Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Bertsu lanean

 

      Betidanik Eskual Herrian izan dira bertsulariak. Bainan nor ziren? Zer gisetarat kantatzen zuten? Horiek guk ez ditugu ezagutu... Gure haur denborakoak ziren Matxin senpertarra eta Panpale Luhosokoa.

      Matxin ezagutu nuen ene ahizpa bi bitxien bataioan. Sei urte nituen doi-doia. Halere ordukotz kantua maite nuen, eta Matxinen ondoan bazkaldu nuen, hobeki entzuteko haren ateraldiak.

      Urteak joan ziren. Han-hemenka aditzen ziren bakar batzu ditxo eta pertsu moldatzen artzen zirenak.

      Baina beti izaiten baita norbeit ofizio batean sustengaitzale, hemen ere hala gertatu zen Ernandorena jauna. Oso bertsuzalea baita eta pertsuaren balioa konprenitzen baitu barnatik.

      Egun batez deliberatu zuen behar zituela hemengo pertsulari fama zuten guziak elgarretarat bildu; eta hala entseiatu zen. Ez ditu pazientziarik gabe egin. Egun, baten etxean, bihar bertze batean, eta hola andana bat atxeman arte. Bere eginahalak egin zituen, eta nolazpeit hamar bat nere oroitean bildu zituen.

      Lehenbiziko pertsu saioa egin zuen 1946an, Donibane Lohitzunen. Han zirenak: Etxahun Xiberuko; Xalbador Urepele; Iriarte eta Zubikoa, biak Bankakoak; Capdeville Arruntzkoa, hunek ordukotz adin handia zuen; Inzaby, Iriart eta Xetre, hiruak Hazpandarrak; Errexil Urruñarra eta gure Mattin. Geroztik denak elgarren lagun egin ziren.

      Pertsu saio horiek on egin zuten, partikulazki publikoarentzat. Hemengo jendeak baziren, egundaino aditu ez zituztenak beren denboran.

      Bazuen Ernandorena jaunak talendu gai emaiten: banazka, hirunazka eta hobekienik buruz buruka. Alde batetik publikoak hola frogatu zituen Xalbador eta Mattin, biak zirela hoberenak: jostakinak, berdin irri bezala, nigar eginarazteko, asko gaietan.

      Elgarren karatera ezagutzen zuten. Gogoan zituztenak aise botatzen zituzten elgarri, batere karratxurik gabe. Bazakiten gaia eman ordu bat bertzearen atakadan hasi beharko zutela; eta, batek zerbeit erran ordu, bertzeak handiagoa botatzen zuen, eta jendea orduan jostarazten zuten. Ez da Eskual Herrian xokorik, Xalbador eta Mattinek kurritu ez dutehik. Denetan maitatuak ziren. Asko tokitan «Laurel et Hardy» deitzen zituzten.

      Nork ez ditu entzun plazetan lagun arteko bazkari batzuetan? Jendea metaka biltzen zen heien inguruan. Zinez elgar maite zuten! Elgarri ziren estekatuak. Bat bertzea gabe deus ez zirela iduritzen zitzaioten.

      Gogoan ditudalarik! Zonbat eta zonbat itzuli eginak biek, batean egunez eta bertzean gauaz; beren piaia, ixtorioz edo bertsu berriak moldatuak elgarri kantatuz. Bidea luzea izana gatik, ohartu gabe kilometroak pasatzen ziren, solasean iraganez.

      Behin batez, Donapaleuko ondoan den herri batetarat joanak ziren kermeza batetarat. Beti jan edanak ausarki bazituzten. Besta finituxea zen. Mattin katarro tzar batekin zen. Sakelako mokanesa ateratzen hasi zen, zintzatu beharrez. Bisean bis zuen gizon batek, uste izan zuen moltsaren hartzera abian zela pagatzeko beren otruntza, eta erran zion:

      — Ez zazula holakorik egin. Ene inguruan direneri, nik pagatuko ditut.

      Xalbador aldean baitzuen, boza apaletik Mattini buruz erran zion:

      — Gaizo zozoa! Ohartzen nauk ez dukala nik bezala ezagutzen. Ez zuan aise lerratuko pagatzera... nere gisa.

      Egun hartan kermeza zen. Ondoko igandean herriko bestak. Nekatu egiten ziren erematen zuten bizimoduan.

      Handik laster fama puxka bat bildu zuten eta Gipuzkoa alderat galdegin zituzten. Bizkaian eta Naparroan ere bai.

      Beren hastapeneko bertsulari lagunak Basarri eta Uztapide zituzten. Lagun oso onak.

      Basarrirekin asko gauzez argituak izan dira, gizon jakintsun handia zelakotz. Mattinentzat profezur baten pare izan da haren erakaskuntza.

      Uztapide ere bertsulari fama handikoa, estimu neurririk gabekoa. Haren solasak funtsezkoak dira. Kontseilari zuzena. Mattin nahi izan zaio beti jarraiki. Manuel Uztapideren konpainian ez da sekulan aspertzerik.

      Nola Xalbador urrun bizi baitzen Mattinenganik, frangotan Urruñako ostatu batean gelditu egiten ziren, tenore berean joaiteko gisan. Hantxet pokadilloa jan eta batek han berean uzten zuen autoa, eta biak batean gaten ziren.

      Zonbeit aldiz, Xalbadorrek pertsuak etxean moldatuak izaten zituen eta gogoan atxikiak; eta Mattini, bidean joaiki zirelarik, kantatu egiten ziozkan. Harriturik egoiten zen Mattin, zonbat aldiz ausnarratuak izaiten zituen, hoin aise kantatzeko.

      Ernandorena jaunak segitzen zituen gure pertsulariak, nun nahi kausiturik ere. Egun batez erraiten diote:

      — Gan behar dugu, Basarri, Uztapide, Xalbador eta Mattinek Pariserat. Hango eskual etxea behar dugu bisitatu.

      Joan ziren. Mundu bat omen zen bildua. Meza ere entzun omen zuten ostatuan berean. Mattinek beti beretik:

      — To, gure herrian ere, ostatuan emaiten balu meza gure erretorak, beharba jende gehiago bilduko luke.

      Gero, Lido Pariseko teatro ederrenetarik bat izanki eta harat gan behar zutela abiatu ziren. Bainan han behar zen, sartzekotz, jaun haundiak bezala muntatuak izan. Bertzela etzen sartzerik. Hain xuxen, atezaina Baigorriarra zen, eta harek ezagutzen zituen gure bi gizon famatuak eta sartzerat utzi.

      Jarri orduko, Xalbador lo zurrungan eman zen. Mattin aldiz erne-ernea, hango neska ederrak ikusita. Heien gorputz ederra! Dena lore, dena argi. Xutik egotu omen zen espektakla denbora guzian.

      Geroztik ere izatu ziren Parisen, orduan Basarriren partez Mitxelena, beti Ernandorena jaunarekin.

      Memento xoragarriak iragan dituzte beren denboran. Bixtan da, ez nekerik gabe frangotan. Erran ditake beren biziko pasaia konplituxea zutela, eta gauza guziek badutela fin bat.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982