski din lo egitea.

      Mattin jeikitzen senditu nuen. Pixa egin zuen untzi batetarat eta pulliki-pulliki leihorat hurbildu.

      Gaineko leihoa xuxen beherekoari parez baitzen, buhamia han zagon bere ogia eta makailla eskuan, Mattinek botatzen dio burutik behiti bere pixa, arrosatuz burua eta bere pokadua.

      Buhamia harritu zen! Hasten da oihuka, madarikatuz denak. Mattinen irria!

      — Lo iteko erran naun? Ikusiko dun atzarrita nolakoa naizen.

      Ez ziren satifatu etxe aintzinean oihuka aritzea. Hogoi metra egin eta berriz hasten dira.

      Auzoak ateratu ziren kanporat eta batto etorri zen gure ganat galdeginez:

      — Zer pasatzen da hemen?

      Mattinek, urratua irriz:

      — Bataioa! Bataioa!...

 

* * *

 

            Mattin maitea:

 

            Zure ixtorioak buruan,

            trixtatzen naute orduan,

            bainan badaukat goguan

            laster izaitea zure onduan.

 

            Zu partitu zinen mundu huntarik,

            ama-semeak hemen utzirik;

            geroztik ditugu begiak usu bustirik,

            sukaldea dugula sekulakotz husturik.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982