Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Autoaren gidatzaile

 

      Ekainaren hogoita laua zen, semearen komunioneko eguna. Mattinek Xalbador gonbidatu zuen bazkaltzera. Etorri ere zen urepeldar lagun batekin autoan. Harek berdin gonbidatu baitzuen haren alabak egin zuen egunean.

      Bazkalondo gaitza; denak omorean! Batzuek ihizi solas, zoinek sasoinean uso gehiago etxerat bilduak; bertzeek, berriz, arrantzan amorroinak eta angirak bizirik sarearen harnean bildurik, itzul eta biraka ibilki zirela.

      Batek, espantu handiagoa erran beharrez, aldean zagoen eta, ihardetsi zioten:

      — Nik ikusi ditiat, olio berotuaren barnean zirenak, eskapatu beharrez.

      Zer gaiak pertsuen moldatzeko! Bainan gure pertsulariek bazuten bertze solasik. Biek zuten ideia auto bana erosteko. Bainan permisa noiz ukanen zuten?

      Hain xuxen, Xalbadorrek biharamunean zuen permisako eguna. Tenorez erretiratu zen etxerat. Gau guzia ametsetan pasatu omen zuen, bere J. V. quatre hura gogoan. Aspaldian itzuli bat egin nahia baitzuen hor barna.

      Handik aste baten buruko, gure bi adixkideak elgarretaratu ziren. Bixtan da gure Xalbador bere autoarekin jin zela. Zigarreta ezpainetan zuelarik, etzuen nihungo Mercedes ederrenaren jelosirik. Mattinek galdegin zion:

      — Nola pasatu duk egun hori?

      — Arras untsa... Koda? Katixima bezain ongi banakian. Xofurgoan ere maneran egin diat nere itzulia.

      Mattinek, bere xapela buruan higituz:

      — Neri ere gogoa emaiten dautak, kuxean auto-ecole hortan hasteko.

      Lagun batzu baitziren heiekin, batek erraiten dio:

      — Hik, Mattin, autoa gidatu? Ttipiegi haiz. Ez haiz helduko bolantaren menean.

      Ixtant bat pentsaketan egonik, gogoratu zitzaion:

      — Emanen diat zerbeit haltatzeko nere azpian. Ikusiko duk ez dudan nik ere bertzeek bezala eginen.

      Ondoko ortziralean, Donibane Lohitzuneko merkatua. Mattinek usaia zuen aste gehienetan joaiteko. Maite zuen gauzen prezioen jakitea. Lagun frango ikusten zuen karia hortarat.

      Lagunak utzirik, badoa deskantsuan auto-ecoleko moniturraren mintzatzera:

      — Agur, jaun Ara. Heldu naiz zure ganat. Behar nauzu egun batez hartu, autoaren gidatzen ikasteko.

      — Nahi duzunean —dio moniturrak—. Heldu den asteartean, zato goizeko hamar orenetako.

      Eguna etorri zenean, gure gizonak mobileta harturik, badoa eskolarat. Kodaren ikasten pasatua zuen aste guzia. Kasko onekoa baitzen, aise ikasi zuen.

      Donibanen arribatzean, han zuen bere nagusia ate aintzinean. Sartzen dira biak autoaren barnean. Esplikazioneak emanik, abiatzen dira, ez sobera xuxen bidean, zeren gure xofur berriak ez baitzituen ezagutzen bitezak, beha kolpe bat eman gabe.

      — Egungo baduzu aski. Orai zonbeit kestione koda horren gainean.

      Hura bazakien dudarik gabe. Etxeratekoan, bere buruarekin egiten zuen:

      — Ez nuke hain gaizki, koda bezain ongi banaki autoaren gidatzen.

      Hola egin zituen dotzena bat itzuli. Moniturrak orduan:

      — Bihar zato goizik. Lau edo bortz izanen zarete permisaren pasatzeko.

      Lehenbiziko biek ez zuten pasatu. Hirugarrena, Mattinen aldia zen. Inspekturra aintzinean, Mattinen ondoan, jartzen da. Moniturra, gibelean. Hogoi metra egin orduko, argi gorriak. Zanpa! arrasta kolpe bat izigarria emaiten du gure xofurrak.

      Moniturra gibeletik hasten zaio zimiko batzuen egiten, inspekturra ohartu gabe.

      Berriz partitzen da, eskuko arrasta laxatu gabe. Inspekturrak orduan:

      — Badiat uste, hunekin zinema egin beharko dutan.

      Halere, gure Mattin ez zen lotsatu. Bazoan aintzina, batere beldurrik gabe. Hiru itzuli karrikan eginik, geldi arazten du. Arrastatzen da, ba, bainan arrasta kolpea ez zuen goxoegi, ez.

      Bere moniturrak hitzemana zion, usaian bezala gidatuz, aise iraganen zuela. Egun hartan, pixka bat zainetan emana zen. Halere, inspektur jaunak laudorioak eman ziozkan, reflexa bazuela erranez; eta merezitu zuen delako permisa hura.

      Moniturrarekin lagun zelakotz hameketako on bat eginik, etxerat etorri zen, bere permisaren ageria eskuan.

      Handik ondoan, bi zalditako furgoneta bat erosi zuen. Egun guziez ibiltzen zen harekilan.

      Egun batez, bazoan Urruņarat, hango bikarioaren ikustera, pertsu saio bat zutelakotz ondoko igande batez.

      Bidarteko bide handian arribatzean, estopa ez errespetaturik, espaņol kamion zisterna haundi baten kontra sartu zen, eta Getariako aldetik heldu zen auto ttiki bat ere gainerat etorri zitzaion, eta gure gizonaren autoa xehatu.

      Mattin gaizoa odoletan han zagoen. Eskuko eria hautsia. Berin puxkak nun nahi bazituen sartuak. Poliza etorri zen. Medikua ere bai. Klinikarat nahi zuen sar arazi. Bainan gure Mattinek, ni ikusi gabe ez zuen joan nahi.

      Etxerat etorri zen koinatarekin, dena odoletan. Garbitu nuen eta prest eman, zeren aratsaldeko lau orenetan operatu behar zuen, eskuko zaina moztua zuelakotz. Kuraia handirekin joan zen.

      Operazioneko mahain gainean eman zutenean, Darricau jaun medikuari pertsu bat eman zion. Beharba ez zuen nihork egundaino eman izan pertsurik operazione denboran.

      — Naizen guzia emaiten naiz gure Jainko maiteari eta zure eskuen artean konfidantzarekin —zion erran jaun medikuari; eta segidan bertsu bat eman, lokartu aintzinean.

      Ez zion dirurik hartu, egin zion lanarentzat; bainan egun batez ordaindu behar ziozkan bertsu batzuekin. Gogotik egin zuen. Estimu handia zuen Darricau jaunarentzat.

      Biharamunean sartu zen etxerat Xanpunekin, xuri-xuria. Egundaino ordu artio ez zuen hainbertze pikurik hartu, eta arratsean gan behar zuten Xanpunek eta biek Senpereko trinket batean pertsutan artzera. Jan-edanak ongi eginik, kantuzko lana ere egin zuten deus ez balitz bezala, zeren Mattinek bazuen kuraia handia minaren jasaiteko. Ikustekoa omen zen, bere eria xut, plastarekin inguratua.

      Norbeitek Xanpuni galdegin omen zion egun hartan:

      — Errazu, Xanpun: aise eremaiten diozu arrazoinean Mattini?

      — Nere ustez bai! Bainan debruaren pare da hau. Emanen dautzut konparazione bat. Dakizun bezala, arbola bat botatu lurrerat, hura botatuz geroztik lurrean da. Bainan hunek haren erroetarik ere behar du arrazoina atera. Eta zer eginen dut orduan? Irri!

      Sendatu zen laster, ondorio txarrik gabe.

      Bainan bere autoa burdin pusketan zuen, eta erosi zuen orduan 4-L bat. Harekin ere, zonbat eta zonbat kaskako!

      Gipuzkoarat joaiki zelarik, aleman auto bat jo zuen gibeletik. Hura han berean gelditu zen panan, motorra gibelean zuelakotz. Paperak ongi beterik asurantzako, gure Mattin aintzina partitu zen. Tola pixka bat funditurik ere, motorra beti azkar.

      Beti mokokatzen nintuen, etxean arribatzean, ez nituela garajeko ateak aski zabaltzen, beti hoikien kontra arraskatzen zituela portierak.

      Baionatik heldu ginelarik bide zabalean, denak nahi zituen aintzindu; eta gizon bizardun moko mehe batek ateratzen du burua autoaren barnetik eta erraiten dio:

      — Gizon asto handia! Kurritu gogo duk eskuinetik ala ezkerretik?

      — Nun nahitik! Bide guzia ene eskuko diat.

      Eta segitu zuen aintzina.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982