Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Ameriketarat

 

      Xarles Iriart, Donibane Garazikoa, okupatzen zen paperez, Ameriketarat gan behar zuten jendeentzat.

      Egun batez, 1960an, deliberatzen du, behar dituela Mattin eta Xalbador berekin ereman hango tokien bisitatzeko. Gure bi pertsulariek baietz eta baietz, on hartzen dute haren mandatua.

      Pariseraino treinean joan ziren. Han arribatuta, Boeing 707 egundaino ibiliak etziren aireko abion ederrean hegaldatu ziren Californiarat.

      Zer goxotasuna barne hartan! Hotesse de l’air nexka paregabeak, jenden artean harat-hunat, zerbeit eskas zutenez galdeginez edo berdin irri pollit bat erakutsiz. Gure enperadoreak trebatzen baitziren ixtorio pullit batzuen heieri kondatzen.

      Bisitatu zituzten Reno, Backersfield, San Francisco eta bertze ainitz leku eder. Hango zabaldurak! Bistaz ikus ahalikako eremuak. Etxeak taulaz eginak, lur ikararen gatik.

      Zer arrakasta ez dute izan gure pertsulariek! Kilometrak jendek egiten zituzten heien agurtzeko. Pique-nique asko bazen, zikiro besta eta gaineratiko. Eskualdunek zinez han estimatzen dute elgarretaratzea, pertsu, kantu eta musika, orotarik jostagailutzat. Xoko guzietarik heldu ziren jendeak, Mattin eta Xalbador mintzatu beharrez, asko baitziren sekulakotz han geldituak bizimoldearen gatik.

      Aste guziez gure amerikanoek berriak igortzen zituzten. Zer egun xoragarriak! Alde guzietarik lagun arteko batasun bat: batzuek bazkaltzerat, bertzeek afaltzerat, eta hola iragan zen ilabete osoa.

      Bainan guretzat etzen arras berdina izan. Mattinek, partitu aintzin, bere osaba eman zuen etxearen zaintzeko. Egun hartan berean heldu zaiku osaba bere autoan. Hartzen ditu bere puxkak, eta bazuen ere gauza bat konprenitzen ahal ez nuena, eta galdegin nion:

      — Zer duzu kartoin luze horren harnean?

      Harek errepusta:

      — Xirioa.

      Eta ez nuen kasurik egin.

      Arratsa etorri zenean, afaldu ta gure osaba oherat badoa; semea ere bai.

      Ni baxeren egiten lotu nintzen. Ura eskasian, etxe aintzinean den punparat gan nintzen bila, kuraia handirekin, artzain ona nuelakotz zaintzeko.

      Sukalderat sartuta, leihoak hurbiltzen ditut arras hetxi gabe. Zer entzuten dut? Arrabots bat etxe aintzinean. Lotzen dira beren gisako solas bitxi batean:

      — Pitxi, pitxi, pitxi...

      Nola osaba gainean lo baitzagon, xerri gizendu baten pare, korrokan zen. Oihu egiten diot:

      — Osaba, iratzar zaite. Norbeit bada gure etxe aintzinean.

      Hura zen bezelakoarekin, saltoan jeikitzen da eta leihorat agertzen.

      — Gabon, jauna —diote gure gizonek. Hiru segurik baziren.

      Gure osaba ez baitzen konplimendu gose, erraiten diote:

      — Nun ibilki zaizte tenore huntan? Ez ahal dakizue Mattin gaur Ameriketako bidean doala?

      — Barkatu; ez ginakien. Bainan andrea bederen etxean da?

      Han nintzen ba, osabaren gibelean, daldaretan. Eta harek:

      — Bai, etxean da. Aspaldi lo dago. Zer nahi duzue?

      Hitz hoik aditzearekin, gibelerat partitu ziren, deus erran gabe.

      Gure osaba ez baitzen trankil, jausten da beheiti. Bere kartoin luze hura hartzen du eta idekitzen. Zer zuen? Karabina bat...

      Badoa kanporat, bere autoa han baitzuen.

      Magasin batetako representant bat zen. Tiro bat tiratu aireari, enkas hor baziren.

      Barnerat eta, behereko ganbaran atea dardaraka.

      Zer pasatzen da? Osaba, semea, ni, denak izituak gaude. Pulliki-pulliki hurbiltzen gira ateari buruz eta pusaka hasten.

      Hura bere karabina, kartutxak emanik, prest dago tiratzeko, noiz aterako den, barnean den debrukeriari.

      Ikusi bai ikusi, zer ikusten dugu? Gure xakur ttikia, ganbaran preso gelditua.

      Zer hatsa hartu ginen memento hartan, erranez elgarri ez ginuela Mattini idatzi behar holako berririk.

      Ilabetea pasatu zen. Gure amerikanoa heldu da etxerat:

      — Zer berri da Ahetzen? Ongi pasatu duzue bakantza denbora?

      — Ongi? Ez zuk bezala, ez.

      — Zer da bada: makur zerbeit?

      — Ez, ez. Zu gan zinen egunean, etorri dira gizon batzu zure galdez. Gu izitu gira, ustez gaiztakeri zerbeit egin beharrez ote ziren.

      — Ez kexa. Ni segur naiz ixilka heldu zirela tenore hartan nihork ikusi gabe, eta berriz etorriko direla.

      Ez zuen huts egin. Ondoko igandean, Mattin Luzaiderat gan zen pertsutan artzerat. Arratsean hor heldu dira berriz. Leihorat gan nintzen. Semea eta biak ginen bakarrik. Galdegiten dute:

      — Mattin etxean dago?

      Nik baietz. Etzen Luzaidetik oinon etorria.

      — Ikusten ahal dugu?

      — Ez. Maluruski, sukar handi batekin dago ohean. Medikuak errana dio ez jeikitzeko. Zatozte igandean, hamarrak aintzinean. Itsasurat gan beharra da.

      Igandea heldu da. Hamarrak pasatzen dira. Mattin partitzen da Itsasurat. Horra nun gure gizonak heldu diren, hura gan eta:

      — Egun ikusiko dugu, beraz, Mattin?

      — Zoazte Itsasurat. Han atxemanen duzue.

      Gan ziren eta Mattinekin mintzatu. Mattinek:

      — Zuek zaizte gure etxean ibiliak, ni Ameriketan nintzelarik?

      — Bai —diote gizonek.

      — To, mutillak! Baduk pullitik pasatua gure etxean. Balukek filma baten iteko parada.

      Hek harritu. Mattinek pentsatu bezala, bertsuak nahi zituzten egitea. Denen ahanzteko, elgarrekin hameketakoa egin zuten omore onean.

 

* * *

 

            Zu hilikan ere segitzen du pertsulariak,

            jendeari egin araziz nigar eta irriak.

            Izanikan milaka poeta zu iduriak,

            ez tuzte sendatuko zuk neri eman zauriak.

 

            Sendatuko naizela badut esperantza,

            gain hortarik igorriko nazula laguntza.

            Ikusten zaitut otoitzean jende beharrentza,

            zu bezala izaiteko zerua saritza.

 

            Zu galtzean xoko bat hemen dago hutsa,

            geroztik joan zaizkit gogoa eta funtsa.

            Hil artio zuen izpiritu aberatsa,

            irri batekin utzi ninduen, emanik azken hatsa.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982