Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Andredena Mariaren kapera

 

      Maiatza, urteko hilabeterik ederrena, akabatzera doa. Andredena Mariaren otoizteko sasoina dugulakotz, gazte ginelarik, eta geroztik ere, usaia zen Bidarteko eta Ainhoako kaperan ibiltzea.

      Neska eta mutil, denak oinez joaiten ginen. Ez baitzen ordu hetan, orain bezala, autorik ibiltzeko. Bazkaldu ondoan, gazte andana bat elgarretaratuta, edo Arbonatik edo Ahetzetik, alegeraki egiten ginuen gure piaia.

      Esposatzeko urtean, maiatzatik uztaila ez baitzen hain urrun, kaperarat joaiteko Mattin gurekin hartu ginuen. Kilometrak ez ginittien sentitu pasatzen, zuen omorearekin.

      Kaperan arribatu orduko, han zen jaun bikarioa. Arrosorioa oso-osoa egiten zen, eta denek elgarrekin kantatzen Ave Maria. Jendea biltzen zen metaka debozione hortarat.

      Handik ateratu ondoan, bazen denetarik, dela jateko, dela edateko klase guzietarik.

      Ostatu ttiki bat moldatzen zuten aterbe batean.

      Nola gure jaun espos beharrak toki pollit horiek maite baitzituen, gonbidatu zituen gazte andana bat edatera berekin.

      Eta gero zer egin zuen? Han zirenak bere esposetarat gonbidatu. Denek lorietan onartu zuten, zeren gure denbora hetan ohore bat zen gazteentzat holako egun baten zelebratzea.

      Eguna jin zenean, ez zuten ahantzia uztailaren bederatzia. Hor ziren denak jinak, erran bezala, tenoreko, eta besta eder bat iragan ginuen orok batean.

      Geroztik gazte andana bat esposatu zen.

      Gu ere izan ginen heien esposetan, ez Bidarteko kaperan gonbidaturik, bainan Mattinen etxerat jin ziren gauza beraren ordaintzeko.

 

* * *

 

                        Airea: Prima eijerra...

 

            Aro ederrak pizten dauku bihotza,

            penen histeko hori behar baita.

            Harturik lapitza, ari eleketa,

            iduri poeta,

            beti tristezian bizitzerik ez da.

 

            Maiatzeko lore eder xuri xuria,

            zure kolorea da paregabia.

            Usain goxo batez zira hedatia,

            emanez grazia,

            otoiztu dezagun zeruko Maria.

 

            Birjina Maria, beira otoi fedia

            zure beharretan da hemen jendia.

            Zarelakotz beti zu garbi-garbia,

            arropa xuria,

            distiratzen duzu zuk mundu guzia.

 

            Orroitu gaitezen hil diren arimentza,

            gure beharretan menturaz dabiltza.

            Elgarrekin bilduz nahiko laguntza,

            eginez otoitza,

            fededunendako jin zaiku maiatza.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982